Euskal Autonomia Erkidegoko turismo sektorearen digitalizazio txostena: 2. fasea (2010)

Xehetasunak

BasqueTour Turismoaren Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzako Turismo Zuzendaritzaren sozietate publikoa, EAEko turismo sektorea digitalizatzeko egitasmo estrategiko bat garatzen ari da, ESI-Tecnalia erakundearekin elkarlanean.

Egitasmo estrategiko hau garatu ahal izateko, sektorearen azterketa diagnostiko bat egin da, EAEko Turismo sektoreko 100 enpresatan aurrez aurreko elkarrizketak eginez. Zehazki, elkarrizketak bi fase desberdinetan egin dira:

  • 1. fasea: 3 izarrerainoko ostatuak eta hotelak (60 erakunde)
  • 2. fasea: landetxeak, kanpinak, jatetxeak, museoak, turismo bulegoak, turismo gidariak eta turismo aktiboko enpresak (40 erakunde)

Lehenengo fasea 2009an zehar burutu zen, eta txosten orokor batekin amaitu», non elkarrizketen emaitzak eta ondorio nagusiak jasotzen ziren. Bigarren fase hau 2010eko lehen hiletan burutu da, eta txosten honekin eta dokumentu independente gisa emango den Jardunbide Egokien Eskuliburu batekin bukatzen da.

Bigarren fase honetan, BasqueTourrek 40 enpresa hartu zituen ausazko lagin moduan, azterlan honetako helburu diren azpisektore desberdinetan sailkatuta.

Aurrez aurreko elkarrizketa hauen bitartez, bi helburu iritsi dira:

  • Enpresa bakoitzarentzat neurrira egindako doako diagnostiko bat ematea; hor, enpresaren kudeaketa prozesuetako teknologiaren erabileraren diagnostikoa egiten da, eta aplika daitekeen hobekuntza plan zehatz bat gomendatzen, teknologia berrien erabilerari buruz, produktibitatea hobetzeko helburuarekin.
  • Sektorearen diagnostiko bat finkatzea, plan estrategiko orokor baten bidez sektorea lehiakorragoa egiten lagunduko duten ekimenak aurrera eraman ahal izateko.

Plan estrategiko hori sektoreko 100 enpresen ebaluazioan oinarritzen da. ESIk (European Software Institute) garatutako “Optima” (Heldutasun Digitalaren Eredua) metodologiari jarraituz egin da ebaluazioa.

Optima eredu bat da, eta enpresa bateko negozio prozesuen heldutasun digitalaren maila ebaluatzea du xede. Eredu hori aplikatuta, enpresaren neurrira egindako hobekuntza plan bat lortzen da. Berari esker, enpresak bere oraingo digitalizazio egoera ezagut dezake, bere negozio prozesuetan IKTak (Informazio eta Komunikazio Teknologiak) txertatzeko, eta, horrela, sektorearen lehiakortasuna hobetzeko egin behar dituen urratsak ere ezagut ditzake.