Arautegia

Inprimatu

24/2023 EBAZPENA, 2023ko urtarrilaren 30ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko udalekin Mugiment Kirol Txartela (Mugiment KTX) ezartzeko lankidetza-hitzarmenaren eredua argitaratzea xedatzen duena. 2023-2026.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 26
  • Hurrenkera-zk.: 625
  • Xedapen-zk.: 24
  • Xedapen-data: 2023/01/30
  • Argitaratze-data: 2023/02/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional; Sailak

Testu legala

Gobernu Kontseiluak, 2022ko azaroaren 22an egindako bilkuran, aipatutako hitzarmenaren eredua izenpetzea baimentzen duen erabakia onartu du. Horrenbestez, behar den publikotasuna emateko, hau

Vitoria-Gasteiz, sinadura elektronikoan ageri den egunean.

HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, ......... jauna/andrea, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren titularra, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta haren ordezkari gisa diharduena.

Eta, bestetik, ....... jauna/andrea, ..........ko Udaleko alkatea den aldetik, aipatutako udalaren izenean eta ordezkari gisa diharduena.

Bi alderdiek gaitasun eta legitimazio nahikoa aitortzen diote elkarri lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko eta bertan ezartzen diren baldintzetan behartuta geratzeko, eta, horretarako, honako hau

AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko (aurrerantzean, EAE) Administrazio Orokorrak eta hitzarmena sinatzen duten toki-erakundeek euren betebeharren artean daukate herritarrentzako kalitatezko zerbitzuak eskaintzea eta baliabide publikoak esleitzean efizientzia bilatzea, parte-hartzearen, objektibotasunaren, gardentasunaren eta elkarlanaren printzipioen arabera, gainerako administrazio publikoetan xede komunak lortzeko jardutean. Hain zuzen ere, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3.1.k) artikuluan ezartzen da, besteak beste, administrazio publikoen arteko lankidetza-, lankidetza- eta koordinazio-printzipioen errespetua. Era berean, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 100. artikuluan jasotzen da lankidetza-hitzarmena dela kudeaketa publikorako tresnarik eraginkorrena.

Ondorioz, helburu horiek lortzeko, ezinbestekoa da administrazio publikoen arteko lankidetza areagotzeko beharrezkoak diren bideak antolatzea.

Bigarrena. Bi aldeek hitzarmen honen xede den gaian eskumenak dituzte, eta lankidetza-hitzarmen hau formalizatu dute, kirol-azpiegitura publikoen erabileraren arrazionalizazioa hobetzeko eta, horrela, herritarrei zerbitzu zabalagoa eta hobea eskaintzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuko 10.36 artikuluan ezarritakoarekin bat, EAEk eskumen esklusiboa dauka kirol-arloan.

Horrela, botere publiko guztiek bermatu behar dute behar bezala gauzatzen dela kirola egiteko eskubidea. Horretarako, herri-administrazioen arteko lankidetzak arduratsua izan beharko du, kirolaren arloan, eta kirol-instalazioen ahalik eta sarerik onena planifikatu eta sustatu beharko da; hori xedatzen dute, hain zuzen ere, Euskadiko kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen 2.3.m) eta 2.3.p) artikuluek, hurrenez hurren.

EAEren barruko eskumen-banaketari dagokionez, Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen 4.1 artikuluak honako hau ezartzen du: «Autonomia Erkidegoko erakunde komunek kirol arloan Euskal Autonomia Erkidegoari Autonomi Estatutuaren indarrez dagozkion eskumen guztiak erabiliko dituzte, salbu eta lege honetan edo gainontzeko antolamendu juridikoan lurralde historikoetako foru-organoei, udalei edo gainontzeko toki-erakundeei ematen zaizkienak.».

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 17.1.19 artikuluan xedatutakoaren arabera, toki-erakundeei dagokie, berezko eskumen gisa, «Kirola eta kirol-jarduerak antolatzea eta sustatzea, eta erabilera publikoko kirol-ekipamenduak kudeatzea». Ildo beretik, Euskadiko kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legeak, 6.b) artikuluan xedatu duenez, udalei dagokie, bakoitzak bere lurralde-eremuan, udalaren kirol-ekipamenduak kudeatzea eta mantentzea.

Bestalde, eta hitzarmen honen xedeari dagokionez, erakunde erkideen eskumena izango da, jarduera fisikoa sustatzeko eskumena baliatuz, udaleko kirol-ekipamenduen kudeaketa eta mantentzea gainditzen duen oro.

Hirugarrena. «Mugiment Kirol Txartela» (aurrerantzean, Mugiment KTX) txartel birtuala da, eta udalerri bateko udal-kirol zerbitzuko abonatuei aukera ematen die atxikitako kirol-instalazioetara EAE osoan sartzeko. Ekimenaren bidez, kirol-instalazioen eta -praktiken eskaintza handiagoa eman nahi zaie herritarrei, bai eta baliabide publikoen kudeaketa hobetu ere, lehendik dauden kirol-azpiegituren erabilera optimizatuz.

Horregatik guztiagatik, alderdiek hitzarmen hau sinatzea erabaki dute toki-erakundeetako araubideari buruzko oinarrizko legerian eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritako esparruan, honako hauek kontuan izanda,

KLAUSULAK

Lehenengoa. Xedea eta helburua.

  1. Hitzarmen honen xedea da udal sinatzailearen eta EAEko Administrazio Orokorraren arteko lankidetzarako termino eta baldintza orokorrak ezartzea, Mugiment KTX txartela ezartzeko, Mugiment KTX ekimenean parte hartzen duten herrietako udal-instalazioak herritarren eskura jarri ahal izateko, eta, horrela, euskal herritarren kirol-jarduera sustatzeko.

  2. Hitzarmenak helburutzat du jarduera fisikoa sustatzea, sedentarismoa murriztea eta euskal herritarren bizi-kalitatea hobetzea. Horretarako, dauden udal-instalazioen erabilera optimizatu nahi da, ahalik eta pertsona gehienek erabil ditzaten, eta pertsona horiek, aldi berean, erraztasunak izango dituzte kirola egiteko.

    Bigarrena. Mugiment KTX txartel birtuala.

    Mugiment KTX txartel birtuala da, eta, APP baten bidez, aukera ematen die Mugiment KTX ekimenean parte hartzen duten udalerrietako instalazioetan abonatutako pertsonei parte hartzen duten gainerako udalerrietako instalazioak erabiltzeko. Funtzionamendua eranskinean dago jasota.

    Hirugarrena. Erakunde bakoitzaren konpromisoak.

  1. Aldeek konpromisoa hartzen dute txartelaren funtzionamendua garatzen duen hitzarmen honen eranskina betetzeko.

  2. EAEko Administrazio Orokorrak, Mugiment KTX ekimena garatzeko, urtean 80.000 euro emango ditu gehienez, eta Mugiment KTX ekimenean parte hartzen duten udalen artean banatuko dira, hitzarmen honen bosgarren klausulan, konpentsazio-poltsari buruzkoan, aurreikusitako moduan.

    Ekarpen hori, ordea, kreditu egokia eta nahikoa egotearen mende egongo da; hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan kontsignatzearen mende.

  3. Udal sinatzaileak konpromisoa hartzen du Mugiment KTX txartelaren erabiltzaileen eskura jartzeko erabakitzen dituen instalazio, zerbitzu eta jarduerak.

    Era berean, txartela ezagutzera emateko, eskuragarri dituzten komunikabide guztiak (udalaren webgunea nahiz aplikazioak, iragarkiak udaletako kirol-instalazioetan, prentsaurrekoak, etab.) erabiltzera konprometitu da.

    Udalak edozein unetan eman ahal izango du baja Mugiment KTX ekimenean, Batzorde Teknikoari jakinarazita. Batzorde Teknikoak erabakiko ditu bajaren izapidetzearekin zerikusia duten alderdi guztiak, Mugiment KTX ekimenean parte hartzeari uzten dion erakundearentzako konpentsazio-poltsaren banaketa proportzionala barne.

    Laugarrena. Mugiment KTX ekimenaren Batzorde Teknikoa.

  1. Batzorde tekniko bat eratuko da, klausula honen hirugarren puntuan zehaztutako funtzioez gain, Mugiment KTX ekimenaren harira sinatzen diren hitzarmenen jarraipena egiteko.

  2. Batzorde Teknikoa osatuko dute, alde batetik, EAEko Administrazio Orokorreko teknikari batek eta, bestetik, Mugiment KTX ekimenaren harira sinatzen diren hitzarmenak sinatzen dituzten udal bakoitzeko teknikari banak.

    Bilerak baliodunak izango dira, baldin eta gutxienez kideen % 50 bertaratzen bada.

    Erabakiak bertako kideen gehiengoz hartuko dira.

    Lehendakaria eta idazkaria Batzordeko kideen artean hautatuko dira, kideen gehiengoak hala erabakita.

  3. Batzorde Teknikoak ondoko funtzio hauek izango ditu, besteak beste:

    1. Mugiment KTX ekimenean parte hartu duten udalen artean konpentsazio-poltsa banatzeko modua erabakitzeko irizpide teknikoak ezarriko ditu.

    2. Hitzarmen honen xedearekin zerikusia duten eta hitzarmenean aurreikusi ez diren gai guztiak interpretatu eta ebatziko ditu, alderdiak ados jarrita.

      Bosgarrena. Konpentsazio-poltsa.

      1. EAEko Administrazio Orokorrak egiten duen urteko ekarpena, hala badagokio, konpentsazio-poltsa elikatzeko erabiliko da.

      2. Batzorde Teknikoak konpentsazio-poltsa banatzeko irizpideak ezarriko ditu. Mugiment KTX ekimenean parte hartzen duten udal guztien artean egingo da banaketa, instalazioen urteko erabileratik lortutako datuetan oinarrituta.

        Instalazioen urteko erabileraren azterketaren ondorioz, Mugiment KTX ekimenean parte hartzen duten udalek saldo positiboa (erroldatutakoek beste udal parte-hartzaile batzuetako instalazio gehiago erabili dituzte) edo negatiboa (erroldatutakoek gutxiago erabili dituzte parte hartzen duten beste udal batzuetako instalazioak) eman ahal izango dute. Sortutako saldo negatiboak konpentsatzeko erabiliko da konpentsazio-poltsa.

      3. Batzorde Teknikoak txosten bat egingo du, eta bertan jasoko ditu Mugiment KTX ekimenean parte hartzen duen udal bakoitzari dagozkion zenbatekoak ordaindu ahal izateko behar diren datu guztiak.

        Mugiment KTX ekimenean parte hartzen duten udal guztiei bidaliko zaie txostena.

      4. Udal bakoitzari dagokion zenbatekoaren ordainketa, hala badagokio, instalazioen urteko erabilera-aldiaren ondorengo urtean egingo da; beraz, 2023-2026 aldian egiten diren ordainketak dagozkio 2022-2025 aldiko instalazioen urteko erabilerari.

        Ordainketa egiteko, Batzorde Teknikoak aldez aurretik klausula honen hirugarren apartatuan aipatutako txostena egin eta igorri beharko du.

      5. Urte naturala amaitu baino lehen, udal batek Mugiment KTX ekimenean parte hartzeari utzi ahal izango dio. Kasu horretan, ez zaio egingo instalazioen urteko erabileraren ebaluazioa, urte horri dagokionez egin beharko zukeena, eta, ondorioz, ez du parte hartuko klausula honetan araututako konpentsazio-poltsaren banaketan.

        Seigarrena. Izaera eta araubide juridikoa.

        Hitzarmen hau administratiboa da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren XIII. kapituluan xedatutakoaren arabera arautuko da.

        Zazpigarrena. Hitzarmenaren indarraldia eta amaiera, eta suntsiarazpena.

      1. Hitzarmen hau lau urtez egongo da indarrean, izenpetzen den egunetik zenbatzen hasita.

        Nolanahi ere, dagokion urteko zenbatekoa emateko, lehenengoa 2023ko aurrekontu-ekitaldiari dagokiona izanik, aurrekontu-kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da.

      2. Epe hori amaitu aurreko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute hura luzatzea, lau urteko aldi baterako, gehienez, edo hura azkentzea.

      3. Hitzarmenaren indarraldiari buruz xedatutakoa alde batera utzi gabe, honako hauek dira hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak:

        1. Erakunde sinatzaileen arteko adostasuna, idatziz gauzatu beharko dena, edo alderdietako edozeinek idatziz uko egitea, gutxienez hilabete bat (1) lehenago.

        2. Hitzarmenaren xede diren jarduerak garatzeko gerora sortutako ezintasuna, legezkoa edo materiala.

        3. Alderdi sinatzaileetako edozeinek hitzarmen honetako klausulak ez betetzea, gutxienez hilabete bat (1) lehenago beste alderdiari idatziz jakinarazita.

        4. Aplikatu beharreko legerian jasotako beste edozein.

          Zortzigarrena. Hitzarmena aldatzea.

          1. Alderdiek noiznahi proposatu ahal izango dute hitzarmena berrikustea, bidezkotzat jotzen diren aldaketak egiteko.

            Hitzarmenaren edukia aldatzeko, Mugiment KTX ekimenean eragina izan dezakeen heinean, ekimen horretan parte hartzen duten udal guztien ahobatezko adostasuna beharko da.

          2. Klausulak berrikusten badira, aldaketak eranskin bidez txertatu beharko dira, eta Mugiment KTX ekimenean parte hartzen duten udalek sinatu beharko dute.

            Bederatzigarrena. Gatazkak ebaztea.

          1. Hitzarmen hau sinatu duten alderdiek konpromisoa hartu dute hura betetzean sortzen diren gorabeherak elkar hartuta konpontzeko.

            Gainera, gorabeheren jatorria Mugiment KTX ekimenean eragina izan dezaketen alderdiak badira, laugarren klausulan aurreikusitako Batzorde Teknikoa erabili beharko da horiek ebazteko.

          2. Hitzarmenaren garapenean eta betearazpenean alderdien artean auziren bat sortzen bada, eta laugarren klausulan aipatutako batzorde teknikoak ezin badu konpondu, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan helegitea jarri ahal izango da, jurisdikzio hori araupetzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

            Hamargarrena. Datu-babesa.

            Hitzarmen honen ondorioz egiten diren datu pertsonalen tratamenduek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa errespetatu beharko dituzte.

            Eta azaldutako guztiarekin ados egonik, hitzarmen hau onartzen dutela frogatze aldera, aldeek hitzarmenaren bina ale sinatzen dute, goiburuan adierazitako egunean eta lekuan.

            Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

            ................ko alkatea,

Mugiment KTX txartela txartel birtuala da. Ahalik eta hoberen erabiltzeko, gomendatzen da gailu mugikor bat izatea, Interneteko konexioarekin. Gailu mugikorrik ez badauka, erabiltzailea abonamendu-txartela eta NANa aurkeztuta sartu ahalko da instalazioetan.

Jarraian azalduko da zer urrats jarraitu behar dituzten gailu mugikorra eta Interneteko konexioa dutenek txartel birtuala erabiltzean:

  1. Mugiment KTX aplikazioa instalatzea.

  2. Datu pertsonalak, helbide elektronikoa eta NANa sartuta erregistratzea, eta zer erakundetako bazkide edo abonatu diren adieraztea.

  3. Erregistroa egin eta dagokien erakundeko kide direla balioztatu ondoren, jakinarazpen bat jasoko dute.

  4. Txartel digitala eta NANa erakustea kirol-instalazioan sartzerakoan.

  5. Instalazioko langileak sarbidea erregistratuko du, erabiltzailearen gailuan instalazioaren egiaztapen-kodea sartuta.

    Pertsona aplikazioan erabiltzaile gisa erregistratzen denean, zer udal kirol-zerbitzutan dagoen abonatuta adierazi beharko du. Horrela, Mugiment KTX ekimenean parte hartzen duten erakunde guztiei posta elektronikoz jakinarazi ahalko zaizkie erregistro berriak. Zerbitzu bakoitzaren arduradunek aginte-koadrora jo beharko dute, erregistro bakoitza eskuz baliozkotzeko eta erabiltzaileei parte hartzen duten gainerako zerbitzuetan txartel birtuala erabiltzeko aukera emateko.

    Erabiltzaileak txartel birtuala erakusten duenean beste instalazio batzuetan sartzeko, bertako arduradunak sarrera baliozkotu beharko du, sartzen den pertsonaren gailuan kode bat sartuta. Hala, sistemak informazio guztia artxibatuko du: Mugiment KTX txartelaren erabiltzailearen datuak, zer zerbitzutara dagoen abonatua, zer instalaziotan sartu den eta zer zerbitzu erabiltzeko edo zer jarduera gauzatzeko.

    Hitzarmena sinatzen duten erakunde guztiek aginte-koadro bat izango dute. Webgune baten bidez sartuko dira, eta, bertan, erakunde horietako arduradunek, instalazioak kudeatzeaz gain, txartelaren erabilera-txostenak eta datu estatistikoak lortu ahalko dituzte.

    Gailu mugikorrik eta/edo Interneterako sarbiderik ez duten pertsonek NANarekin eta beren eraikineko abonatu-txartelarekin identifikatu beharko dute udal-instalazioetan. Horrela, udal-instalazio bakoitzaren administratzaileak intranetera sartuko dira eta alta emango diote instalazioetara sartzen den erabiltzaileari.