Arautegia

Inprimatu

547/2023 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko Langileen zuzendariorde lanpostua izendapen askez betetzeko deialdia egiten den.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 101
  • Hurrenkera-zk.: 2530
  • Xedapen-zk.: 547
  • Xedapen-data: 2023/05/09
  • Argitaratze-data: 2023/05/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Osasun eta kontsumoa; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Funtzio publikoa

Testu legala

Donostialdeko ESIko Langileen zuzendariorde lanpostua hutsik dago. Hori dela eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluan, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan, azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren erakunde sanitario integratuei buruzko uztailaren 3ko 100/2018 Dekretuan ezartzen denaren arabera, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea, honako oinarri hauen arabera.

OINARRIAK

  1. Parte hartzeko eskakizunak.

    Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako eskakizun hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

    1. Estatutupeko langile, funtzionario edo lan-kontratudun finkoa izatea Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan, eta lanpostua jabetzan izatea A1/A2 lanbide-taldean.

    2. A1/A2 lanbide-taldeari dagokion titulazioren bat izatea.

    3. A1/A2 lanbide-taldean gutxienez 5 urteko lan-esperientzia izatea.

    4. Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuko eta Osakidetzako Euskara Planeko gainerako betekizunak betetzea.

  2. Aintzat hartuko diren merezimenduak.

    Esperientzia pertsonen kudeaketan, bai ospitaleetan, bai Lehen Mailako Arretan, kudeaketa administratiboaren, juridikoaren eta prozesuen esparrutik eta, bereziki, plantillaren plangintzan eta kudeaketan, hautaketan eta mugikortasunean, eta langileen arloko aurrekontuetan.

    Esperientzia taldeen koordinazioan eta kudeaketan.

    Ikasketak, ikastaroak eta txostenak, argitalpenak, hizkuntzak eta egoki iritzitako beste edozein merezimendu.

    Interesgarritzat jotzen diren eta lanpostu horretan jarduteari balioa eransten dioten merezimendu guztiak aurkeztu ahal izango dira.

  3. Euskararen ezagutza.

    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan eta hori garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera baloratuko da.

  4. Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

    Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Donostialdeko ESIko Langileen Zuzendaritzan (Begiristain doktorearen pasealekua z.g., 20014 Donostia) aurkeztu beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako moduan ere aurkeztu ahal izango dira.

    Interesdunek beren eskabideak eta datu pertsonal guztiak bidali behar dituzte Donostialdeko ESIko Langileen Zuzendaritzara (Begiristain doktorearen pasealekua z.g., 20014 Donostia).

    Dokumentazioak honako forma hau izan beharko du:

    NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

    Funtzionarioaren edo estatutupeko langilearen izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratudun langile finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

    Eskakizunak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

    Kontuan hartu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

    Ez da beharrezkoa izango aurreko paragrafoan adierazitako moduan egiaztatzea CVen aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak, baina egoera hori izangaiaren eskabidean adierazi beharko da.

  5. Balorazio Batzordea.

    Batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak baloratzeko, eta hautagaiei jakinaraziko zaie.

    Hautagaien balorazioa egin ondoren, eta hura aztertu ondoren, dagokion izendapena formalizatzeko proposamena egingo da. Izangaiek eskatutako baldintzak betetzen ez badituzte, epaimahaiak, arrazoitutako txostena egin ondoren, bete gabe uztea proposatu ahal izango du.

    Batzordearen bilkura bakoitzaren akta egingo da. Bertan agertuko dira aurkeztutako hautagaiak, bai eta lanpostua horietako bati esleitzeko edo, hala badagokio, deialdia bete gabe uzteko kontuan hartu diren arrazoiak ere.

  6. Hautaketa-prozedura.

    Inola ere ezingo dira kontuan hartu deialdia EHAAn argitaratzen den egunean ez dauden merezimenduak, ezta eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

    Izangaien balorazioa egin ondoren, eta hura aztertu ondoren, proposamena egingo da, eginkizunak esleitzeko. Batzordeak, txosten arrazoitua egin ondoren, hutsik uztea proposatu ahal izango du, izangaiek eskatutako baldintzak betetzen ez badituzte.

  7. Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.

    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Donostialdeko ESIko zuzendari-gerentearen ebazpen baten bidez amaituko da hemen hasten den prozedura (lanpostua esleitzea edo bete gabe uztea), eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, intranetean eta Osakidetzaren web-orri korporatiboan argitaratuko da.

    Ebazpen horrek EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, bertan besterik xedatzen ez bada.

  8. Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

    Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    Donostia, 2023ko maiatzaren 9a.

    Donostialdeko ESIko zuzendari-gerentea.

    EB (2266/2022 Ebazpena, abenduaren 13koa).

    Langileen zuzendaria,

    MARIA PILAR SÁNCHEZ GARDUÑO.