Arautegia

Inprimatu

64/2022 EBAZPENA, uztailaren 20koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara dadila Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoarekin sinatutako hitzarmena, 2021eko aurrekontu-ekitaldirako zuzeneko dirulaguntzak ematea arautzen duen urriaren 19ko 902/2021 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz zenbait proiekturen barruan egingo diren jarduketen bidez gazteei zuzendutako proiektu pilotuak garatzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 150
  • Hurrenkera-zk.: 3527
  • Xedapen-zk.: 64
  • Xedapen-data: 2022/07/20
  • Argitaratze-data: 2022/08/04

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako hitzarmena sinatu du, eta behar bezalako zabalkundea emateko, honako hau

Madrilen, 2021eko abenduaren 21ean, alde batetik, Gerardo Gutiérrez Ardoy jauna, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusia, uztailaren 6ko (uztailaren 7ko BOE) 846/2018 Errege Dekretuaren bidez izendatua, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren izenean eta hura ordezkatuz, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren egitura organikoa eta parte-hartze instituzionala onartzen duen abuztuaren 1eko 1383/2008 Errege Dekretuaren 1., 2. eta 6. artikuluek eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 10.1 artikuluak esleitzen dioten ahalmena baliatuz.

Eta bestetik, Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 22a, Idoia Mendia Cueva andrea, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua, Jaurlaritzaren Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua izendatzeko Lehendakariaren irailaren 7ko 21/2020 Dekretuari jarraikiz eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 6. artikuluan Lan eta Enplegu Sailari esleitutako eginkizunak betez.

Bi alderdiek dagozkien karguen arabera eta horiek emandako ahalmenak eta eskumenak erabiliz esku hartzen dute, eta elkarri aitortzen diote beren burua behartzeko eta hitzartzeko gaitasuna eta legitimazioa, eta, horretarako, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.

Estatuak, Konstituzioaren 149.1.13 artikuluaren arabera, jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarrien eta koordinazioaren gaineko eskumena du esleituta.

Halaber, Laneko eta Gizarte Ekonomiako Ministerioari dagokio Gobernuaren politika proposatzea eta betearaztea lanaren, enpleguaren, lan-harremanen eta profesionaltasun-ziurtagiriei lotu gabeko enplegurako lanbide-heziketaren arloan, eta, beraz, langabeen laneratzea eta prestakuntza, ekintzailetza eta autoenplegua sustatzea.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa (SEPE) da enplegu-politikaren programak eta neurriak antolatzeko, garatzeko eta horien jarraipena egiteko ardura duen Estatuko Administrazio Orokorraren erakunde autonomoa, hori guztia urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Enpleguaren Legearen testu bateginaren 15. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bigarrena.

Autonomia Estatutuaren 10.25 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio Euskal Herriko ekonomiaren sustapena, garapena eta plangintza egiteko eskumen esklusiboa, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera. Halaber, Estatutuaren 9.2.c) artikuluak xedatzen duenez, euskal botere publikoek, beren eskumenen baitan, enpleguaren hazkundea eta egonkortasun ekonomikoa sustatzeko neurriak hartuko dituzte.

Azaroaren 5eko 1141/2010 Errege Dekretuaren bidez, Enpleguko Institutu Nazionalak lanaren, enpleguaren eta prestakuntzaren esparruan egindako kudeaketaren eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatu ziren, Estatuko Administraziotik Euskal Autonomia Erkidegora.

Hirugarrena.

Europako Kontseiluak, 2020ko uztailaren 21ean, irismen handiko neurrien sorta bat onartu zuen, jakitun baitzen une historiko honetan aurrekaririk gabeko ahalegina eta planteamendu berritzailea behar zirela, Europar Batasunean konbergentzia, erresilientzia eta eraldaketa bultzatzeko.

Neurri horiek bat egiten dute 2021-2027rako urte anitzeko finantza-esparru indartuarekin eta Suspertzeko Europako Tresna bat abian jartzearekin («Next Generation EU»), zeinaren elementu nagusia baita Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritakoa. Europako Berreskuratze Funtsaren finantza-baliabideen exekuzioa Ministro Kontseiluaren 2021eko apirilaren 27ko Akordioaren bidez onartutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez gauzatuko da, eta bat etorriz Kontseiluaren 2021eko uztailaren 13ko Betearazpen Erabakiak (Council Implementing Decision-CID), Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia planaren ebaluazioa onartzeari buruzkoak, ezarritakoarekin.

Laugarrena.

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, Laneko eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak modu esanguratsuan hartzen dute parte 23. osagaian (Lan-merkatu dinamikorako, erresilienterako eta inklusiborako politika publiko berriak), zeina VIII. arlo politikoan kokatzen baita (Zaintza lanen ekonomia berria eta enplegu-politikak).

Osagai honetan proposatutako berrikuntzen eta inbertsioen artean, 4. inbertsioa dago («Oreka eta ekitatea lortzeko lurralde-proiektu berriak»). Bertan sartzen dira, orobat, «Bereziki kalteberak diren kolektiboak» eta «Ekintzailetza eta mikroenpresak» proiektuak.

Pandemiak sortutako egoerak larriagotu egiten du iraupen luzeko langabeen eta lehenagotik mugako egoeretan zeuden beste kolektibo batzuen kalteberatasuna, produkzio-sarea eraldatu baita, bereziki mikroenpresei dagokienez.

Egoera horri aurre egiteko, beharrezkoa da kolektibo kalteberen lan- eta gizarte-arloko beharrei erantzungo dieten proiektuak eta esku-hartze ildoak abian jartzea, bai eta ekintzailetza, enplegu kolektiboa eta mikroenpresak sustatzearen bidez indartutako produkzio-sistema bat ahalbidetzea ere. Egokitzapen horrek berekin dakar eraldaketa digital eta berdea, zeina berezkoa eta beharrezkoa baita, bai eta ekonomia berdea bultzatzea ere, laneratzeko proiektu integratuen bidez, kalteberenak lan-merkatuan sartzea erraztu dezaketen eragile guztien parte-hartzearekin.

Horretarako, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 23. osagaiak, 4. inbertsioan (Oreka eta ekitatea lortzeko lurralde-proiektu berriak), honako inbertsio hauek egiteko beharra jasotzen du: alde batetik, bereziki kalteberak diren kolektiboentzako enplegu-proiektuak sustatzera bideratutakoak, eta, bestetik, ekintzailetza eta enplegu kolektiboa sustatzeko eta biztanleria finkatzeko proiektuak eta esku-hartze ildoak sustatzera bideratutakoak, arreta berezia jarriz ekoizpen-eraldaketan eta ekonomia digital bateranzko aurrerapenean.

Bereziki kalteberak diren kolektiboen proiektuei dagokienez, inbertsioek honako jardun hauetan jarri behar dute arreta: iraupen luzeko langabeen kontratazioa bultzatzeko gizarteratze-proiektu integratuak sustatzea, gizarte-zerbitzuekin koordinatuta; toki-eremuan laneratzeko proiektuak; desgaitasuna duten pertsonen autonomiari eta laguntzaileen enpleguari laguntzeko proiektuak; ekintzailetzako eta enplegu kolektiboko proiektuak; eta, oro har, bereziki kalteberak diren kolektiboen lurralde-oreka eta ekitatea lortzeko enplegu-proiektuak.

Bestalde, ekintzailetzaren eta mikroenpresen arloko proiektuei dagokienez, funtsezkoa da lurralde-proiektu berrietan inbertitzea, erronka demografikoari heltzeko eta produkzio-eraldaketa errazteko, ekonomia berde eta digitalerantz bereziki. Proiektu horien artean honako hauek sartuko lirateke, besteak beste: landa-eremuan eta bertako udalerri txikietan biztanleria finkatzen duten nekazaritzarako eta enplegurako gaikuntza, tokiko garapen iraunkorraren dinamizatzaileak, ekintza kultural eta artistikorako gizarte-ekonomiako ekimenak, trantsizio ekologikoko ekimenak, tokiko garapeneko ekimenak, landa-turismoa eta ondare historiko-artistikoa.

Bosgarrena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22.2.c) artikuluak eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako haren Erregelamenduaren 67. artikuluak ezartzen dutenez, salbuespen izaeraz, zuzenean eman ahal izango dira beste dirulaguntza batzuk, interes publikoko edo gizarte-, ekonomia- edo giza intereseko arrazoiak egiaztatzen edo deialdi publikoa egitea zailtzen duten arrazoiak justifikatzen badira. Era berean, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokor horren 28.1 artikuluak ezartzen duenez, hitzarmenak formalizatzea zuzeneko emakidako dirulaguntzak eraginkortasunez bideratzeko modu balioduna da. Hitzarmen horietan, lege honetan xedatutakoaren arabera aplikatu beharreko baldintzak eta konpromisoak ezarriko dira.

Urriaren 19ko 902/2021 Errege Dekretuak, «Oreka eta ekitatea lortzeko lurralde proiektu berriak» izeneko inbertsio-jardueren garapena finantzatzera bideratutako 2021eko aurrekontu-ekitaldirako zuzeneko dirulaguntzak ematea arautzen duenak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak Euskal Autonomia Erkidegoari 2021eko aurrekontu-ekitaldirako dirulaguntzak zuzenean ematea arautzen du, gazteei zuzendutako proiektu pilotuak garatzeko, bereziki kalteberak diren kolektiboentzako proiektuetako eta ekintzailetza eta mikroenpresen proiektuetako jarduketen bidez. Proiektu horiek Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 4. inbertsioan jasotzen dira (Oreka eta ekitatea lortzeko lurralde-proiektu berriak).

Seigarrena.

Urriaren 19ko 902/2021 Errege Dekretuaren 3.2 artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoari dirulaguntzak emateko, hitzarmen bat sinatu beharko da Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoarekin, eta hitzarmenean honako hauek zehaztuko dira: gauzatu beharreko programak egikaritzeko emandako gehieneko zenbatekoa, finantzatu beharreko jarduerak, eta 11. artikuluan aurreikusitako justifikazio-memoria aurkezteko epea.

Zazpigarrena.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.9 artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren VI. kapituluko arauak ez zaizkio aplikatuko hitzarmen honi, amaiera itunduko akordioa baita eta, horren bidez, dirulaguntza bat zuzenean ematen baita, aurreko paragrafoetan jasotakoaren arabera.

Dirulaguntza horiek, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2021erako gastu aurrekontuan jasotakoarekin bat etorriz, Suspertzeko Europako Tresnaren («Next Generation EU») ondoriozko finantza-baliabideen bidez finantzatuko dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bitartez, eta ezin izango dira Europar Batasuneko beste tresna edo funts batzuen bidez finantzatu. Horrenbestez, aplikatzekoak izango dira Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana egikaritzeko premiazko neurriak onartzen dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren xedapen aplikagarriak, bai eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako inbertsioei aplikatu beharreko Estatuko eta Europako gainerako arauak ere.

Zortzigarrena.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrekontuetan, dagokion aurrekontu-aldaketa onartu ondoren, bi milioi euroko zuzkidura dago Euskal Autonomia Erkidegoari hitzarmen honen xede diren jarduerak finantzatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 67.4 artikuluan ezarritakoaren arabera (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen du dekretu horrek).

Azaldutako guztiagatik, bi alderdiek hitzarmen hau egitea erabaki dute, honako hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa. Xedea.

Hitzarmen honen xedea da urriaren 19ko 902/2021 Errege Dekretuan jasotako Euskal Autonomia Erkidegorako dirulaguntzak antolatzea. Errege Dekretu horren bidez, 2021eko aurrekontu-ekitaldirako zuzeneko dirulaguntzak ematea arautzen da, hain zuzen ere, «Oreka eta ekitatea lortzeko lurralde-proiektu berriak» izeneko inbertsioan sartuta dauden «Kolektibo bereziki kalteberak» eta «Ekintzailetza eta mikroenpresak» proiektuetako jardueren garapena finantzatzeko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan.

Jarduera horien artean dago gazteei zuzendutako proiektu pilotuak garatzea, «Kolektibo bereziki kalteberak» eta «Ekintzailetza eta mikroenpresak» proiektuetako jarduketen bitartez, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko 4. inbertsioaren barruan (Oreka eta ekitatea lortzeko lurralde-proiektu berriak).

Bigarrena. Mugarriak eta helburuak.

Hitzarmen honen xede diren dirulaguntzak, nolanahi ere, lotuta daude Eraldatze eta Erresilientzia Planean ezarri ziren mugarri eta helburuak bete, egikaritu eta gauzatzearekin, plan hori ontzat eman baitzuen Europako Batzordeak, Planaren ebaluazioa onartzeari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakiaren bitartez.

Hitzarmen honen xede diren funtsek mugarri eta helburu hauek bete behar dituzte:

Oreka eta ekitatea lortzeko lurralde-proiektu berriak kolektibo bereziki kalteberak:

2021eko mugarria Hitzarmen hau sinatzea.

2022rako helburua: 166 gazte artatzea.

Oreka eta ekitatea lortzeko lurralde-proiektu berriak ekintzailetza eta mikroenpresak C23.I04. Suspertze eta erresilientzia mekanismoa:

2021eko mugarria: Hitzarmen hau sinatzea.

2022rako helburua: 200 ekintzailetza-ekimen eta mikroenpresa.

Mugarri eta helburu horiek adierazitako datetan betetzea lagungarri izango da Suspertze, Europako Batzordeak ontzat emandako Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasotako mugarri eta helburuak betetzeko, 23. osagaiko 4. inbertsiorako (C23.I04).

Hirugarrena. Finantzaketa.

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko «Oreka eta ekitatea lortzeko lurralde proiektu berriak» 4. inbertsioko «Kolektibo bereziki kalteberak» eta «Ekintzailetza eta Mikroenpresak» proiektuak gauzatzeko eta helburuak lortzeko, 1.000.000,00 euro bideratuko dira gazteei zuzendutako proiektu pilotu batera, kolektibo bereziki kalteberen proiektuetako jarduketen bitartez, eta 1.000.000,00 euro gazteei zuzendutako proiektu pilotu batera, ekintzailetza eta mikroenpresen proiektuetako jarduketen bitartez. Kopuru horiek hornituta daude Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2021erako aurrekontuko gastu-egoeran, 19.101.240A.455.85 eta 19.101.240A.455.86 aurrekontu-aplikazioetan. Ekarpen hori zuzeneko emakidako dirulaguntzatzat hartzen da, eta urriaren 19ko 902/2021 Errege Dekretuak arautzen du, horren bidez arautzen baita «Oreka eta ekitatea lortzeko lurralde-proiektu berriak» izeneko inbertsio-jardueren garapena finantzatzera bideratutako 2021eko aurrekontu-ekitaldirako zuzeneko dirulaguntzak ematea, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 22.2.c) artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 34.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ekarpen hori aldez aurretik eta osorik ordainduko da, ordainketa bakar baten bidez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskaera egin ondoren. Eskaera horrekin batera, laugarren klausulan aurreikusitakoaren arabera onartutako plana aurkeztu beharko da, eta plan horretan jasoko da zer jarduketa zehatz egin behar diren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko «Oreka eta ekitatea lortzeko lurralde proiektu berriak» izeneko 4. inbertsioko «Kolektibo bereziki kalteberak» eta «Ekintzailetza eta Mikroenpresak» proiektuak gauzatzeko, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren diru-ekarpenak horietara bideratuko baitira.

Hasierako aurreikuspen hori aldatu ahal izango da hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, autonomia-erkidegoak benetan detektatutako beharren arabera, baina horrek ez du ekarriko hitzarmen hau aldatu beharra, baldin eta zenbatekoak planean jasotako jarduketen artean berresleitzen badira, hitzarmen honen xede diren dirulaguntzen helburuak betetzeko. Nolanahi ere, SEPEren ekarpenaren azken zenbatekoak ez du gaindituko klausula honetan aurreikusitako zenbatekoa.

Funtsak adierazitako moduan ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoak ez du bermerik eratu beharrik izango, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 42.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Paragrafo honetan aurreikusitako dirulaguntza gehituko zaie 2021eko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegorako egiten diren funtsen banaketei, bai Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatutako funtsetarako, bai haren kargura finantzatu ez direnetarako, Enpleguaren eta Lan Gaien Sektoreko Konferentzian adostutako irizpide objektiboen arabera, bat etorriz hauetan ezarritakoarekin: urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enpleguaren Legearen testu bateginaren 21. artikulua eta Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 86.2 artikulua, estatutuaren bidez enplegu-politika aktiboen arloan eskumenak bereganatuta dauzkaten autonomia-erkidegoek kudeatutako dirulaguntzen kredituei buruzkoa. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoak enplegu-politika aktiboen programak eta zerbitzuak gauzatzeko erabili ahal izango ditu Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak esleitutako funtsak, hitzarmen honen xede diren funtsak osatzeko eta, hala badagokio, indartzeko. Kasu horretan, argi eta garbi identifikatu beharko da gastuen trazabilitatea.

Laugarrena. Euskal Autonomia Erkidegoaren konpromisoak.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailburuordetzaren bitartez, plana onartuko du, non aurreko klausulan aipatutako Estatuko Zerbitzu Publikoaren funtsak jasoko dituzten «Kolektibo bereziki kalteberak» eta «Ekintzailetza eta mikroenpresak» proiektuak garatzeko egin beharreko jarduketa zehatzak bilduko baitira. Jarduketa horiek gauzatzeko, laguntza publikoen programak onartzeaz gain, dirulaguntza publikoen deialdia egin, zuzeneko kudeaketako programak garatu eta zuzenbidearen arabera Euskal Autonomia Erkidegoak aurrera eraman dezakeen beste edozein jarduketa-formula erabili ahal izango du, jarduketa hauetakoren bat baldin badu xede:

Kolektibo bereziki kalteberak Lurralde-proiektu berriak, honako hauek jorratuko dituztenak: gazte kalteberen kontratazioa sustatzeko gizarteratze-proiektu integratuak, gizarte-zerbitzuekin koordinatuta; toki-eremuan laneratzeko proiektuak; desgaitasuna duten gazteen autonomiari eta laguntzaileen enpleguari laguntzeko proiektuak; ekintzailetzako eta enplegu kolektiboko proiektuak; eta, oro har, gazte bereziki kalteberen lurralde-oreka eta ekitatea lortzeko eplegu-proiektuak.

Proiektuek izan ditzaketen ekintzen artean, honako hauek daude:

Orientazioko eta lagun egiteko ekintzak.

Ibilbidearen araberako prestakuntza-ekintzak.

Orientazio-programetan parte hartzea, lana bilatzeko taldeen arreta.

Prestakuntzarako bekak.

Kontziliaziorako laguntzak.

Lan-kontrataziorako laguntzak.

Jarduketen jarraipena.

Proiektu pilotu horiek lotuta egongo dira Gazteentzako lan duinaren 2021-2027rako Berme Plus Planean aurreikusitako jarduerekin. Plan hori Ministro Kontseiluaren 2021eko ekainaren 8ko Erabakiaren bidez onartu zen.

Dirulaguntzaren xede den arreta-prozesua burutu duen pertsona bakoitzeko kostua 6.000 eurokoa izango da gehienez.

Ekintzailetza eta mikroenpresak Lurralde-proiektu berriak, demografia-erronkari heltzen diotenak eta ekoizpena eraldatzen laguntzen dutenak, batez ere ekonomia berde eta digitalerantz. Proiektu horien artean honako hauek sartuko lirateke, besteak beste: landa-eremuan eta bertako udalerri txikietan biztanleria finkatzen duten nekazaritzarako eta enplegurako gaikuntza, tokiko garapen iraunkorraren dinamizatzaileak, ekintza kultural eta artistikorako gizarte-ekonomiako ekimenak, trantsizio ekologikoko ekimenak, tokiko garapeneko ekimenak, landa-turismoa eta ondare historiko-artistikoa.

Besteak beste, honako jarduketa hauek hartu ahal izango ditu:

Gizarte-ekintzailetzako ekintzak eta ekintza autonomoak.

Tokiko merkatuaren azterketa.

Tokiko sustapen eta garapeneko agenteak.

Kooperatibak edo mikroenpresak abian jartzeko laguntza.

Ekimen ekintzaileetarako premiazko edo gizarte-larrialdiko laguntzen poltsa.

Hedapen-ekintzak.

Networking-a eta jardunaldietan parte hartzea.

Proiektu pilotu horiek lotuta egongo dira Gazteentzako lan duinaren 2021-2027rako Berme Plus Planean aurreikusitako jarduerekin. Plan hori Ministro Kontseiluaren 2021eko ekainaren 8ko Erabakiaren bidez onartu zen.

Finantzatu beharreko jardueren % 25 ekonomia berdea garatzera bideratuta egongo dira, eta % 25 ekintzailetza digitalera, honako etiketa hauek betetzen lagunduz: 047 Ingurumena errespetatzen duten ekoizpen-prozesuei laguntzea eta ETEetan baliabideak eraginkortasunez erabiltzea; eta 100 Norberaren konturako lanari eta enpresak sortzeari laguntzea, hurrenez hurren; Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean hartutako konpromisoen arabera.

Dirulaguntzaren xede den proiektu bakoitzean sartutako enpresa bakoitzeko kostua 5.000 eurokoa izango da gehienez.

Aurreko paragrafoetan ezarritako gehieneko kostuen arabera, dirulaguntza jaso ahal izango dute Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko 23. osagaiaren 4. inbertsioko gastuek.

Urriaren 19ko 902/2021 Errege Dekretuan eta hitzarmen honetan araututako dirulaguntzak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrekontuaren kontura finantzatuko dira. Era berean, jarduketak Suspertzeko Europako Tresnaren ondoriozko funtsekin finantzatuko dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bitartez.

Euskal Autonomia Erkidegoak bermatu egingo du osorik beteko direla kalte esanguratsurik ez eragiteko printzipioa («do not significant harm-DNSH» printzipioa) eta etiketatze klimatiko eta digitala proiektuaren diseinuaren eta betearazpenaren fase guztietan, Ministroen Kontseiluak 2021eko apirilaren 27an onartutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan (erregelamendu horren bidez onartu zen Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa) ezarritakoaren arabera.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren bidez Estatuak egingo duen ekarpenari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoak baliabideak kudeatuko ditu, eta bigarren klausulan adierazitako mugarriak eta helburuak lortzera bideratutako jarduketa espezifikoetan aplikatuko ditu, kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiaren arabera. Nolanahi ere, jarduketa horiek 2021eko abenduaren 31 baino lehen hasi beharko dira, hirugarren klausulan adierazitako baldintzetan.

Euskal Autonomia Erkidegoa erakunde eskudunek egin ditzaketen egiaztapen-jardueren mende egongo da. Nolanahi ere, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planerako ezartzen diren jarraipen-, kontrol- eta ebaluazio-jarduketak bete beharko ditu, bai eta Europar Batasuneko barne-araudiak ezarritako informazio eta publizitateari, kontrolari, egiaztapenari, jarraipenari, ebaluazioari eta gainerako betebeharrei buruzko betebehar espezifikoak ere, EBren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako ezartzen direnak eta nahitaez aplikatu behar direnak. Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuak konpromisoa hartzen du Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari aipatutako egiaztapen jarduketen emaitzei buruzko informazioa emateko, hala eskatzen dionean.

Bosgarrena. Aurrekontu-kudeaketa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak, lan-merkatuaren beharrizanen eta autonomia-erkidego horretako gizarte- eta lan-egoeraren arabera, eta plan honen kudeaketan eraginkortasun eta efikazia handiagoa lortzeko, behar diren doikuntzak egin ahal izango ditu bere aurrekontuan, aurreko paragrafoan deskribatutako ekintzei esleitutako zenbatekoen artean, betiere kontuan hartuta hitzarmen honen xede diren dirulaguntzek izaera finalista dutela, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko «Oreka eta ekitatea lortzeko lurralde-proiektu berriak» 4. inbertsioko «Kolektibo bereziki kalteberak» eta «Ekintzailetza eta Mikroenpresak» proiektuen jarduketetarako.

Seigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoaren betebeharrak. Memoria eta justifikazioa.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoak urriaren 19ko 902/2021 Errege Dekretuan adierazten diren betebeharrak bete beharko ditu.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoak, exekuzioa amaitu ondoren, jasotako dirulaguntzaren erabilera justifikatuko du Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrean, eta justifikazio-memoria bat aurkeztuko du. Memoria horretan, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko egin diren gastuen frogagirien eta prozeduren motak jasoko dira, aplikatzekoa den estatuko araudian eta Europar Batasuneko araudian aurreikusitakoak.

    Euskal Autonomia Erkidegoak justifikatu egin beharko du gauzatu beharreko proiektuen mugarriak eta helburuak behar bezala betetzen direla, irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduan (Eraldaketa eta Bizitokia Berreskuratzeko Planaren kudeaketa-sistema eratzen duena) eta aplikatu beharreko gainerako araudian adierazitako moduan eta baldintzetan.

    Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoak ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko («do not significant harm»-DNSH) erantzukizunpeko adierazpen bat sartu beharko du justifikazioan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera.

    Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoak informazioa bidali beharko du Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak prestatuko duen kudeaketa-sistemara, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez eta garatzen diren bitarteko desberdinen bidez finantzatutako inbertsio-proiektuen jarraipena egiteko.

    Betetako mugarriei eta helburuei buruzko informazioa aurkeztu beharko da, bai eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa itxi ondoren erabilitako funtsei buruzkoa ere, errege-dekretu honetan finantzatutako neurriei buruz Estatuak eta Europar Batasunak egin ditzaketen kontrol guztien ondoren.

    Nolanahi ere, urriaren 19ko 902/2021 Errege Dekretuaren bidez finantzatutako neurriak gauzatzeko ematen dituzten dirulaguntza eta laguntza publikoak edo egiten dituzten kontratuak ere erregistratu beharko ditu Autonomia Erkidegoak Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean eta Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforman, hurrenez hurren.

    Zazpigarrena. Bateragarritasun-araubidea.

    Estatuaren finantza-ekarpenaren kargura finantzatutako jarduera bakoitzari dagokionez Autonomia Erkidegoak kudeatutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk jasotzearekin, edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik datozela ere. Nolanahi ere, argi eta garbi identifikatu beharko da gastuen trazabilitatea. Hala ere, funts horiek bateraezinak dira inbertsio-proiektu berberak gauzatzeko Erkidegoko beste funts batzuk jasotzearekin.

    Aurrekoa alde batera utzi gabe, dirulaguntzen zenbatekoa, banaka hartuta edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, ezin izango da diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa izan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

    Zortzigarrena. Hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea.

    Alderdi sinatzaileek beren gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak betetzen ez badira, oro har, dagokion arau-esparrua hartuko da kontuan, eta, bereziki, urriaren 19ko 902/2021 Errege Dekretuaren 10. eta 12. artikuluak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzeko Erregelamendua, zeina uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu baitzen.

    Bederatzigarrena. Jarraipen eta koordinazioko batzorde mistoa.

    Hitzarmenean aurreikusitako helburuak betetzen direla bermatzeko, haren jarraipena eta ebaluazioa egiteko, administrazio sinatzaileen koordinazio egokia errazteko, eta sor daitezkeen interpretazio- eta betetze-arazoak konpontzeko, Jarraipen eta Koordinazioko Batzorde Mistoa sortu da. Batzorde hori 4 kidek osatuko dute, administrazio bakoitzeko 2k, honela banatuta:

    Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren aldetik, hauek:

    Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendaritza nagusia; zeregin horietan, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak izendatutako pertsonak ordeztu ahal izango du.

    Eskumena duen erakundearen zuzendariorde nagusia edo haren ordezkoa.

    Euskal Autonomia Erkidegoaren aldetik, hauek:

    Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuordea edo hark eskuordetzen duena.

    Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu zuzendaria edo hark eskuordetzen duena.

    Batzordeak egoki iritziz gero, beste unitate edo erakunde interesgarri batzuetako ordezkariek ere parte hartu ahal izango dute bileretan, hitzarekin baina botorik gabe.

    Batzordea urtean behin bilduko da ohiko izaeraz, eta ezohiko izaeraz alderdietako batek eskatzen duenean edo hitzarmen honetatik eratorritako alderdiei buruz iritzia eman behar duenean. Batzordearen lehendakaritza urtero txandakatuko da, eta lehenengo urtean Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak izango du. Bilerak baliabide elektronikoz egin ahalko dira.

    Batzordearen idazkaritza eta administrazio-koordinazioa Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren ordezkaritzari egokituko zaizkio.

    Aurreko arauen arabera berariaz arautu ez den guztian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. etik 19.era bitarteko artikuluetan aurreikusitakoa aplikatuko da.

    Hamargarrena. Azkentzea eta suntsiaraztea.

    Hitzarmena azkendu egingo da bere helburua betetzeko jarduerak betez gero edo suntsiarazteko arrazoiren bat egonez gero.

    Hauek izango dira hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak:

    1. Hitzartutako indarraldia amaitzea.

    2. Sinatzaile guztiak aho batez ados jartzea.

    3. Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebehar edo konpromisoak ez betetzea.

      Halakoetan, beste alderdiak errekerimendu bat jakinarazi ahalko dio bereak bete ez dituen alderdiari, bete gabetzat jotako betebehar edo konpromisoak hilabeteko epean bete ditzan. Errekerimendu hori bederatzigarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordeari jakinaraziko zaio.

      Errekerimenduan azaldutako epea igarota ez betetzeak irauten badu, errekerimendua igorri zuen alderdiak beste alderdi sinatzaileari jakinaraziko dio badagoela hitzarmena suntsitzeko arrazoia, eta hitzarmena suntsitua dagoela ulertuko da.

    4. Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judizial batengatik.

    5. Araudian aurreikusi den eta aurretik jaso ez den beste edozein arrazoi.

      Hamaikagarrena. Araubide juridikoa.

      Hitzarmen hau administratiboa da.

      Alderdiek konpromisoa hartzen dute hitzarmen hau garatzean, interpretatzean edo betetzean sor daitekeen edozein desadostasun modu adiskidetsuan konpontzen saiatzeko, Jarraipen eta Koordinazioko Batzordearen bitartez.

      Hitzarmen hau Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 28.1 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 67. artikuluan oinarritzen da.

      Hitzarmen honetan berariaz arautu gabekoari dagokionez, hauetan xedatutakoa aplikatuko da: urriaren 19ko 902/2021 Errege Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita «Oreka eta ekitatea lortzeko lurralde-proiektu berriak» izeneko inbertsio-jardueren garapena finantzatzera bideratutako 2021eko aurrekontu-ekitaldirako zuzeneko dirulaguntzak ematea, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan; abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretua, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana egikaritzeko premiazko neurriak onartzen dituena; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzeko Erregelamendua.

      Judizioz kanpoko konponbiderik ezin bada egin, alderdiek berariaz men egingo diote administrazioarekiko auzien jurisdikzioari, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarritakoaren arabera.

      Hamabigarrena. Aldaketa eta indarraldia.

      Aldez aurretik formalizatutako hitzarmena aldatu ahal izango da, baldin eta alderdi sinatzaileak ados badaude. Aldaketa horrek ez du inola ere ekarriko hasierako hitzarmenean hasieran ezarritakoak baino finantza-konpromiso handiagoak hartzea, eta errespetatu beharko du Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean aurreikusitako inbertsioak gauzatzeko jaulkitako funtsen izaera finalista. Aldaketak ezin izango die inola ere eragin aplikatu beharreko Erkidegoko edo estatuko araudiak ezarritako betebeharrei, bereziki Kontseiluaren Betearazpen Erabakian (Council Implementing DecisionCID), Espainiako suspertze- eta erresilientzia-planaren ebaluazioa onartzeari edo plana gauzatzeko epeari buruzkoan, ezarritako mugarriak edo helburuak ez betetzea dakarrenean.

      Hitzarmena sinatzen den egunean jarriko da indarrean, eta alderdiek beren gain hartutako betebeharrak erabat bete arte iraungo du indarraldi horrek. Hitzarmen honen xede diren jarduketek 2022ko abenduaren 31 baino lehen amaitu beharko dute, nahiz eta data horren ondoren justifikatu eta jarraipena egin ahal izango den, seigarren klausulan xedatutakoaren arabera.

      Eta ados daudela adierazteko, bi aldeek hitzarmen honen bi ale sinatzen dituzte, goiburuan adierazitako lekuan eta sinadura elektronikoaren datan.

      Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusia,

      GERARDO GUTIÉRREZ ARDOY.

      Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

      IDOIA MENDIA CUEVA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik