Arautegia

Inprimatu

1504/2026 EBAZPENA, irailaren 8koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Langileen eta Talentuaren zuzendariarena, zeinaren bidez deialdi publikoa egiten baita idazkari akademiko lanpostu bat izendapen askez hornitzeko, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza nagusian, Erizaintzako Unibertsitate Eskolan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 183
  • Hurrenkera-zk.: 4000
  • Xedapen-zk.: 1504
  • Xedapen-data: 2026/09/08
  • Argitaratze-data: 2026/09/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Funtzio publikoa

Testu legala

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Vitoria-Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolako idazkari akademiko lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan xedatutakoarekin, Langileen eta Talentuaren Zuzendaritza honek erabaki du deialdi publikoa iragartzea aipatutako lanpostua izendapen askez hornitzeko, oinarri hauen arabera

OINARRIAK

Lehenengoa. Lanpostuaren atxikipena.

Atxikipena: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusia, Vitoria-Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskola (Vitoria-Gasteiz).

Lanaldia: Zatitua.

Hizkuntza-eskakizuna: 3. HE (derrigortasun-data: 2024-11-20).

Bigarrena. Lanpostuaren eginkizunak.

Ikastetxearen kudeaketa akademikoa bideratzea.

Erizaintzako Graduko ikasleak erakartzeko, onartzeko eta mantentzeko prozesua gainbegiratzea.

Lan-esperientzia duten 40 urtetik gorako ikasleak hautatzea, zuzendariordearekin batera.

Irakaskuntza-plangintza behar bezala gauzatzen dela zaintzea.

Eskola presentzialen ordutegiak antolatzea, irakasgaien irakaskuntza-gidetan ezarritako plangintza kontuan hartuta.

Zuzenean zaintzea nola aplikatzen diren eskola-ordutegiak eta gainerako irakaskuntza-jarduerak.

Eguneratuta edukitzea webgunean argitaratutako irakaskuntza-ordutegiak.

Irakaskuntza teorikoen eta praktikoen programazioa eta garapena gainbegiratzea, indarrean dagoen ikasketa-planaren arabera.

Irakaskuntza garatzen den bitartean sortzen diren gorabeherak konpontzea (eskolen programazioari, ezustekoei eta irakasleen absentziei dagokienez, besteak beste).

Ebaluazio-probak kudeatzea eta zaintzea.

Irakaskuntzarako ikasgelen eta espazioen kudeaketa gainbegiratzea, zuzendariordearekin koordinatuta.

Ikasleen ebaluazio teorikoaren eta praktikoaren irizpideak betetzen direla zaintzea, EHUko arauen edo barneko arauen arabera.

Irakaskuntza- eta antolaketa-datuak ematea Vitoria-Gasteizko EUEren urteko memoria egiteko.

Irakaskuntza-zentroaren gobernuko, ordezkaritzako eta administrazioko kide anitzeko organoek egindako egintzen eta hartutako erabakien fede ematea. Bestalde, Vitoria-Gasteizko EUEk ikusten dituen edo bere dokumentu ofizialetan agertzen diren gertaeren eta hitzarmenen egiaztagiriak egitea.

Ikasleen dokumentuen artxiboaren eta azterketa- zein ebaluazio-akten arduraduna izatea, baita unibertsitateak eta Vitoria-Gasteizko EUEko Zuzendaritzak agintzen dizkioten gai administratibo guztiena ere.

Dagozkion ziurtagiriak eta gainerako dokumentu akademikoak jaulkitzea, Zuzendaritzaren oniritziarekin.

Tituluaren irakaskuntza-jarduera garatzean sortzen diren gorabeheren eta erreklamazioen konpontzea kudeatzea.

Zuzendaritza-taldearen bileretara eta beren kargua dela-eta idazkari jardun behar duten batzorde guztietara joatea, eta bilkuretako aktak idaztea eta zaintzea.

Vitoria-Gasteizko EUEren Erregistro Orokorraren funtzionamendua bermatzea, unibertsitateko Idazkaritza Nagusiaren araudiaren eta jarraibideen esparruan.

Irakaskuntza-jarduerarekin lotutako baliabide materialak kudeatzea.

Ikasleei zuzenean erantzutea, idazkaritzan hala eskatzen bada.

Desgaitasuna duten ikasleen eta errendimendu handiko ikasle kirolarien beharrak kudeatzea.

EHUren programa hauen buru izatea: Entzuteko eta Erantzuteko Sarea eta Vitoria-Gasteizko EUEko ikasleen BAT programa.

Vitoria-Gasteizko EUEren parte-hartzea gidatzea EHUko Zientzia Astea programan.

Ikasketen Antolamenduko Batzordea deitzea eta idazkari-lanak egitea.

Mugikortasun-programen garapena gainbegiratzea.

Vitoria-Gasteizko EUEren Zuzendaritzari laguntzea, eta Vitoria-Gasteizko EUEren Idazkaritza Akademikoari dagokion beste edozein eginkizun betetzea.

Hirugarrena. Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

  1. Estatutupeko, funtzionario edo langile lan-kontratudun finkoa izatea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edozein zerbitzu-erakundetan eta lanpostua jabetzan edukitzea B1 lanbide-taldeko edozein kategorian.

  2. Gutxienez 4 urteko lan-esperientzia izatea B1 lanbide-taldean.

  3. Euskarazko 3. hizkuntza-eskakizuna izatea.

  4. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuko eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Euskara Planeko gainerako baldintzak.

    Laugarrena. Baloratuko diren merezimenduak.

  1. Merezimendu akademikoak:

    Unibertsitateko doktoregoa.

    Unibertsitateko master ofiziala.

    Erizaintzako espezialitatea: ospitalea / irakaskuntza-unitatea.

  2. Ikerketa-jarduera eta ekoizpen zientifikoa:

    Argitalpen zientifikoak: artikuluak indexatutako aldizkarietan (inpaktu-faktorearekin edo JCR/SJR), liburuak eta liburuen kapituluak.

    I+G+b proiektuak: parte hartzea ikerketa-proiektuetan.

    Komunikazioak eta txostenak: kongresu eta jardunaldi zientifikoetan aurkeztutako lanak (ahozkoak edo poster motakoak).

  3. Etengabeko prestakuntza eta titulu propioak:

    Etengabeko prestakuntzako ikastaroak.

    Unibertsitateko berezko tituluak: espezializazioetako diplomak, unibertsitateko adituenak eta abar.

  4. Esperientzia profesionala:

    Jarduera asistentziala: emandako zerbitzuak.

    Kudeaketako eta zuzendaritzako karguak: betetako gainbegirale-lanpostuak, erizaintzako zuzendari edo zuzendariorde izana.

    Era berean, lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.

    Bosgarrena. Euskararen ezagutza.

    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

    Seigarrena. Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

    Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak. Horretarako 10 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran aurkeztu ahalko dira eskabideak.

    Interesdunek Zuzendaritza Nagusiko Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzara bidali beharko dute eskabidea (Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz), beren datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako curriculum vitaearekin batera.

    Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

    NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

    Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, langile lan-kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

    Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua.

    Merezimendu baloragarriak egiaztatzen dituzten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua.

    CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.

    Zazpigarrena. Balorazio Batzordea.

    Balorazio Batzordea osatuko da, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 21. artikuluak ezarritakoaren arabera; hortaz, horren burua Hautaketako eta Horniketako zuzendariordea edo haren eskuordea izango da eta, gainera, kide hauek izango ditu: Lehen Mailako Arretako zuzendariordea eta Zuzendaritza Nagusiko goi-mailako teknikari bat (azken horrek idazkari gisa jardungo du eta hitza eta botoa izango ditu).

    Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei horien berri emango die.

    Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

    Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta emango dira lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia hutsik uzteko kontuan hartutako arrazoiak.

    Zortzigarrena. Hautaketa-prozedura.

    Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

    Bederatzigarrena. Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.

    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Langileen eta Talentuaren zuzendariaren ebazpenaren bidez amaituko da honen bidez hasitako prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea). Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.

    Hamargarrena. Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

    Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 8a.

    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Langileen eta Talentuaren zuzendaria,

    JOSUNE RETEGI ORMAZABAL.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik