Arautegia
Inprimatu1038/2026 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Langileen eta Talentuaren zuzendariarena, zeinaren bidez ebazpen honen deuseztasuna deklaratzen baita: 1369/2025 Ebazpena, abenduaren 10ekoa, zeinaren bidez argitaratzen baita lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko 2025eko urriko zikloaren destinoen eskaintza, fakultatibo medikoen eta teknikoen lanbide-taldeko biokimika klinikoko fakultatibo espezialista mediko-teknikoen kategoriarako/lanpostu funtzionalerako, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu-erakundeetako destinoetarako.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 138
- Hurrenkera-zk.: 3296
- Xedapen-zk.: 1038
- Xedapen-data: 2026/06/30
- Argitaratze-data: 2026/07/22
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Funtzio publikoa
Deskribapenak
Testu legala
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariaren abenduaren 10eko 1369/2025 Ebazpenaren bidez argitaratu zen lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko 2025eko urriko zikloaren destinoen eskaintza, fakultatibo medikoen eta teknikoen lanbide-taldeko biokimika klinikoko fakultatibo espezialista mediko-teknikoen kategoriarako/lanpostu funtzionalerako, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu-erakundeetako destinoetarako.
Abenduaren 10eko 1369/2025 Ebazpena 2026ko urtarrilaren 8ko EHAAn argitaratu zen.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2026ko otsailaren 10eko Erabakiaren bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren egitura aldatzen da. Bada, Giza Baliabideen Zuzendaritzak Langileen eta Talentuaren Zuzendaritza izena hartu du, eta, beraz, erabaki horrek legitimatzen du Langileen eta Talentuaren zuzendariak deuseztasun-deklarazioaren ebazpen hau ematea.
2025eko otsailaren 19ko BOEn, otsailaren 18ko 101/2025 Errege Dekretua argitaratu zen, eta haren bidez, Laborategi Klinikoko espezialistaren titulua ezarri eta Analisi Klinikoetako eta Biokimika Klinikoko Osasun Zientzietako espezialistaren tituluak kentzen dira.
Errege Dekretuaren 1. artikuluak haren xedea zehazten du, eta honako hau adierazten du: «Errege Dekretu honen xedea da Laborategi Klinikoko espezialistaren titulua ezartzea eta, ondorioz, Analisi Klinikoetako espezialistaren titulua eta Biokimika Klinikoko espezialistaren titulua kentzea».
Errege-dekretu horren lehen xedapen gehigarrian, «Laborategi Klinikoko espezialistaren tituluaren baliokidetza» ezartzen da, eta honako hau ebazten da: «Baliokidetzat jotzen dira, beren artean, Laborategi Klinikoko espezialistaren titulu berria eta Analisi Klinikoetako espezialistaren titulua, bai eta Biokimika Klinikoko espezialistaren titulua ere».
Azken xedapenetako bosgarrenean zehazten da noiz jarriko den indarrean, hau da: «Errege Dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean». Hala ere, azken xedapenetako lehenengoan ezarritako aurreikuspenek errege-dekretu hau indarrean jarri eta urtebetera izango dituzte ondorioak.
Ondorioz, 2025eko otsailaren 20an, Analisi Klinikoetako espezialistaren eta Biokimika Klinikoko espezialistaren tituluak kendu ziren, eta lehen xedapen gehigarria jarri zen indarrean, hiru espezialista titulu hauen baliokidetasuna ezartzen duena: Laborategi Klinikoa, Analisi Klinikoak eta Biokimika Klinikoa.
Hori dela eta, lehiaketa ireki eta iraunkorreko prozesuan ez zen egokia biokimika klinikoko fakultatibo espezialista mediko-teknikoen kategoriari/lanpostu funtzionalari soilik zegozkion destinoak eskaintzea.
Ondorioz, bidezkoa da lekualdatze-lehiaketa irekiko deialdia egitea, laborategi klinikoko fakultatibo espezialista mediko-teknikoen kategoriarako/lanpostu funtzionalerako, eta, destinoen eskaintzan, lehen biokimika klinikoko fakultatibo espezialista mediko-teknikoen eta analisi klinikoetako fakultatibo espezialista mediko-teknikoen kategorietakoak/lanpostu funtzionaletakoak ziren destinoak multzokatzea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 47. artikulua «erabateko deuseztasuna berrikusteari buruzkoa» da. 2. paragrafoan honako hau ezartzen du: «Erabat deusezak izango dira orobat honako administrazio-xedapen hauek: Konstituzioa, legeak edo administrazioaren goragoko mailako xedapenak urratzen dituztenak; legez arautu beharreko gaiak arautzen dituztenak...».
Horiek guztiak horrela, eta langileen arloan indarrean dagoen legeriak egozten dizkidan eskumenez baliatuz,
Lehenengoa. Erabat deusez deklaratzea 1369/2025 Ebazpena, abenduaren 10ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratu zen lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko 2025eko urriko zikloaren destinoen eskaintza, fakultatibo medikoen eta teknikoen lanbide-taldeko biokimika klinikoko fakultatibo espezialista mediko-teknikoen kategoriarako/lanpostu funtzionalerako, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu-erakundeetako destinoetarako.
Bigarrena. Agintzea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitara dadin.
Hirugarrena. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraiki, ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Nolanahi ere, zuzenbidean oinarritutako beste edozein errekurtso ere erabili ahal izango da.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 30a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Langileen eta Talentuaren zuzendaria,
JOSUNE RETEGI ORMAZABAL.