Arautegia

Inprimatu

5/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 17koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Tuvisa -Vitoria-Gasteizko Hiri Garraioak SA- sozietatearekin sinatutako hitzarmena, Vitoria-Gasteizko udalerrian garraio-datu aurreratuak sortzeko, Europar Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan - Next Generation EU.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 17
  • Hurrenkera-zk.: 403
  • Xedapen-zk.: 5
  • Xedapen-data: 2023/01/17
  • Argitaratze-data: 2023/01/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: EAEko udalak; Instituzional; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta behar bezalako publizitatea emateko asmoz, honako hau

Vitoria-Gasteizen, 2022ko abenduaren 14an.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Ignacio Maria Arriola Lopez jauna, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa, zeinak hitzarmen hau sinatzeko baimena jaso baitu Gobernu Kontseiluaren 2022ko urriaren 25eko Erabakiaren bidez.

Eta bestetik, Raimundo Ruiz de Escudero Ezcurra jauna, Tuvisa Gasteizko Hiri Garraioa SA sozietateko presidentea, haren ordezkari gisa.

Esku hartzen duten guztiek aitortzen diote elkarri HITZARMEN hau egiteko lege-gaitasuna, eta, xede horretarako,

AZALTZEN DUTE:

  1. Euskal Herrirako Autonomia Estatutuaren 10.32 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko trenbideko, lehorreko, itsasoko ibaietako eta kable bidezko garraioaren eta portu, heliportu, aireportu eta meteorologia-zerbitzuaren arloko eskumen esklusiboa, horrek Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan xedaturikoa ezertan galarazi gabe. Garraio-gaietan, zama-kontrataguneak eta terminalak.

    Arlo horietan Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren funtzioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 11. artikuluak eman dizkio Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari, bai eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuak ere.

    Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren funtzioen artean, bere eskumenekoak diren eremuekin lotutako sektore ezberdinak laguntzeko politika aurrera eramatea dago, eta adierazitako sail horri esleitutako ahalmenetako bat Euskal Autonomia Erkidegoan bidaiarien garraioa planifikatzea eta antolatzea da, aipatutako 11/2021 Dekretuaren 15.2 artikuluaren d) atalean agertzen den bezala.

  2. Gasteizko Hiri Garraioen Konpainia (Tuvisa) Vitoria-Gasteizko udalerrian hiri-autobusen garraioa kudeatzeko eginkizuna duen udal-enpresa da.

    Sozietatearen xedea da, besteak beste, Vitoria-Gasteizko Udalak bere jardun-eremuaren barruan agintzen dizkion bidaiarien garraio-zerbitzuak kudeatzea eta ustiatzea, bai eta Vitoria-Gasteizko udalerriko bidaiarien hiri-garraio kolektiboko zerbitzua kudeatzea eta ustiatzea ere, autobusen bidez.

  3. 2020ko abenduaren 31n 36/2020 Errege Lege Dekretua, abenduaren 30ekoa, argitaratu zen, zeinaren bidez onartzen baitira Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko presako neurriak.

    Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua betez (2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (MRR) ezartzen duena), Ministro Kontseiluak, 2021eko apirilaren 27ko bileran, Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (PRTR) onartu zuen. Plan horrek 2021-2024ko aldian abiaraziko diren proiektuetan jartzen du arretagunea, ekonomiaren suspertze eta eraldatze azkarrean haien eragina ahalik eta handiena izan dadin. Europako Batzordeak planaren aldeko ebaluazioa egin zuen 2021eko ekainaren 16an, eta Europako Kontseiluak 2021eko uztailaren 13an onartu zuen.

    Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren jarraibideen ildotik, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planak honako hauek jasotzen ditu, besteak beste: 1. osagaia «Hiri- eta metropoli-inguruneetako mugikortasun jasangarri, seguru eta konektaturako talka-plana» eta 6. osagaia «Mugikortasun jasangarria, segurua eta konektatua». Ildo horretan, 2021eko azaroaren 5ean egindako Garraioen Konferentzia Nazionalaren bilkuran, Garraioen Konferentzia Nazionalaren Erabaki bat onartu zen, zeinaren bidez 2021eko eta 2022ko ekitaldietako aurrekontu-kredituen lurralde-banaketarako irizpideak ezartzen baitira, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 1. eta 6. osagaien esparruan inbertsio-jarduketak finantzatzeko.

    Erabaki horren II. eranskinaren 5. atalak xedatzen duenez, «finantzaketa-lerro horien onuradunak autonomia-erkidegoak eta Ceuta eta Melilla hiriak dira, erabaki honen II. eranskinean jasotakoaren arabera, baina azken hartzaileak erakunde publikoak edo beste administrazio batzuk izan daitezke, baldin eta hala formalizatzen bada dagozkien hitzarmenen edo bestelako tresna juridikoen bidez. Nolanahi ere, azken onuradunek garatu beharreko neurriek aurreikusitako helburuak lortzen laguntzen dutela eta adierazleen balioa zehazteko beharrezkoa den informazioa ematen dutela bermatzeko mekanismoak ezarri beharko dira. Hirugarrenentzako finantzaketa lortu nahi diren helburuak lortzearekin lotu behar da».

    Era berean, erabaki horrek C6I4-CCAA inbertsio-lerroa barne hartzen du. Lerro horren helburua zera da: autonomia-erkidegoko eta tokiko eremuan bidaiarien eta salgaien garraio-zerbitzuak digitalizatzeko jarduerak garatzea, bai eta autonomia-erkidegoek eta Ceuta eta Melilla hiriek beren eskumeneko errepide edo trenbideko salgaien eta bidaiarien garraioari dagokionez ematen dituzten administrazio-zerbitzuak digitalizatzeko jarduerak ere. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 6. osagaiaren (Mugikortasun jasangarria, segurua eta konektatua) 4. inbertsioaren (Garraio jasangarri eta digitalerako laguntza-programa) aurreikusitako 15. neurriaren zati bat garatzeko egiten da helburu hori.

    Erabakiaren III. eranskinean ezarritakoaren arabera, EAEri dagokion C6I4-CCAA inbertsio-lerroaren kargura finantzatuko den jarduketa «EAEko garraio publikoa digitalizatzea» da, eta horren barruan sartzen da hitzarmen honen xedea, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren eraldaketa digitalaren helburua lortzen laguntzeko.

  4. Hitzarmen honek honako hauetan araututakoari jarraituko dio: HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen duena, eta HFP/1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, zeinaren bidez Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko entitateek informazioa emateko prozedura eta formatua ezartzen diren, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaietako neurrien mugarri eta helburuen betetze-mailaren eta aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenaren jarraipena egiteko.

  5. HFP/1030/2021 Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoa betez, 2022ko martxoaren 29an onartu zen Eusko Jaurlaritzaren Iruzurraren aurkako Neurrien Plana, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publiko osoari aplikatzekoa, bai eta Eusko Jaurlaritzaren bidez Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa finantzatzeko funtsak jasotzen dituzten foru- eta toki-sektore publikoko administrazio eta erakundeei aplikatzekoa ere. Era berean, plan horrek aplikagarritasun zuzena edo egokitua hedatu ahal izango dio borondatez hala erabakitzen duen edozein erakunde betearazle eta/edo kudeatzaileri.

  6. Era berean, honako hauetan xedatutakoa hartuko da kontuan: 11/2021 Legea, abenduaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena, zehazki II. tituluko V. kapituluan ezarritakoa (Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotutako funtsak kudeatzea), bai eta Gobernu Kontseiluaren 2022ko otsailaren 8ko Erabakian ezarritakoa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotutako jarduketen eta proiektuen aurrekontu- eta kontabilitate-betearazteari, kudeaketari eta jarraipenari dagokienez.

  7. Tartean dauden alde guztiek lortu nahi diren xedeak lortzeko interes berberak dituztela aintzat hartuta, hitzarmen hau sinatzea erabaki dute sinatzaileek, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoaren babespean, honako hauen arabera:

    KLAUSULAK

    Lehenengoa. Hitzarmenaren xedea.

    Hitzarmen honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Tuvisa sozietateak Vitoria-Gasteizko udalerrian garraio-datu aurreratuak sortzeko konpromisoa hartzeko baldintzak arautzea da, bertako klausuletan jasotako baldintzetan.

    Bigarrena. Tuvisa sozietatearen konpromisoak.

    1. Vitoria-Gasteizko udalerrian garraio-datu aurreratuak sortzeari buruzko proiektua egitea.

    2. Vitoria-Gasteizko udalerrian garraio-datu aurreratuak sortzeko behar diren jarduerak bere kontura egitea. Lan horiek honako jarduketa hauek behar dituzte:

      Tuvisa sozietateari lotutako garraio-sareen datuen GTFS (estatikoak) eta GTFS-RT (denbora erreala) fitxategiak sortzea, I. eranskinean xedatutakoaren arabera.

      Datuak NeTEx (estatikoak) eta SIRI (denbora erreala) formatuan bihurtzea.

      Garraio-sareetako datuak eguneratzeko eta eraldatzeko prozesuak automatizatzea, haien kalitatea eta jarraitutasuna ziurtatzea eta ahalik eta informazio osatuena eta zehatzena eskaintzea.

      Moveuskadirekin datuak trukatzeko eredu bat ezartzea, fitxategiak Moveuskadi plataformaren bidez eskuragarri diren Tuvisa sozietatearen HTTP edo FTP zerbitzarian argitaratuz, edo fitxategiak Moveuskadiko FTPn argitaratuz.

      Guztira, Vitoria-Gasteizko udalerrian garraio-datu aurreratuak sortzeko egin beharreko lanen kostua 31.866,25 eurokoa da (BEZa kanpo).

    3. Honako mugarri eta helburu hauek betetzea:

      Aurreko klausulan aipatutako datu estatikoak eman direla justifikatzea 2022ko abenduaren 31rako.

      Aurreko klausulan aipatutako datu dinamikoak (denbora erreala) eman direla justifikatzea 2023ko martxoaren 1erako.

    4. Justifikazio-txosten hauek aurkeztea, egindako gastuaren bilakaera eta mugarriak eta helburuak bete direla egiaztatzeko:

      Mugarri eta helburuen betetze-mailaren eta aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenaren jarraipenari buruzko justifikazio-txostenak. Hilero neurtuko dituzte jarraipen-adierazle hauek:

      Lizitatutako aurrekontua.

      Esleitutako aurrekontua.

      Egikaritutako aurrekontua.

      Amaitutako proiektuen kopurua.

      Txosten horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari emango zaizkio urte bakoitzeko uztailaren 10a eta urtarrilaren 10a baino lehen, organo horrek horretarako emandako dituen jarraibideen arabera.

      Hiru hilez behingo aurreikuspenen txostenak. Horietan, aurrerapen-maila eta hurrengo bederatzi hilabeteetarako aurreikuspenak jasoko dira, hiruhilekoen arabera egituratuta. Ez betetzeko balizko arriskuak eta plangintzarekiko desbideratzeak identifikatuko dira. Horrez gain, arriskuak arintzeko prebentzio- edo zuzenketa-ekintzak planteatuko dira, helburuak eta adierazleak onartutako egutegian eta baldintzekin betetzeari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak emandako jarraibideen arabera.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari informazioa eta kontuak emateko betebeharra, eta honako hauek betetzen direla ziurtatzea:

      Adierazleei buruzko informazioa aldizka emateko eta argitaratzeko baldintzak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak ezarritako kondizioetan, estatuko eta Europako Erkidegoko araudiarekin bat etorriz.

      Proiektu eta neurrietan, zenbatetsitako kostuaren aldean, gauzatutako gastuari buruzko informazioa aldizka emateko eta argitaratzeko baldintzak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak estatuko eta Europako Erkidegoko araudiarekin bat etorriz ezarritako baldintzetan.

      Adierazleen neurketari eta dokumentazio euskarriaren kontserbazioari buruzko auditoretza-pista egokia mantentzea, Europar Batasunaren aurrekontu orokorrari aplikatu beharreko finantza-arauei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Erregelamenduko (EB, Euratom) 132. artikuluan xedatutakoaren arabera. Horretarako, erregistro bat mantenduko da eta egiaztagiriak, datu estatistikoak eta finantzaketari buruzko gainerako agiriak gordeko dira, bai eta formatu elektronikoko erregistroak eta dokumentuak ere, bost urteko epean saldoa ordaintzen denetik edo, ordainketarik ez badago, eragiketa egin denetik. Era berean, erregistroak eta dokumentuak gorde egingo dira, bai jatorrizkoak, bai jatorrizkoen kopia konpultsatuak, bai eskuarki onartutako datu-euskarriak, horien artean jatorrizko dokumentuen bertsio elektronikoak edo bertsio elektronikoan soilik dauden dokumentuak. Bertsio elektronikoak daudenean ez dira beharrezkoak izango originalak, baldin eta dokumentu horiek legezko baldintza aplikagarriak betetzen badituzte jatorrizkoen baliokide eta fidagarritzat hartuta auditoretzaren ondorioetarako.

      Neurria gauzatzen amaituta, horretarako jasotako funtsen erabilerari buruzko justifikazio-kontu bat aurkezteko betebeharra, honako hauek barne hartuta:

      Mugarrien eta helburuen betetze-maila, hasieran finkatutakoekin edo, hala badagokio, berrikusitakoekin alderatuta.

      Neurketaren benetako kostua, hasieran zenbatetsitako edo berrikusitako kostuaren aldean.

      Neurria eta inplementatzeko modua deskribatzea, baita gauzatzean aplikatutako kontrol-mekanismoak ere.

      Arloko Biltzarraren likidaziorako azken justifikazio-kontu bat aurkezteko betebeharra, bai erabilitako zenbatekoei dagokienez, bai lortutako mugarri eta helburuei dagokienez.

    6. Eusko Jaurlaritzaren Iruzurraren aurkako Neurrien Planari (2022ko martxoaren 29an onetsita) atxikitzea, edo, hala badagokio, antzeko edukia duen plan propio bat edukitzea, berari dagokion jarduera-eremuan funtsak aplikatu beharreko arauen arabera erabili direla bermatzeko eta deklaratzeko, bereziki iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeari, hautemateari eta zuzentzeari dagokionez. Iruzurraren aurkako Neurrien Plan propioa edukiz gero, Eusko Jaurlaritzaren Legean xedatutakoa ere bete beharko du.

    7. Interes Gatazkarik Ezaren Adierazpena (IGEA) aurkeztea, hitzarmen honen II. eranskinean jasotako ereduaren arabera. Betebehar hori honako hauei ezartzen zaie: kudeaketa-, kontrol- eta ordainketa-lanak egiten dituzten enplegatu publikoei eta eginkizun horietako batzuk eskuordetu zaizkien beste agente batzuei, bai eta onuradun pribatuei, bazkideei, kontratistei eta azpikontratistei ere, baldin eta haien jarduerak funtsekin finantzatzen badira eta beren interesen alde jardun badezakete, baina EBren finantza-interesen aurka, interes-gatazka baten esparruan.

    8. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan aurreikusitako ingurumenari kalte nabarmenik ez egiteko printzipioa errespetatzea (do no significant harm - DNSH printzipioa). Erregelamendu horrek Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa eta aplikatzekoa den Europako gainerako araudia ezartzen ditu. Horretarako, DNSHaren autoebaluazioa egin beharko da, Kalte nabarmenik ez egiteko printzipioaren autoebaluazioa (DNSH), hitzarmen honen III. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

    9. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean esleitutako etiketa berde eta digitalari buruzko baldintzak betetzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduaren, 2021eko otsailaren 12koaren, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzekoaren, VI. eta VII. eranskinari jarraikiz.

    10. Argitalpenetan, hedapen-jardueretan, web-orrietan eta, oro har, edozein hedabidetan proiektuari egiten zaion erreferentzia orok Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Irudiari buruzko Eskuliburuan edo Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioak onartzen duen eskuliburuan agertzen diren baldintzak bete behar ditu. Aurrekoa alde batera utzi gabe, aipatu beharko da, nolanahi ere, jarduera Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren funtsen bidez finantzatu dela eta Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioak kudeatu duela azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 18.4 artikuluan aurreikusitako moduan.

      Era berean, finantzaketa horren jatorria aipatu beharko da, eta haren ikusgarritasuna bermatu, bereziki diruz lagun daitezkeen jarduerak eta horien emaitzak sustatzen direnean; horretarako, informazio koherente, eraginkor eta neurrizkoa emango zaie hartzaile askori, baita hedabideei eta publikoari ere. Era berean, eremu horretan egiten diren lizitazio, hitzarmen eta gainerako tresna juridiko guztiek, bai goiburuan, bai garapen-gorputzean, honako erreferentzia hau izan beharko dute: «Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana - Europar Batasunak Next Generation EU funtsen bidez finantzatua», irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 9. artikuluarekin bat etorriz. Agindu horren bidez, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen da.

    11. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eskatutako beste edozein informazio eta dokumentazio bidaltzea.

      Hirugarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren konpromisoak.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren bitartez, Vitoria-Gasteizko udalerrian garraio-datu aurreratuak sortzeko jarduketen benetako kostua finantzatzeko eta ordaintzeko konpromisoa hartzen du, gehienez 31.866,25 euro, eta horretarako 1000831000 1.12281.72100 2022/001284 aurrekontu-aplikazioari beharrezko kreditua eman zaio hitzarmenak dakarren gehieneko kostu ekonomikoari aurre egiteko, urteko zenbatekoen banaketa honen arabera:

      2022: 31.866,25 euro.

      Laugarrena. Diruz lagundu daitezkeen kostuak.

    1. Hitzarmen honen bigarren klausulan jasotako jarduerei dagozkien inbertsioetan diruz lagundu daitezkeen kostuen % 100 finantzatuko dira, eta honako hauek hartuko dira halakotzat:

      1. Kanpo-kontratazioak, ingeniaritza, jarraipen eta obra zibilekoak.

      2. Diruz lagundu daitezkeen jarduketekin lotutako ekipamenduak erosteko kontratuak, ekipamendu teknologikoak eta informatikoak barne.

      3. Software espezializatuko lizentziak erostea, baldin eta jarduketarako baino ez badira, eta eskuratutako ekipamendua behar bezala erabiltzeko aukera ematen badute.

      4. Aholkularitzako kanpo-kontratazioak, diruz lagundutako jarduketari lotuta egiten badira. Bideragarritasunaren eta xehetasun-ingeniaritzari buruzko azterketak diruz lagundu ahalko dira, betiere beharrezkoak badira jarduketa egiteko. Hautagarritasun-data baino lehen egindakoak izan ahalko dira, baina, kasu horretan, kostua ez da hautagarria izango.

      5. Kanpo-kontratazioak lege-aholkularitza, notariotza, aholkularitza tekniko edo finantzario, kontabilitate edo auditoretzako lanetarako, proiektuari zuzenean lotuta badaude eta beharrezkoak badira proiektua prestatu edo garatzeko, betiere aurrekontuan aurreikusi badira.

    2. Hala ere, ez dira diruz lagunduko honako kontzeptu hauetan sartzen direnak:

      1. Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

      2. Administrazio-baimenak, lizentziak, baimenak, abalen eta/edo fidantzen kostua, isunak, tasak, zergak edo tributuak.

      3. Administrazioko izapideei, kontsultei, kontratazioei edota kudeaketei lotutako edozein gastu, baimenak edo lizentziak lortzeko beharrezkoak izan arren.

      4. Eskatzaileak sinatutako aseguruak.

      5. Edozein kostu finantzario.

      6. Zehapen penalei lotutako kostuak, baita prozedura judizialetako gastuak ere.

      7. Sistema eragile eta aplikazio ofimatikoetarako lizentziak.

      8. Administrazioaren jarduketen eragiketa- eta mantentze-gastuak edo gastu propioak.

        Bosgarrena. Lanak finantzatu eta ordaintzea.

        1. Ekarpenaren zenbatekoa Tuvisa sozietateak honako honetarako erabili ahal izango du soilik: Vitoria-Gasteizko udalerrian garraio-datu aurreratuak sortzeko jarduerak egiteak dakartzan kostuak finantzatzeko.

        2. Hitzarmen hau formalizatu ondoren ordainduko da zenbatekoa.

          Egindako gastuaren bilakaera eta mugarriak eta helburuak bete direla egiaztatu ahal izateko, hitzarmen honen bigarren klausulan adierazten diren justifikazio-txostenak erantsiko dira.

          Dirulaguntzaren zenbatekoa banku-transferentzia bidez ordainduko da.

        3. Erakunde onuradunak bete egin beharko du estatuko dirulaguntzen araubidearekin bateragarri izateari buruzko estatuko eta Europako araudia, eta finantzaketa bikoitza saihesteari buruzkoa, bat etorriz irailaren 29ko HFP 1030/2021 Aginduko 7. artikuluan aurreikusitakoarekin.

          Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (haren bidez Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen da), mekanismoaren esparruan emandako laguntza Batasunaren beste programa edo tresna batzuekin bat etorriz emandako beste laguntza batzuei gehituko zaie. Inbertsioaren proiektuek eta erreformek Batasunaren beste programa eta tresna batzuen laguntza jaso ahalko dute, betiere laguntza horrek kostua bera estaltzen ez badu.

          Seigarrena. Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren esparruan ezarritako xedapenak betetzea.

        1. Hitzarmen hau sinatzen duten erakundeek Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa arautzen duen araudi osoa bete beharko dute.

        2. Hitzarmen honek eta bere betearazpenak bete egin beharko dituzte Garraioen Konferentzia Nazionalaren 2021eko azaroaren 5eko erabakiaren baldintzak. Erabaki hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko 1. osagaiaren «Hiri- eta metropoli-inguruneetako mugikortasun jasangarri, seguru eta konektaturako talka-plana» eta 6. osagaiaren «Mugikortasun jasangarria, segurua eta konektatua» esparruko inbertsio-jarduketak finantzatzeko aurrekontu-kredituen lurralde-banaketaren irizpideei buruzkoa da.

        3. Kontratazio-organoek, hitzarmen honetatik eratorritako lizitazio-prozeduren esparruan, Estatuko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordearen 2021eko abenduaren 23ko Jarraibidean ezarritako xedapenak aplikatuko dituzte. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planetik datozen funtsekin finantzatuko diren kontratuen espedienteetan eta baldintza-agirietan sartu beharreko alderdiei buruzkoak dira horiek.

        4. Erakunde onuraduna proiektura bideratutako funtsen aplikazioa kontrolatzeko eta jarraipena egiteko jarduketen mende jarriko da, dokumentuak egiaztatuz, bai eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila Sailaren etengabeko eta amaierako ebaluazioaren mende ere; horrez gain Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren funtsak kontrolatzea esleituta duten estatuko eta Europako organoen kontrolaren mende geldituko dira, eta bereziki, honako hauena: Europako Batzordea, Europako Kontuen Auzitegia, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoa eta Europako Fiskaltza. Horiek guztiek egindako jarduketen informazio xeheari buruzko informazioa eskuratu ahal izango dute.

          Zazpigarrena. Jarraipena eta informazioa ematea Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren esparruan.

        1. Jarduketak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planerako ezarritako jarraipen eta kontrolaren mende egongo dira, eta barneko araudian eta Europar Batasunekoan Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako informazio eta publizitateari, kontrolari, egiaztapenari, jarraipenari eta gainerakoari buruz ezarritako betebehar espezifikoak izango dituzte, eta nahitaez bete beharko dira.

        2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzen duen erakundea den aldetik, hitzarmen honetan zehaztutako jarduketen gastuak agintari eskudunen aurrean ziurtatu edo egiaztatu ahal izateko, Tuvisa sozietateak eskatzen dizkieten informazio eta agiri guztiak bidali beharko ditu, bai eta aplikatu beharreko edozein arau edo araudik xedatzen duena behar denean bete ere.

        3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak zainduko du esleitutako proiektuak eskatutako baldintzen arabera gauzatzen direla. Horretarako, Tuvisa sozietateak beharrezko dokumentazioa eta informazioa eskatuko die esleipendunei, proiektuen gauzatzearen jarraipen egokia egiteko; pleguetan jaso beharko da hori.

          Zortzigarrena. Jarduketen jarraipena egiteko batzordea.

        1. Hitzarmen honen jarraipenerako batzorde bat eratuko da. Batzorde hori lau ordezkarik osatuko dute: bi, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailekoak eta, beste bi, Tuvisa sozietatekoak. Hitzarmena sinatzen duten aldeek izendatuko dituzte ordezkari horiek, hurrenez hurren, eta honako eginkizun hauek izango dituzte:

          1. Jarraipena egitea hitzarmen honetan aurreikusitako jarduerak zuzen betetzen diren, eta irizpideak eta bitartekoak ezartzea alderdiek elkarri informazioa eman diezaioten eta dagozkien konpromisoak egoki bete ditzaten.

          2. Egin behar diren izapideak bizkor egiteko erraztasunak ematea.

          3. Hitzarmen honetako jarduerak betetzeko beharrezkoak diren neurriak jakinaraztea eta proposatzea.

          4. Hitzarmenak sor ditzakeen interpretazio- eta gauzatze-arazoak konpontzen saiatzea.

        2. Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, lanak behar bezala egiteko behar den bakoitzean elkartuko da batzordea, aldeetako batek nahiz besteak eskatuta. Erabakiak parte-hartzaileen gehiengoarekin hartuko dira, eta behintzat alde bakoitzeko ordezkarien ehuneko berrogeita hamarra egon beharko da bertan.

        3. Hitzarmen honetan Jarraipen Batzordearentzat espresuki jasotzen ez diren gaietan, 40/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, Atariko Tituluaren II. kapituluaren hirugarren atalean arautzen duen kide anitzeko organoen araubidea aplikatuko da.

          Bederatzigarrena. Hitzarmenaren araubidea eta interpretazioa.

        1. Hitzarmen hau administratiboa da. Interpretatzeko eta garatzeko, hitzarmenei aplikatzen zaien ordenamendu juridikoan xedatutakora joko da.

        2. Hitzarmen honek edo hitzarmenaren betearazpenak sorraraz ditzakeen interpretazio-arazoak Jarraipen Batzordeak ebatziko ditu, aurreko klausulan esandakoari jarraituz. Horrela ezin badira ebatzi, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko epaitegi eta auzitegietan ebatziko dira, hamabigarren klausulan xedatutakoaren arabera.

          Hamargarrena. Iraupena eta azkentzea.

        1. Sinatzen den egunean jarriko da indarrean hitzarmen hau, eta 24 hilabeteko iraupena izango du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49. artikuluaren 1.h) apartatuan ezarritakoaren arabera.

        2. Aurreko apartatuan aipatutako epea amaitu aurretiko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahalko dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo hura azkentzea.

        3. Hitzarmena azkenduko da xede diren jarduerak gauzatzen direnean, edo Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51 artikuluko 2. apartatuan xedatzen diren indargabetzeko kausetatik bat betetzen bada.

        4. Aldeetako batek hartutako konpromisoak bete ezean, hitzarmena indargabetzea eskatzeko eskubidea izango du besteak.

          Hamaikagarrena. Itzulketa eta erantzukizuna.

        1. TUVISA sozietateak hitzarmen honetako betebeharrak betetzen ez baditu, eta, bereziki, diruz lagun daitezkeen gastuak egiaztatzen ez baditu, zuzendu ezean, jasotako zenbateko guztiak itzultzeko prozedurari hasiera eman ahal izango zaio, eta dirulaguntza ordaindu zenetik dagokion berandutze-interesa eskatu ahal izango da, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan eta dirulaguntzetan bete beharrekoen gaineko kontrola arautzen duten gainerako arauetan ezarritakoarekin bat etorriz.

        2. Autonomia-erkidegoko, estatuko agintaritzaren edo Erkidegoko erakundeen kontrol-jarduerak garatzean egiaztatzen bada Tuvisa sozietatearen ez-betetzeren bat, eta horrek funtsen itzulera murriztea badakar, erantzukizun hori Tuvisa sozietateari helaraziko zaio, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 7. artikuluan adierazitakoa aplikatuz.

          Hamabigarrena. Hitzarmena aldatzea.

          Hitzarmen hau aldatu ahal izango da, hitzarmena sinatu duten erakundeek aho batez hala erabakitzen badute. Horretarako, dagokion aldaketa-dokumentua izapidetu eta sinatu beharko da.

          Hamahirugarrena. Araubide juridikoa.

        1. Hitzarmen honi indarrean dagoen ordenamendu juridikoan ezarritako xedapenak aplikatuko zaizkio, bereziki Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotako xedapenak.

        2. Horrez gain, kontuan hartu beharko du Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren araudi erregulatzailean xedatzen dena, eta, bereziki, honako hauek: Garraioen Konferentzia Nazionalaren azaroaren 5eko erabakia, zeinaren bidez 2021eko eta 2022ko ekitaldietako aurrekontu-kredituen lurralde-banaketarako irizpideak ezartzen baitira, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 1. eta 6. osagaien esparruan inbertsio-jarduketak finantzatzeko; abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretua, zeinaren bidez presako neurriak onartzen baitira Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen den; HFP/1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, estatuko, autonomia-erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko erakundeek informazioa emateko prozedura eta formatua ezartzen dituena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaietako neurrien mugarrien eta helburuen betetze-mailaren eta neurrion aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenaren jarraipena egiteko; 11/2021 Legea, abenduaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onestekoa (II. titulua, V. kapitulua, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotutako funtsen kudeaketa), eta Gobernu Kontseiluaren otsailaren 8ko Erabakia, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotutako jardueren eta proiektuen aurrekontu- eta kontabilitate-betearazteari, kudeaketari eta jarraipenari dagokienez.

        3. Hitzarmena garatu eta betearazi bitartean aldeen artean auzirik sortuz gero, zortzigarren klausulan ezarritako Jarraipen Batzordeak horiek ezin baditu ebatzi, administrazioarekiko auzietarako jurisdikziora joko da, Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzeko uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatu denarekin bat.

          Eta adierazitakoaren ados daudela adierazteko, ordezkariek hitzarmenaren bi kopia sinatu dituzte goiburuan aipatutako tokian eta egunean.

          Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

          IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

          Tuvisa Gasteizko Hiri Garraioa SA sozietateko presidentea,

          RAIMUNDO RUIZ DE ESCUDERO EZCURRA.

          (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik