Arautegia

Inprimatu

75/2022 EBAZPENA, abuztuaren 24koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen artean prestakuntza arloan sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 173
  • Hurrenkera-zk.: 3940
  • Xedapen-zk.: 75
  • Xedapen-data: 2022/08/24
  • Argitaratze-data: 2022/09/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Instituzional; Sailak

Testu legala

Hitzarmen hori sinatu eta eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 24a.

HONAKO HAUEK HARTU DUTE PARTE:

Alde batetik, Maria Eva Ferreira Garcia andrea, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea eta Unibertsitatearen ordezkari, 2011ko otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren bidez onartutako Estatutuek hala xedatzen baitute 181.a) artikuluan.

Beste alde batetik, Maite Barruetabeña Zenekorta andrea, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) zuzendaria. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko 1983ko uztailaren 27ko 16/1983 Legearen bidez sortutako erakunde autonomoa da IVAP, eta Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza eta Autogobernu Sailari atxikita dago. Lege bereko 12. artikuluaren arabera egikaritzen du IVAPeko zuzendariak erakundearen ordezkaritza.

Bi alderdiak bakoitza bere erakundearen izenean eta hura ordezkatuz agertu dira, eta hitzarmen hau formalizatzeko ahalmena aitortzen diote elkarri, sinetsita Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen artean lankidetza estua izateak onurak ekar ditzakeela bientzat, prestakuntza-arloan bi erakundeek esleituta dituzten zereginak betetzeko orduan. Hortaz,

HONAKO HAU ADIERAZTEN DUTE:

  1. Azaroaren 9ko 289/2010 Dekretuak Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko Akordioa onartu zuen. Akordio horren arabera, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizun eta zerbitzuak, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuak ezarritako baldintzetan.

  2. Otsailaren 25eko 3/2004 Legeak Euskal Herriko Unibertsitatearen izaera publikoa ezartzen du.

  3. Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuek, otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren bidez onartuek, 5.2.g) artikuluan, arauak egiteko ahala aitortzen diote Unibertsitateari, besteak beste, irakasleak, ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak prestatu eta lanean gora egin dezaten. Artikulu bereko i) apartatuak, ahala aitortzen dio beste erakunde batzuekin harremanak ezartzeko, unibertsitatearen helburuak indartu eta aurrera eramateko.

  4. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari honako helburu hau esleitzen dio, besteak beste, erakundea bera sortu zuen 16/1983 Legeak: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta beste edozein herri-administraziok edo araubide juridikoak bere esku utz dezakeen funtzionarioen eta kontratudunen prestakuntza eta hobekuntza.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak, onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legeak, zuzkidurak kontsignatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan lan egiten duten pertsonen prestakuntza finantzatzeko. Zuzkidura horiek isla dute Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) aurrekontuan. Aurrekontu horrek Euskal Herriko Unibertsitatea onuradun duen zuzkidura bat kontsignatzen du, gehienezko kopurua adierazita.

  6. 13/2019 Legearen Bederatzigarren Xedapen Gehigarriak xedatzen duenez, Euskal administrazio publikoetako enplegatuen enplegurako prestakuntzarako IVAP organismo autonomoaren aurrekontuetan agertzen diren kredituak organismo horrek kudeatuko ditu, kasuan kasuko deialdien bidez.

  7. IVAPen 2022ko dirulaguntzen plan estrategikoak, IVAPen web gunean argitaratua, Administrazio Publikoetan lanean ari diren pertsonen prestakuntza finantzatzeko laguntzak aurreikusten ditu. Plan horrek berariaz aipatzen du Euskal Herriko Unibertsitatea, administrazio eta zerbitzuetako langileei dagokienez, 12-16 programaren barruan, Administrazio Publikoetako langileak hautatu eta prestatzea.

  8. Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrak 28.1 artikuluan xedatzen duenez, hitzarmenak dira ohiko bidea Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako dirulaguntza izendunak bideratzeko.

  9. Bi alderdiek, nork bere ahalmenak baliatuz, eta beren eskumeneko gaietan lankidetzan aritzea bientzat onuragarritzat jotzen dutenez, hitzarmen hau izenpetzea erabaki dute, honako klausula hauei lotuta.

    KLAUSULAK

    Lehenengoa. Hitzarmenaren xedea.

    Hitzarmen honen bidez, Euskal Herriko Unibertsitateari, 2022ko ekitaldian, administrazio eta zerbitzuetako enplegatuentzat eta enplegurako prestakuntzaren baitan burutzen dituen prestakuntza-plan edo -programetarako IVAPek emango dizkion dirulaguntzak arautzen dira.

    Prestakuntza-plan edo -programek, berariazko prestakuntza-eskaintzaz gain, honako ekintza hauetakoren bat edo batzuk jaso ahal izango dituzte:

    Prestakuntza-edukiak diseinatzea eta/edo prestatzea.

    Ikaskuntzako sareak ezartzea, aldi baterakoak nahiz iraunkorrak.

    Irakaskuntzako materiala diseinatzea, prestatzea eta argitaratzea, prestakuntzan erabiltzen den edozein euskarritan.

    Aprobetxamenduaren, transferentziaren edo eraginaren ebaluazioarekin lotutako azterketak, erakundeak garatutako prestakuntzari buruzkoak.

    Prestakuntza ekintzetako bat, gutxienez, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzkoa izan behar da.

    Ez dira inola ere diruz lagunduko plan edo programetan aurreikusitako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonen joan-etorri, mantenu-, egonaldi- eta ordezkapen-gastuak.

    Hitzarmen honi Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra aplikatzen zaio, hitzarmenaren objektua bat baitator Legearen 2.1 artikuluak ematen duen dirulaguntzaren kontzeptuarekin. Aplikatzen zaio, halaber, 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena. Horrez gain, garapen-araudia ere aplikatzekoa da.

    Bigarrena. Definizioak.

    Hitzarmen honetan ezarritakoa interpretatze eta aplikatze aldera, betiere kontuan izango dira honako definizio hauek:

    1. Prestakuntza Beharren Analisia da pertsona batek lanpostua behar bezala betetzeko jakin beharko lukeenaren eta dakienaren arteko aldearen analisia.

    2. Prestakuntza-plan edo -programatzat hartzen da prestakuntza-ekintzen multzo antolatu bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako langileen prestakuntza planifikatu eta antolatzeko irizpide orokorrei buruzkoa, otsailaren 19ko 30/2008 Dekretuan ezarritakoaren arabera (EHAA, 2008ko otsailaren 27koa).

    3. Prestakuntza-ekintzatzat hartzen da, oro har, langileei alderdi, eremu edo ezagutza-arlo jakin bati buruzko prestakuntza ematera bideratutako eragiketen multzoa. Prestakuntza-ekintzak ikaskuntzakoak edo informazioak izan ahal izango dira, otsailaren 19ko 30/2008 Dekretuaren 4. artikuluan ezartzen denaren arabera.

    4. Erakundearen langile-kopurua: erakundearen guztizko plaza-kopurua, onartutako azken aurrekontu-plantillaren arabera.

      Hirugarrena. Finantza-zuzkidura.

      Zuzkidurak, gehienez, 37.890 euroko zenbatekoa izango du, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko aurrekontuan hitzarmen honen xederako ezartzen duen bezala 2022ko ekitaldirako. Sekzioa 43, programa 1216, zerbitzua 02, azpikontzeptua 41801, partida 001, Euskal Herriko Unibertsitateko prestakuntza-planak.

      Laugarrena. Laguntza izapidetzea.

      Unibertsitateak prestakuntza-plan edo -programak betetzeak dakartzan gastuei aurre egin diezaien, hitzarmena sinatutakoan, hirugarren klausulan ezarritako zuzkidura osoaren ordainketa izapidetuko da. Ordainketa hori plan edo programaren aldez aurreko ordainketa izango da. Aldez aurreko ordainketa jaso baino lehen, Unibertsitateak ondoko agiriak aurkeztu beharko ditu:

    1. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela egiaztatzen duen agiria, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluarekin bat.

    2. Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duen agiria, indarrean dagoen araudiaren arabera.

      2022ko azaroaren 30a baino lehen, Unibertsitateak ondoko dokumentazioa emango dio IVAPi:

    1. Finantzatzeko diren prestakuntza-plan edo -programak. Horiek, gutxienez, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren otsailaren 19ko 30/2008 Dekretuan ezarritako edukia izan behar dute (EHAA, 2008ko otsailaren 27koa).

    2. Prestakuntza planaren oinarri den Prestakuntza Beharren Analisia, horretarako erabili den metodologia azalduta. Analisi hori IVAPek zehaztu duen Prestakuntza Beharren Analisiaren metodologietan oinarritu daiteke. Era berean, analisitik ondorioztatzen diren prestakuntzako ondorioak jasoko dira.

    3. Prestakuntza-eskaintzarekin batera hau erantsi behar da gutxienez:

      Ekintzaren edo ekintzen deskribapena.

      Beharrizanaren edo komenigarritasunaren justifikazioa.

      Ekintzaren edo ekintzen kostua.

    4. Erakundearen langile-kopuruaren egiaztagiria: erakundearen guztizko plaza-kopurua, onartutako azken aurrekontu-plantillaren arabera.

      Bosgarrena. Betearazpen-maila justifikatu.

      Halaber, planaren edo programaren betearazpen-maila justifikatzeko, Unibertsitateak agiriok aurkeztu beharko ditu 2022ko azaroaren 30a baino lehenago:

      Aurkeztutako prestakuntza-planaren edo -programaren betearazpenari buruzko txostena.

      Erakundeak burututako prestakuntza-plan edo -programaren kostuari buruzko ziurtagiria, erakundeko barne-fiskalizazioaren arduradunak izenpetua.

      Ziurtagiria, ondokoa adierazten duena: planak edo programak ez duela jasotzen, hitzarmen honetan esleitutako kopuruarekin batera, gehiegizko finantzaketa dakarren laguntzarik, kostuaren edo bete den planaren edo programaren zatiari dagokion kostuaren gainetik dagoen zenbateko batean.

      Egindako justifikaziotik ondorioztatzen bada prestakuntza-plana edo -programa ez dela bete edo zati batean bakarrik bete dela, ondorio den likidazioa egingo da, planaren betearazpen-maila eta kontura jasotako diru-kopurua kontuan hartuta. Gertatuko balitz erakundeak azkenean egokituko zaion zenbatekoaren gainetik dauden kopuru batzuk jaso dituela, itzuli egin beharko dira behar ez den bezala jaso diren kopuru horiek.

      Unibertsitateak bitarteko elektronikoz egin behar ditu prozedura honetako izapide guztiak ondoko egoitza elektronikoan: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, Nire karpeta atalean.

      Euskal Herriko Unibertsitateak, Ordezkarien erregistroan izendatuko ditu erakundearen izenean jardungo duten pertsona edo pertsonak, hitzarmen honen izapidetza eta betearazte ondorioetarako.

      Prozedura honen izapideak bide telematikoez egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartzen duen edozein ziurtagiri elektroniko erabili ahal izango da.

      Unibertsitateak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezake dokumentazio guztia. Prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

      Aurkezten diren dokumentuek klausula hauetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, edo haien edukia nahikoa ez bada, Unibertsitateari jakinaraziko zaio hamar egun dituela eskabidea osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta adieraziko zaio, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta Administrazioa behartuta dagoela eskaera horri buruzko ebazpen adierazia ematera, bai eta jakinaraztera ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorrita.

      Seigarrena. Dirulaguntza esleitzea.

      Zuzkidura Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen batek esleituko du. Ebazpen horrek esleitutako diru-kopurua zehaztuko du, eta kopuru horri dagozkion kontzeptuak ere adieraziko dira. Ebazpen hau egoitza elektronikoaren bidez jakinaraziko da ematen den egunean. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da.

      Finantzatutako kopuruak ezin izango du gainditu prestakuntza-plan, -programa edo jardueraren kostuaren ehuneko berrogeita hamar.

      Zazpigarrena. Euskal Herriko Unibertsitatearen betebeharrak.

      Hitzarmen honen xedeak burutze aldera, Euskal Herriko Unibertsitateak, dirulaguntzaren onuradun den aldetik, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legeak eta 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak, ezarritako betebeharrak bete beharko ditu:

    1. Dirulaguntzaren zio den prestakuntza-jarduna burutzea.

    2. IVAPi behar bezala justifikatzea baldintzak eta betebeharrak bete dituela, bai eta finantzatzeko den plan, programa edo jarduera egin duela ere.

    3. IVAPek egingo dituen egiaztapen jardueren mende egotea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura jasotako dirulaguntzetan, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol jardueren mende. Hori guztia Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusten direnez gain.

    4. IVAPi aditzera ematea beste zernahi administrazio, erakunde publiko edo erakunde pribaturen batek xede bera duten dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman dizkien.

    5. Zuzkidura esleitzean kontuan izan zen egoera objektiboaren edo subjektiboaren edozein aldaketaren berri ematea IVAPi.

      Esleipena egiteko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada, gerta liteke horren ondorioz esleipen ebazpena ere aldatzea. Era berean, ebazpen hori eraldatzea eragin dezake beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatu batzuen dirulaguntzak eskuratzeak eta, edozein kasutan, xede bera betetzeko beste zernahi diru-sarrera edo baliabide jasotzeak; baldin eta, ebazpen honen babesean emandako finantzazioarekin batera, finantzatu daitekeen edozein kontzepturen finantzaketan, kostuaren guztizkoaren gainetik dagoen zenbatekoa hartzen badute.

    6. Jasotako dirulaguntza ezagutarazteko, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorreko 18.4 artikuluan ezartzen diren neurriak hartzea.

    7. Laugarren klausulan ezartzen den eran, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela egiaztatzea.

      Zortzigarrena. IVAPen betebeharrak.

    1. Esleitutako dirulaguntzaren ordainketa izapidetzea hitzarmen hau izenpetutakoan.

    2. Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean aritzea, prestakuntza-beharren analisi edo diagnostikoak efizientziarik handienarekin egin ahal izateko.

    3. Unibertsitateak aurkeztutako dokumentazioa aztertzea eta ebazpena ematea, laugarren klausularen azken paragrafoan ezarritakoa ere aintzat harturik.

      Bederatzigarrena. Esleitutako finantzazioari uko egitea.

      Unibertsitateak uko egin diezaioke, osorik edo partez, esleitu zaion dirulaguntzari. Uko-egitea idatziz jakinarazi beharko da, eta esleipenetik eratorritako eskubide ekonomiko guztiak edo uko-egiteari dagokion zuzkiduraren zatiari dagozkion eskubideak galtzea ekarriko du. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, beti, onartu egingo du aurkeztutako uko-egitea.

      Hamargarrena. Itzultzea.

      Dirulaguntzaren zio diren baldintzak ez direla bete egiaztatzen bada, Euskal Herriko Unibertsitateak jasotako zenbatekoa itzuli beharko dio Euskadiko Diruzaintza Orokorrari, dagozkion berandutze-interesekin. Hori guztia, ondoko arauekin bat: azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua. Bereziki, kasu hauetan itzuli behar da dirulaguntza:

    1. Justifikatzeko eginbeharra ez betetzea.

    2. Laguntza lortzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.

    3. Emandako helbururako gabe, esleitutakoa beste zerbaitetarako erabiltzea.

    4. Hitzarmen honetan ezartzen diren baldintzak ez betetzea.

    5. Legean ezartzen diren kontrol-jardunei ezezkoa ematea edo oztopoak jartzea.

      Hamaikagarrena. Administrazio-isiltasuna.

      Eskabidea aurkezten denetik hiru hilabete igarota, egoitza elektronikoan esleipen- ebazpenik jakinarazi ez bada, Unibertsitateak ezetsitzat jo ahal izango du bere eskaera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

      Hamabigarrena. Jarraipen-batzordea.

      Hitzarmena sinatzen duten erakundeek jarraipen-batzorde bat sortuko dute, haietako bakoitzak izendatutako bina ordezkarik osatua, hitzarmena ondo betetzen dela begiratze aldera. Berariazko akordiorik ezean, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko ordezkarietako bat izango da batzorde horren buru, eta idazkari, aldiz, Unibertsitateak izendatutako ordezkarietako bat.

      Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

    1. Hitzarmenean aurreikusitako ekintzen jarraipena egitea; elkar informatzea eta hartutako konpromisoak betetzea ahalbidetu dezaketen irizpideak eta moduak zehaztuta.

    2. Hitzarmenak interpretazio- edo exekuzio-arazorik izanez gero, konpontzen ahalegintzea.

      Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, jarduketei bide egokia emateko behar den guztietan bilduko da batzordea, alderdietako edozeinek hala proposatuta. Batzordearen bileren bertaratze-quorumak kide guztiak agertzea eskatzen du, eta aho batez hartuko dituzte kideek erabakiak.

      Hitzarmen honetan Jarraipen Batzordearentzat espresuki jasotzen ez diren gaietan, 40/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, Atariko Tituluaren II. Kapituluaren Hirugarren Atalean arautzen duen kide anitzeko organoen araubidea aplikatuko da.

      Hamahirugarrena. Araubide juridikoa.

      Hitzarmen honek administrazio-izaera du eta aplika dakiokeen antolamendu juridiko administratiboaren bidez arautuko da Hitzarmenaren interpretazioa eta garapena; zehazki, 40/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, xedatutakoaren arabera.

      Administrazio publikoen kontratuei buruzko legeriaren aplikagarritasunari dagokionez, baztertuta geratzen da hura, 9/2017 Legeak, azaroaren 8koak, Sektore Publikoko Kontratuenak, 6.1 artikuluan xedatzen duenaren arabera.

      Hitzarmen hau sinatzeak ez dakar esku hartzen duten alderdiek beren eskumenei uko egitea edo eskumen horiek aldatzea; hartzen dituzten konpromisoei dagozkien erantzukizunak bakarrik egiten dituzte bere.

      Hamalaugarrena. Izaera pertsonaleko datuen babesa.

      Hitzarmen honek bultzatuta egiten diren jardueretan lortutako datu pertsonalak alde sinatzaileen ardurapeko fitxategietan gordeko dira, eta hitzarmen hau behar bezala betetzeko baino ez dira erabiliko. Bi alderdiek konpromisoa hartzen dute datu horiek indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera erabiltzeko. Titularrak datuak eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideaz balia daitezke dokumentu honetan jakinarazpen-ondorioetarako bi alderdiek emandako helbidean.

      IVAPi dagokionez, hitzarmen honetatik sortutako lankidetza-ekintzetan jasotako datu pertsonalak erakunde horrek antolatutako prestakuntza eta hobekuntza izeneko tratamenduan sartuko dira, eta lankidetza-jarduera horiek kudeatzeko baino ez dira erabiliko. Tratatzen diren datu pertsonalen titularrak datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideaz balia daitezke, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariaren aurrean.

      Hamabosgarrena. Hitzarmenaren indarraldia.

      Hitzarmen honek sinatzen den egunetik 2022ko abenduaren 31ra bitartean izango du eragina, hurrengo klausulan hitzarmena suntsiarazteko ezarritako arrazoiren bat tarteko ez bada.

      Hamaseigarrena. Hitzarmena azkentzea.

      Hitzarmen hau arrazoi hauengatik suntsiarazi ahal izango da:

      1. Alderdietako batek hitzarmena salatzea, idazki bidez, hiru hileko aurrerapenarekin.

      2. Bi alderdiak hitzarmena bertan behera uzteko ados egotea.

      3. Hitzarmeneko klausularen bat ez betetzea.

        Sinatzaileek azaldutako eta hitzartutako guztiarekin ados daudela adierazten dute, eta, dauzkaten eskumenez baliatuz, hitzarmen hau sinatzen dute, bi aletan, goian adierazitako lekuan eta datan.

        Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea,

        MARIA EVA FERREIRA GARCIA.

        Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

        MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik