Arautegia

Inprimatu

25/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 31koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Amurrioko udalarekin adostutako lankidetza-hitzarmena, jarduketak egiteko Aiaraldea eskualderako berehalako jarduera-planean jasotako (BJP) «Ingurumena eta mugikortasun jasangarria» proiektuaren esparruan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 26
  • Hurrenkera-zk.: 626
  • Xedapen-zk.: 25
  • Xedapen-data: 2023/01/31
  • Argitaratze-data: 2023/02/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional; Sailak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta behar bezalako publizitatea emateko asmoz, honako hau

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 9a.

HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Batetik, María Aranzazu Tapia Otaegui, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, bere karguan jardunez, lehendakariaren irailaren 7ko 23/2020 Dekretuak (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua izendatzeko dena) ezarritako izendapena betez.

Eta, bestetik, Txerra Molinuevo Lańa, Amurrioko Udaleko alkatea, erakunde horren ordezkari gisa, 2020ko azaroaren 12ko osoko bilkuraren erabakiaren bidez egindako izendapenaren bidez bere karguan jardunez.

PARTE-HARTZAILEAK

Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak esleitutako eskumenak baliatuz, eta, halaber, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa.

Bigarrena, Amurrioko Udaleko alkatea, erakunde horren ordezkari gisa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ematen dizkioten eskumenak baliatuz.

Hitzarmeneko aldeek elkarri aitortu diote legezko gaitasun nahikoa dutela lankidetza-hitzarmen hau izenpetzeko eta horretarako honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

  1. 1978ko Espainiako Konstituzioaren I. tituluak ezartzen ditu oinarrizko eskubide eta betebeharrak, eta 45. artikuluan jasotzen du ezen, politika sozial eta ekonomikoaren gida oinarrien artean, pertsona guztiek dutela beren burua egokiro garatzeko ingurune batez gozatzeko eskubidea, bai eta ingurune hori mantentzeko betebeharra ere. Agindu horretan, espezifikoki jasotzen da botere publikoek zainduko dutela baliabide natural guztien erabilera arrazionala, bizitza-kalitatea babestu eta hobetzeko, eta ingurumena defendatu eta berriztatzeko, behar-beharrezko den elkartasun kolektiboan oinarrituz.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 11.1.a) artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari eskumen hau esleitzen dio: ingurumen- eta ekologia-gaietan Estatuaren oinarrizko legeria lege bidez garatu eta bere lurraldean betearaztekoa.

  3. Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) 8. artikuluan ezartzen duenaren arabera, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak dauka ingurumenaren arloko eskumena.

  4. 2015ean, klima-aldaketari aurre egiteko asmoz, «2050erako Klima Aldaketaren Euskadiko estrategia-KLIMA 2050» onartu zen. Eusko Jaurlaritzako sail guztien tresna bateratua da, orain arteko neurriak sendotzeko eta etorkizunean giza garapen jasangarri bat diseinatuko duten neurri berriak hartzeko, 2050. urteari begira. Estrategiak helburu hauek definitzen ditu:

    1. helburua. Gutxienez % 40 murriztea Euskadiko BEG isuriak 2030erako eta % 80 2050erako, 2005eko datuen aldean; 2050erako energia berriztagarriak izatea azken kontsumoaren % 40ren iturria.

    2. helburua. Euskadik klima-aldaketaren aurrean erresilientzia izan dezan bermatzea.

      Murrizteari, egokitzeari eta berriztagarriak ezartzeari buruzko helburu horiek lortzeko, 9 xede eta 24 jardun-lerro definitu dira, 70 ekintzatan zehaztuta.

      Mugikortasun jasangarriaren esparruan, jarduketa horien artean dago 16. ekintza (Eskualde, hiri eta jarduera-zentroetan mugikortasun jasangarrirako planak garatzea), 4. jardun-lerroaren barruan (Intermodalitatea eta BEG emisio txikiagoak dituzten garraiobideak bultzatzea). Jardun-lerro hori, berriz, 2. helburuari dagokio (Emisiorik gabeko garraio baterantz aurrera egitea).

      Ondoren, 2017ko ekainaren 13an, Euskadiko Gobernu Kontseiluak Mugikortasun Jasangarriaren Plan Gidaria 2030 onartu zuen, eta helburu zuen mugikortasun-sistema garatzea, ekonomiaren, gizartearen, energiaren eta ingurumenaren arloetan eraginkorragoa izango dena, eta kalitatezkoa, herrialdearen motor ekonomikoa izan dadin.

  5. 2020ko azaroaren 3an, Gobernu Kontseiluak Euskadiko Ekonomia Suspertu eta Enplegua Sustatzeko 2020-2024 Berpiztu Programa onartu zuen, EAEko erakundeek erantzuna eman ziezaioten COVID-19aren osasun-pandemiak sortutako ekonomia- eta enplegu-krisiari, helburutzat hartuta galdutako enplegua berreskuratzea eta langabezia-tasa % 10etik beherakoa izatea 2024. urterako.

    Aurrerago, 2021eko martxoaren 10ean, Kontseilu Errektoreak eskualde behartsuei edo lehentasunezko jarduketa-eremuei (LJE) bultzada emateko plan berezia abian jartzea onartu zuen.

  6. 2021eko maiatzaren 18an, Eusko Jaurlaritzak 180 milioi euroko aurrekontu-zuzkidura onartu zuen eskualde behartsuak edo lehentasunezko jarduketa-eremuak (LJE) berriz sustatzeko, hautatutako eskualde horiek eraldatzeko behin betiko bultzada emateko eta Euskadiren suspertze- eta eraldaketa-prozesuan atzean gera ez daitezen lortzeko.

  7. 2022ko martxoaren 1ean, lehendakariak Aiaraldea Eskualderako Berehalako Jarduera-Plana aurkeztu zuen Gobernu Kontseiluan, Euskadiko lehentasunezko jarduketa-eremu (LJE) gisa. Berehalako jarduera-plan horrek bat egiten du Ezkerraldea-Meatzaldea, Enkarterri eta Oiartzualdea eskualdeetan dagoeneko abian jarritakoekin.

  8. Aiaraldea Eskualderako Berehalako Jarduera Planak edo BJPak aurreikusten du 33 jarduketa abian jartzea, 8 proiektu traktoretan taldekatuta. Proiektu horiek definitzeko, hain zuzen, modu erabakigarrian parte hartu dute eskualdeko eragile ekonomikoek, sozialek eta erakundeek, partaidetza- eta lankidetza-prozesu baten bidez.

  9. Planean zehaztutako proiektu traktoreen barruan, «Ingurumena eta mugikortasun jasangarria» (A8 proiektu traktorea) dago. Proiektu horren jarduketak bat egiten du eskumenen arloan Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eskumen-arloarekin, proiektuaren xedea baita motorrik gabeko (oinezkoa eta txirrindularia) mugikortasun jasangarria, eta udalerrien arteko eta lurralde historikoen arteko konektibitatea sustatzea.

    Aipatutako proiektu traktorearen barruan, 3 ekimen daude: «Bide berdeen sarea zabaltzea» eta «Mugikortasun jasangarria sustatzeko azpiegiturak», besteak beste. Era berean, horietako bakoitzak gauzatu beharreko jarduketa zehatz bat edo batzuk aurreikusten ditu. «Bide berdeen sarea zabaltzea» ekimenak hauxe jasotzen du Amurrioko udal-mugartean: «Lehengoratze ekologikoa eta mugikortasun jasangarria Armuru errekaren inguruan». Bestalde, «Mugikortasun jasangarria sustatzeko azpiegiturak» ekimenak honako hau jasotzen du: «Aldirietako aparkaleku bat prestatzea, karga elektrikoko 10 punturekin».

  10. Amurrioko Udala Aiaraldea eskualdearen parte da, eta berari dagokio bere lurralde-eremuan tokiko interesak kudeatzea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean ezarritakoaren arabera.

  11. Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 100.1 artikuluak ezartzen duenez, lankidetza-hitzarmenak egin daitezke beren artean edo gainerako administrazioekin, kudeaketa publikoa efizientea izan dadin eta administrazio-bikoiztasunak saihestu edo ezaba daitezen.

    Horregatik, Aiaraldea Eskualderako Berehalako Jarduera Planean aurreikusitako jarduerak gauzatzeko, eta, zehazki, Amurrioko udal-mugartean egin behar diren jarduera horiek gauzatzeko, bi aldeek administrazioen arteko hitzarmen hau egitea adostu dute, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47.2.a) artikuluan xedatutakoaren arabera. Azaldutakoa aintzat hartuta, aldeek hitzarmen hau sinatzen dute, honako klausula hauen arabera:

    KLAUSULAK

    Lehenengoa. Helburua.

    Hitzarmen honen helburua da aldeen arteko lankidetza egituratzea, Amurrioko udal-mugartean Aiaraldea Eskualderako Berehalako Jarduera Planaren A8 Proiektu Traktorearen (Ingurumena eta Mugikortasun Jasangarria) esparruan egingo diren jarduketak gauzatuko direla bermatzeko, akordio hau sinatzen duten bi administrazioek elkarrekin koordinatuta lan eginda, udalerrien eta lurralde historikoen arteko mugikortasuna eta eskualde-konektibitatea hobetzeko eta automobilaren mugikortasuna ez den beste mugikortasun bat sustatzeko. Jarduketa zehatzak hauek dira:

    Lehengoratze ekologikoko eta mugikortasun jasangarriko jarduketa Armuru errekaren inguruan, «Bide berdeen sarea handitzea» ekimenaren barruan.

    «Mugikortasun jasangarria sustatzeko azpiegiturak» ekimenaren barruan, aldirietako aparkaleku bat prestatzea, karga elektrikoko 10 puntu dituena.

    Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren konpromisoak.

    1. Amurrioko Udalari bostehun eta hogeita hamaika mila eta hogeita hamaika euroko (531.031,00 euro) laguntza ematea honako obra hauek egiteko:

      1. Lur publikoetan aldirietako aparkaleku bat eraikitzeko barnean dela ibilgailu elektrikoak kargatzeko 10 puntu instalatzea laurehun eta hogeita zazpi mila zortziehun eta berrogeita sei euroko laguntza (427.846,00 euro).

      2. Lehengoratze ekologikorako eta mugikortasun jasangarrirako, ehun eta hiru mila ehun eta laurogeita bost euroko laguntza (103.185,00 euro).

    2. Amurrioko Udalari zenbateko hauek transferitzea:

      1. 2022. urtea: 44.716,00 euro.

      2. 2023. urtea: 486.315,00 euro.

        Programen jarduketen finantzaketa ondoren zehaztutako jarduketen araberako xehakapenari jarraituz egingo da:

        (Ikus .PDF)

        (Ikus .PDF)

        Hirugarrena. Amurrioko Udalaren konpromisoak.

        1. Proiektuaren jarduketak 2024ko abenduaren 31 baino lehen egitea, eta aurreko puntuan aurreikusitako funtsak hitzarmen honetan jasotako jarduketak egikaritu eta garatzeko aplikatzea.

        2. Zenbatekoa aurreko puntuan ezarritako epean egikaritu beharreko inbertsioaren jarduketa zehatzetara bideratzea.

        3. Jarduketa bakoitzaren amaierako kostu errealaren % 15 bere gain hartzea gutxienez.

        4. Behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak bideratzea egikaritze-epeak betetzeko eta horrekin lortu nahi diren emaitzak maximizatzeko.

        5. Proiektua egin izana justifikatzea, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailera igortzea hitzarmen honetan jasotako dokumentazioa (laugarren klausula).

        6. Administrazioaren jardunean objektibotasun, publikotasun eta gardentasun printzipioen bidez jokatzea.

        7. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari beharrezkoa den informazioa ematea jarduketen eta transferitutako funtsen gauzatzearen egoeraren jarraipena egiteko.

        8. Beharrezkoak diren neurriak bultzatzea, bai arauemaileak, bai kudeaketaren arlokoak, jarduerak egiten direla bermatzeko.

        9. Jarduketak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren finantzaketarekin egiten direla adieraztea publikoki.

        10. Erakunde onuradunak jarduerak azpikontratatu ahal izango ditu, osorik nahiz partzialki, diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100 gehienez ere. Halaber, kontratazioak dirulaguntzaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, dirulaguntza ematen duen erakundeak aldez aurretik baimendu beharko du kontratazioa, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Halako kasuetan, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak emango du baimena diruz lagundutako jarduerak egitea xede duten kontratu horiek egiteko.

        11. Emandako laguntza ezingo da izan jarduera horietako bakoitzaren amaierako kostuaren % 85 baino handiagoa. Transferitutako zenbateko horrek % 85 hori gainditzen badu, erakunde onuradunak aldea itzuli beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari.

          Laugarrena. Finantzaketa, ordaintzeko modua eta justifikazioa.

        1. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Amurrioko Udalari egin beharreko ekarpena 2022.1000542100.1.44210.72100.2022/001960 eta 2022.1000542100.1.44210.72100.2022/001961 aurrekontu-kredituen kontura egingo da, edo, hala badagokio, haien ordezkoen kontura, gehienez ere bostehun eta hogeita hamaika mila eta hogeita hamaika (531.031,00) euroko guztizko zenbatekoarekin, bigarren klausulan ezarritako banaketaren arabera.

        2. Finantzatu beharreko zenbatekoa Eusko Jaurlaritzak ematen duen dirulaguntza zuzen bidez ematen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.7 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22.2.c) artikuluan ezarritakoaren babesean.

        3. Konprometitutako urterokoak ez aldatzeko, behar bezala justifikatutako salbuespenezko arrazoiengatik jarduketak ezin badira gauzatu aurreikusitako epean, gauzatze- eta justifikazio-epea luzatzeko eskatu ahal izango da. Eskaera hori epea amaitu baino lehen egin beharko da. Luzapen hori hitzarmenaren Jarraipen Batzordeak baloratu eta onartu beharko du.

        4. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, hitzarmen hau sinatu ondoren, lehen ordainketa bat transferituko dio Amurrioko Udalari, berrogeita lau mila zazpiehun eta hamasei eurokoa (44.716,00 euro), hitzarmenaren arabera hitzartutako guztizko zenbatekotik, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatu ondoren.

          Bigarren ordainketa bat egingo da, 2023ko ekainaren 1a baino lehen, laurehun eta laurogeita sei mila hirurehun eta hamabost eurokoa (486.315,00 euro), Amurrioko Udalak, 2023ko maiatzaren 1a baino lehen, finantzaketaren xede diren jarduketak behar bezala egin direla egiaztatzen duen txosten bat aurkeztu ondoren. Txosten horretan, egindako jarduketen azalpen-memoria jasoko da, bai eta gutxienez 52.607,06 euroko zenbatekoa duten obren eta egindako ordainketen ziurtagiria edo ziurtagiriak ere, jarduketa bakoitzaren arabera honela banakatuta:

          Aldirietako aparkalekua prestatzea, karga elektrikoko 10 puntu barnean direla, 29.077,65 euroko gutxieneko zenbatekoarekin.

          Lehengoratze ekologikoa eta mugikortasun jasangarria Armuru errekaren inguruan, 23.529,41 euroko gutxieneko zenbatekoarekin.

          Azken justifikazio gisa, Amurrioko Udalak, 2024ko martxoaren 31 baino lehen, finantzaketaren xede diren jarduketak behar bezala egin direla egiaztatzen duen txosten bat aurkeztu beharko du. Txosten horretan, egindako jarduketen azalpen-memoria bat jasoko da, bai eta gutxienez 572.135,29 euroko zenbatekoa duten obren eta egindako ordainketen ziurtagiria edo ziurtagiriak ere, jarduketa bakoitzaren arabera honela banakatuta:

          Aldirietako aparkalekua prestatzea, karga elektrikoko 10 puntu barnean direla, 474.270,59 euroko gutxieneko zenbatekoarekin.

          Lehengoratze ekologikoa eta mugikortasun jasangarria Armuru errekaren inguruan, 97.864,70 euroko gutxieneko zenbatekoarekin.

          Bosgarrena. Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekiko bateragarritasuna.

          Hitzarmen honen esparruan emandako dirulaguntza bateragarria izango da erakunde honek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako eman ditzaketen beste dirulaguntza batzuekin, betiere ez bada gainfinantzaketarik gertatzen hitzarmenaren xede diren jardueren kostuaren gainean.

          Edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarik lortuz gero, Amurrioko Udalak horren berri eman beharko dio Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, inguruabar hori jakin eta hamar egun balioduneko epean; halaber, zehatz adierazi beharko du zein den organo emailea eta zenbat diru esleitu dion.

          Hitzarmen honen babesean emandako ekarpen ekonomikoen zenbatekoak, helburu bera duten beste diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, ezin izango du inola ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19.3 artikuluak dioenez.

          Kasu horretan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak emandako laguntzari soberakina kenduko zaio.

          Seigarrena. Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Mistoa.

        1. Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Misto bat sortuko da, alde sinatzaileen ordezkari hauek osatua:

          1. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren titularrak izendatutako bi ordezkari; horietako bat batzordeburua izango da.

          2. Toki-erakunde betearazleak izendatutako bi ordezkari.

            Jarraipen Batzordea sei hilean behin bilduko da, edo beharrak hala agintzen duen bakoitzean.

            Jarraipen Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen adituak eta teknikariak gonbidatu ahal izango ditu bileretara, aztergaiei buruzko aholkuak emateko Batzordeari.

        2. Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Mistoak honako eskuduntza hauek izango ditu:

          1. Proiektuak gauzatzen direla egiaztatzea, bai eta lortu nahi diren helburuetara egokitzen direla eta horien bilakaera-maila egokia dela ere.

          2. Hitzarmenaren antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko egokitzat jotzen dituen neurriak hartzea.

          3. Hitzarmenaren interpretazio- eta betetze-arazoak ebaztea.

          4. Hitzarmena gauzatzeko beharrezkoak diren jarduerak koordinatzea, bai eta hitzarmena gainbegiratzea eta horri jarraipena eta kontrola egitea ere.

          5. Proiektu eta jarduerak gauzatzeko, jarraitzeko eta ebaluatzeko beharrezkoak diren dokumentu teknikoak eta txostenak zehaztea.

            Ordezkatutako alde guztiak ados jarrita hartuko dira erabakiak. Klausula honetan berariaz ezarri ez denarekin lotuta, Batzordearen funtzionamendua eta araubide juridikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluko 3. atalean xedatutakoaren arabera arautuko dira.

            Zazpigarrena. Publizitatea.

            1. Planari nabaritasuna eta ikusgarritasuna emateko, toki-erakunde betearazleak jarduketa hauek egingo ditu:

              1. Sare sozialetan eta webgune ofizialetan online hedatzeko jarduerak; halaber, egin beharreko jarduketak deskribatuko dira.

              2. Komunikabide eta, oro har, herritarrentzako informazio-saio bat, ekitaldi publiko baten bidez, planaren helburuen eta jardueren berri emateko.

                Osorik edo partzialki Planaren aurrekontuarekin finantzatuta dauden eta klausula honetan aipatzen diren argitalpen guztietan «Lehentasunezko jarduketa-eremuak, Eusko Jaurlaritzaren finantzaketarekin» legenda sartuko da, bai eta hitzarmena sinatu duten guztien irudi instituzionala ere. Era berean, dirulaguntzaren xede diren jarduketen komunikazio-ekitaldi guztietan bi erakunde sinatzaileetako kideek parte hartuko dute.

                Publizitatea bi hizkuntza ofizialetan hedatuko da, eta proportzio-berdintasunean egiteko ahaleginak egingo dira. Euskarazko sloganak euskaraz sortuko dira hasieratik.

                Zortzigarrena. Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

                Diruz lagundu daitezkeen gastutzat jotzen dira honako hauek: diruz lagundutako jardueraren izaerari inongo zalantzarik gabe erantzuten diotenak, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta hitzarmen honen 4. klausulan zehaztutako epean egiten badira.

                Hitzarmen honen ondorioetarako, egindako gastutzat joko dira justifikazio-epea amaitu aurretik benetan ordaindu diren guztiak.

                Bederatzigarrena. Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.

                1. Ezarritako baldintzak nola edo hala betetzen ez direla frogatzen bada, itzuli egin beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, batetik, jasotako kantitateak, eta, bestetik, sortutako legezko interesak, hala agintzen baitute Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak.

                2. Proiektuaren zati bat betetzen ez bada, itzuli beharreko zenbatekoa finkatzeko, proportzionaltasunaren printzipioa aplikatuko da, eta kontuan edukiko da erabateko burutzapenerako gutxi falta izan den eta tokiko erakunde betearazleak konpromiso guztiak betetzeko asmoarekin jardun duen ala ez.

                3. Itzulketa-prozedura Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez hasiko da. Ebazpen horretan, itzulketa eragin duen arrazoia, bete gabeko betebeharrak eta zenbatekoa adieraziko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 41. eta 42. artikuluen babesean. Ebazpen horren berri emango zaio tokiko erakunde betearazleari, hamabost eguneko epean alegazioak egin eta bere eskubideen alde egokitzat jotzen dituen frogak aurkez ditzan. Dirua itzultzeko ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, prozedura ofizialki hasi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Dirua itzultzeko ebazpenak honako hauek jasoko ditu: tokiko erakunde ez-betetzailearen identifikazioa, itzulketa eragin duen arrazoia, itzulketaren zenbatekoa eta legezko interesak.

                4. Dirulaguntza hori emateko kontuan hartutako baldintzak, edota aldi berean beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edota, hala badagokio, helburu berarekin emandako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk aldatzen badira, dirulaguntza ere aldatu ahal izango da, betiere laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak gordetzen badira, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.12 artikuluan ezarritakoaren arabera, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu baitzuen.

                  Hamargarrena. Suntsiaraztea eta aldatzea.

                1. Hitzarmena azkentzeko arrazoiak izango dira SPAJLren 51. artikuluan jasotakoak:

                  1. Hitzarmenaren indarraldia amaitzea, hitzarmena luzatzeko erabakia hartu gabe.

                  2. Sinatzaile guztien ahobatezko erabakia.

                  3. Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebehar edo konpromisoak ez betetzea.

                    Halakoetan, aldeetako edozeinek errekerimendu bat jakinarazi ahalko dio betebeharrak edo konpromisoak bete ez dituen aldeari, epe jakin baten barruan bete ditzan betegabetzat jotako betebehar edo konpromiso horiek. Errekerimendua hauei komunikatuko zaie: hitzarmenaren betearazpenaren jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoaren arduradunari eta sinatu duten gainerako aldeei.

                    Errekerimenduan azaldutako epea igaro eta ez-betetzeak irauten badu, errekerimendua igorri zuen aldeak alde sinatzaileei jakinaraziko die badagoela hitzarmena suntsiarazteko arrazoia, eta hitzarmena suntsitutzat joko da. Hitzarmena arrazoi horregatik suntsiarazten bada, gerta daiteke sortutako galerak ordaindu behar izatea, hala aurreikusi bada.

                  4. Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judiziala.

                  5. Aurrekoez bestelako edozein arrazoi, hitzarmenean edo beste lege batzuetan aurreikusita badago.

                2. Hitzarmen hau aldatzeko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.g) artikuluan eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren XIII. kapituluan ezarritakoa beteko da, eta eranskin bidez formalizatuko da, legez aurreikusitako izapideen arabera, beharrezkoa den kasuetan.

                  Hamaikagarrena. Indarraldia.

                1. Hitzarmen honek lau urte naturaleko balioa izango du, sinatzen denetik zenbatuta.

                2. Aurreko paragrafoan aurreikusitako epea amaitu aurretik edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahal izango dute hura beste lau urtez luzatzea edo azkentzea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h) artikuluan xedatutakoaren arabera.

                  Hamabigarrena. Datuen babesa.

                  Alderdi sinatzaileek hauek bete behar dituzte, datuen babesari dagokionez: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa eta 95/46/CE Zuzentaraua indargabetzen duena (Datuak babesteko erregelamendu orokorra), eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.

                  Hitzarmen honetan, Amurrioko Udala izango da tratamenduaren arduraduna, aipatutako araudian ezarritako baldintzetan eta bertan ezarritako betebehar eta obligazioei jarraikiz.

                  Hamahirugarrena. Emakumeen eta gizonen berdintasuna.

                  Parte hartzen duten aldeek genero-ikuspegia sartuko dute hitzarmen honekin lotuta egin beharreko jarduketa guztietan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

                  Hamalaugarrena. Aplikatu beharreko araubidea.

                1. Hitzarmen honi aplikatu beharreko araubide juridikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren VI. kapituluan xedatutakoa da. Halaber, dagokionean, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra aplikatuko dira, eta Administrazio Zuzenbideko gainerako arauak aplikatuko dira, sinatzen den hitzarmenean jaso ez diren gaiak interpretatzeari, aldatzeari eta ebazteari dagokienez.

                2. Hitzarmena interpretatzerakoan eta betetzerakoan sortutako auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenaren ardurapekoak eta eskumenekoak izango dira.

                  Azaldutako guztiarekin ados daudelako, aldeek lankidetza-hitzarmen hau sinatzen dute, bi aletan eta orri guztietan, goiburuan adierazitako egunean eta lekuan.

                  Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

                  MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

                  Amurrioko alkatea,

                  TXERRA MOLINUEVO LAŃA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik