Arautegia

Inprimatu

6/2025 EBAZPENA, otsailaren 7koa, Arabako Errioxako Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Erizaintzako Ondoko lanpostu bat izendapen askez betetzeko, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko aipatutako Erakundean.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 34
  • Hurrenkera-zk.: 790
  • Xedapen-zk.: 6
  • Xedapen-data: 2025/02/07
  • Argitaratze-data: 2025/02/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Osasun eta kontsumoa; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Funtzio publikoa

Testu legala

Arabako Errioxako Erakunde Sanitario Integratuan Erizaintzako ondoko lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arauan, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa egitea, honako oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

  1. Parte hartzeko baldintzak.

    Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

    1. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea B1 lanbide-taldean.

    2. B1 lanbide-taldeko titulua izatea (diplomadun sanitarioak).

    3. Gutxienez 4 urteko lan-esperientzia izatea B1 lanbide-taldean.

    4. Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuko eta Osakidetzako Euskara Planeko gainerako betekizunak.

  2. Aintzat hartuko diren merezimenduak.

    1. Erizaintzako kudeaketa-memoria egitea erakundean, bai arreta espezializatuko Erizaintzan, bai Lehen Mailako Arretako Erizaintzan.

    2. Esperientzia izatea Erizaintzako Unitateen kudeaketan eta antolamenduan, bai arreta espezializatukoak, bai Lehen Mailako Arretakoak.

    3. Esperientzia eta prestakuntza izatea lidergoan, taldeen kudeaketan eta Erizaintzako Unitateen kudeaketa ekonomikoan, bai arreta espezializatukoak, bai Lehen Mailako Arretakoak.

    4. Irakaskuntzako eta ikerketako ezagutzak eta esperientzia izatea.

    5. Lanpostuarekin zerikusia duten bulegotikako eta aplikazio informatiko korporatiboetako ezagutzak izatea.

    6. Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.

  3. Euskararen ezagutza.

    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

  4. Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

    Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Arabako Errioxako ESIko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak (Gasteiz-Logroño errepidea 59, 01309 Guardia). Horretarako 15 egun balioduneko epea izango dute, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran aurkeztu ahalko dira eskabideak.

    Interesdunek Arabako Errioxako ESIko Langileen Zuzendaritzara bidali behar dute eskabidea (Gasteiz-Logroño errepidea 59, 01309 Guardia), beren datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako curriculum vitaearekin batera.

    Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

    NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

    Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, langile lan-kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

    Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

    Aintzat hartu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

    Kudeaketaren memoria-proiektua.

    Osakidetzaren CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan azaldu den moduan; hala ere, izangaiak horren berri eman beharko du eskabidean.

  5. Balorazio Batzordea.

    Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.

    Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake; eta izangaiei horren berri emango die.

    Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

    Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak zerrendatuko dira, eta emango dira lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia hutsik uzteko kontuan hartutako arrazoiak.

  6. Hautaketa-prozedura.

    Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

  7. Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.

    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Arabako Errioxako ESIko zuzendari-gerentearen ebazpenaren bidez amaituko da honen bidez hasitako prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea), eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren intranetean zein webgune korporatiboan argitaratuko da.

    Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.

  8. Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

    Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

    Laguardia, 2025eko otsailaren 7a.

    Arabako Errioxako ESIko zuzendari-gerentea,

    CARLOS RUIZ DE VERGARA LAORDEN.