Baja aurreratzeagatiko okerreko penalizazioa
Xehetasunak
Gatazka
Erreklamatzaileak (aurrerantzean, Ane) ia 4 urte zeramatzan erreklamazioa aurkeztu zaion telefonia konpainiarekin (aurrerantzean, Nodamasal). Urtarrilaren 30ean Anek 4 linea mugikor, telefono finko eta ADSL lineako eramangarritasun prozesua hasi zuen telefonia operadorez aldatzeko. Prozesua hasi eta 6 egunera Nodamasalek Aneren senarrari (linea bakar baten titularra ez zena) deitu zion Nodamasalekin jarraitzeko kontraeskaintza bat egiteko eta senarrak onartu egin zuen. Egun horretan bertan arratsaldez Anek uko egin zion aipaturiko kontraeskaintzari bezeroentzako arreta zerbitzuaren bidez eta Nodamasalekin ez zuela jarraitu nahi eta konpainia berriarekin eramangarritasun prozesuarekin aurrera jarraitu nahi zuela adierazi zuen. Eramangarritasuna 3 egunen buruan gauzatu zen eta handik hilabete batera Anek Nodamasalen 318,48 €-ko faktura bat jaso zuen 4 mugikor lineetan baja aurreratzeagatiko penalizazio gisa. Anek argudiatu du Nodamasalek telefono deiak grabatu eta gordetzeko betebeharra duela eta Nodamasali grabazio horiek aurkeztea eskatu dio telefono bidez egin zuen ukoa egiaztatzeko. Eta baja aurreratzeagatik telefono linea bakoitzagatik fakturatutako penalizazioen ordainketa (78,4858 € lineako) ez egitea eskatu du.
Nodamasalek argudiatu du Anek % 50-eko deskontuko kontraeskaintza onartu zuela eta azaldu ziotela atzera egiteko eskubidea gauzatzeko eta ondorioz, kontraeskaintza baliogabetzeko epea hamalau egunekoa zela kontraeskaintza onartu zen egunetik. Era berean, azaldu du Aneri jakinarazi ziotela, eskainitako deskontuak 12 hilabeteko iraunkortasun konpromisoa zuela, edo bestela, linea bakoitzeko 78,49 € ordaindu beharko zituela. Eta ez zegoela jasota Anek kontraeskaintzari uko egin zionik; beraz, zorra ziurra, mugaeguneratua eta galdagarria da.
Arbitraje-erabakia
Pertsona bakarreko Arbitraje Organoak Aneren asmoa BERE OSOTASUNEAN ONARTZEA erabaki du. Beraz, 4 lineetan aplikatutako baja aurreratuagatiko penalizazioa baliogabetu egiten da, eta Anek aipaturiko fakturako 4,62 € ordaindu behar izango ditu laudoaren jakinarazpenetik 15 egun balioduneko epean.
Azalpena
Pertsona bakarreko Arbitraje Organoaren iritziz, behar bezala egiaztatuta geratu da Anek ez zuela Nodamasalen kontraeskaintza onartu, eta ez zuela borondaterik izan aipatutako konpainiarekin telefonia zerbitzuak kontratatzeko.
Izan ere, Anek kontraeskaintzaren ukoaren froga eskatzean, Nodamasali dagokio telefono bidezko elkarrizketaren grabazioa erraztea. Baina Nodamasalek ez du aipatutako grabazio horren inguruko frogarik aurkeztu, hortaz Aneren baieztapenak benetakoak direla susmatu behar da.