Arautegia
Inprimatu45/2023 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita lizentzia bat emateko akordioa, irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko maiztasun-modulazioko uhin metrikoetan. Horretarako lehiaketa publikorako deialdia Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak egin zuen, 2021eko urriaren 5eko Agindu bidez.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 71
- Hurrenkera-zk.: 1810
- Xedapen-zk.: 45
- Xedapen-data: 2023/04/04
- Argitaratze-data: 2023/04/14
Gaikako eremua
- Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
- Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak
Testu legala
2023ko martxoaren 28an eginiko batzarrean, Gobernu Kontseiluak onetsi du, akordio bidez lizentzia bat ematea, irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko maiztasun-modulazioko uhin metrikoetan. Horretarako lehiaketa publikoaren deialdia Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak egin zuen, 2021eko urriaren 5eko Agindu bidez. Horrenbestez, erabaki horri beharrezko publizitatea emateko, hau
Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 4a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
Maiztasun-modulazioko uhin metrikoetako irratidifusio soinudunaren plan tekniko nazionala onartzen duen irailaren 1eko 964/2006 Errege Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoak esleitu beharreko 34 frekuentzia, osotara, planifikatu zituen. Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko, azaroaren 8ko, 231/2011 Dekretuaren 7.1 artikuluarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoan maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentziak emateko lehiaketa publikoaren oinarri arautzaileak onartu zituen Gobernu Kontseiluak 2012ko otsailaren 28ko bilkuran. Azkenik, Kulturako sailburuaren 2012ko otsailaren 29ko Aginduaren bidez, lehiaketa publikorako deialdia egin zen.
Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko azaroaren 8ko 231/2011 Dekretuaren 14. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez eta Balorazio Mahaiak egindako proposamena ikusita, lizentziak ematea erabaki zuen. Lehiaketa publiko horretan azkenean onartutako esleipenen ondorioz, Gobernu Kontseiluak 2019ko otsailaren 19an erabaki zuen, besteak beste, Ameba Kultur Elkarteari lizentzia ematea Getxoko 105.6 MHz frekuentzian irrati-difusioko zerbitzua emateko. 2019ko martxoaren 4an, Elkarteak esleipena formalizatzeko administrazio-agiria sinatu zuen, eta, Aurrerapen Digitalerako Estatu Idazkaritzaren 2019ko martxoaren 15eko Ebazpenaren bidez, jabari publiko erradioelektrikoa modu pribatiboan erabiltzeko beharrezko jabari publikoaren emakida eman zitzaion.
Hala ere, 2020ko otsailaren 13an, Ameba Kultur Elkarteak formalki aurkeztu zuen irrati-komunikazioko zerbitzuaren lizentziari uko egitea, elkarteak beharrezko erabakia hartu ondoren.
Beraz, 2020ko abuztuaren 25ean, Gobernu Kontseiluak erabaki zuen Getxoko 105.6 MHz frekuentziari dagokion irrati-komunikazioko zerbitzuaren lizentziari Ameba Kultur Elkarteak egindako uko formala onartzea, eta, ondorioz, Ameba Kultur Elkarteari emandako lizentzia iraungitzat jotzea, titularrak formalki uko egin bait zion.
Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 27.2 artikuluan (Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko uztailaren 7ko 13/2022 Legeak indargabetutako legea, alegia) xedatutakoaren arabera, lizentzia bakarra libre geratzen zenean, administrazio eskudunak lehiaketaren deialdia egin beharko zuen, hura esleitzeko, gaikuntza-titulu gehiago liberatu arte itxaron gabe.
55/2021 Ebazpenean, irailaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Getxoko FM 105.6 MHz frekuentziari dagokion irrati-komunikazioko zerbitzua eskaintzeko lizentzia emateko lehiaketa publikoa arautzen duten oinarriak onartzen dituen erabakia argitaratu zen.
Hori guztiagatik, Getxoko 105.6 MHz frekuentziari dagokion irrati-komunikazioko zerbitzuaren lizentzia emateko lehiaketa publikoaren deia egin zen 2021eko urriaren 5eko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren Agindu bidez.
Bada, lehiaketaren oinarrien hogeita seigarren klausulak honakoa xedatzen du:
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, eta Balorazio Mahaiak egindako proposamena ikusita, Gobernu Kontseiluak lizentziak ematea erabakiko du. Hala ere, lizentziak esleitu gabe utz daitezke, baldin aurkeztutako eskaera batek ere ez baditu eskatutako baldintzak betetzen.
Lizentzia emateko erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei.
Balorazio Mahaiak, 2023ko martxoaren 15ean egindako bileran, Getxoko 105.6 MHz maiztasunari dagokion lizentzia esleitzeko proposamena Gobernu Kontseiluari aurkeztea onartu zuen.
Hogeita zazpigarren oinarrian adierazten denez, interesdunari lizentzia eman zaiola jakinarazi eta gero, hilabeteko epean sinatuko da dagokion administrazio-agiria. Agiri horretan sartuko dira esleipendunak bere eskaintza teknikoan hartutako konpromisoak, eta zerbitzu emaileak nahitaez bete beharko ditu konpromiso horiek. Horren eskumena Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen zuzendariak du, berari dagokiolako ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzuak eskaintzeko beharrezko titulu juridikoak emateko prozeduren administrazio-kudeaketa egitea.
Ondorioz, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2023ko martxoaren 28an egindako bilkuran aztertu ondoren, honako erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa. Getxoko (Bizkaia) 105.6 MHz frekuentziari dagokion lizentzia ematea Agrupación Radiofónica SAri maiztasun-modulazioko uhin metrikoetako irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko urriaren 5eko Aginduaren bidez egindako lehiaketa publikoaren oinarriei jarraiki.
Bigarrena. Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen zuzendaritzak administrazio-agiria formalizatzea, lehiaketaren oinarrien hogeita zazpigarren klausulari erreparatuta.
Hirugarrena. Erabaki hau esleipendunari eta interesdunei banan-banan jakinaraztea, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko azaroaren 8ko 231/2011 Dekretuaren 14.6 artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Laugarrena. Agintzea Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariak erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.