Arautegia

Inprimatu

30/2021 EBAZPENA, ekainaren 8koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Estatuaren Administrazio Orokorrarekiko hitzarmen bat argitaratzea. Hitzarmen horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoa Sistema Kartografiko Nazionalean sartzen da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 117
  • Hurrenkera-zk.: 3421
  • Xedapen-zk.: 30
  • Xedapen-data: 2021/06/08
  • Argitaratze-data: 2021/06/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional; Informazio etak komunikazioak; Sailak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du aipatutako hitzarmena, eta, publikotasun egokia emateko, hau

Alde batetik, Jesús Manuel Gómez García jauna, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioko idazkariordea urtarrilaren 17ko 87/2020 Errege Dekretuaren arabera («2020/01/18ko BOE, 16. zk.»), Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren izenean eta hura ordezkatuz uztailaren 23ko FOM/1644/2012 Aginduan eskumenak eskuordetzeari buruz xedatutakoarekin bat etorriz, haren bidez zenbait eskumen eskuordetuta, Estatuaren Administrazio Orokorraren izenean eta hura ordezkatuz, eta Geografiako Kontseilu Gorenaren presidentea den aldetik Sistema Kartografiko Nazionala arautzen duen azaroaren 23ko 1545/2007 Errege Dekretuaren 32.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Beste alde batetik, Ignacio María Arriola López jauna, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua lehendakariaren irailaren 7ko 26/2020 Dekretuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa ordezkatuz Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluak 2021eko martxoaren 30ean onartutako eskuordetzearen arabera.

Alderdi biek gaitasun juridiko nahikoa aitortu diote elkarri; beraz, hitzarmen hau sinatzen dute, nork bere entitatearen izenean, eta, horretarako, hau

AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa. Sistema Kartografiko Nazionala arautzen duen azaroaren 23ko 1545/2007 Errege Dekretuaren 2. artikuluko 1. apartatuan dago ezarrita Sistema Kartografiko Nazionalaren helburua dela informazio geografikoaren arloko egiteko publikoak eraginkortasunez gauzatzea eta, horretarako, eremu horretan eskumenak dituzten operadore publikoen jarduna koordinatzea.

Bigarrena. errege-dekretu horren 3. artikuluko 2.b) apartatuan dago ezarrita sistema horren parte izango direla bai autonomia-erkidegoetako administrazioetan informazio geografikoa jaso, bildu, tratatu edo zabaltzeko egitekoak dituzten entitateak, bai sektore publiko autonomikoko entitateak, sisteman sartu nahi dutela adierazten badute.

Hirugarrena. errege-dekretu horren 3. artikuluko 5. apartatuan dago ezarrita administrazio autonomikoek eta toki-administrazioek, sistema horretan sartzeko eskatzen badute, bete-betean parte hartuko dutela Estatuaren Administrazio Orokorrarekiko hitzarmena sinatzen dutenetik aurrera.

Laugarrena. Euskal Autonomia Erkidegoa 2010ean sartu zen Sistema Kartografiko Nazionalean, behar zen hitzarmena sinatuta, eta, konpromiso hori berritzeko interesa duenez, beste hitzarmen bat sinatu behar du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legera egokituta.

Bosgarrena. alderdi biek nahi dute informazio geografikoaren arloko jarduna koordinatu, elkarrekin eta Sistema Kartografiko Nazionalean sartuta dauden gainerako administrazioekin, honako hauek bermatzearren: informazio kartografiko eta geografikoa modu koordinatuan eta eraginkorrean eratzea; Sistema Kartografiko Nazionalean dauden administrazioetan eskuragarri dagoen informazio kartografiko eta geografikoa jakin eta lokalizatu ahal izatea, eta helburu jakin baterako informazio hori egokia den ebaluatu ahal izatea; hainbat iturritako datu geografikoak koherentziaz konbinatu ahal izatea, eta Sistema Kartografiko Nazionaleko kideek informazio hori guztia partekatu ahal izatea.

Seigarrena. Estatuaren Administrazio Orokorrak (Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioa) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ez dute merkatu-bokaziorik, eta, nolanahi ere, merkatu irekian ez dute egiten hitzarmen honetako lankidetza-jardueren ehuneko 20 edo gehiago ere.

Zazpigarrena. horren ondorioz, alderdi biek nahi dute hitzarmena sinatu, oinarritzat hartuta Sistema Kartografiko Nazionala arautzen duen azaroaren 23ko 1545/2007 Errege Dekretuaren 3. artikuluko 5. apartatuan xedatutakoa.

Hori dela eta, alderdi biek formalizatu dute esparru-hitzarmen hau, Euskal Autonomia Erkidegoa Kartografia Sistema Nazionalean sartzeko eta informazio geografikoaren arloko lankidetzarako gune bat ezartzeko.

KLAUSULAK

Lehenengoa. Hitzarmenaren xedea eta eremu materiala.

Hitzarmen honen helburua da: Euskal Autonomia Erkidegoa Sistema Kartografiko Nazionalean benetan integratzea, Sistema Kartografiko Nazionala arautzen duen azaroaren 23ko 1545/2007 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren Institutu Geografiko Nazionalarekiko lankidetza-jardueren multzoa ezartzea, autonomia-erkidegoaren esparruan informazio geografikoa eratu, eguneratu eta trukatzeko.

Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoa Sistema Kartografiko Nazionalean sartzea.

Hitzarmen honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoa Sistema Kartografiko Nazionalean sartzen da, 1545/2007 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren 2.b) apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz; halaber, bera ukitzen duten edukiak onartzen ditu, artikulu beraren 5. apartatuan ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena. Hitzarmenaren garapena.

Alderdi biek hartuko dute parte Sistema Kartografiko Nazionala garatzeko, informazio geografikoaren arloko jardun-eredua izan dadin. Helburu hori izanik, hitzarmen honen bidez, lankidetzarako esparru orokor bat ezarriko da lan-eremu batzuen arabera.

Alderdi bien arteko lankidetzarako programa zehatz bakoitzean, berariazko hitzarmen bat egin beharko da honako hauek ezartzeko: alderdien konpromisoak, lan-egitaraua, proposatutako helburuak eta horretarako behar diren mekanismoak, jarduketetatik etor daitezkeen gastuak, eta abar. Berariazko hitzarmen-proposamenak bosgarren klausulan araututako jarraipen-batzordeak aztertu eta informatuko ditu, erakunde sinatzaileek onartu aurretik.

Alderdien arteko lankidetza, honela gauza daiteke:

  1. Baterako jarduerak egitea autonomia-erkidegoko lurralde-eremuari dagozkion proiektu edo jarduketetan, helburu hauetariko baten baterako balio badute:

    Alderdiek sortutako informazioa homogeneoa izan dadila bermatzea, koherentzia, jarraitutasuna eta elkarreragingarritasuna ziurtatzearren.

    Kartografiara eta informazio geografikoko sistemetara bideratutako gastu publikoaren efizientzia sustatzea; horretarako, erabilitako baliabide publikoak ez sakabanatzea eta ez bikoiztea, eta erakundearteko lankidetza sustatzea.

    Informazio geografiko eta kartografikoa eguneratuta dagoela eta jendeak eskura dezakeela ziurtatzea.

    Ekoizpen kartografiko ofiziala kalitatekoa dela eta zerbitzu publiko gisa erabil daitekeela ziurtatzea; horrela lagunduko baita informazio geografikorako irispidea publikoa izaten eta sektore kartografiko pribatuaren lehiakortasuna areagotzen.

  2. Autonomia-erkidegoak parte hartzea Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak informazio geografikoaren arloan egiten dituen jarduketetan, lehen aipatutako helburuetarako behar bada, autonomia-erkidegoaren lurralde-eremuan, eta, haren eskumen-eremuan, jarduketa horiek autonomia-erkidegoaren berezko beharrizanetara ondoen egokitzeko balio badute. Zehazki, jardun-arlo hauetan egingo da lan:

    Erreferentzia nazionaleko ekipamendu geografikoa.

    Kartografia eta informazio geografiko ofiziala sortzeko planak.

    Lurraldea behatzeko plan nazionala.

    Kartografiako Erregistro Nagusia.

    Informazio geografikoko azpiegitura nazionala.

    Kontseilu Geografiko Gorena.

    Laugarrena. Azaroaren 23ko 1545/2007 Errege Dekretuaren edukiak betetzeaz eta garatzeaz arduratzen den organo autonomikoa.

    Hitzarmen hau betetzeko eta garatzeko, kartografiaren eta informazio geografikoaren arloko zuzendaritza eskudunaren bitartez ezarriko dira Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko harreman guztiak.

    Bosgarrena. Jarraipen-batzordea.

    Hitzarmena eraginkorra denetik, gehienez ere hilabeteko epean, jarraipen-batzorde bat eratuko da. Alderdi bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute batzordea. Alderdiek idatziz jakinaraziko dituzte beren ordezkarien izenak. Jarraipen-batzordean, Estatuaren Administrazio Orokorra ordezkatzen duten kideen arteko bat Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuaren Ordezkaritzaren ordezkari bat izango da.

    Batzordeburutza txandakatu egingo da, urtebeteko aldi bakoitzeko, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkarien artean, lehenengo horretatik hasita.

    Batzordekideek teknikarien laguntza izan ahal izango dute; aldika bilduko dira, alderdietako baten batek hala eskatzen duenean eta, edonola ere, urtean behin gutxienez, hitzarmen honen funtzionamendu orokorra berrikusteko, eta, bereziki, ardura hauek izango dituzte:

    Lankidetza-aukerak identifikatu, aztertu eta analizatzea, eta, hala badagokio, berariazko hitzarmen bat sustatu eta proposatzea.

    Hitzarmen hau zuzen betetzen dela zaintzea eta hortik eratorritako interpretazio-arazoak ebaztea.

    Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak eta autonomia-erkidegoak sinatzen dituzten berariazko hitzarmenen jarraipena egitea, hartara eragotzi barik hitzarmen horietan bertan behar diren jarraipen-, zaintza- eta kontrol-mekanismoak ezartzeko aukera.

    Hitzarmen hau bete, aplikatu edo interpretatzeko sortzen diren istiluak eta gatazkak ebaztea.

    Alderdi sinatzaileentzako txostenak egitea hitzarmena nola betetzen den jakin dezaten.

    Hitzarmen honetarako luzapenak proposatzea.

    Jarraipen-batzordearen funtzionamenduan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea beteko da.

    Jarraipen-batzordean, kideek aho batez hartuko dituzte erabakiak, ez bestela. Jarraipen-batzordearen bileretako edukia eta erabakiak akta idatzietan kontsignatuko dira beti, eta kideek behar bezala sinatuko dituzte aktok.

    Seigarrena. Indarrean jartzea eta iraupena.

    Hitzarmena burututa geratuko da alderdiek sinatzen dutenean, eta eraginkorra izango da Estatuko Sektore Publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatutakoan. Halaber, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da hitzarmena.

    Hitzarmenak lau (4) urte iraungo du, baina sinatzaileek aho batez luzatu ahal izango dute beste lau (4) urtez; horretarako, behar den eranskina formalizatuko dute.

    Zazpigarrena. Hitzarmena aldatu eta suntsiaraztea.

    Hitzarmenaren xede diren jarduketak betetzen direnean azkenduko da hitzarmen hau, eta, horretaz gain, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, suntsiarazteko beste zergatiko hauetariko baten bat dagoenean:

  1. Hitzarmenaren indarraldia amaitzea, hura luzatzeko erabakirik hartu gabe.

  2. Alderdi sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.

  3. Sinatzaileetariko baten batek bere gain hartutako betebeharrak edo konpromisoak ez betetzea.

    Hala bada, alderdietako edozeinek errekerimendu bat egin eta jakinaraz diezaioke adostutakoa bete ez duen alderdiari, hilabeteko epean bete ditzan betegabetzat jotako betebehar edo konpromisoak. Jarraipen-batzordeari emango zaio errekerimendu horren berri.

    Errekerimenduan adierazitako epea igarota, ez-betetzeak irauten badu, errekerimendua igorri zuen alderdiak beste alderdiari jakinaraziko dio badagoela hitzarmena suntsitzeko arrazoia, eta hitzarmena suntsitua dagoela ulertuko da.

  4. Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judiziala.

  5. Hitzarmenean edo gainerako legeetan aurreikusi gabeko beste edozein arrazoi.

    Nahiz eta hitzarmena suntsitu salaketa formal baten ondorioz, 1545/2007 Errege Dekretuaren 3.5 artikuluaren arabera, edo Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2 artikuluan aurreikusitako beste edozein suntsitze-kausaren ondorioz, suntsitze horrek ezin ditu kaltetu ez aribideko jarduketak edo jarduerak, ez beste alderdiarekiko edo hirugarrenekiko konpromisoa hartua dutenak. Hitzarmena suntsitzeko erabakian, jarduketa horiek edo konpromiso horiek amaitzeko epe luzaezin bat ezarriko da.

    Hitzarmena suntsitzeak ez du eragingo alderdien arteko kontraprestazio-betebeharrik, egiteke dauden betebeharren likidazioa izan ezik.

    Hitzarmen hau aldatu ahal izango da, alderdietako edozeinek proposatuta; horretarako, eranskin bat sinatu beharko dute, hitzarmena amaitu aurretik.

    Zortzigarrena. Jurisdikzioa.

    Hitzarmen hau hitzarmen administratibo bat da eta hauen arabera araututa dago: eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikulua eta hurrengoak.

    Hitzarmen honetatik eratorritako betebeharrak interpretatzearen edo ez-betetzearen ondoriozko auziak, horretarako sortutako jarraipen-batzordeak erabaki ezin izan baditu, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren bidez ebatziko dira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen 29/1998 Legean araututako moduan.

    Ados daudela frogatzeko, hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte, 2021eko maiatzaren 17an.

    Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioko idazkariordea,

    JESÚS MANUEL GÓMEZ FERNÁNDEZ.

    Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

    IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik