Arautegia
Inprimatu45/2026 EBAZPENA, apirilaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez erabakitzen baita argitara ematea Interbiak Bizkaia, S.A.M.P. sozietatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Interbiak enpresak kudeatzen dituen bide-azpiegituretako segurtasun- eta larrialdi- jarduketak koordinatzeko.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 69
- Hurrenkera-zk.: 1585
- Xedapen-zk.: 45
- Xedapen-data: 2026/04/09
- Argitaratze-data: 2026/04/15
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi jarduerak; Segurtasuna eta justizia; Garraio eta herri lanak; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Industria; Herrizaingoa; Instituzional
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 9a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
Vitoria-Gasteiz, sinadura elektronikoaren eguna.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Bigen Zupiria Gorostidi jauna, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasuneko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa Segurtasun Sailaren bitartez, zeinari egintza honetarako legitimitatea ematen baitio lehendakariaren ekinaren 23ko 18/2024 Dekretuak (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen ditu).
Eta bestetik, Carlos Alzaga Sagastasoloa jauna, Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saileko foru-diputatua eta Bizkaiko Foru Aldundiko Bizkaia Interbiak, SA Bitarteko Propioa kide bakarreko sozietate publikoaren Administrazio Kontseiluko presidentea (aurrerantzean Interbiak), zeina sozietate horren ordezkari baita.
Alderdi biek gaitasun eta legitimazio nahikoa aitortu diote elkarri lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko eta bertan ezartzen diren baldintzetan behartuta geratzeko, eta xede horretarako,
ADIERAZTEN DUTE:
Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bateginak, apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak, larrialdiak prebenitu eta kudeatzeko euskal sistema eratzen du, helburu duena pertsonak, ondasunak eta ondare kolektiboa babestea arrisku kolektibo larri, hondamendi eta lazeria publikoko egoeretan eta, orobat, era bateko eta besteko zerbitzu eta operatiboak koordinatu behar diren urgentziako edo larrialdiko beste kasu batzuetan.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak du babes zibileko politikaren ardura, hala zehazten baita Larrialdiak Kudeatzeko Legearen Testu Bateginean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuan.
Bizkaiko Foru Aldundiak eskumen esklusiboa du bere lurralde historikoko errepide eta bideen plangintza, proiektu, eraikuntza, kontserbazio, aldaketa, finantzaketa, erabilera eta ustiapenaren gainean, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Foru Sailaren Erregelamendu Organikoa onartzen duen Bizkaiko Foru Aldundiaren abenduaren 17ko 204/2019 Foru Dekretuan adierazten den moduan. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Lurralde Historikoko bideetako tunelen segurtasunari heltzeko eskumena du.
Interbiak Bizkaiko Foru Aldundiaren kide bakarreko sozietate publikoa da, Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluaren 2002ko maiatzaren 28ko Erabakiaren bidez sortua. Helburu sozialaren arabera, Interbiakek bere izenean edo Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean jarduten du, baina betiere aldundiaren kontura eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Interbiaken artean asmo horrekin 2002ko abenduaren 27an sinatutako Hitzarmenean ezarrita dagoen gomendioaren arabera.
Interbiak sozietate publikoak kanon bidez errepide-tarte hauek kontserbatzeko eta ustiatzeko ardura du: AP-8 autobidearen Bizkaiko tartea (Basauritik Ermura bitartekoa), Hegoaldeko Saihesbide Metropolitano osoa (HSM) Gallartatik Larraskitu eta Peñascaleraino, Arrigorriagako Benta-Goikoa lotuneraino eta Artxandako tunelak. Gainera, Gerediaga-Elorrio ardatzaren ustiapena ere gainbegiratzen du. Tarte hori eraiki eta 30 urterako emakida-araubidean ari da ustiatzen.
Hitzarmen honen xede diren azpiegituren trazaduraren zati bat lurpekoa da, eta tuneletan gutxieneko segurtasun-maila bermatu behar da.
Europako Parlamentuak eta Europar Batasuneko Kontseiluak 2004ko apirilaren 29an 2004/54/EE Zuzentaraua onartu zuten, hain zuzen ere Europa barneko errepideen sareko tuneletan errepidearen erabiltzaileei gutxieneko segurtasun-maila bermatzeko, baldin eta tunel horiek 500 metro baino luzeagoak badira, proiektu-fasean zein eraikitze-fasean egon. Zuzentarau horren arabera, tunelen segurtasuna bermatzeko, besteak beste, agintari arduradunen eta larrialdi-zerbitzuen arteko komunikazio hobea behar da, hala nola polizia, suhiltzaileak eta erreskate-taldeak.
Bizkaiko Lurralde Historikoko tunelen segurtasuna bermatze aldera, abuztuaren 23ko 135/2006 Foru Dekretua eta abuztuaren 20ko 134/2008 Foru Dekretua onartu zituen Bizkaiko Foru Aldundiak; lehenengoa, errepideetako tunelen segurtasunari buruzkoa da, eta bigarrenaren bidez, berriz, errepideetako tunelen segurtasun- eta ustiapen-jarraibide teknikoak onesten dira. Bi dekretu horiek aldatu edo indargabetu egin ditu errepide-tuneletako segurtasun- eta ustiapen-jarraibide teknikoak onartzen dituen apirilaren 24ko 91/2012 Foru Dekretuak, tunel baten bizi-zikloaren fase guztietan (proiektua, eraikuntza, zerbitzuan jartzea eta ustiatzea) gorde behar diren segurtasun-osagaiei buruzko baldintza teknikoak zehazteko.
Bizkaiko Foru Aldundiaren abenduaren 17ko 204/2019 Foru Dekretuak, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Foru Sailaren Erregelamendu Organikoa onartzen duenak, Bizkaiko Tunelen Segurtasun Atala arautzen du, larrialdi-zerbitzuekiko koordinazioa ziurtatzeko.
Azaroaren 2ko 277/2010 Dekretuak, zenbait jarduera, zentro edo establezimenduren autobabes-betebeharrak arautzen ditu, larrialdiei aurre egiteko; Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako jarduerei aplika dakieke, eta jarduera horien titulartasuna edozein dela ere, hiri barruko 200 metrotik gorako luzera duten errepide-sareko tunelak edo hiriarteko 500 metrotik gorakoak sartzen ditu I. eranskinean.
Hegoaldeko Saihesbide Metropolitanoaren (HSM) trazadura osatzen duten tunelek (Argalario, Mesperuza, Santa Ageda, Arraitz, Larraskitu, Arnotegi eta Seberetxe), Zaldibarko AP-8ko tunelek, hala nola Gazteluak (Gerediaga-Elorrio ardatzean) eta Artxandako tunelek 200 metrotik gorako luzera dute, eta, beraz, dekretu horretan aurreikusitako nahitaezko autobabes-neurriak bete behar dituzte.
Tunelen barruan agintaritza arduradunekin eta larrialdi-zerbitzuekin komunikazioak errazteko, Interbiakek Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Tetra Enbor Sarearen (aurrerantzean Enbor Sarea) estaldura zabaltzeko beharrezkoak diren instalazioak egin ditu gaur egun ustiatzen ari diren aipatutako tunelen barruan, eta HSMko 1-B eraikuntza-fasean sartutako tuneletan behar diren instalazioak jarriko dira.
Interbiakek kudeatzen edo ikuskatzen dituen tuneletako estaldura-sistemek segurtasuneko eta larrialdi publikoko erakundeekin komunikazioan jartzeko balioko dute, tunelen barruan istripuren bat gertatuz gero. Elementu tekniko horiek Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren Enbor Sarearekin integratu behar dira.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak jakin badakite tuneletan segurtasun-mailarik onena bermatzeko beharrezkoa dela agintari arduradunen eta larrialdi-zerbitzuen arteko komunikazio hobea eta, horretarako, funtsezkoa da Interbiak Segurtasun Saileko Enbor Sarean sartzea.
Era berean, Enbor Sareak estaldura globala eskaintzen du Euskal Autonomia Erkidegoan, segurtasun- eta larrialdi-zerbitzuetarako azpiegitura propioa baitu. Hondamendietan edo antzeko egoeretan funtzionatzeko gaitasuna duela erakutsi du, ohiko telefonia kolapsatzen den lekuetan komunikatzeko aukera ematen baitu. Sarbide mugatuko sare bat da: baimendutako pertsonak eta gailuak baino ezin dira komunikatu, eta komunikazioen pribatutasuna bermatuta dago.
Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa (ETKZ) Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzari atxikitako administrazio-unitatea da. Hiriarteko zirkulazioa eta trafikoa kudeatzen ditu EAEko errepideen sarean, trafikoa kudeatzeko sisteman definitutako sistema eta estrategien bitartez.
Halaber, EAEko Segurtasun Sistema Publikoaren barruko erakunde bat da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko errepideak kontrolatzeko beste zentro batzuekin elkarrizketa operatiboak izateko eginkizuna du.
Interbiakek kudeatutako errepideen kontrol-zentroen eta Trafiko Zuzendaritzaren ETKZren artean informazioa trukatzeko, komunikazioen eskuragarritasuna eta segurtasuna bermatuko duten sistema eta ekipamendu telematikoak instalatu eta abiarazi behar dira.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren eta Interbiaken arteko lankidetza 2021eko abenduaren 3an sinatutako lankidetza-hitzarmenean hartutako konpromisoen bitartez garatu da. Gaur egun, eguneratu egin behar da hitzarmen hori, bai indarreko araudira egokitzeko, bai jarduera-eremua zabaltzeko. Hori dela eta, bi alderdiek adierazi diote elkarri beste hitzarmen bat formalizatu nahi dutela, aurrekoa ordeztu eta eguneratzeko.
Hori guztia dela eta, bi alderdiek hitzarmen hau sinatzen dute, aipatutako lankidetza formalizatu eta arautzeko, klausula hauei jarraituz:
KLAUSULAK
Lehenengoa. Hitzarmenaren helburua.
Lankidetza-hitzarmen honen xedea da Interbiakek kudeatzen dituen bide-azpiegituretako segurtasun- eta larrialdi-jarduerak koordinatzea, eta koordinazio hori garatzeko baldintzak ezartzea.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak Interbiaki baimena emango dio Enbor sarerako irispidea izateko, segurtasun publikoko eta larrialdietako euskal sistemako zerbitzuekin komunikatu ahal izateko eta Interbiakek kudeatzen dituen azpiegituretako tuneletan sor daitezkeen larrialdi-jarduketak koordinatzeko. Bereziki eta mugarik gabe: Zaldibarko tunelak eta AP-8an Hegoaldeko Saihesbide Metropolitanoa osatzen dutenak, Artxandako tunelak eta Interbiak-ek ustiapena gainbegiratzeko ardura duen beste tunel batzuk, hala nola Gerediaga-Elorrio ardatza.
Irispidea honetarako izango du: alde batetik, tunelen barruan estaldura izateko azpiegituretarako, zeina Segurtasun Sailaren Enbor Sarean integratu beharko baita, eta, bestetik, larrialdietan pertsonek elkarrekin komunikatzeko erabiliko dituzten irrati mugikorren terminaletarako.
Enbor Sarearen bidez, SOS Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroarekin eta larrialdi-jarduketetan esku hartzen duten gainerako erakundeekin komunikatzeko aukera izango da: Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarekin, Trafiko Zuzendaritzarekin, suhiltzaileekin, Ertzaintzarekin, udaltzainekin, Osakidetzako Emergentziak atalarekin, DYArekin eta Gurutze Gorriarekin.
Era berean, hitzarmenak aurreikusten du Interbiakek Segurtasun Sailari lagako diola tunelen barruan sarearen estaldura lortzeko instalatu behar diren oinarrizko estazioen erabilera. Erabilera-lagapen hori formalizatu ondoren, instalazioak Enbor Sarearen azpiegituran sartuta geratuko dira, eta sare horren mantentze-plan globaletan.
Azkenik, hitzarmenak oinarriak ezartzen ditu errepideak kontrolatzeko zentroen eta Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren artean informazioa eta bideo-irudiak trukatzeko eta informazio hori hobeto koordinatzeko.
Bigarrena. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren konpromisoak.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak tunelen barruan instalatuko diren irrati-estazio edo -nodoen eta estaldura-hedagailuen integrazioa eta interkonexioa erraztuko du. Horretarako, Interbiakekin lankidetzan arituko da elementu horiek Segurtasun Sailaren Enbor Sarea sistemarekin konektatzeko.
Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak beharrezkoak diren ekintzak egingo ditu Interbiaken Enbor Sarea terminalak Enbor Sarea irrati mugikorreko sare digitalean integratzeko.
Segurtasun Sailak konpromiso hauek hartzen ditu Enbor segurtasuneko eta larrialdietako sarean Interbiaken azpiegitura eta terminalak sartzeko:
Interbiaki aholkularitza ematea telekomunikazio-proiektua egin eta exekutatzeko, irrati-nodoak interkonektatzeko alternatibak hautatzeko, hedagailuak doitzeko eta irrati-elektronikako plangintza egiteko.
Enbor Sarearen kontrol-sistema zentralean behar diren doikuntzak egitea, beharrezkoak diren irrati-nodoak, estaldura-elementuak eta terminal eramangarriak integratzeko.
Interbiakek tuneletan Enbor Sarearen estaldura bermatzeko jarritako komunikazio-azpiegiturak mantentzen laguntzea. Lankidetza horren barruan, oinarri-estazioen kudeaketa eta mantentze espezializatuko lanak sartzen dira.
Oinarri-estazioak Segurtasun Sailaren zuntz optikoko sarera konektatzea, beharrezkoa bada, Enbor Sarearen nodo-zentroarekin lotzeko.
Sarbidea ematea Interbiaki eta Interbiakekin edo Bizkaiko Foru Aldundiarekin erlazionatuta egon eta tunelen segurtasunaren arloko eginkizunak eta larrialdi-jarduketak burutzen dituzten pertsona, erakunde edo enpresei SOS-Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroarekin komunikatzeko behar diren komunikazio-kanaletarako. Interbiakek eguneratuta eduki beharko du pertsona, erakunde eta enpresa baimenduen zerrenda hori.
Ezarritako interkomunikazio-beharretara egokitutako kanalen plan bat definitzea: komunikazio-taldeak eta erabiltzaileei baimendutako funtzionaltasunak zehaztea.
Komunikazio-kanal horiek larrialdi-egoeretan erabiliko dira, eta larrialdian esku hartuko duten Euskadiko segurtasun publikoko sistemako agentziekin koordinatzeko aukera emango dute.
Era berean, Interbiakek tunelen barruko sistema erradiatzaileen mantentze-lanak egin ditzan, Eusko Jaurlaritzak probak komunikatzeko ekipo gehigarri bat emango du, eta lankidetza-hitzarmen honen xede diren azpiegituren eremuan erabiliko da.
Interbiaki laguntza ematea terminal mugikorrak erabiltzeko eta mantentzeko, I. eranskin teknikoan zehaztutakoaren arabera: Larrialdiak koordinatzeko lankidetza-hitzarmen bat sinatu duten eta Enbor Sarearen segurtasuneko irrati-komunikazioen sarean lan egiten duten entitateen irrati-komunikazio mugikorreko terminalak erosteko, ezartzeko, erabiltzeko, kudeatzeko eta mantentzeko arauak.
Enbor Sarearen barruan dauden eta Interbiakek tunelen barneko sarea estaltzeko hornitu dituen oinarri-estazioen ekipamenduaren erabilera-lagapena eta mantentze-lanen kudeaketa onartzeko izapideak egitea.
Era berean, Segurtasun Sailak konpromiso hauek hartzen ditu Interbiakek kudeatutako errepide eta bideetan egin beharreko instalazioen eta mantentze-lanen ondorioz:
Interbiaki ematea hitzarmen honen xede diren azpiegituretan instalatu beharreko ekipamenduaren plangintza biltzen duen dokumentazioa.
Interbiaki behar besteko denboraz ematea egiten ari diren instalazioak kontrolatu eta gainbegiratzeko eta ikuskapenak eta bestelako mantentze-lanak egiteko programatutako jardueren berri.
Interbiaki Segurtasun Sailak zuzenean bide-azpiegituran ezartzeko kontratatutako instalazioen eta ekipamenduen dokumentazio teknikoaren kopia ematea, Interbiakentzat beharrezkotzat jotzen bada.
Sarbideen segurtasunaren eta bide-azpiegituran egoteko araubidearen arloetan Interbiakek eta foru-organo eskudunak zehaztuko dituzten jarraibideak eta arauak betetzea.
Azpiegituran programatutako jarduketen ondorioz ukituko diren Segurtasun Sailaren titulartasuneko ekipamendua eta kableak kentzea, kaltetu ez daitezen, eta egin beharrekoa amaitzean berriro ere jartzea.
Behin-behineko konponbidea instalatzea, afekzioak iraun bitartean, ukitutako zerbitzua mantentzea beharrezkoa bada.
II. eranskin teknikoan ezarritakoa betetzea: Hitzarmen honen xedean eskatzen diren zuntz optikoko instalazioak erabiltzeko, mantentzeko, kontserbatzeko eta birjartzeko arauak.
Segurtasun Sailak konpromiso hauek hartzen ditu Interbiakek kudeatutako errepideen kontrolerako zentroen eta Segurtasun Sailaren ETKZEren arteko datu-trukeari dagokionez:
Bideokameretako irudiak denbora errealean trukatzeko baimena ematea, bi aldeek ezarritako eskakizun teknikoen arabera.
Lankidetzan aritzea informazio egokia trukatzeko pasabide telematiko bat ezartzeko Interbiakek kudeatutako errepideen kontrolerako zentroen eta ETKZEren artean.
Erakunde bakoitzak informazioa trukatzeko bakoitzaren sistemaren ardura izango du.
Hirugarrena. Interbiaken konpromisoak.
Interbiakek behar diren telekomunikazio-ekipo eta -instalazioak jarriko ditu berak kudeatzen dituen errepide-sareko 200 metro baino luzeago diren hiri eremuko eta 500 metro baino luzeago diren hiriarteko tunelen barruan, Enbor Sarearen sistemaren estaldura bermatzeko.
Komunikazio-sistema horiek abian jartzeari eta ustiatzeari dagokionez, Interbiakek konpromiso hauek hartzen ditu:
Segurtasun Sailak intereseko eremu geografikoetan estaldura izateko egindako plangintza erradioelektrikoan adierazitako irrati-maiztasuneko kanalak erabiltzea. Kanal horiek lankidetza-hitzarmen honetan adierazitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.
Telekomunikazio-sistema baldintza operatiboetan mantentzea, eta beharrezkoak diren mantentze prebentiboko eta zuzentzaileko lanak egitea. Horren barruan sartzen da tunelen barruan eta ebakuazio-galerietan aldizka estaldura-probak egitea.
Segurtasun Sailari jakinaraztea tunelen barruan Enbor Sarea estaldurari eragin diezaioketen oinarri-estazioetan edo irrati-nodoetan, hedagailuetan eta sistema erradiatzaileetan hautemandako matxurak.
Larrialdietako komunikazioetarako behar diren terminalak eskuratzea, erabiltzea eta mantentzea, I. eranskin teknikoan adierazi bezala: Larrialdiak koordinatzeko lankidetza-hitzarmen bat sinatu eta Enbor Sarea segurtasuneko irrati-komunikazioen sarean lan egiten duten erakundeen irrati-komunikazio mugikorreko terminalak eskuratzeko, ezartzeko, erabiltzeko, kudeatzeko eta mantentzeko arauak.
Etengabeko prestakuntzarako neurri gisa, bi urtez behin larrialdi-simulakroak egitea.
Nodoak edo estaldura-hedagailuak segurtasuneko zuntz optikoko sarearekin konektatzeko beharrezkoak izan daitezkeen telekomunikazio-azpiegiturak erabiltzeko aukera ematea.
Enbor Sarean zuzenean integratutako oinarri-estazioen ekipamenduaren erabilera Segurtasun Sailari lagatzeko izapideak egitea.
Era berean, Interbiakek konpromisoa hartzen du Segurtasun Sailak egin beharreko instalazioak uzteko eta mantentze-lanak egiten uzteko:
Segurtasun Sailak instalazioak eta ekipoak gainbegiratzeko, berrikusteko eta mantentzeko lanak egiteko izendatzen dituen langileei azpiegiturarako eta instalazioetarako sarbidea ematea. Baimendutako pertsona, erakunde edo enpresen zerrenda eguneratuta eduki beharko du Segurtasun Sailak.
Segurtasun Sailari behar besteko aurrerapenaz jakinaraztea bere titulartasuneko ekipamenduari edo instalazioei eragin diezaieketen azpiegitura eta superegituretako jarduketak.
Segurtasun Sailak behin-behineko konponbideak eta behin betiko berritzeak egin ditzan erraztea, lehendik dauden instalazioetan afektazio programatuak gertatuz gero.
Telekomunikazio-azpiegiturak eta bide-azpiegiturei lotutako zuntz optikoko kanalizazioen prisma mantentzea.
II. eranskin teknikoan ezarritakoa betetzea: Hitzarmen honen xedean eskatzen diren zuntz optikoko instalazioak erabiltzeko, mantentzeko, kontserbatzeko eta birjartzeko arauak.
Interbiak sozietateak konpromiso hauek hartzen ditu Interbiakek kudeatutako errepideen kontrolerako zentroen eta Segurtasun Sailaren ETKZEren arteko datu-trukeari dagokionez:
Bideokameretako irudiak denbora errealean trukatzeko baimena ematea, bi aldeek ezarritako eskakizun teknikoen arabera.
Lankidetzan aritzea informazio egokia trukatzeko pasabide telematiko bat ezartzeko Interbiakek kudeatutako errepideen kontrolerako zentroen eta ETKZEren artean.
Erakunde bakoitzak informazioa trukatzeko bakoitzaren sistemaren ardura izango du.
Laugarrena. Azpiegituren koordinazio teknikoa eta mantentze-lanak.
Aldeek beren gain hartzen dituzte beren ardurapekoak diren eta hitzarmen honen helburuak lortzeko beharrezkoak diren azpiegituren eta ekipoen prebentziozko eta zuzenketako mantentze-lanak, hartutako konpromisoen eta hitzarmen honen eranskin teknikoetan zehaztutako araudi eta prozeduren arabera.
Bide-azpiegitura errepide-jabariko eremuan dagoenez, Segurtasun Sailak zuntz optikoko ekipoen eta kableen instalazioak egiteko eta horiek mantentzeko eta kontserbatzeko erabil dezan, gogoeta orokor hauek hartu behar dira kontuan:
Bide-segurtasunak eta errepidearen funtzionaltasunak lehentasuna izango dute instalazio horietatik eratorritako premien gainetik, eta edozein motatako erabakiak hartzeko orduan lehentasuna izan behar dute.
Nahitaez bete behar dira errepideetako azpiegituretara sartzeko, seinaleak jartzeko eta lanak segurtatzeko ezarritako baldintzak.
Bosgarrena. Erantzukizun-araubidea.
Interbiak ez da Segurtasun Sailaren titulartasuneko instalazioetan (kableak, ekipo aktiboak edo elementu pasiboak izan) errepideetako trafikoaren ondorioz edo istripu edo ezinbesteko beste edozein arrazoiengatik gerta daitezkeen hausturen edo kalteen erantzule izango.
Interbiakek edo Bizkaiko Foru Aldundiak esleitutako obra- edo zerbitzu-kontratuen enpresa kontratistek nahitaez ordaindu beharko dituzte Segurtasun Sailaren titulartasuneko elementuetan eragiten dituzten kalte-galerak. Ondorio horietarako, Interbiakek Segurtasun Sailaren titulartasuneko elementuak identifikatuko ditu dagozkion obra- eta zerbitzu-kontratuetan.
Nolanahi ere, Interbiakek izandako kalteen kausari eta eragileari buruz dituen datu guztiak emango ditu, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak dagozkion erreklamazioak egin ditzan.
Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu Segurtasun Sailak sustatutako instalazioen edo zerbitzuen ondorioz hitzarmen honen xede diren azpiegituretan (besteak beste, zerbitzuguneak, elementu funtzionalak, bertako langileak, iragaitzazko pertsonak edo haien ondasunak) eragin daitezkeen kalte edo galerak, eta ez zaio Interbiaki edo Bizkaiko Foru Aldundiari egotziko hirugarrenek sustatutako inolako erreklamazio edo ekintzarik.
Era berean, Segurtasun Sailak ez du bere titulartasuneko kable eta elementuen hausturek edo matxurek hirugarrenei eragindako kalte-galeren erantzukizunik izango, baldin eta Interbiakek edo Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako obrak edo zerbitzuak gauzatzean izan badira; kasu horretan, kasu bakoitzean aplikatzekoa den kontratu-araudiaren mende egongo dira.
Eusko Jaurlaritza behartuta dago bere erabilera propioetarako zuntz optikozko kableen instalazioaren trazadura altxatzera edo aldatzera, betiere hitzarmen honen xede diren bide-azpiegituren beharrengatik hala eskatzen bazaio, eta horrengatik ez du kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango.
Nolanahi ere, ukitutako instalazioa edo kableak Segurtasun Sailak ezarriz gero Interbiaken titulartasuneko IKT sistemen konektibitatea ahalbidetzeko (oinarri-estazioak edo beste batzuk) eta hitzarmen honen lankidetza-helburuekin eta ondasun komunarekin zuzenean lotutako zerbitzuak jakinarazteko, aldaketaren gastuan bi alderdiek batera hartu ahal izango dute parte, afektazioaren kasuistika bereziaren eta kasu bakoitzean hartzen den akordioaren arabera.
Seigarrena. Jarraipen-batzordea.
Hitzarmena behar bezala aplikatzen dela ziurtatzeko, Jarraipen-batzorde misto bat sortuko da, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko bi ordezkarik eta Interbiak erakundeko edo sozietate hori atxikita dagoen foru-saileko bi ordezkarik osatua.
Jarraipen-batzordeari dagokio:
Hitzarmena interpretatzean sor daitezkeen zalantzak argitzea, betearaztean sor daitezkeen desadostasunak konpontzea, hitzarmena nola ari den garatzen aztertzea eta, beharrezkoa izanez gero, hobetzeko proposamenak egitea.
Proposamena egitea Interbiakek Segurtasun Sailari laga diezaion tunelen barruan sarearen estaldura lortzeko instalatu behar diren oinarrizko estazioen erabilera.
Hitzarmen honen garapenean sortuko diren jarduera-eremu berriak aztertzea eta proposatzea, hala nola tunelak beste bide-azpiegitura batzuei eranstea edo IKT sistema berriak eta prozedura berriak ezartzea bi erakundeen arteko datu-trukea errazteko. Aldaketa horiek gehigarri gisa gehituko zaizkio hitzarmenari, organo eskudunek onartu ondoren.
Zazpigarrena. Datuen babesa.
Hitzarmen honetan xedatutakoaren arabera lor daitezkeen datu pertsonalak, batez ere Interbiakek kudeatutako errepideen kontrolerako zentroen eta Segurtasun Sailaren ETKZEren arteko datu-trukean lortutakoak, datu pertsonalen babesaren arloan indarrean dagoen araudiaren mende egongo dira.
Zortzigarrena. Indarraldia.
Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa da, sinatzen den egunetik zenbatzen hasita, eta alderdi sinatzaileetako edozeinek hitzarmenaren luzapena eskatu ahal izango du indarraldiaren barruan, beste lau urtera arte.
Bederatzigarrena. Hitzarmenaren araubidea eta auziak.
Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta bat etorriko da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren XIII. kapituluan xedatutakoarekin.
Seigarren klausulan adierazitako jarraipen-organoaren gain utzitako eginkizunak gora behera, hitzarmen hau interpretatzean eta betetzean sor daitezkeen auziak Administrazioarekiko auzien jurisdikzioari eta Bilboko epaitegi edo auzitegiei jakinaraziko zaizkie eta haien eskumen izango dira.
Alderdi biek irakurri dute Hitzarmena, eta, bertan adierazitakoarekin bat datozela adierazteko, sinatu dute,
Egoitza elektronikoa, 2026ko martxoaren 24a.
Interbiak Bizkaia, SA Bitarteko Propioko administrazio-kontseiluko lehendakaria,
CARLOS ALZAGA SAGASTASOLOA.
Segurtasuneko sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
ARAUAK, LARRIALDIAK KOORDINATZEKO LANKIDETZA-HITZARMENA SINATU DUTEN ETA Enbor SAREAREN SEGURTASUNEKO IRRATI-KOMUNIKAZIOKO SAREAN JARDUTEN DUTEN ENTITATEENAK DIREN IRRATI-KOMUNIKAZIO MUGIKORREKO TERMINALAK ESKURATZEARI, EZARTZEARI, ERABILTZEARI, KUDEATZEARI ETA MANTENTZEARI BURUZKOAK
Sarrera.
Dokumentu honetan jasotzen dira Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena duen sailaren Enbor Sarean jardun eta dagokion lankidetza-hitzarmena sinatu duten Euskadiko segurtasun publikoko eta larrialdiei aurre egiteko sistemako eta babes zibileko entitateen irrati-komunikazio mugikorreko terminalak eskuratzeko, hedatzeko, erabiltzeko, kudeatzeko eta mantentzeko arauak (eskuarki, talkiak eta irrati-instalazioak).
Enbor Sarearen kudeaketa.
Telekomunikazioak eta Sistema Informatikoak Kudeatzeko Zuzendaritza, TSIKZ siglaz ezaguna, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren (aurrerantzean, EJSS) zuzendaritza da, eta segurtasun publikoaren eremuko komunikazio-sareak eta informazio-sistemak planifikatzeaz, lantzeaz, garatzeaz, egikaritzeaz, kudeatzeaz eta mantentzeaz arduratzen da. Besteak beste, Enbor Sarea segurtasuneko irrati-komunikazio mugikorren sarearen plangintza, kudeaketa eta lanak dagozkio.
Sarearen definizioa.
EJSSk segurtasuneko eta larrialdietako komunikazioen sare ofiziala dauka, Segurtasun Sailak eta Euskadiko segurtasun publikoaren sistema osatzen duten zerbitzuek erabiltzen dituzten IKT sistemen euskarri den telekomunikazio-azpiegitura.
Telekomunikazio-azpiegitura horren parte gisa, Enbor Sarea du, misio kritikoko irrati-komunikazio mugikorren sarea, alegia, zeinak gaur egun Tetra teknologia estandarra baitauka. Sare horrek ahotsa eta datuak modu seguruan eta babes-bermearekin komunikatzeko zerbitzuak eskaintzen ditu, eta EAE osoa hartzen duen estaldura-eremu bat du.
Enbor Sareak segurtasun eta larrialdi publikoko komunikazio-funtzio espezifikoak erabiltzeko aukera ematen die entitate erabiltzaileei; ahalbidetu ere egiten du erakundeen arteko komunikazioen elkarreragingarritasuna. Gainera, balio erantsiko beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen ditu, hala nola komunikazioen grabaketa, floten posizionamendua, egoeren kudeaketa edo agentzien operatibarako egokiak diren datuen kontsulta.
Tetra Telekomunikazio Arauen Europako Institutuak (ETSI) definitutako estandar bat da, Europako segurtasun indarrek eta larrialdietakoek planteatutako komunikazio mugikorren beharrei erantzuteko. Gaur egun, 3GPPk banda zabalaren gaineko misio kritikoko komunikazioetarako definitutako estandar berrietara eboluzionatzeko asmoa dago.
Komunikazio-sarean jarduteko zerbitzu teknikoak.
Segurtasun Sailak teknika- eta antolakuntza-azpiegitura egokia du Enbor Sareko zerbitzuak ematearekin zerikusia duten gai guztiei arreta emateko eta kudeatzeko; azpiegitura horretan zerbitzu hauek sartzen dira:
Arreta erabiltzaileentzako arreta-zentroa.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko TSIKZk CAU zentro bat kudeatzen du EJSSren IKT sistemetako intzidentziak jaso eta artatzeko. Zentro horrek 24x7 zerbitzua ematen du, urteko 365 egunetan.
Arreta zerbitzua da harremanetarako gune bakarra erabiltzaileek dituzten intzidentziei edo kontsultei erantzuteko, EJSSk informatikaren eta telekomunikazioen arloan ematen dituen zerbitzuei dagokienez. Helburua da intzidentziak erregistratzen direnetik konpontzen diren arte behar bezala kudeatzen direla bermatzea.
Arreta zentroak arazoa komunikatzen duen pertsonak emandako datuekin erregistratzen ditu intzidentziak, eta pertsona horri intzidentziaren erregistro-zenbaki bat ematen dio, jarraipena errazago egiteko.
Kasu batzuetan, intzidentzia unean bertan konpondu ahal izango da; beste batzuetan, berriz, euskarri espezializatura jo beharko da.
Arretak (monarreta@seg.euskadi.eus) intzidentzia monitorizatzen du nola garatzen ari den jakiteko, jarraipena egiten dio bilakaerari, eta zer egoeratan dagoen adierazten dio erabiltzaileari.
Arreta zerbitzuarekin harremanetan jartzeko moduak:
Tel.: 94 607 8151 Faxa: 94 607 8175
Helbide elektronikoa: arreta@seg.euskadi.eus
Sarearen eragiketa- eta mantentze-zerbitzuak.
TSIKZ segurtasun-komunikazioen sare ofiziala osatzen duten telekomunikazio-azpiegituren kudeaketaz, eragiketaz eta etengabeko hobekuntzaz arduratzen da.
Telekomunikazio-sare eta -azpiegitura horiek beharrezko euskarri-zerbitzuak dituzte eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan, funtzionatzen dutela bermatzeko. Sistemak urrunetik gainbegiratzen eta kudeatzen dira Erandioko Sarearen Kudeaketako eta Eragiketako Zentrotik, eta sarearen eraginkortasunari eusteko beharrezkoak diren mantentze-lan prebentibo, zuzentzaile eta moldagarriak egiten dira.
Enbor Sareako zerbitzuetako laguntza teknikoa.
TSIKZk, arlo teknikoen bitartez, aholkularitza teknikoa ematen die segurtasun publikoaren eremuko koordinazioaren eta lankidetzaren arloko hitzarmena sinatu eta Enbor sarea erabiltzen duten entitateei.
Aholkularitza horretan sartzen dira, besteak beste, sarearen gaitasunak hedatzeko zerbitzuak, interkomunikazio-planak edo dei-taldeak definitzeko laguntza, irrati-komunikazio mugikorreko terminalen erabilerari buruzko prestakuntza, irrati-terminalen programazioa, zifratze-gakoen programazioa komunikazioen segurtasuna bermatzeko, taldeko deien grabazioa, etab. Era berean, antzematen diren behar berrien azterketa teknikoak ere egiten dira.
Harreman-bideak Enbor Sarea kudeatzen duen arloarekin (Komunikazioak):
Tel.: 94 607 8101
Helbide elektronikoa: komunikazioak@seg.euskadi.eus
Funtzionamendu-protokoloa.
Lankidetza-hitzarmena sinatu duen erakundeak erosiko dituen ekipoekin lotutako alderdi hauek hartu beharko ditu kontuan Enbor sarean sartzeko:
Tresneriaz eta osagarriez hornitzea.
TSIKZk irrati-komunikazio mugikorreko terminalek eta horiek erabiltzea erraztuko duten osagarriek bete beharreko zehaztapen teknikoak emango ditu, ekipo horiek Enbor sarearen prestazioekin eta funtzionamendu-moduekin bateragarriak direla bermatzeko.
Irrati-komunikazio mugikorren terminalak edo osagarriak erosteaz arduratzen den erakundeak zehaztapen tekniko horiek bete beharko ditu erosketa-prozesuetan.
TSIKZk lankidetzan jardungo du ekipamenduen egokitasun eta bateragarritasun teknikoa baliozkotzeko Enbor sarearekin.
Sare-zerbitzuak transmititzeko eta haietara iristeko funtzionalitatea duten ekipo edo osagarriak erosteko, TSIKZren baimena beharko da aldez aurretik.
Dagokion entitateak terminalak erosi ondoren, Administrazio Orokorra arduratuko da terminalak programatzeaz, sarearen sarbide-eta erabilera-protokoloen arabera.
Tetra teknologia-terminalen ezaugarri teknikoak.
Irrati-komunikazioen terminalek ETSIren Tetra zehaztapenak bete beharko dituzte, eta gutxienez honako hauek izango dira:
Aire-interfazean komunikatzeko moduak, trunking moduan (V+D) eta zuzenean (DMO).
Vocoder Tetra.
Larrialdiko deia.
Interfazeak operadorearekin eta kanpoko gailuekin: MMI eta PEI.
Segurtasuna: TEA2 aire-interfazean enkriptatzea (1., 2. eta 3. motak) eta terminalak autentifikatzea.
Motorolaren Dimetra sistemarekin dokumentatutako elkarreragingarritasuna, sistemaren egungo bertsioan.
GPS posizionamendua bidaliz gero, LIP (Location Information Protocol) protokoloa.
Funtzionamenduko maiztasun-bandek maiztasunak esleitzeko koadro nazionalaren UN-28 araua beteko dute (380-400 MHz-eko banda eta 25 KHz-eko kanalizazioa).
Terminalak programatzea.
Irrati-terminalek Enbor sarearen barruan jardun ahal izateko eta komunikazioen segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatzeko, aldez aurretik Telekomunikazioak eta Sistema Informatikoak Kudeatzeko Zuzendaritzaren zerbitzu teknikoek abiarazi behar dituzte; zuzendaritza hori terminalaren konfigurazioetan parametro egokiak sortzeaz eta terminala sarean erregistratzeaz arduratuko da.
Behin programatuta, terminalak Enbor sarearen bidez komunikatu ahal izango du konfiguratu diren dei-taldeetan soilik, flota-planaren eta kide diren erakundearentzat adostutako elkarreragingarritasun-eskemen arabera.
Terminala aldatu, konpondu, ordeztu edo beste baliabide batera eramaten bada, TSIKZko zerbitzu teknikoek birprogramatu egin beharko dute.
Terminalak programaziorako edo birprogramaziorako bidaltzeko eta jasotzeko prozedurak kasu bakoitzean adostuko dira.
Irrati-komunikazioko terminalak eta horien osagarriak instalatzea.
Irrati-komunikazioko terminalen instalazioa (adibidez, oinarri-igorleak eta ibilgailu-igorleak) administrazio orokorrarekin hitzarmena sinatu duen entitatearen erantzukizuna izango da, eta TSIKZren zerbitzu teknikoen aholkularitza eduki ahal izango du.
Irrati-komunikazioko terminalen altak, bajak eta birprogramazioa.
Irrati-komunikazioko terminalen altak, bajak edo birprogramazio-beharrak TSIKZri jakinarazi behar zaizkio, prozedura hauen bidez:
Birprogramatzeko terminalak, aldez aurretik eskatuta, Telekomunikazioak eta Sistema Informatikoak Kudeatzeko Zuzendaritzaren Erandioko egoitzara bidaliko dira, Komunikazioak arlora. Arlo horretako zerbitzu teknikoak arduratuko dira terminal horiek konfiguratzeaz eta jatorrira bidaltzeaz.
Irrati-komunikazioko terminal bat matxuratuz gero, eta konponketarako mantentze-zerbitzura igorri baino lehen, irrati-ekipoa TSIKZra bidali behar da, programatutako konfigurazio-datuak ezabatzeko sarearen segurtasuna arriskuan jar ez dadin.
Terminalak galdu edo lapurtuz gero, berehala jakinaraziko zaio Arreta Zerbitzuari, sisteman baja emateko eta Enbor sareko funtzionamendua ezgaitzeko.
Terminal bati baja eman nahi bazaio, Arreta Zerbitzuari jakinaraziko zaio. Baja aldi baterako bada, beste eskaera bat egingo zaio Arreta Zerbitzuari berriz ere aktiba dadin.
Datu-zerbitzuetarako sarbidea.
Segurtasuna, sarbideen kontrola eta datuak babesteko araudia betetze aldera, ezinbestekoa da datu-baseetarako sarbideak behar bezala erregistratzea, daturako sarbidearen trazabilitatea bermatuta gera dadin.
Hori dela eta, hitzarmenak datu-baseetara Enbor irrati-komunikazio mugikorren terminalen bidez sartzeko funtzionalitateak jasotzen baditu, ezinbestekoa da irrati-terminalak une bakoitzean erabiltzaile jakin batzuei lotuta egotea, bai eta horiek kide diren entitateari ere, eta esleipen hori behar bezala erregistratuta geratzea.
Baimendutako pertsonek bakarrik kontsultatu ahal izango dituzte datuak (datu-baseetarako sarbideak, posizionamenduak, deien grabazioak, sarbide-kontsultak, etab.), kasu bakoitzerako ezarritako prozedura espezifikoen bidez. Sistema informatikoetara sartzeko, sarbide-gako pertsonalak erabiliko dira.
Prestakuntza.
TSIKZk Enbor sarearen bidez eskura daitezkeen funtzionaltasunei buruzko prestakuntza-saioak emango dizkie dagozkien entitateetan prestatzaile gisa identifikatzen diren pertsonei, eta horiek arduratuko dira ezagutza euren erakundeko gainerako erabiltzaileei helarazteaz.
Era berean, TSIKZk alderdi espezifikoei buruzko prestakuntza osatu ahal izango dio unean-unean behar duenari, zerbitzuen beharrei eta plangintzari erantzunez.
Intzidentziak eta kontsultak kudeatzea.
Enbor Sarearen funtzionaltasunari buruzko edozein intzidentzia edo kontsulta Arreta zerbitzuaren bidez jakinaraziko da, eta zerbitzu hori arduratuko da intzidentzia erregistratzeaz eta haren jarraipena kudeatzeaz, konponbidera iritsi arte.
Arreta zerbitzuaren bidez, jakinarazitako intzidentzien egoera kontsultatu ahal izango da, informazio osagarria eman edo jakinarazitako intzidentzia baten egoerari buruzko informazioa eskatu.
Administrazio orokorrarekin hitzarmena sinatu duen entitateak solaskideak identifikatu beharko ditu eta harekin harremanetan jartzeko datuak eman (telefonoa eta posta elektronikoa), Arreta zerbitzuak informazio-trukeak modu eraginkorrean kudea ditzan, bikoiztasunak edo disfuntzioak saihestuz.
Sarrera.
Dokumentu honen xedea da Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren (aurrerantzean, EJSS) eta Interbiak Bizkaia, SA Bitarteko Propioaren (aurrerantzean, Interbiak) artean jarduteko arauak definitzea, hitzarmen honen eremuko zuntz optikoko instalazioen erabilerari eta kudeaketari dagokienez, bai ohiko eragiketetan, bai larrialdikoetan, bai eta bi aldeen arteko abisuetarako prozedurak barnean direla.
Enbor Sarearen kudeaketa.
Baimen horiek arautzen dituzten baldintzetakoren bat betetzen ez bada, alderdiek baimena indarrik gabe utzi ahal izango dute. Nolanahi ere, zehapen-espedienteak ireki ahal izango dira, eta obrak geldiarazteko agindu ahal izango da, baldin eta emandako baimenarekin alderatuta obrak gauzatzerakoan desbideratzeak antzematen badira.
Ezin izango da baimendutakoak baino jarduera gehiago edo baimendutakoez landakoak egin, eta emandako baimenean jasota ez dagoen beste edozein jarduera eta obra berriz ere baimendu beharko da.
Jarduerak aurkeztutako proiektuaren arabera gauzatuko dira, eta, hala badagokio, baimenean ezarritako baldintza eta epeen arabera. Nolanahi ere, ez dute errepideko zirkulazioa etengo edo zailduko, eta debekatuta dago galtzadan, arekan edo bazterbideetan materialak uztea, bai eta ibilgailuak aparkatzea ere, zamalanetarako eta bestelako eragiketa osagarrietarako. Era berean, neurriak hartuko dira istripuak saihesteko, arrisku-seinaleak jarriz eta neurri osagarriak hartuz istripuak prebenitzeko, eta zaindariak edo zaintzaileak jarriko dira, beharrezkoa izanez gero.
Errepidearen eskumen-eremuaren barruan ematen da baimena, eta behar diren gainerako lizentzia eta baimenen mende, hirugarrenak eta lursail edo ondasunen gainean aurretik zeuden eskubideak kontuan izanda. Ez dakar, inola ere, jabari publikoa lagatzea, ezta baimenaren titularrari edo hirugarrenei dagokienez erantzukizuna hartzea ere.
Baimenaren titularrak bere gain hartuko ditu baimendutako obrak edo jarduerak gauzatzean edo horien ondorioz hirugarrenei edo errepideari berari eta haren elementu funtzionalei eragiten zaizkien edo eragin dakizkiekeen kalte eta galera guztiak.
Ezinbesteko arrazoiak, ustekabeko kasuak edo hirugarrenek erabilera partekatuko azpiegituran eragindako kalteak gertatuz gero, kalteok lehenengoz detektatzen dituen alderdiak konpromisoa hartzen du inguruabar hori ahalik eta azkarren jakinarazteko hitzarmena sinatu duen beste alderdiari, egokitzat jotzen diren neurri zuzentzaileak har daitezen, eragindako zerbitzuak edozein izanik ere.
Ezartzen diren jarduketa-prozedurak aplikatuz, erabilera partekatuko azpiegituran kalteak eragiten badira eta, gainera, kalteak eragiten badira alderdietako edozeinen sareetan edo zerbitzuetan, alde bakoitzak beharrezko neurriak hartuko ditu, behin-behineko konponketen bidez, kaltetutako zerbitzuak berrezartzeko; kasu horretan, larrialdi-eragiketetarako aurreikusitako izapidetzea aplikatuko da.
Era berean, konponketa-lanak amaitu ondoren, egin dituen aldeak lanok amaitu direla jakinaraziko du, erabilitako instalazioak jatorrizko egoerara itzul ditzaten.
Baimenaren titularrak, edo haren ordezkoak, bere kontura berrezarri beharko ditu baimendutako jarduerak gauzatzeak kaltetutako errepide-elementuak, aurreko segurtasun-, funtzionaltasun- eta itxura-baldintzetara lehengoratuz.
Baimenaren titularrak etengabe garbitu eta ondo zaindu beharko ditu baimendutako lanak, eta, bereziki, eragiketa horiek bideko ibilgailuen zirkulazioari edo zirkulazioaren segurtasunari eragin badiezaiokete. Bi alderdiek une oro ikuskatu ahal izango dute obren kontserbazio-egoera, eta egin beharreko konponketak adierazi ditzakete, zeinak esandako epean egin beharko baitira.
Baimen honen xede diren jarduerak bi alderdi sinatzaileen langileek edo horiek izendatutako hirugarrenek ikuskatu ahal izango dituzte, eta interesdunek nahitaez bete beharko dituzte helarazten zaizkien aginduak edo jarraibideak. Horiek ez betetzeak hitzarmen hau ez betetzea ekarriko du.
Baimenaren titularrak, hala eskatzen zaionean, eskatzen zaion informazio eta lankidetza guztia eman beharko du, eta jarduerei buruzko informazio tekniko osagarria eskatu ahal izango zaio, eta baimena betetzen den eta trafikoari eragiten dion egiaztatu, bai segurtasunari bai gaitasunari dagokienez.
Baimena ematen duten alderdiek noiznahi aldatu edo eten ahal izango dute baimena, aldi baterako edo behin betiko, baldin eta bateraezina bada gerora onartutako arauekin, jabari publikoan kalteak eragiten baditu, edo, foru-errepideen plangintzaren ondorioz, eta hala eskatzen bada errepideok handitu, hobetu edo garatzeko, edo segurtasunari kalte egiten badio.
Lanak egiten diren bitartean, bide-zorua, plataforma eta gainerako errepide-zerbitzuak garbi eduki beharko dira, eta eskatzaileak izango du horren ondorioz gerta daitezkeen istripuen erantzukizuna.
Baimendutako jarduerak direla eta, errepidean hondatzen den edozein elementu lehengo egoerara itzuliko da.
Baimendutako jardueren eraginpeko zatian errepidea behar bezala seinaleztatu beharko da Herrietatik kanpoko bideetako obra finkoetarako seinaleztapenari, balizatzeari, defentsari, garbiketari eta amaierari buruzko 1987ko abuztuaren 31ko Ministro-aginduaren bidez onartutako 8.3-IC arauaren «Lanak seinaleztatzea» arabera (EAO, 224. zk., 1987ko irailaren 18koa); lanalditik kanpo kendu egin beharko dira seinaleak, betiere errepidearen erabiltzailearentzat arriskurik ez badakar. Gauez edo ikuspen gutxiko orduetan seinaleak jarri behar badira, argi-seinaleak edo seinale islatzaileak erabiliko dira. Seinale guztiak kendu egingo dira beharrezkoa ez dela uste izan bezain laster.
ERAGIKETA ARRUNTAK
Ohiko eragiketak dira hitzarmen honetan aipatutako azpiegituretan instalatzen diren telekomunikazio-sareak jartzeko, berritzeko, hobetzeko eta mantentzeko jarduketak. Inola ere ezingo da egin azpiegiturari berari eragiten dion obrarik.
Jarduketa horiek egitean, hitzarmen hau sinatu duten aldeek honako alderdi hauek bete behar dituzte:
Errepideetan jarduteko ordu-tarteak, oro har, gauez izango dira (23:00etatik 06:00etara). Gainerako kasuetan, trafiko gutxien duten ordutegietan egin beharko dira jarduketak, eta asteburuetan egitea ere eska daiteke.
Beharrezko jarduketetarako baimena eskatu beharko da beti, jarduketak hasteko aurreikusitako eguna baino lehenago behar beste denboraz. Aurkeztutako eskaera jaso dela ulertuko da, eta une horretatik aurrera hasiko da zenbatzen lehen adierazitako epea.
Eskabidearekin batera honako agiriok aurkeztu behar dira:
Egin beharreko jarduketaren deskribapena, honako hauek adierazita: zer okupazio egitea aurreikusten den, zer epe aurreikusten den hura egiteko eta zer fasetan azpibanatu daitekeen, zer baliabide behar diren hori egiteko, aurreikusitako seinaleztapenak, eta garrantzitsua izan daitekeen beste edozein alderdi. Era berean, beharrezkoak diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko dira, hala nola planoak, memoriak eta edozein motatako azterlanak.
Jarduketa egiteko izendatutako erakundearen edo enpresaren jakinarazpena, edo, hala badagokio, baimen-emaileek zuzenean eta euren bitartekoekin egiten dutela adieraztea. Nolanahi ere, hirugarren horien jarduketengatiko erantzukizuna zuzenean eskatuko zaie baimenak eman dituztenei.
Bi alderdiek hilabeteko epean ebatziko dute eskaerari buruz. Hala ere, ebazpena emateko beharrezkotzat jotzen dituzten argibide edo agiri guztiak eskatu ahal izango dituzte, eta epe hori eten egingo da horiek aurkeztu arte.
Epe hori igarota, ebazpenik eman ez bada, aurkeztutako eskaera baietsitzat joko da.
Aldeek nahitaez bete beharko dituzte baimena emateko ebazpenean ezartzen diren betebeharrak, eta jarduketen benetako hasiera-data jakinarazi beharko dute, gutxienez 48 ordu lehenago, eta, gainera, egingo diren lanordu-tarteak adierazi beharko dituzte, betiere hurrengo puntuan aurreikusitakoaren arabera.
LARRIALDIETAKO ERAGIKETAK
Matxurek, istripuek edo berehalako konponketa eskatzen duen beste edozein ezustekok eragindako kalteak lehenbailehen konpontzeko beharrezkoak diren jarduketak dira.
Kasu horretan, bi alderdiek honako hau bete beharko dute:
Berehala jakinaraztea posta elektroniko edo telefono bidez, honako hauek adierazita: errepidea, PK, kokapena, aurreikusitako jarduketa, seinaleztapen-krokisa eta lanen balizak, bai eta beste edozein datu garrantzitsu ere.
Obrak hasi aurretik, ukitutako beste aldearen berariazko baimena lortu beharko da, eta obrak behar bezala egiten direla zainduko da, eta, hala badagokio, unean-unean egin beharreko aldaketak adieraziko dira. Jarraibide horiek nahitaez bete beharrekoak izango dira.
Muturreko larrialdietan izan ezik, «ohiko eragiketetarako» ezarritako ordu-tarteetan eta baldintza orokorrekin egingo da.
MATXUREN KASUAN ZERBITZU- ETA KOORDINAZIO-MAILAK
Prozedura bat ezarriko da matxuren berri emateko eta baimenak kudeatzeko, Interbiaken eta EJSSren artean.
ABISUAK SEGURTASUN SAILARI
EJSSren instalazioekin lotutako edozein matxura, intzidentzia edo abisu, edo neurri handiagoan edo txikiagoan azpiegitura horrek garraiatzen dituen DSGVren zerbitzuen funtzionamendu egokiari eragin diezaiokeen beste edozein, berehala jakinaraziko zaio EJSSren Telekomunikazioak eta Sistema Informatikoak Kudeatzeko Zuzendaritzako Erabiltzaileentzako Arreta Zentroari:
Arreta Zerbitzua. Telefonoa: 94 607 81 51; helbide elektronikoa: arreta@seg.euskadi.eus
Zerbitzu horretan intzidentzia bat irekiko da, haren datu garrantzitsuenak adierazita (irismena, eragin-maila, aurreikusitako datak...), bai eta intzidentziarako harremanetarako pertsonak eta enpresak ere.
Era berean, Interbiakek Segurtasun Sailari jakinaraziko dio lan-baimenen eskaerei emandako erantzuna Telekomunikazioak eta Sistema Informatikoak Kudeatzeko Zuzendaritzaren bitartez, eta eskaeraren xede diren lanetarako nahitaez bete beharreko arauak erantsiko zaizkio erantzun horri.
ABISUAK INTERBIAKI
Baimendutako lanak noiz hasiko diren gutxienez lanak hasi baino astebete lehenago jakinaraziko zaio Interbiaki, helbide elektroniko hauetara abisua bidaliz:
teknika@interbiak.eus eta ustiaketa-arduraduna (scubero@interbiak.eus).
EJSSk sustatutako lanen ondorioz errepideak edo komunikazio-lineak behar bezala erabiltzeari eragin diezaiokeen intzidentziaren bat gertatzen bada, EJSSk berehala jakinaraziko dio Peñascaleko kontrol-zentroari (telefono-zenbakia: 94 646 21 42).
Konpontzeko edo diagnostikatzeko premiazko esku-hartzeetarako, Peñascaleko kontrol-zentroarekin jarri behar da harremanetan (telefono-zenbakia: 94 646 21 42).