Arautegia

Inprimatu

163/2025 EBAZPENA, otsailaren 12koa, Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez egiten baita Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Hernaniko Osasun Zentroan Gainbegirale lanpostu bat izendapen askez betetzeko deialdia.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 36
  • Hurrenkera-zk.: 844
  • Xedapen-zk.: 163
  • Xedapen-data: 2025/02/12
  • Argitaratze-data: 2025/02/21

Testu legala

Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko Hernaniko Osasun Zentroko Erizaintzako Gainbegirale lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan xedatutakoarekin, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea, honako oinarrien arabera,

OINARRIAK

  1. Parte hartzeko betekizunak.

    Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

    1. Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo langile lan-kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea B1 lanbide-taldean.

    2. B1 lanbide-taldeko titulazioa edukitzea.

    3. Gutxienez 3 urteko lan-esperientzia izatea B1 lanbide-taldean.

      2. hizkuntza-eskakizuna (Derrigortasun-data: 2008-06-01).

    1. Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetzako Euskara Planaren gainerako betebeharrak betetzea.

  2. Aintzat hartuko diren merezimenduak.

    Esperientzia edo/eta prestakuntza izatea Erizaintzako Unitateen Kudeaketan.

    Esperientzia edota prestakuntza izatea taldeak antolatzen eta kudeatzen.

    Esperientzia eta/edo prestakuntza Lehen Mailako Arretako Unitateetan.

    Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.

  3. Euskararen ezagutza.

    Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

  4. Eskabideak aurkezteko epea.

    Interesdunek Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko Langileen Zuzendaritzara (Begiristain doktorea 109, 20014 Donostia) igorri beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatzen den moduan ere aurkeztu ahalko dira.

    Interesdunek Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko Langileen Zuzendaritzara (Begiristain doktorea 109, 20014 Donostia) aurkeztu beharko dute eskaera, beren datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako curriculum vitaearekin (CV) batera.

    Dokumentazioak honelakoa izan behar du:

    NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

    Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-legepeko kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

    Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

    Baloratu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

    CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden edukiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.

  5. Balorazio Batzordea.

    Batzordea eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.

    Batzordeak, eskabideak baloratu ostean, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, zeintzuen berri emango zaien izangaiei.

    Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

    Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta emango dira lanpostua euretariko bati esleitzeko edo deialdia bete barik uzteko kontuan hartutako arrazoiak.

  6. Hautaketa-prozedura.

    Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu barik dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

  7. Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.

    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearen ebazpenaren bidez amaituko da honen bidez hasitako prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea), eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzaren intranetean zein webgune korporatiboan argitaratuko da.

    Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, non eta bertan besterik xedatzen ez den.

  8. Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

    Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetzako zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    Donostia, 2025eko otsailaren 12a.

    Donostialdeko ESIko zuzendari-gerentea.

    EB (2266/2022 Ebazpena, abenduaren 13koa).

    Ekonomia eta Finantzako zuzendaria,

    MARIA SOLEDAD BLANCO SESMA.