Arautegia

Inprimatu

1503/2026 EBAZPENA, irailaren 8koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Langileen eta Talentuaren zuzendariarena, zeinaren bidez deialdi publikoa egiten baita Ospitaleko Erizaintzako zuzendariorde lanpostu bat izendapen askez hornitzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza nagusian, Erizaintzako Unibertsitate Eskolan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 183
  • Hurrenkera-zk.: 3999
  • Xedapen-zk.: 1503
  • Xedapen-data: 2026/09/08
  • Argitaratze-data: 2026/09/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Funtzio publikoa

Testu legala

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Vitoria-Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolako Ospitaleko Erizaintzako zuzendariorde lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan xedatutakoarekin, Langileen eta Talentuaren Zuzendaritza honek erabaki du deialdi publikoa iragartzea aipatutako lanpostua izendapen askez hornitzeko, oinarri hauen arabera

OINARRIAK

Lehenengoa. Lanpostuaren atxikipena.

Atxikipena: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusia, Vitoria-Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskola (Vitoria-Gasteiz).

Lanaldia: zatitua.

Hizkuntza-eskakizuna: 3. HE (derrigortasun-data: 2027-12-03).

Bigarrena. Lanpostuaren eginkizunak.

Erizaintzako Graduko titulazioaren garapena planifikatzea ikasketa-zentroan, Vitoria-Gasteizko EUEren zuzendariarekin batera.

Kalitatearen Barne-kudeaketako Sistema gainbegiratzea eta koordinatzea, eta Vitoria-Gasteizko EUEren kudeaketaren etengabeko hobekuntza sustatzea.

Vitoria-Gasteizko EUEko Zuzendaritzari ikastaroaren urteko programazioa proposatzea (urteko kronograma), Idazkaritza Akademikoarekin koordinatuta.

Erizaintzako Graduaren titulua koordinatzeko eginkizunak garatzea.

Irakaskuntza teorikoaren eta praktikoaren koherentzia kudeatzea.

Kanpoko praktiken programa antolatzea, koordinatzea eta kudeatzea.

Idazkari akademikoarekin batera, irakaskuntza-gidak eta EUEren irakasgaien eta irakaskuntza-jardueren urteko memoriak berrikustea eta ontzat ematea.

Tituluaren lanaldi osoko irakasleen, irakasle laguntzaileen eta irakasle-trebatzaileen antolamendua kudeatzea.

Vitoria-Gasteizko EUEren ikasgelen eta espazioen kudeaketa berrikustea.

PIIaren eta irakasle-trebatzaileen etengabeko prestakuntza planifikatzea.

PIIari eta KAZTei prestakuntza emateko baimenak onartzea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen akordioaren arabera, eta egiaztatzea baimenek ez dituztela eragozten betebehar akademikoak.

PIIaren irakaskuntza-ziurtagiriak jaulkitzea eta «venia docenci» baimena eskatzea EHUri, irakaskuntza praktiko eta teorikorako.

Ikastaroetako, praktiketako eta gradu amaierako laneko koordinatzaileen jarduerak bultzatzea eta gainbegiratzea.

Irakasle laguntzaileen ordainsariak bideratzea.

Kanpoko praktika-zentroetako zuzendaritzek edo zentro horien praktiken arduradunek bidaltzen dituzten praktika-trebatzaileen irakaskuntza-gaitasuna eta zerrenda kudeatzea. Horretaz gain, adostasuna ematea entitateak hautatutako irakasle-tutoreei (trebatzaileak).

Irakaskuntza-gaitasunaren koordinazioa bideratzea, zentroetako praktika-arduradunekin.

Ikasturtearen hasieran, practicumen plangintzaren berri ematea zentro laguntzaileetako zuzendaritzei.

Ikasturteko zerrendak bidaltzea, aurreikusten den praktiketako ikasleen kopurua adierazten dutenak.

Irakaskuntza-enkargu teorikoaren eta praktikoaren banaketa egitea PIIaren artean.

Ikasleek graduko ikasturteetan zehar gaitasunak behar bezala garatzen dituztela zaintzea.

Kanpoko praktikak eta beste unibertsitate batzuetako ikasleen trukeen gainbegiratze akademikoa egitea.

EUEren webgunearen eguneratzea gainbegiratzea.

Zuzendaritza-taldearen bileretara eta beren kargua dela-eta idazkari jardun behar duten batzorde guztietara joatea, eta bilkuretako aktak idaztea eta zaintzea.

Patronatuko idazkaria izatea.

Vitoria-Gasteizko EUEren gobernuko, ordezkaritzako eta administrazioko kide anitzeko organoek egindako egintzen eta hartutako erabakien fede ematea. Bestalde, irakaskuntza-zentroak ikusten dituen edo bere dokumentu ofizialetan agertzen diren gertaeren eta hitzarmenen egiaztagiriak egitea.

Zuzendariaren eta idazkari akademikoaren lanpostua hutsik badago, edo karguak kanpoan edo gaixorik daudenean, horiek ordezkatzea.

Bere gain hartzea Zuzendaritzak eskuordetzen dizkion eskumenak.

Hirugarrena. Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

  1. Estatutupeko, funtzionario edo langile lan-kontratudun finkoa izatea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edozein zerbitzu-erakundetan eta lanpostua jabetzan edukitzea B1 lanbide-taldeko edozein kategorian.

  2. Gutxienez 5 urteko lan-esperientzia izatea administrazio publikoan B1 lanbide-taldean.

  3. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuko eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Euskara Planeko gainerako baldintzak.

    Laugarrena. Baloratuko diren merezimenduak.

  1. Merezimendu akademikoak:

    Unibertsitateko doktoregoa.

    Unibertsitateko master ofiziala.

    Erizaintzako espezialitatea: ospitalea / irakaskuntza-unitatea.

  2. Ikerketa-jarduera eta ekoizpen zientifikoa:

    Argitalpen zientifikoak: artikuluak indexatutako aldizkarietan (inpaktu-faktorearekin edo JCR/SJR), liburuak eta liburuen kapituluak.

    I+G+b proiektuak: parte hartzea ikerketa-proiektuetan.

    Komunikazioak eta txostenak: kongresu eta jardunaldi zientifikoetan aurkeztutako lanak (ahozkoak edo poster motakoak).

  3. Etengabeko prestakuntza eta titulu propioak:

    Etengabeko prestakuntzako ikastaroak.

    Unibertsitateko berezko tituluak: espezializazioetako diplomak, unibertsitateko adituenak eta abar.

  4. Esperientzia profesionala:

    Jarduera asistentziala: emandako zerbitzuak.

    Kudeaketa- eta zuzendaritza-karguak: betetako gainbegirale-lanpostuak, erizaintzako zuzendari edo zuzendariorde izana.

    Era berean, lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.

    Bosgarrena. Euskararen ezagutza.

    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

    Seigarrena. Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

    Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak. Horretarako 10 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran aurkeztu ahalko dira eskabideak.

    Interesdunek Zuzendaritza Nagusiko Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzara bidali beharko dute eskabidea (Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz), beren datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako curriculum vitaearekin batera.

    Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

    NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

    Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, langile lan-kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

    Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua.

    Merezimendu baloragarriak egiaztatzen dituzten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua.

    CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.

    Zazpigarrena. Balorazio Batzordea.

    Balorazio Batzordea osatuko da, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 21. artikuluak ezarritakoaren arabera; hortaz, horren burua Hautaketako eta Horniketako zuzendariordea edo haren eskuordea izango da eta, gainera, kide hauek izango ditu: Lehen Mailako Arretako zuzendariordea eta Zuzendaritza Nagusiko goi-mailako teknikari bat (azken horrek idazkari gisa jardungo du eta hitza eta botoa izango ditu).

    Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei horien berri emango zaie.

    Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

    Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta emango dira lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia hutsik uzteko kontuan hartutako arrazoiak.

    Zortzigarrena. Hautaketa-prozedura.

    Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

    Bederatzigarrena. Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.

    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Langileen eta Talentuaren zuzendariaren ebazpenaren bidez amaituko da honen bidez hasitako prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea). Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.

    Hamargarrena. Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

    Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 8a.

    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Langileen eta Talentuaren zuzendaria,

    JOSUNE RETEGI ORMAZABAL.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik