Arautegia

Inprimatu

36/2023 EBAZPENA, martxoaren 20koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Patente eta Marken Espainiako Bulegoa organismo autonomoarekin sinatutako hitzarmena, jabetza industrialaren arloan lankidetza-esparru bat ezartzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 61
  • Hurrenkera-zk.: 1495
  • Xedapen-zk.: 36
  • Xedapen-data: 2023/03/20
  • Argitaratze-data: 2023/03/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Industria; Instituzional

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu egin du aipatutako hitzarmena, eta, publikotasun egokia emateko, hau

Vitoria-Gasteizen, 2023ko martxoaren 5ean.

BILDU DIRA

Alde batetik, Aida Fernández González andrea, Patente eta Marken Espainiako Bulegoa organismo autonomoko (aurrerantzean PMEB) zuzendaria, urriaren 4ko 827/2022 Errege Dekretuaren bidez izendatua (2022ko urriaren 5eko BOE), haren ordezkari gisa, Jabetza Erregistroa sortzeari buruzko maiatzaren 2ko 17/1975 Legearen bosgarren artikuluak eta Patente eta Marken Espainiako Bulegoa arautzen duen uztailaren 24ko 1270/1997 Errege Dekretuaren seigarren artikuluak ematen dizkioten ahalmenen arabera.

Bestetik, María Aranzazu Tapia Otaegui andrea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, lehendakariaren irailaren 7ko 23/2020 Dekretuaren bidez hala izendatuta (2020ko irailaren 8ko EHAA, 177. zk.), eta Gobernu Kontseiluaren 2023ko otsailaren 14ko baimena baliatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren (aurrerantzean, Euskal Autonomia Erkidegoa edo Autonomia Erkidegoa) izenean adostasuna emateko eta hitzarmena sinatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 62. artikuluan araututa dagoen bezala.

ADIERAZTEN DUTE

Lehenengoa. PMEB Estatuko Administrazio Orokorraren organismo autonomoa da, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioari atxikia, eta, lehen aipatutako 1270/1997 Errege Dekretuaren 2. artikuluaren arabera, Estatuari dagokion administrazio-jarduera du esleituta jabetza industrialaren arloan, eta, era berean, haren eskumenekoa da Espainiako enpresen artean jabetza industrialaren inguruan sentsibilizatzeko, hura sustatzeko eta hura erabiltzeko jarduketak egitea.

PMEBk garapen teknologikoa eta ekonomikoa bultzatzen eta babesten du, eta babes juridikoa ematen die jabetza industrialeko modalitateei, eta, horretarako, honako hauek ematen ditu: patenteak eta baliagarritasun-modeloak (asmakuntzak); diseinu industrialak (forma-sorkuntzak); marka eta izen komertzialak (zeinu bereizgarriak); eta produktu erdieroaleen topografiak babesteko tituluak. Era berean, jabetza industriala babesteko era desberdinei buruzko informazioa zabaltzen du PMEBk.

PMEBk, beraz, eginkizun bikoitza du: lehenik eta behin, jabetza industrialeko tituluak ematea, kasu bakoitzari dagozkion eskaerak aztertu ondoren, eta, bigarrenik, informazio teknologikoko zerbitzuak eskaintzea, PMEBk eta atzerriko beste bulego batzuek emandako jabetza industrialeko modalitateetako informazioan oinarrituta.

Berrikuntza eta garapen teknologiko nazionala sustatzeko helburuarekin, PMEBk 2021-2024 Plan Estrategikoa garatu du Jabetza Industrialaren arloan. Plan horrek helburu orokorrak hedatzen ditu, estrategia eta proiektu multzo batean gauzatzen direnak. Hain zuzen, estrategia eta proiektu horiek PMEBko sail guztien parte-hartzearekin egin dira, eta, era berean, alderdi interesdunei kontsulta publikoa egin zaie horretarako. Plan Estrategikoa bost helburu orokorretan dago egituratua, eta horietako bakoitzak proiektu multzo bat garatzen du.

Zehazki, hitzarmen hau 1. Helburu Orokorrean xedatutakoaren babesean kokatzen da: Jabetza industrialaren erabilera estrategikoa sustatzea; 1.1 Estrategia: Jabetza industrialaren ezagutza indartzea aktibo estrategiko gisa; 1.1.1 Proiektua: Espainiako Administrazio Publikoari zuzendutako jabetza industriala sustatzeko ekintzak diseinatu eta ezartzea, aktibo babestuen errentagarritasuna barne.

Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoak betearazteko eskumenak ditu jabetza industrialaren arloan, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 12.4 artikuluan jasotzen denez, eta interesa du Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzaren bidez informazio integrala emateko Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei, ikerketa-zentroei, unibertsitateei eta ekintzaileei, bai eta haien garapen teknologikoa bultzatzeko ere.

Hirugarrena. Bi erakundeek lankidetza-bide bat ezarri nahi dute prestakuntza-, informazio- eta sentsibilizazio-sistema integratu bat garatu eta, horrela, eskualdeko unibertsitateei, ikerketa- eta berrikuntza-zentroei eta enpresei jabetza industrialeko eskubideak behar bezala babesten laguntzeko. Horrek Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-ehunaren lehiakortasuna hobetuko du, eta ezagutza behar bezala transferitzen lagunduko die unibertsitateei.

Lankidetza hori bat dator 2030 Agendako Garapen Jasangarrirako Helburuetako (GJH) 8. eta 9. helburuekin (8. GJH: lan duina eta hazkunde ekonomikoa; eta 9. GJH: Industria, Berrikuntza eta Azpiegiturak).

Horregatik guztiagatik, alde guztiek, beren gaitasuna eta eskumena elkarri aitortuz, erabaki dute hitzarmen hau sinatzea, eta hauek izango dira lankidetza-hitzarmena arautuko duten

KLAUSULAK

Lehenengoa. Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Patente eta Marken Espainiako Bulegoa organismo autonomoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetzaren baldintzak ezartzea, erregistratu beharreko informazio teknologikoa zabaltzeko, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan jabetza industrialeko eskubideak hobeto ezagutu, babestu eta bete daitezen sustatzeko ere, eta, horretarako, jabetza industrialeko eskubideak faltsutzearen aurka borrokatzeko egokitzat jotzen diren jarduerak egitea.

Bigarrena. PMEBren betebeharrak.

PMEB honako jarduera hauek egitera behartzen du hitzarmenak:

  1. Dagokion ziurtagiriaren bidez akreditatzea Euskal Autonomia Erkidegoak Jabetza Industrialeko Informazioko Eskualde Zentro izendatutako zentroa, eta hari identifikazio-kode bat ematea.

  2. Autonomia Erkidegoak izendatutako langileei Jabetza industrialari buruzko prestakuntza egokia ematea, bai eta eskualdeko enpresen lehiakortasuna hobetzea ahalbidetuko duten alderdiei buruzkoa ere. PMEBk faltsutzearen aurka borrokatzeko eta jabetza industrialeko eskubideak betetzea sustatzeko jarduerak emango ditu eta/edo, hala badagokio, lankidetzan jardungo du horiek gauzatzen. Era berean, PMEBk berak emandako zerbitzuei buruzko informazioa eta prestakuntza emango die Autonomia Erkidegoak izendatutako langileei.

  3. Gaur egun bere esku dituen edo etorkizunean egiten diren dibulgazio-material edo -tresnen kopiak edo horietarako sarbidea ematea.

  4. Eskualdeko informazio-zentroei laguntzea dokumentazioa bilatzeko, patentagarritasun-azterlanak egiteko eta patenteak eskatzeko prozesuetan, eta zalantzak zuzenean ebazteko mekanismo bat ezartzea eskualde-zentroko arduradunekin.

  5. Hitzarmenaren aplikazio-eremuan sartuta dauden zentroek eskatzen dituzten zaintza teknologikoko txostenen eta patenteen txosten teknologikoen prezioari % 30eko deskontua aplikatzea, Patente eta Marken Espainiako Bulegoaren prezio publikoak ezartzen dituen ekainaren 16ko IET/1186/2015 Aginduaren bigarren apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

    Hirugarrena. Autonomia Erkidegoaren betebeharrak.

    Hitzarmen honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak honako jarduera hauek egiteko betebeharra hartzen du bere gain:

  1. Bere egituraren barruan, hitzarmen honen edukia gauzatzeaz arduratuko den unitate bat izendatzea.

  2. Jabetza industrialaren garrantzia eta erabilgarritasuna jendarteratzea, bai eta hura betetzearena eta jarduera-programen barruan faltsutzearen aurka borrokatzeko premiarena ere.

  3. Hirugarrenei patenteen eta jabetza industrialeko beste titulu batzuen informazioarekin lotutako zerbitzuak ematea, betiere haien lege-erregulazioarekin bat etorriz. Zerbitzu horiek, fakturatuz gero, PMEBren prezio publikoak ezartzen dituen Aginduaren arabera bakoitzari dagokion prezioan fakturatu beharko dira gutxienez.

  4. Lankidetzan jardutea informazio-jardunaldiak egitean, baita PMEBrekin adosten den beste edozein jardueratan ere, enpresei, ikerketa-zentro publikoei, unibertsitateei, ekintzaileei, berrikuntza-zentroei eta antzeko beste batzuei jabetza industrialeko sistemen berri emateko.

  5. PMEBk faltsifikazioen aurka urtero egiten dituen sentsibilizazio-kanpainak zabaltzea, eskura dituen baliabideen bidez.

  6. Bere webgunean PMEBren webgunerako zuzeneko esteka bat jartzea.

  7. Autonomia Erkidegoko beste erakunde batzuekin lankidetzan jardutea, haiek sustatutako informazio-jardunaldiak antolatzeko, eta PMEBri laguntzea horietan parte hartzen.

    Laugarrena. Langileen araubidea.

    Alderdi bakoitzaren langileen araubideak, baterako jarduerak egiten badira, honako alderdi hauek hartuko ditu kontuan:

    1. Ez du inola ere ekarriko harreman juridiko edo administratiboa aldatzea, eta ez da beste alderdiaren aurrean inolako eskubiderik eskuratuko hitzarmen honen bidez.

    2. Bakoitzaren erakundearen barne-funtzionamenduko arauak errespetatu beharko dira.

      Bosgarrena. Alderdi ekonomikoak.

      Alderdiek berariaz adosten dute lankidetza-hitzarmen honen xede diren zerbitzuak elkarri emateak ez duela ekarriko alderdien arteko inolako ordainketarik. PMEBk eta Autonomia Erkidegoak beren gain hartuko dituzte prestakuntza- eta hedapen-jarduerak egitearen ondorioz beren langileek sortzen dituzten gastuak.

      Lankidetza horrek ezingo du ekarri alderdien mendeko langileen gastuak handitzea, ez giza baliabideen gehikuntzagatik, ez haien ordainsariengatik, ez eta beste edozein kontzepturengatik ere.

      PMEBk garatuko dituen jarduketei dagokienez, Patente eta Marken Espainiako Bulegoaren prezio publikoak ezartzen dituen ekainaren 16ko IET/1186/2015 Aginduaren bigarren eta hirugarren puntuetan adierazitakoa beteko da.

      Hitzarmen honek ez du eduki ekonomikorik.

      Seigarrena. Araubide juridikoa.

      Hitzarmen hau administratiboa da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean (VI. kapitulua, Atariko titulua) xedatutakoari jarraituko dio.

      Zazpigarrena. Jarraipen-, zaintza- eta kontrol-batzordea.

      Hitzarmen honetan jasotako akordioen kontrola eta jarraipena egiteko, jarraipen-batzorde bat sortuko da, eta alderdi bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute.

      PMEBren bi ordezkariak PMEBren zuzendariak izendatuko ditu.

      Euskal Autonomia Erkidegoko bi ordezkariak Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariak izendatuko ditu.

      PMEBko ordezkarietako bat izango da Jarraipen Batzordeko presidentea. Idazkariak hitza eta botoa izango ditu, eta Jarraipen Batzordeko kideek hautatuko dute, aho batez.

      Jarraipen Batzordearen eginkizuna izango da hitzarmen hau interpretatzean eta betetzean sortzen diren arazoak ebaztea, bai eta hitzarmena aplikatzeko adosten diren jardueren jarraipena egitea ere.

      Bi alderdiek, ordezkari horien bitartez, hitzarmenaren eremu objektiboan jabetza industrialeko eskubideen babesa, haren forma guztietan, sustatzeko interesgarritzat jotzen den beste edozein jarduketa egitea proposatu ahal izango dute, hitzarmen honen indarraldian.

      Jarraipen Batzordea presidenteak deitzen duenean bilduko da.

      Batzorde hori, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.1.f) artikuluan xedatutakoaren arabera, hitzarmenaren eta sinatzaileek hartutako konpromisoen jarraipen, zaintza eta kontrolerako alderdiek adostu duten tresna da, eta aipatutako Legearen 51.c) eta 52.3 artikuluetan xedatutakoaren arabera gauzatuko ditu bere eginkizunak.

      Zortzigarrena. Gatazken ebazpena.

      Bi alderdiek konpromisoa hartzen dute hitzarmenaren edukiaren interpretazioa, aldaketa, ondoreak edo suntsiarazpena eragin dezakeen edozein desadostasun elkarrizketa eta negoziazioaren bidez lagunkiro ebazteko Jarraipen Batzordean. Hitzarmenaren administrazio-izaera kontuan hartuta, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organoek aztertu beharko dituzte hitzarmen honen jarraipen-batzordean ebatzi ezin izan diren gatazkak, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera.

      Bederatzigarrena. Hitzarmena aldatzeko araubidea.

      Hitzarmenaren edukia aldatzeko, sinatzaileen ahobatezko adostasuna beharko da, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.g) artikuluarekin bat.

      Hamargarrena. Hitzarmena azkentzea.

      Hitzarmen hau azkendu egingo da hitzarmenaren xede diren jarduketak betetzen direnean edo suntsiarazpen-arrazoiren bat dagoenean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz:

    1. Hitzarmenaren indarraldia amaitzea, hitzarmenaren luzapena erabaki gabe.

    2. Sinatzaile guztien ahobatezko erabakia.

    3. Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebehar edo konpromisoak ez betetzea.

      Kasu horretan, aldeetako edozeinek errekerimendu bat egin ahal izango dio betebehar edo konpromisoak bete ez dituen aldeari, 60 eguneko epean bete gabekotzat jotzen diren betebehar edo konpromiso horiek bete ditzan. Errekerimendu hori jakinaraziko zaie hitzarmena egikaritzearen jarraipen-, zaintza- eta kontrol-mekanismoaz arduratzen denari eta gainerako alderdi sinatzaileei.

      Baldin eta, eskarian adierazitako epea igarotakoan, urraketak bere horretan jarraitzen badu, hitzarmena suntsiarazteko arrazoia jakinaraziko die zuzentzeko eskatu zuen alderdiak sinatzaileei, eta, beraz, hitzarmena suntsituta geratuko da.

    4. Epaileak hitzarmena deuseztatzeko erabakia hartzea.

    5. Hitzarmenean edo gainerako legeetan aurreikusi den eta goian jaso ez den beste edozein arrazoi.

      Aldez aurretik suntsiarazten den kasu guztietan, alderdiek konpromisoa hartzen dute abian diren jarduerak amaitzen diren arte jarraitzeko, epe luzaezinean, hau da, uneko urtea amaitu arte. Azkentze aurreratuak ez du sortuko kalte-ordainetarako eskubiderik alderdien artean.

      Hamaikagarrena. Hitzarmenaren eraginkortasuna eta indarraldia.

      Alderdiek adostasuna emanez burutuko da hitzarmena, eta eraginkorra izango da Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatutakoan, formalizatzen denetik bost egun balioduneko epean, hargatik eragotzi gabe ondoren Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, formalizatzen denetik 10 egun balioduneko epean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.8 artikuluan ezarritakoaren arabera.

      Hitzarmen hau bertan zehazten diren jarduerak egitera mugatzen da, eta lau urteko indarraldia izango du.

      Aurreikusitako epea amaitu aurreko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahal izango dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez.

      Hitzarmen hau irakurri ondoren, eta ados daudela adierazteko, alderdiek bi ale sinatu dituzte ondore bakarrerako, hasieran adierazitako lekuan eta egunean.

      Patente eta Marken Espainiako Bulegoa Organismo Autonomoko Zuzendaria,

      AIDA FERNÁNDEZ GONZÁLEZ.

      Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

      MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik