Arautegia

Inprimatu

52/2023 EBAZPENA, apirilaren 25ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Estatistika Erakundeak eta Estatistikako Institutu Nazionalak sinatutako hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoan etxerik gabeko pertsonei arreta emateko zentro eta zerbitzuei buruzko 2022ko inkesta egitekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 84
  • Hurrenkera-zk.: 2091
  • Xedapen-zk.: 52
  • Xedapen-data: 2023/04/25
  • Argitaratze-data: 2023/05/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ekonomia; Instituzional; Sailak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta behar bezalako publikotasuna emateko asmoz, honako hau

Alde batetik, Josu Mirena Iradi Arrieta jauna, Euskal Estatistika Erakundeko (aurrerantzean, Eustat) zuzendari nagusia, abenduaren 31ko 419/2012 Dekretuaren bidez izendatua, erakunde horren izenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak emandako eskumenak baliatuz, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko martxoaren 28an egindako bilkuran emandako baimenarekin bat etorriz.

Beste aldetik, Carlos Javier Ballano Fernández jauna, Estatistikako Institutu Nazionaleko Estatistika Plangintzako eta Prozesuetako zuzendari nagusia, urriaren 5eko 835/2022 Errege Dekretuaren bidez izendatua, erakunde horren izenean jardunez, erakundeko lehendakariak eskuordetuta eta eskumenak eskuordetzeko den EINeko lehendakariaren 2022ko urriaren 24ko Ebazpenaren (urriaren 28ko BOE, 259. zk.) aurreneko paragrafoaren 1.f) puntuan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

EIN eta Eustat elkarlanean ari dira estatistikaren alorrean; modu egokian, bi alderdien ustez.

Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak hobeto ezagutu nahi dituzte gizarte-bazterketako prozesuak nahiz etxegabeei arreta emateko zentroen ezaugarriak. Horrenbestez, eta kontuan hartuta Konstituzioko 149.1.31 artikuluaren arabera estatuak eskumen esklusiboa duela estatu-xedeko estatistiketan eta abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuko 10.37 artikuluaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa duela bere helburu eta eskumenetarako estatistiketan, komeni da Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketa horren gaineko jarduera publikoa koordinatzea, horrela alferrikako bikoiztasunik ez gertatzeko.

Helburu horiek Etxegabeei Arreta Emateko Zentro eta Zerbitzuetako 2022ko Inkestarekin lortu nahi dira (abenduaren 15eko 1110/2020 Errege Dekretuaren bidez onartutako 2021-2024 Estatistika Plan Nazionalean jasotako estatistika-eragiketa da hori), bai eta Etxerik Gabeko Pertsonentzako Baliabideen Estatistika eragiketarekin ere (azken hori ekainaren 27ko 8/2019 Legeak onetsitako 2019-2022 Euskal Estatistika Planean dago jasota; plan hori indarrean dago egun).

Hitzarmen honen bidez, ikerketa bakarra egin nahi da Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan, klausuletan zehaztutako akordioetan oinarrituz, halako moldez non, dagozkion estatistika-planetan aurreikusitako helburuak betetzeko beharrezkoa den informazioa lortuta, estatistika-eragiketen bikoizketak saihestuko diren. Horrek, aldi berean, baliabide publikoak aurreztea ekarriko du.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen denez, hitzarmenak sinatu ahal izango dira administrazio publiko biren edo gehiagoren artean, eta, hitzarmen horien arabera, bitarteko, zerbitzu eta baliabideak erabili ahal izango dira, eskumen propioak edo delegatuak baliatzeko.

Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legearen 26.r) artikuluan xedatuta dagoenez, Estatistikako Institutu Nazionalari dagokio beste administrazio publiko batzuekin akordioak eta hitzarmenak egitea, agindu zaizkion estatistikei dagokienez. Era berean, arau beraren 41.1 artikuluan dago adierazita Estatuko Administrazioko eta autonomia-erkidegoetako estatistika-zerbitzuek estatistika-eragiketen garapenerako hitzarmenak egin ahal izango dituztela, eragiketa horiek hobetzeko eta eraginkorrak izateko komeni bada edo alferrikako bikoiztasunik eta gasturik ez izateko.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak 3.2 artikuluan aurreikusten duenez, estatuak eta autonomia-erkidegoak lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango dituzte autonomia-erkidegoko estatistika-jarduera garatzeko, bien helburuetarako balio duten estatistikak biek ala biek aprobetxa ditzaten.

Adierazitako guztia oinarri hartuta, hitzarmen hau sinatzea erabaki dute alderdiek. Hona hemen klausulak:

KLAUSULAK

Lehenengoa. Hitzarmenaren helburua.

Hitzarmen honen xedea da EINen eta Eustaten arteko lankidetza formalizatzea, Etxegabeei Arreta Emateko Zentro eta Zerbitzuetako 2022ko Inkesta egiteko Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan.

Inkestaren jomuga dira etxegabeei ostatua, jatekoa edo beste zerbitzu mota batzuk ematen dizkieten zentroak, dohainik edo kantitate txiki baten truke edo lanen bat egitearen truke jarduten dutenak, eta inkestaren helburua da zentroen ezaugarriak ezagutzea, hala nola eskaintzen dituzten prestazioak, arreta ematen zaien biztanleak, finantzaketa-iturriak, giza eta finantza-baliabideak eta kalean egindako esku-hartzeak.

Bigarrena. Metodologia eta galdera-sorta.

Euskal Autonomia Erkidegoan, EINek emandako eta Eustatekin adostutako zehaztapen metodologikoei jarraikiz egingo da Etxegabeei Arreta Emateko Zentro eta Zerbitzuetako 2022ko Inkesta, estatistikaren emaitzak estatu osoarentzat baliagarriak direla bermatzeko. Zehaztapen horien artean egongo dira EINek azken fitxategirako aurreikusitako balioztatze-arauak.

Eustatek eguneratuko du Euskal Autonomia Erkidegoan ikertu beharreko zentroen direktorioa. Eguneratze horretatik abiatuz, EINek behin betiko direktorioa egingo du, eta bi erakundeek adostuko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoan erabili beharreko galdera-sorta, edukiari dagokionez, komuna izango da estatu osorako, baina Eustatek bere eranskin propio bat gehitu ahal izango du, Euskal Autonomia Erkidegoaren interes esklusiboko informazioa jasotzeko. Galdera-sortak euskaraz eta gaztelaniaz egongo dira eskuragarri, eta horietan guztietan sartuko da bi erakunde sinatzaileen anagrama.

Eustatek estatistika sustatzeko gutuna bidaliko die inkestan parte hartu behar duten zentro guztiei, bi hizkuntzatan gaztelaniaz eta euskaraz, EINeko Biztanleriaren Estatistiketako zuzendari nagusiak eta Eustateko zuzendari nagusiak sinatuta. Gutun horretan adieraziko da inkesta nola egingo den Euskal Autonomia Erkidegoan.

Hirugarrena. Datuen bilketa, grabaketa eta arazketa.

Eustat arduratuko da galdera-sortak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan jasotzeaz. 2023ko aurreneko bost hilabeteetan bildu beharko dira.

Eustat arduratuko da datuak jasotzeko behar diren aplikazioak egiteaz eta galdera-sorta elebidunen itzulpena egiteaz.

Bilketarekin batera, Eustatek galdera-sorten arazketa egingo du eskuz eta automatikoki, baita horien baliozkotzea ere, ezarritako metodologia-arau eta -zehaztapenen arabera.

Eustatek azken fitxategi araztua bidaliko dio EINi, EINek aurretiaz ezarritako erregistro-diseinuari egokituta, 2023ko ekainaren 15a baino lehen. Epe horretan, direktorioari buruzko datuak bildu bitartean gertatutako gorabeheren laburpen bat ere bidaliko du (altak, bajak, aldaketak).

Bidalketa egin eta hamabost eguneko epean, EINek Eustati komunikatuko dizkio antzemandako inkoherentziak, eta, Eustatek, bi alderdien adostasunarekin, egoki iritzitako erregistroak aldatuko ditu, behin betiko fitxategia sortzeko. Behin betiko fitxategi hori 2023ko uztailaren 15a baino lehen bidali beharko zaio EINi.

Euskal Autonomia Erkidegoko behin betiko fitxategia, ondorio guztietarako, inkestaren emaitzaren parte izatera pasako da.

Laugarrena. Informazioa zabaltzea.

EINek eta Eustatek, zeinek bere helburu eta eskumenen eremuan, egoki iritzitako taulak eta emaitzak argitaratu ahalko dituzte, klausula honetako zehaztapenen arabera.

Behin betiko fitxategietan oinarrituta EINek emaitzen zabalkunderako erabiltzen dituen produktu guztietan hau adierazi behar da: «Iturria: EIN, Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) lankidetzarekin Euskal Autonomia Erkidegoan».

Era berean, behin betiko fitxategietan oinarrituta Eustatek emaitzen zabalkunderako erabiltzen dituen produktu guztietan hau adierazi behar da: «Iturria: Eustat, Estatistikako Institutu Nazionalaren (EIN) lankidetzarekin Euskal Autonomia Erkidegoan».

EINek Euskal Autonomia Erkidegoari buruz egiten duen zabalkunde estandarra autonomia-erkidegoan egingo du, gainerako autonomia-erkidegoekin egiten duen bezala.

Eustatek, Euskal Autonomia Erkidegoaren helburu eta eskumenak egikaritzeko, autonomia-erkidegoa baino lurralde-eremu txikiagoan ezagutzera eman ahalko ditu estatistika-emaitzak, desagregazio-maila errespetatuz eta betiere estatistika-sekretuaren betebeharra betez.

Bi erakunde sinatzaileek adostuta egingo dute behin betiko emaitzen zabalkundea, aldez aurretik ezartzen duten datan, 2023ko irailean. Euskal Autonomia Erkidegoko datuak Espainiako testuinguruan jartzeko, EINek Eustati Espainiako agregatu nagusien datuak emango dizkio, emaitzen zabalkundea egiteko ezarritako data baino hiru lanegun lehenago.

Bosgarrena. Jarraipen-batzordea.

Hitzarmenaren eta sinatzaileek hartutako konpromisoen betetze, jarraipen, ikuskaritza eta kontrolerako batzorde bat eratzen da, balizko interpretazio- eta betetze-arazoak ebatziko dituena.

Batzordea alderdi bakoitzeko hiru ordezkariz osatuko da, eta beharrezkoa den guztietan bilduko da.

Hauek izango dira hitzarmeneko jarraipen-batzordeko kideak:

EINen aldetik:

Estatistika Sozialen Zuzendariordetza Nagusiko titularra edo hark eskuordetzen duen pertsona.

Estatistika Sozialen Zuzendariordetza Nagusiaren Ondoko Zuzendariordetzako titularra edo hark eskuordetzen duen pertsona.

Estatistikaren Koordinaziorako eta Plangintzarako Zuzendariordetza Nagusiko titularra edo hark eskuordetzen duen pertsona.

Eustaten aldetik:

Estatistikaren Produkzio eta Analisirako Zuzendariordetzako titularra.

Estatistika Soziodemografikoen Arloko arduraduna.

Arlo Juridiko Administratiboko arduraduna.

Erabakiak aho batez hartuko dira.

Seigarrena. Sekretu estatistikoa.

Eustatek eta EINek beren gain hartuko dute informazioaren erantzukizuna, hau da, informazioa norbanakoen datuak behar bezala babesteko moduan erabiliko dela zainduko dute; are gehiago, eragiketan parte hartzen duten langile guztiek sekretu estatistikoa gordeko dute eta, horrez gain, Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legea aplikatzearen ondoriozko murrizketak beteko dituzte. Era berean, konpromisoa hartzen dute administrazio publikoen artean informazioa trukatzeari buruz indarrean dagoen legeriatik eratorritako beste edozein eskakizun errespetatzeko, eta, bereziki, datu pertsonalak babesteari dagokionez, zorrotz beteko dute Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta datu pertsonalak babesteari buruzko barne-ordenamenduko erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoa.

Zazpigarrena. Finantzaketa.

Hitzarmen hau sinatzeak ez du sortuko sinatzen duten alderdien arteko prestazio ekonomikorik, ezta gasturik ere.

Zortzigarrena. Hitzarmenaren indarraldia.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48. eta 49. artikuluetan ezarritakoaren arabera, hitzarmen hau alderdien sinadurarekin gauzatuko da, eta 2023ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean.

Aipatutako 40/2015 Legearen 48.8 artikuluak ezarritakoaren arabera, hitzarmen hau estatuko Sektore Publikoko Lankidetza Organo eta Instrumentuen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen denean izango da eraginkorra (formalizatu eta 5 egun balioduneko epean inskribatu beharko da). Halaber, formalizatu eta 10 egun balioduneko epean argitaratu beharko da «Estatuko Aldizkari Ofizialean», eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratu ahal izango da.

Bederatzigarrena. Hitzarmena azkentzeko eta suntsiarazteko araubidea.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluarekin bat etorriz, hitzarmen hau bere xede diren jarduketak betetzen direnean azkenduko da, edo suntsiarazteko arrazoiak gertatzen direnean.

Suntsiarazteko arrazoi dira:

Indarraldia amaitzea hitzarmena luzatzea erabaki gabe.

Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.

Sinatzaileetako batek ez betetzea bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak.

Hitzarmena deusez deklaratzen duen erabaki judiziala.

Aurrekoez bestelako edozein arrazoi, hitzarmenean edo legeetan aurreikusita badago.

Hitzarmena suntsiarazten bada hitzarmenean bertan edo legean aurreikusitako edozein arrazoirengatik, jarraipen-batzordeak epe bat ezarriko du hitzarmen honetatik eratorrita gauzatzen ari diren jarduketak bukatzeko, eta epe hori luzaezina izango da.

Hamargarrena. Ez-betetzeak.

Alderdietako batek bere gain hartutako betebeharrak betetzen ez baditu, beste alderdiak errekerimendu bat helarazi ahal izango dio betebeharra bete ez duenari, 15 eguneko epean bete ditzan bete gabetzat jotzen diren betebeharrak eta/edo konpromisoak. Errekerimendu horren berri emango zaio hitzarmeneko jarraipen-batzordeari. Epea igarota ez-betetzeak jarraitzen badu, errekerimendua igorri duen alderdiak betebeharrak bete ez dituen alderdiari jakinaraziko dio hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak daudela, eta hitzarmena suntsitutzat joko da.

Hamaikagarrena. Aldatzea.

Hitzarmen hau alderdiak ados jarrita alda daiteke, alderdietako edozeinek proposatuta. Horretarako, dagokion aldaketa-akordioa sinatu beharko dute, hitzarmena indarrean dagoen bitartean.

Hamabigarrena. Izaera, araubide juridikoa eta jurisdikzioa.

Hitzarmen hau administrazio-hitzarmena da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikulutik 53. artikulura bitartekoak izango ditu arau.

Bestalde, hitzarmena indarrean dagoen bitartean auzirik badago eta hitzarmeneko jarraipen-batzordeak ezin izan badu ebatzi, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende jarriko da auzia, jurisdikzio-ordena hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin bat etorriz.

Eta alderdiek, ados daudela adierazteko, hitzarmen hau elektronikoki sinatu dute. Azken sinatzailearen sinatze-data hartuko da hitzarmenaren sinatze-datatzat, 2023ko apirilaren 10a.

Estatistika-institutu Nazionaleko Estatistika-plangintzako eta Prozesuetako zuzendari nagusia,

CARLOS JAVIER BALLANO FERNÁNDEZ.

Euskal Estatistika Erakundeko zuzendari nagusia,

JOSU MIRENA IRADI ARRIETA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik