Arautegia

Inprimatu

106/2025 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoarekin sinatutako mugaz gaindiko lankidetza-hitzarmena, hizkuntza-politikaren arlokoa, 2025-2029 aldikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 252
  • Hurrenkera-zk.: 5566
  • Xedapen-zk.: 106
  • Xedapen-data: 2025/12/22
  • Argitaratze-data: 2025/12/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Instituzional

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

Kontuan hartuz 1980ko maiatzaren 21ean Madrilen sinatutako Europako Esparru Hitzarmena, lurralde-erakundeen arteko mugaz gaindiko lankidetzari buruzkoa.

Kontuan hartuz Espainiako Estatuak eta Frantziako Errepublikak 1995eko martxoaren 10ean sinatutako mugaz gaindiko Lankidetzarako Tratatua.

Alde batetik, EAEko Administrazio Orokorrari dagokionez:

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa finkatzen duen azaroaren 26ko 389/2024 Dekretuan jasotakoaren arabera, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari dagokio Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politika zehaztea eta jarraipena egitea, euskararen erabilera normalizatzeari dagokionez, eta arlo horretako jardun-irizpideak garatzea eta ezartzea.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren egiteko dira, besteak beste: Euskal Autonomia Erkidego osorako plangintza orokorra osatzea eta jarduera bateratuak burutzeko planak egitea; hizkuntza-politikan eskumena duten herri-aginte guztien arteko lankidetza dinamizatzea eta sustatzea; hizkuntza normalizatzeko zereginetan, euskara normalizatzen eta araupetzen diharduten erakundeekin harremanak izatea, eta euskal hiztunen komunitate osoa kontuan izanik, beste lurralde batzuetako era guztietako erakundeekin ere aritzea.

Eusko Legebiltzarrak 1999ko abenduaren 10ean balio osoz egindako Osoko Bilkuran, Eusko Jaurlaritzak 1998ko uztailaren 28an onartutako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia berretsi zuen, eta, horretaz gain, 3. ebazpenean, Nafarroako eta Iparraldeko erakunde pribatuekin eta publikoekin lankidetzan euskararen sustapena bultzatzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari.

Ondoren, 2013ko irailaren 11n, Eusko Legebiltzarrak berretsi ondoan, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) eman zen argitara. Hamar urterako plana da ESEP, eta euskara biziberritzeko plangintzan EBPNren lekukoa hartu du, euskararen erabilera areagotzea erronka nagusi duen ibilbidean.

Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak 2024ko urtarrilaren 30ean onartutako AROA, Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoan Nafarroako eta Iparraldeko erakundeekin harremanak sendotu eta elkarlana bultzatzeko beharra zehazten da.

Beste aldetik, Euskararen Erakunde Publikoari dagokionez:

2004. urtean, Frantses Estatuak, Akitania Eskualdeak, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak, Euskal Kulturaren Aldeko Herrien Arteko Sindikatuak eta Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak, Interes Publikoko Erakundea den Euskararen Erakunde Publikoa 6 urterako eratu zuten. Erakundearen eginkizunak dira, batetik, euskararen aldeko hizkuntza politika publikoa eta hitzartua definitzea eta obratzea eta bestetik, behar diren baliabide ekonomikoak bermatzea, bere jarduera-programan ezarritako dituen ekintzak aurrera eramateko edo horretarako kontratatu obralari batzuen esku uzteko.

Bere eginkizuna betetzeko, Euskararen Erakunde Publikoak Hizkuntza Politika Proiektu bat definitu eta adostu zuen 2006ko abenduaren 21ean.

2010ean, beste sei urterako berriztatu zen EEP, baita 2017an, berriz ere 6 urterako, 2017ko urtarrilaren 1ean sortu den Euskal Hirigune Elkargoa integratuz, Ipar Euskal Herriko Udaletxeen ordezkari gisa, Euskal Kulturaren Aldeko Herriarteko Sindikatua eta Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluaren ordez.

2018ko urriaren 19ko EEPren Biltzar Nagusian, Proiektu Estrategikoa onartu zen. Honek, 2006an onarturiko Hizkuntza Politika Proiektuan oinarrituz, EEPren lehentasunak berriz definitzen ditu 2018-2022 epealdirako.

Eta azkenik, kontuan harturik EEPren iraupena, hasieran 6 urterentzat finkatu zela 2017an berriztatu zelarik, luzatua izan da eranskin ezberdinen bidez, aldi guziz ondoko urteko abenduaren 31 arte, 2022an, 2023an eta 2024an.

Eta EAEko Administrazio Orokorraren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko partaidetzari dagokionez:

2007ko otsailaren 7an, Baionan, Kultura Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko Hitzarmena sinatu zen Hizkuntza-Politikako gaietan lankidetzan jarduteko. Hitzarmenak 2007. urtetik 2010. urtera bitartean izan zuen indarraldia.

2011ko urtarrilaren 31n, lehen hitzarmenaren balorazio positiboa egin ondoren, bi partaideek hizkuntza politika gaietan lankidetzan jarduteko hitzarmena berritu zuten, 2011. urtetik 2016. urtera bitartean indarrean izan zen bigarren hitzarmena izenpetuz.

2017ko martxoaren 27an, bi partaideek erabaki zuten hitzarmena berritzea, hasiera batean 2017. urtetik 2022. urtera arteko 3. esparru-hitzarmena izenpetuz.

Alabaina, kontuan harturik Espainiako Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen arabera hitzarmenek gehienez ere lau urteko iraupena izan behar dutela, Eusko Jaurlaritzak, Euskararen Erakunde Publikoarekin adosturik, hitzarmenaren iraupena egokitu eta 2021eko martxoaren 29ra arte izango zela, erabaki zuen.

Hori horrela, 2021eko martxoaren 31n 2021-2025 bitarterako hitzarmen berria sinatu zuten alde biek.

Partaidetza honen balantze positiboa egin ondoren eta interes estrategikoa kontuan hartuta, bi partaideek 2025-2029 bitarterako hitzarmena berritzea adostu dute.

Bi aldeek berresten dute lankidetza proiektu honek kudeaketa bateratua, koordinatua eta adostua behar duela, eta partaide bakoitzaren jarduera-lurraldearen mugen barruan gauzatuko dela.

BILDURIK:

Batetik, Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Ibone Bengoetxea Otaolea.

Bestetik, Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria, Maïder Behoteguy.

Nork bere duen ordezkaritza gorenaz, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Eusko Jaurlaritzak 2024ko urtarrilaren 30ean onartutako AROAk, Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoak, eta Euskararen Erakunde Publikoak 2006ko abenduaren 21ean adostu Hizkuntza Politika Proiektuak nahiz 2018ko urriaren 19an onartutako Proiektu Estrategikoak duten erreferentzia-markoa kontuan harturik, EAEko Administrazio Orokorraren eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren arteko lankidetza-ildoak zehazteko bi alderdiek hitzarmen hau izenpetzea erabaki dutela, ondokoaren arabera:

  1. Hitzarmenaren xedea.

    Hitzarmen honek euskarari buruzko hizkuntza-politikaren arloko mugaz gaindiko lankidetza ezartzen du, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Euskararen Erakunde Publikoak erabakitzen dutena iraunkortzeko eta berresteko, herri-erakunde bakoitzaren erabaki-autonomia eta funtzionamendu-arauak errespetatuz.

  2. Elkarlanaren printzipio nagusiak.

    Alderdi biek adierazten dute hizkuntza politikaren arloan garatuko den elkarlana, mugaz bi aldeetako ezaugarri juridikoak kontuan izanda garatuko dela, eta ezaugarri juridiko horien artean diren ezberdintasunekiko errespetuan jarduteko borondatea agertzen dute.

    Hitzarmena mugaz bi aldeko erakunde publikoen arteko euskara sustatzeko politika garatzeko tresna izatea nahi dutela aitortzen dute sinatzaileek.

    Euskal Autonomia Erkidegoan eta Ipar Euskal Herrian hizkuntza komuna delako, euskararen praktika garatzeko eta atxikitzeko nahia baieztatzen dute alderdiek, betiere bakoitzaren berezitasunak errespetatuz.

    Alderdi biek adosten dute, dituzten eskumenen esparruan, bakoitzaren gizarteko errealitate politiko eta sozialak gero eta hobeto ezagutarazi eta elkarren arteko adiskidetasuna garatu nahi dituztela.

    Halaber, alderdi biek aitortzen dute beharrezkoa dela bien arteko harremana indartzea jadanik abian dituzten eta aurrerantzean izan ditzaketen ekimenak bermatzeko eta bien intereseko lankidetza garatzeko.

    Alderdi biek mugaz bi aldeetako partaidetza azkartzeko borondatea eta euskararen arloan hizkuntza politika hitzartu baten egituratzea berresten dute.

  3. Elkarrekin gara daitezkeen jarduerak.

    Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren egitekoak eta lan-lerroak kontuan izanik, ondoko arloetan elkarlanean jarduteko borondatea adierazten dute hitzarmenaren sinatzaileek.

    Bi partaideek honako bost erronka hauei lotutako jarduerak elkarrekin antolatzeko edo sustatzeko engaiamendua hartzen dute:

    Euskararen transmisioa: erronka honek adin guzietako hiztunen kopurua emendatu nahi du, eta, ondorioz, azken urteetako inkesta soziolinguistikoek agerian utzi dituzten lorpenak sendotu.

    Hizkuntzaren presentzia eta erabilera: euskararen presentzia garatu nahi da bizitza sozial publiko zein pribatuaren alor guzietan, ingurune digitala ere kontuan izanik.

    Hizkuntzaren kalitatea: hizkuntzaren kalitatea zaindu eta areagotu nahi da, ahoz eta idatziz, erabilera publiko zein pribatuko esparruetan.

    Euskararen aldeko motibazioa: zeharkako izaera du. Helburua da aldeko jarrera pizten jarraitzea, gizartearen atxikimendua azkartzea, eta euskararen erabileraren aktibazioa bultzatzea.

    Euskararen eragile diren erakunde publiko zein pribatuen artean zubiak eraiki eta eustea, elkarlan eraginkorraren printzipioaren arabera eta lurraldeetako zein lurraldeen arteko euskararen komunitatea indartzeko asmoz.

    Bestalde, esandako erronkak erdiesten laguntzeari begira eta euskararen bilakaera soziolinguistikoa hobeto ezagutzen joateko, ikerketa-lerroak sustatuko eta bideratuko dira: Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoa, Euskararen presentzia eta erabilera neurtzeko adierazleen definizioa eta horien gaineko informazio trukaketa, besteak beste.

    Azkenik, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoak, aldian-aldian, elkarri adieraziko dizkiote hizkuntza-politikaren esparruan bi aldeek jakingarri izan ditzaketen ekimenak, hitzarmen honetan jasotako arloen gainekoak izan zein beste arlo jakin batzuetakoak izan.

  4. Elkarlana zehazteko prozedura: Urteko Programa.

    Hitzarmena elkarlanerako marko eta erreferentzia nagusia izanik, urtero onartuko da alde bien artean elkarlanerako Programa.

    Bi atal nagusi jasoko dira elkarlanerako urteroko Programan:

  1. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko ekimenak.

    Urtero, Programa horretan zehaztuko dira bi erakundeek elkarlanean gauzatuko dituzten egitasmo zehatzak, bai eta gauzatze horren xehetasunak: alde bakoitzak egingo dituen ekarpenak, baliabideak, ekimenen zabalkundea eta abar.

    Hitzarmen honen 5. atalean aipatzen den Jarraipenerako Batzorde Teknikoak prestatuko du jarduera horien gaineko proposamen zehatza, ondoren Gidaritza Batzordeak aztertu eta, hala badagokio, onartzeko.

  2. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoak Ipar Euskal Herriko eragile pribatuei esleitu dirulaguntzak.

    Euskararen erabilera areagotzeko xedez, Ipar Euskal Herriko hainbat eragile pribaturen lana finantzatzeko moduaren gaineko zehaztasunak jasoko dira urtero Programan.

    Lankidetzarako fondo bat eratuko da, alde bien ekarpenez, eta hitzarmen honetan oinarriturik, 5. atalean aipatzen den Jarraipenerako Batzordeak koordinatuko du. Urteroko Programak alde baten eta bestearen diru ekarpenak eta eragiteko mekanismoak finkatuko ditu. Alde bien arteko adostasunez kudeatuko dira dirulaguntza deialdia eta dagokion lankidetza fondoa.

    Jarraipenerako Batzordeak urtero proposatuko ditu lehentasunak, helburuak, ekintzak, aurrekontuak eta erabiltzeko arauak. Halaber, Batzordeak proposatuko du urtero zein egitasmo balia daitekeen laguntzaz, betiere hitzarmen honetan ezarritako irizpideekin eta helburuekin bat etorriz.

    Lankidetzarako fondoaren kudeaketa, nagusiki, Euskararen Erakunde Publikoaren eskutik izango da: Euskararen Erakunde Publikoak urtero lehiaketa publikorako deia egingo du. Hala ere prozesu horretan Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta presentzia arlo guztietan bermatuko da: egitasmoen balorazioa egiterakoan, epaimahaian, laguntzen diren egitasmoen zabalkundean, gaiarekin loturiko aurkezpen edota prentsaurrekoetan...

  1. Hitzarmenaren iraupena eta jarraipena egiteko moduak.

    Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du.

    Aurreko paragrafoan aurreikusitako epea amaitu aurreko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahal izango dute hitzarmena luzatzea, gehienez beste lau urtez, edo iraungitzea.

    Hitzarmen hau izenpetuta, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren arteko Jarraipenerako Batzordea izendatuko da, hemen jasotakoaren segimendua egiteko.

    Jarraipenerako Batzordeak bi maila izango ditu:

    Batetik, maila estrategikoko Gidaritza Batzordea izango da. Bertan EAEko Administrazio Orokorraren aldetik Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria egongo dira; eta Euskararen Erakunde Publikoaren aldetik lehendakaria eta zuzendaria.

    Bestetik, maila teknikoko Batzordea eratuko da, erakunde bietako teknikariez osatuta eta Euskararen Erakunde Publikoaren zuzendariaren eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariaren agindupean.

    Batzordearen Idazkaritza osatuko dute Euskararen Erakunde Publikoaren zuzendariak eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak, erakunde bakoitzaren lantalde teknikoaren laguntzarekin.

    Gidaritza Batzordeak urtean behin gutxienez egingo du bilera, hitzarmenaren jarraipena egiteko, bereziki aurreko urteko balantzea aztertzeko eta urteko egitasmo-proposamena onartzeko.

    Batzorde teknikoak, berriz, Hitzarmenaren jarraipen egokiak horrela eskatzen duen guztietan egingo du bilera.

  2. Erakundeen betebeharrak.

    Hitzarmen honen 2. klausulan ezarritako elkarlanaren printzipio nagusiak errespetatzea eta horien arabera jokatzea elkarrekin garatuko dituzten jarduerak gauzatzean.

    Gidaritza Batzordeko eta Batzorde Teknikoko bileretan parte hartzea eta, oro har, hitzarmenaren jarraipen egokia egiteko neurriak hartzea.

    EAEko Administrazio Orokorrari dagokionez, Hitzarmena gauzatzerakoan 20/2023 Legean, abenduaren 21ekoan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoan, ezarritako araubidea bete beharko da, eta, bereziki, beren lana burutzeko eskatzen duten informazio guztia emango zaie Ogasun eta Finantzak Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

    Frantziako instituzioei dagokienez, Hitzarmen honen gauzatzeak kultur jarduerak daramatzaten Interes Publikoko Elkargoak arautzen dituen 2012ko urtarrilaren 26ko 2012-91 Dekretuan, bai eta aurrekontu-kudeaketa eta kontabilitate publikoari dagokion 2012ko azaroaren 7ko 2012-1246 dekretuan ezarritakoa bete beharko da.

    Bestalde, hitzarmenaren aplikazioan sor daitezkeen auziak Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegi eta auzitegi eskudunen jurisdikzioak eta Paueko Epaitegi Administratiboak ebatziko dituzte kasuen arabera.

  3. Betebeharrak ez betetzea.

    Baldin eta bi alderdietako edozeinek esparru-hitzarmen honetan edo urtero sinatuko diren programetan bere gainean harturiko betebeharrak beteko ez balitu, bete egin duen alderdiak ahalmena izango du Hitzarmena bete edo amaitu dadila eskatzeko eta, edozeinetan, sorturiko kalteen ordaina jasotzeko.

    Hitzartutakoa hala ager dadin, eta esan bezala betetzeko, bi alderdiek hitzarmen hau izenpetzen dute frantsesez eta euskaraz, biak ere balio berekoak izanik.

    Baiona, 2025eko apirilaren 4a.

    Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

    IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.

    Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria,

    MAÏDER BEHOTEGUY.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik