Arautegia

Inprimatu

7/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 20koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Red ferroviaria vasca-Euskal trenbide sarearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, «Hiri-inguruneetako eta ingurune metropolitarretako mugikortasun jasangarri, seguru eta konektatuaren talka-plana» izeneko 1. osagaiaren esparruan inbertsio-jarduketak gauzatzeko, Europar Batasunak Next Generation EUren bidez finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 21
  • Hurrenkera-zk.: 502
  • Xedapen-zk.: 7
  • Xedapen-data: 2023/01/20
  • Argitaratze-data: 2023/01/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Garraio eta herri lanak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Instituzional

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta behar bezalako publizitatea emateko asmoz, honako hau

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 28a.

BILDUTA:

Alde batetik, Ignacio María Arriola López jauna, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa. Hitzarmen hau sinatzeko baimena eman zaio Gobernu Kontseiluaren 2022ko abenduaren 27ko Akordioaren bidez.

Eta bestetik, Ernesto Martínez de Cabredo Arrieta jauna, Euskal Trenbide Sarea / Red Ferroviaria Vasca Erakunde Publikoko zuzendari nagusia den aldetik, erakunde horren ordezkari gisa, eta Administrazio Kontseiluaren 2022ko uztailaren 8ko Akordioaren bidez hitzarmen hau sinatzeko baimena jaso ondoren.

Parte hartzen duten guztiek HITZARMEN hau egiteko legezko gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta, horretarako, hau

ADIERAZTEN DUTE:

  1. Autonomia Estatutuaren 10.32 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio, besteak beste, trenbideen, lehorreko, itsasoko, ibaietako eta kable bidezko garraioaren, portuen, heliportuen, aireportuen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Meteorologia Zerbitzuaren arloko eskumen esklusiboa, Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan xedatutakoa kaltetu gabe. Garraio-arloko kontratazio-zentroak eta karga-terminalak.

    Deskribatutako arloetan Euskal Autonomia Erkidegoak dituen eskumenak Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari esleitu zaizkio, hauen bidez: Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 11. artikulua, eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretua.

    Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitekoen artean sartzen da bere eskumeneko arloekin zerikusia duten sektoreei laguntzeko politika gauzatzea, eta Sail horri esleitzen zaion ahalmenetako bat, Euskal Autonomia Erkidegoko garraio-azpiegituretako obra-proiektuak idatzi, gainbegiratu eta teknikoki onartzea da, 11/2021 Dekretuaren 16.2 artikuluaren b) atalean agertzen den bezala.

  2. Eusko Legebiltzarraren maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen bidez sortu zen «Red Ferroviaria Vasca/Euskal Trenbide Sarea» zuzenbide pribatuko erakunde publikoa. Erakunde horren xedea da, besteak beste, Jaurlaritzak agindutako trenbide-garraioko azpiegitura berriak eraikitzea, kontserbatzea, kudeatzea eta administratzea, bai eta Jaurlaritzak lehendik dituen trenbide-garraioko azpiegiturak kontserbatzea, kudeatzea eta administratzea ere.

    Xedea betetzeko, aipatutako erakundeari dagozkio 6/2004 Legearen 6. artikuluan zehazten diren eginkizunak; besteak beste, proiektu teknikoak prestatzea, bideragarritasun ekonomikokoak eta ingurumen-ebaluaziokoak barne, nork bere kabuz edo hirugarrenen bidez gauzatuko dituen trenbide-azpiegiturei dagokienez, azpiegituren arloan eskumena duen sailari horiek onartzeko dagokion ahalmena kaltetu gabe; azpiegitura berriak eraikitzeko obrak egitea eta daudenak berritzea edo garatzea, bai zuzenean bai zeharka; eta, era berean, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen helburuak zehatz-mehatz betetzeko beharrezkoa den guztia eta azpiegiturak eta instalazioak, hornidurak eta zerbitzuak eraikitzeko eta kontserbatzeko obrak kontratatzea, administrazio publikoen kontratazioa arautzen duten arauekin bat etorriz, garraioen sektorearen berezitasuna kontuan hartuta.

    Otsailaren 23ko 29/2016 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren eta «Red Ferroviaria Vasca/Euskal Trenbide Sarea» erakunde publikoaren ardurapean dauden trenbide-azpiegituretarako Zirkulazio eta Seinale Erregelamendua onartu zen.

  3. 2020ko abenduaren 31n, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onartzen dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretua argitaratu zen.

    Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (SEM) ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua betez, Ministroen Kontseiluak 2021eko apirilaren 27ko bileran, Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (SEEP) onartu du. Plan hori 2021-2024 aldian abian jarriko diren proiektuetan biltzen da, ekonomiaren suspertze eta eraldatze azkarrean izango duen eragina maximizatzeko. Europako Batzordeak Planaren ebaluazio positiboa egin zuen 2021eko ekainaren 16an, eta Europako Kontseiluak 2021eko uztailaren 13an onartu zuen.

    SEMaren jarraibideen ildotik, SEEPak barne hartzen ditu, besteak beste, «Hiri-inguruneetako eta ingurune metropolitarretako mugikortasun jasangarri, seguru eta konektatuaren talka-plana» izeneko 1. osagaia eta «Mugikortasun jasangarri, seguru eta konektatua» izeneko 6. osagaia. Ildo horretan, Garraioen Konferentzia Nazionalak 2021eko azaroaren 5ean egindako bilkuran, 2021eko eta 2022ko ekitaldietako aurrekontu-kredituen lurralde-banaketarako irizpideak finkatzen dituen Garraioen Konferentzia Nazionalaren Akordioa onartu zen, SEEParen 1. eta 6. osagai horien esparruan inbertsio-jarduketak finantzatzeko.

    Akordio horren II. eranskinaren 5. paragrafoak xedatzen duenez, «Autonomia-Erkidegoak eta Ceuta eta Melilla hiriak dira finantzaketa-lerro horien onuradunak, Akordio honen II. eranskinean adierazitakoaren arabera, baina horien azken hartzaileak erakunde publikoak edo beste administrazio batzuk izan daitezke, baldin eta hitzarmen edo bestelako tresna juridikoen bidez formalizatzen bada. Nolanahi ere, mekanismoak ezarri beharko dira ziurtatzeko azken onuradunek, hirugarrenak badira, gauzatu beharreko neurriek aurreikusitako helburuak lortzen laguntzen dutela eta, hala badagokio, adierazleen balioa zehazteko beharrezkoa den informazioa ematen dutela. Hirugarrenentzako finantzaketa, lortu nahi diren helburuekin lotu behar da».

    Era berean, Akordio horrek C1I1-CCAA inbertsio-ildoa barne hartzen du. Inbertsio-ildo horren helburua Autonomia-Erkidegoek eta Ceuta eta Melilla hiriek zuzenean edo beste administrazio edo erakunde batzuekin sinatutako hitzarmen bidez gauzatzeko esku-hartzeak garatzea da, 50.000 biztanletik gorako udalerrietan eta probintziako hiriburuetan mugikortasun jasangarria sustatzen laguntzeko, eta, baldintza jakin batzuetan, 20.000 eta 50.000 biztanle arteko udalerrietan. Horrela, emisio txikiko eremuak sortzen edo funtzionatzen lagunduko da, garraio-sistemaren eraldaketa digitala edo jasangarria bultzatuko da, eta mugikortasun aktiboa sustatuko da. Helburu hori SEEPko «Hiri-inguruneetako eta ingurune metropolitarretako mugikortasun jasangarri, seguru eta konektatuaren talka-plana» 1. osagaiko «Emisio gutxiko eremuak eta hiriko eta metropoliko garraioaren eraldaketa» izeneko 1. inbertsioan aurreikusitako neurria garatzeko egiten da.

    Akordioaren III. eranskinak ezartzen duenez, EAEko C1I1-CCAA inbertsio-ildoaren kargura finantzatuko diren jarduketen artean hitzarmen honen xede direnak sartzen dira: «Trenbide-azpiegituraren hiri-integrazioa Eibarren», «Bilboko tranbiaren luzapena. Tartea: Atxuri-Bolueta», eta «Gasteizko tranbiaren luzapena Salburura»; horrela, SEEParen garraio-sistema modu jasangarrian eraldatzeko helburua lortzen lagunduko da.

  4. Hitzarmen hau, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema konfiguratzen duen irailaren 29ko HFP 1030/2021 Aginduan, eta Estatuko, autonomia-erkidegoko eta tokiko sektore publikoko erakundeek eman beharreko informazioaren prozedura eta formatua ezartzen dituen irailaren 29ko HFP 1031/2021 Aginduan, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaien neurrien aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenaren eta mugarrien betetzearen jarraipena egiteko araututakora egokituko da.

  5. HFP/1030/2021 Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoa betez, 2022ko martxoaren 29an, Eusko Jaurlaritzaren Iruzurraren aurkako Neurrien Plana onartu zen, zeina aplikagarria baita bai Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publiko osoan, bai eta Eusko Jaurlaritzaren bitartez Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren finantzaketa-funtsak jasotzen dituzten foru- eta toki-sektore publikoko administrazio eta erakundeetan ere. Era berean, plan horren aplikagarritasun zuzena edo egokitua borondatez hala erabakitzen duen edozein erakunde betearazle edo/eta kudeatzailerengana zabaldu ahal izango da.

  6. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legean xedatutakoa beteko da, zehazki, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotutako funtsen kudeaketa izeneko II. tituluko V. kapituluan ezarritakoa, bai eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotutako jarduketen eta proiektuen aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Gobernu Kontseiluaren 2022ko otsailaren 8ko Akordioa ere.

  7. Inplikatutako alderdi guztiek lortu nahi diren helburuak lortzeko interes komunak dituztela kontuan hartuta, sinatzaileek hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoaren babesean, klausula hauen arabera:

    KLAUSULAK

    Lehenengoa. Hitzarmenaren xedea.

    1. Hitzarmen honen xedea da arautzea zer baldintzatan konprometitzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta Red Ferroviaria Vasca/ Euskal Trenbide Sarea (ETS), EAEko trenbide-azpiegiturak planifikatu, proiektatu eta eraikitzearen esparruan, «Hiri-inguruneetako eta ingurune metropolitarretako mugikortasun jasangarri, seguru eta konektatuaren talka-plana» izeneko 1. osagaiaren esparruan, Europar Batasunak Next Generation EUren bidez finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, planaren klausuletan jasotako baldintzetan.

    2. Zehazki, EAEko C1I1-CCAA inbertsio-ildoaren kontura finantzatutako «Trenbide-azpiegituraren hiri-integrazioa Eibarren», «Bilboko tranbiaren luzapena. Tartea: Atxuri-Bolueta», eta «Gasteizko tranbiaren luzapena Salburura» esku-hartzeen garapena. Ildo hori Garraioen Konferentzia Nazionalaren Akordioaren III. eranskinean jasota dago, 2021eko azaroaren 5ean egindako bileran. Akordio horren bidez, 2021 eta 2022ko ekitaldietako aurrekontu-kredituak lurraldeka banatzeko irizpideak finkatu ziren, SEEParen 1. osagai horren esparruan inbertsio-jarduketak finantzatzeko.

    3. Guztira, 26.219.406,5 euro (BEZik gabe) kostatuko dira EAEko trenbide-azpiegiturak planifikatu, proiektatu eta eraikitzeko lan horiek. Dena den, hitzarmen honek emandako finantzaketa ehuneko hauei dagokie: «Trenbide-azpiegituraren hiri-integrazioa Eibarren» % 90,94 (15.891.948,00 euro), «Bilboko tranbiaren luzapena. Tartea: Atxuri-Bolueta» % 90,00 (2.778.903,00 euro), eta «Gasteizko tranbiaren luzapena Salburura» % 90,00 (5.091.475,00 euro).

      Bigarrena. Euskal Trenbide Sarea / Red Ferroviaria Vascaren konpromisoak.

    1. «Trenbide-azpiegituraren hiri-integrazioa Eibarren», «Bilboko tranbiaren luzapena. Tartea: Atxuri-Bolueta», eta «Gasteizko tranbiaren luzapena Salburura» esku-hartzeak gauzatzea, EAEko trenbide-azpiegiturak planifikatu, proiektatu eta eraikitzearen esparruan.

    2. EAEko trenbide-azpiegiturak planifikatu, proiektatu eta eraikitzearen arloan aipatutako jarduketetarako beharrezkoak diren ekintzak bere kargura egitea. Lan horiek esku-hartze hauek eskatzen dituzte:

      Eibar-Azitain.

      Bilbo Donostia trenbideko Eibar-Azitain tartea estaltzeko obra.

      Eibar-Azitain tartea estaltzeko proiektuko obren zuzendaritzari laguntzeko zerbitzua.

      Eibar-Azitain tartea Estaltzeko Eraikuntza-proiektuaren trazaduratik gertu dauden eraikinak ikuskatzeko laguntza-zerbitzua.

      Atxuri-Bolueta.

      Atxuri Bolueta tranbiarizazioaren Komunikazio-obra.

      Atxuri-Bolueta tranbiarizazioaren energia-obra. 1. lotea: Atxuri-Bolueta tranbiarizazioaren instalazio elektrikoak.

      Atxuri-Bolueta tranbiarizazioaren energia-obra. 2. lotea: Atxuri-Bolueta tranbiarizazioaren elektrifikazioa.

      Bilbo-Donostia lineako Miraflores I. eta II. tunelak birgaitzeko lanak.

      Atxuriko geltokiko erdiko nasa eraberritzeko lanak.

      Atxuri-Bolueta tranbiarizazioko Instalazioen obren Zuzendaritzari laguntzeko zerbitzua.

      Mirafloresko tunelak birgaitzeko eta Atxuriko geltokiko erdiko nasa berritzeko obren Zuzendaritzari laguntzeko zerbitzua.

      Salburua.

      Gasteizko tranbiaren Salbururako luzapena seinaleztatzeko trenbide-seinaleak jartzeko obra.

      Gasteizko tranbiaren Salbururako luzapenaren instalazio elektrikoen obra.

      Gasteizko tranbiaren Salbururako luzapenaren instalazio obren Zuzendaritzari laguntzeko zerbitzua.

      Gasteizko tranbiaren Salbururako luzapena elektrifikatzeko obra.

      Gasteizko tranbiaren Salbururako luzapenaren tranbia-seinaleen ezarpena.

      Gasteizko tranbiaren Salbururako luzapenaren komunikazio-lanak.

      Guztira, 26.219.406,50 euro (BEZik gabe) kostatuko dira EAEko trenbide-azpiegiturak planifikatu, proiektatu eta eraikitzeko lan horiek, eta lan horien % 90,63 hitzarmen honen bidez finantzatuko da.

    3. Honako mugarri eta helburu hauek betetzea:

      2025eko abenduaren 31 baino lehen amaituta egotea.

      Lizitatutako inbertsioaren zenbatekoaren adierazlea: 2023ko martxoaren 30ean gutxienez jasotako zenbatekoaren % 100eko balioan lizitatuta egon beharko da.

      Lizitazioetan eta erosketetan esleitutako inbertsioaren adierazlea: 2023ko abenduaren 31n, jasotako zenbatekoaren guztizko balioaren arabera esleituta egon beharko da.

    4. Honako justifikazio-txosten hauek aurkeztea, egindako gastuaren bilakaera eta mugarriak eta helburuak bete diren egiaztatzeko:

      Mugarrien eta helburuen betetze-mailaren jarraipenari eta aurrekontuaren eta kontabilitatearen betearazpenari buruzko justifikazio-txostenak, hilean behin jarraipen-adierazle hauek neurtuko dituztenak:

      Lizitatutako aurrekontua.

      Esleitutako aurrekontua.

      Betearazitako aurrekontua.

      Amaitutako proiektu kopurua.

      Abian diren mugarrien eta helburuen adierazleen eta horien egiaztapen-mekanismoen informazioa sistema informatikoan eguneratuta egon beharko da, erreferentziako hilabete bakoitzaren azken eguneko neurketen emaitzarekin, beranduenez hurrengo hilaren hamarrean.

      Aurrerapen-maila eta hurrengo bederatzi hilabeteetarako zenbatespenak jasoko dituzten hiruhilekoko aurreikuspenei buruzko txostenak, hiruhilekoka egituratuta. Ez-betetzeen balizko arriskuak eta plangintzarekiko desbideratzeak identifikatuko dira. Era berean, prebentzio- edo zuzenketa-ekintzak planteatuko dira, helburuak eta adierazleak betetzeari dagokionez arriskuak arintzeko, onartutako egutegian eta baldintzetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak egingo dituen jarraibideen arabera.

      HFP/1030/2021 Aginduaren 12. artikuluan jasotako Kudeaketa-txostenak. Txosten horiek sei hilean behin egingo dira, ekainaren 30ean eta abenduaren 31n, eta erakunde betearazleak urte bakoitzeko uztailaren 20a eta urtarrilaren 20a baino lehen formalizatu beharko ditu.

      2025eko abenduaren 31n proiektuak amaitu direla justifikatu beharko da. Esku-hartze bat amaitutzat jotzeko, beharrezkoa da esku-hartzea osatzen duten elementu guztiak amaituta egotea. Horretarako, kontratua jasotzeko akta eskatuko da, edo, bestela, Europako Batzordeak edo Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioak zehaztutako xedapenen arabera ezartzen den dokumentua, halakorik ezartzen bada.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari informazioa emateko eta kontuak aurkezteko betebeharra, hauek betetzen direla ziurtatzeko:

      Abian diren mugarrien eta helburuen adierazleei buruz informatzea, bai eta horiek egiaztatzeko mekanismoei buruz ere, sistema informatikoan eguneratzeko, erreferentziako hilabete bakoitzaren azken egunari dagozkion neurketen emaitzarekin, beranduenez hurrengo hilaren hamarrean.

      Hornidura-baldintzak eta adierazleei buruzko informazioa aldizka argitaratzea, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak ezarritako baldintzetan, Estatuko eta Erkidegoko araudiarekin bat etorriz.

      Hornidura-baldintzak eta adierazleei buruzko informazioa aldizka argitaratzea proiektuetako eta neurrietako gastua gauzatzeari buruzko informazioa emateko, aurreikusitako kostuari dagokionez, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak ezarritako baldintzetan, Estatuko eta Erkidegoko araudiarekin bat etorriz.

      Adierazleen neurketari eta euskarri-dokumentazioaren kontserbazioari buruzko auditoretza-pista egokia mantentzea, Batasunaren aurrekontu orokorrari aplikatu beharreko finantza-arauei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Finantza Erregelamenduaren (EB, Euratom) 132. artikuluan xedatutakoaren arabera. Horretarako, erregistro bat mantenduko da eta justifikazio-agiriak, datu estatistikoak eta finantzaketari buruzko gainerako agiriak gordeko dira, bai eta formatu elektronikoan dauden erregistroak eta dokumentuak ere, bost urteko epean, saldoa ordaintzen denetik edo, ordainketarik ezean, eragiketaren ordainketatik zenbatzen hasita. Era berean, erregistroak eta dokumentuak gordeko dira, bai jatorrizkoak, bai jatorrizkoen kopia konpultsatuak, bai eskuarki onartutako datu-euskarriak, horien artean jatorrizko dokumentuen bertsio elektronikoak edo soilik bertsio elektronikoan dauden dokumentuak. Bertsio elektronikoak daudenean ez da originalik beharko, baldin eta agiri horiek, auditoretzarako jatorrizkoen baliokidetzat eta fidagarritzat har daitezen aplikatzekoak diren legezko baldintzak betetzen badituzte.

      Adierazleen neurketari eta euskarri-dokumentazioaren kontserbazioari buruzko auditoretza-pista egokia mantentzea, Batasunaren aurrekontu orokorrari aplikatu beharreko finantza-arauei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Finantza Erregelamenduaren (EB, Euratom) 132. artikuluan xedatutakoaren arabera.

      Neurria betearazteko aldiaren amaieran, jasotako funtsen erabilerari buruzko justifikazio-kontu bat aurkezteko betebeharra, hauek barne:

      Mugarrien eta helburuen betetze-maila, hasieran finkatutakoekiko edo, hala badagokio, berrikusitakoekiko.

      Neurriaren benetako kostua, hasieran zenbatetsitako edo berrikusitako kostuari dagokionez.

      Neurriaren eta inplementatzeko moduaren deskribapena, bai eta hura gauzatzean aplikatutako kontrol-mekanismoak ere.

      Konferentzia Sektoriala (KS) likidatzeko azken justifikazio-kontua aurkezteko betebeharra, bai erabilitako zenbatekoei dagokienez, bai lortutako mugarri eta helburuei dagokienez.

    6. 2022ko martxoaren 29an onartutako Iruzurraren aurkako Eusko Jaurlaritzaren Neurrien Planari atxikitzea, edo, hala badagokio, antzeko edukia duen plan propioa izatea, dagokion esku-hartze-eremuan funtsak aplikatu beharreko arauen arabera erabili direla bermatzeko eta deklaratzeko, bereziki iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeari, antzemateari eta zuzentzeari dagokionez. Iruzurraren aurkako Neurrien Plan propioa badu, Eusko Jaurlaritzarena ere bete beharko du.

    7. Interes-Gatazkarik Ezaren Adierazpena aurkeztea, hitzarmen honen I. eranskinean jasotako ereduaren arabera. Betebehar hori hauei ezartzen zaie: kudeaketa-, kontrol- eta ordainketa-lanak egiten dituzten enplegatu publikoei eta eginkizun horietako bat edo batzuk eskuordetu zaizkien beste agente batzuei, bai eta onuradun pribatuei, bazkideei, kontratistei eta azpikontratistei ere, baldin eta haien esku-hartzeak funtsekin finantzatzen badira eta beren interesen alde jardun badezakete, baina EBren finantza-interesen aurka, interes-gatazka baten esparruan.

    8. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan aurreikusitako ingurumenari «kalte esanguratsurik ez eragiteko» printzipioa errespetatzea (do no significant harm - DNSH printzipioa). Erregelamendu horrek Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa eta Europako gainerako araudi aplikagarria ezartzen ditu. Horretarako, Kalte Esanguratsurik Ez Eragiteko Printzipioaren - DNSH autoebaluazioa egin beharko da, hitzarmen honen II. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

    9. SEEPan esleitutako etiketa berde eta digitalaren baldintzak betetzea, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren VI. eta VII. eranskinen arabera.

    10. Argitalpenetan, zabalkunde-jardueretan, webguneetan eta, oro har, edozein hedabidetan proiektuari egiten zaion erreferentzia orok SEEParen Irudi Eskuliburuan edo Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak onartutako Eskuliburuan agertzen diren baldintzak bete beharko ditu. Aurrekoa kaltetu gabe, esku-hartzea SEEParen funtsen bidez finantzatzeari eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak kudeatzeari buruzko erreferentzia agertu beharko da beti, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 18.4 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

      Era berean, finantzaketa horren jatorria aipatu beharko da, eta haren ikusgaitasuna bermatu, bereziki diruz lagun daitezkeen esku-hartzeak eta horien emaitzak sustatzen direnean, hainbat hartzaileri komunikabideak eta publikoa barne informazio koherentea, eraginkorra eta proportzionatua emateko. Era berean, eremu honetan gauzatzen diren lizitazio, hitzarmen eta gainerako tresna juridiko guztiek, goiburuan zein garapen-gorputzean, erreferentzia hau jaso beharko dute: «Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana Europar Batasunak Next Generation EUren bidez finantzatua», Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema konfiguratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 9. artikuluarekin bat etorriz.

    11. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eskatzen dion beste edozein informazio eta dokumentazio bidaltzea.

      Hirugarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren konpromisoak.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren bitartez, konpromisoa hartzen du EAEko trenbide-azpiegituren plangintzaren, proiekzioaren eta eraikuntzaren esparruan Europar Batasunak Next Generation EUren bidez finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, «Hiri-inguruneetako eta ingurune metropolitarretako mugikortasun jasangarri, seguru eta konektatuaren talka-plana» izeneko 1. osagaiaren esparruan aipatutako inbertsioen % 90,63ren benetako kostua finantzatu eta ordaintzeko, 23.762.326,00 euro-ko gehieneko zenbatekoraino, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren kargura gaituta dagoen 1000832000 1.12281.70200 2019/003763 aurrekontu-aplikazioarekin.

      (Ikus .PDF)

      Laugarrena. Diruz lagundu daitezkeen kostuak.

    1. Hitzarmen honen bigarren klausulan jasotako jarduketei dagozkien inbertsioak diruz lagundu daitezkeen kostuen % 100 finantzatuko dira, hauek, hain zuzen:

      1. Ingeniaritzako, jarraipeneko eta obra zibileko kanpo-kontratazioak.

      2. Ekipamenduak erosteko kontratuak, ekipamendu teknologikoa eta ekipo informatikoak barne, diruz lagundutako jarduketekin lotuta.

      3. Software-lizentzien eskuratzea, izaera espezializatukoak eta soilik esku-hartzera bideratutakoak, eta erositako ekipamendua behar bezala erabiltzeko aukera ematen dutenak.

      4. Aholkularitzako kanpo-kontratazioak, dirulaguntzaren xede den esku-hartzearen barruan egiten badira, esku-hartze horren parte gisa. Bideragarritasunari eta xehetasunezko ingeniaritzari buruzko azterlanak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta esku-hartzea egiteko beharrezkoak badira. Hautagarritasun-data baino lehenago egin ahal izango dira, baina, kasu horretan, kostua ez litzateke hautagarria izango.

      5. Lege-aholkularitzako, notariotzako, aholkularitza tekniko edo finantzarioko, kontabilitateko edo auditoretzako lanetarako kanpo-kontratazioak, proiektuarekin zuzenean lotuta badaude eta horiek prestatzeko edo gauzatzeko beharrezkoak badira, betiere aurrekontuan jasota badaude.

    2. Aldiz, ez dira diruz laguntzeko modukotzat hartuko kontzeptu hauetan bilduta daudenak:

      1. Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

      2. Administrazio-baimenak, lizentziak, abalen edo/eta fidantzen kostua, isunak, tasak, zergak edo tributuak.

      3. Kudeaketa, kontratazio, kontsulta edo administrazio-izapideei lotutako edozein gastu, baimenak edo lizentziak lortzeko beharrezkoak izan arren.

      4. Eskatzaileak izenpetutako aseguruak.

      5. Edozein finantzaketa-kostu.

      6. Zigor penalei lotutako kostuak eta prozedura judizialen gastuak.

      7. Sistema eragileetarako eta ofimatika-aplikazioetarako lizentziak.

      8. Esku-hartzeak gauzatzeko eta mantentzeko edozein gastu edo administrazioaren berezko gastuak.

        Bosgarrena. Lanen finantzaketa eta ordainketa.

        1. Ekarpenaren zenbatekoa, EAEko trenbide-azpiegituren plangintzaren, proiekzioaren eta eraikuntzaren esparruan «Hiri-inguruneetako eta ingurune metropolitarretako mugikortasun jasangarri, seguru eta konektatuaren talka-plana» izeneko 1. osagaiaren esparruko inbertsio-jarduketak gauzatzearen ondoriozko kostua finantzatzeko bakarrik erabili ahal izango du ETSk.

        2. Zenbatekoa hitzarmen hau formalizatu ondoren ordainduko da.

          Egindako gastuaren bilakaera eta mugarriak eta helburuak bete direla egiaztatzeko, hitzarmen honen bigarren klausulan adierazitako justifikazio-txostenak erantsiko dira.

          Dirulaguntzaren zenbatekoa banku-transferentzien bidez ordainduko da.

        3. Erakunde onuradunak Estatuko laguntzen erregimenarekiko bateragarritasunari eta finantzaketa bikoitzaren prebentzioari buruzko Estatuko eta Europako araudia bete beharko du, irailaren 29ko HFP 1030/2021 Aginduaren 7. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

          Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, Mekanismoaren esparruan emandako laguntza Batasunaren beste programa eta tresna batzuen arabera emandakoari gehituko zaio. Erreformek eta inbertsio-proiektuek Batasunaren beste programa eta tresna batzuen laguntza jaso ahal izango dute, betiere laguntza horrek kostu bera estaltzen ez badu.

          Seigarrena. Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren esparruan ezarritako xedapenak betetzea.

        1. Hitzarmen hau sinatzen duten erakundeek Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa arautzen duen araudi osoa bete beharko dute.

        2. Hitzarmen honek eta berau gauzatzeko prozesuak Garraioen Konferentzia Nazionalaren 2021eko azaroaren 5eko Akordioaren baldintzak errespetatu beharko dituzte; izan ere, akordio horretan, inbertsio-jarduketak gauzatzeko aurrekontu-kredituak lurraldean banatzeko irizpideak zehazten dira, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko «Hiri-inguruneetako eta ingurune metropolitarretako mugikortasun jasangarri, seguru eta konektatuaren talka-plana» izeneko 1. osagaiari «Mugikortasun jasangarri, seguru eta konektatua» izeneko 6. osagaiari dagokienez.

        3. Hitzarmen honetatik eratorritako lizitazio-prozeduren esparruan, kontratazio-organoek Estatuko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordearen 2021eko abenduaren 23ko Jarraibidean ezarritako xedapenak aplikatuko dituzte. Instrukzio hori espedienteetan eta SEEPtik datozen funtsekin finantzatuko diren kontratuen agiri zuzentzaileetan sartu beharreko alderdiei buruzkoa da.

        4. Erakunde onuraduna funtsen aplikazioaren kontrol- eta jarraipen-jarduketen mende jarriko da, dokumentuak egiaztatuta; era berean, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak egindako ebaluazio jarraituaren eta amaierako ebaluazioaren mende egongo da; bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren eta SEMaren funtsen kontrola esleituta duten Estatuko eta Europako organoen kontrolaren mende ere bereziki, Europako Batzordearena, Europako Kontuen Auzitegiarena, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoarena eta Europako Fiskaltzarena; hala egindako jarduketen xehetasunezko informazioa eskuratu ahal izango dute erakunde horiek.

          Zazpigarrena. Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren esparruan jarraipena egitea eta informazioa ematea.

        1. Jarduketek SEEPrako ezartzen den jarraipena eta kontrola bete beharko dute, bai eta EBko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako ezartzen diren informazioari eta publizitateari, kontrolari, egiaztapenari eta jarraipenari buruzko betebehar espezifikoak eta Europar Batasuneko barne-araudiak ezarritako gainerako betebeharrak ere. Betebehar horiek nahitaez bete beharko dira.

        2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, SEEParen erakunde betearazlea den aldetik, hitzarmen honetan definitutako jarduketen gastuak agintari eskudunen aurrean ziurtatu edo egiaztatu ahal izan ditzan, ETSk eskatzen zaion informazio eta dokumentu oro bidali beharko du, bai eta aplika daitekeen edozein arau edo erregelamenduk xedatzen duena garaiz bete ere.

        3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak zainduko du esleitutako proiektuak eskatutako betekizunen arabera gauzatzen direla. Horretarako, ETSk beharrezko dokumentazioa eta informazioa eskatuko die esleipendunei, proiektuen gauzatzearen jarraipen egokia egiteko, eta hori pleguetan jasota egon beharko da.

          Zortzigarrena. Jarduketen Jarraipen Batzordea.

        1. Lau ordezkarik, bi Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailekoak eta beste bi ETSkoak, osatuko duten Jarraipen Batzordea eratuko da. Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek izendatuko dituzte, hurrenez hurren, eginkizun hauek betetzeko:

          1. Hitzarmen honetan aurreikusitako jarduketen gauzatze normalaren jarraipena egitea, elkarri informazioa emateko eta konpromisoak behar bezala betetzeko irizpideak eta moduak zehaztuta.

          2. Kasu bakoitzean eskatutako izapideen bizkortasuna oztopatzen duten trabak kentzeko erraztasunak ematea.

          3. Hitzarmen honen xede diren esku-hartzeak betetzen direla bermatzeko behar diren neurriak proposatzea eta horiei buruzko txostenak egitea.

          4. Hitzarmenak sor ditzakeen interpretazio- eta egikaritze-arazoak konpontzen saiatzea.

        2. Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, aldeetako edozeinek proposatuta, jarduketen martxa egokiak eskatzen duen guztietan bilduko da batzordea. Erabakiak bertaratutakoen gehiengoz hartuko dira, eta gutxienez alde bakoitzaren ordezkarien ehuneko berrogeita hamar egon beharko dira bertan.

        3. Hitzarmenean jarraipen-batzorderako berariaz aurreikusita ez dagoen guztian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren II. kapituluko 3. atalean araututako kide anitzeko organoen araubidea aplikatuko da.

          Bederatzigarrena. Hitzarmenaren araubidea eta interpretazioa.

        1. Hitzarmen hau administratiboa da, eta hitzarmenei aplika dakiekeen ordenamendu juridikoaren arabera interpretatuko eta gauzatuko da.

        2. Hitzarmen honetan edo hitzarmen hau gauzatzean interpretazio-arazoak sortuz gero, Jarraipen Batzordeak ebatziko ditu, aurreko klausulan adierazitakoaren arabera. Ezin baditu ebatzi, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko Epaitegi eta Auzitegietan ebatziko dira, hamahirugarren klausulan aurreikusitakoaren arabera.

          Hamargarrena. Iraupena eta amaiera.

        1. Hitzarmen hau sinatzen den egunean jarriko da indarrean, eta 37 hilabeteko iraupena izango du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49. artikuluaren 1.h) letran ezarritakoaren arabera.

        2. Hitzarmena amaitzeko aurreikusitako epea amaitu aurreko edozein unetan, Hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahal izango dute hitzarmena luzatzea, gehienez beste bi urtez, edo hitzarmena azkentzea.

        3. Hitzarmen hau azkentzen da haren xedea diren esku-hartzeak betetzen direlako edo Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluaren 2. zenbakian aurreikusitako suntsiarazpen-kausaren bat dagoelako.

        4. Aldeetako batek bere gain hartutako konpromisoak betetzen ez baditu, besteak Hitzarmena suntsiarazteko eskatu ahal izango du.

          Hamaikagarrena. Itzulketa eta erantzukizuna.

        1. ETSk hitzarmen honetako betebeharrak betetzen ez baditu, eta, bereziki, diruz lagun daitezkeen gastuak egiaztatzen ez baditu, jasotako zenbateko guztiak itzultzeko prozedura hasi ahal izango da, eta dirulaguntza ordaintzen den unetik dagokion berandutze-interesa eskatu ahal izango da, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan eta dirulaguntzak betetzen direla kontrolatzeko gainerako arauetan ezarritakoaren arabera.

        2. Euskal Trenbide Sarearen ez-betetzeren bat egiaztatzen bada agintaritza autonomikoaren, nazionalaren edo Erkidegoko erakundeen kontrol-jarduketak gauzatzean, eta horrek funtsen itzuleran murrizketa eragiten badu, erantzukizun hori ETSri helaraziko zaio, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 7. artikuluan adierazitakoa aplikatuz.

          Hamabigarrena. Hitzarmenaren aldaketa.

          Hitzarmen hau aldatu ahal izango da, Hitzarmena sinatu duten erakundeek aho batez hala erabakitzen badute, dagokion aldaketa-dokumentua izapidetuta eta sinatuta.

          Hamahirugarrena. Araubide juridikoa.

        1. Hitzarmen honi indarrean dagoen ordenamendu juridikoan ezarritako xedapenak aplikatuko zaizkio, bereziki Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotakoak.

        2. Horrez gain, SEMaren araudian xedatutakoa bete beharko du, eta, bereziki, hauetan xedatutakoa: SEEParen 1. eta 6. osagaien esparruko inbertsio-jarduketak finantzatzeko 2021eko eta 2022ko ekitaldietako aurrekontu-kredituen lurralde-banaketarako irizpideak finkatzen dituen Garraioen Konferentzia Nazionalaren 2021eko azaroaren 5eko Erabakia; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onartzen dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretua; Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa sistema egituratzen duen irailaren 29ko HFP 1030/2021 Agindua; Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaien mugarri eta helburuen betetze-mailaren jarraipena egiteko eta aurrekontua eta kontabilitatea betearazteko Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Erakundeek eman beharreko informazioaren prozedura eta formatua ezartzen dituen irailaren 29ko HFP 1031/2021 Agindua; Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legearen II. titulua, V. kapitulua, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotutako funtsen kudeaketa; eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotutako jardueren eta proiektuen kudeaketari eta jarraipenari buruzko Gobernu Kontseiluaren 2022ko otsailaren 8ko Akordioa.

        3. Dokumentu honen zortzigarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordeak ezin baditu ebatzi hitzarmen hau garatu eta gauzatzean alderdien artean sortzen diren auziak, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende jarriko dira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera.

          Eta zehaztutakoarekin ados daudela adierazteko, bertaratuek hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte, adierazitako tokian eta egunean.

          Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

          IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

          Red Ferroviaria Vasca / Euskal Trenbide Sarearen zuzendari nagusia,

          ERNESTO MARTÍNEZ DE CABREDO ARRIETA.

          (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik