Autoaren matxura
Xehetasunak
Gatazka
Erreklamatzaileak (aurrerantzean, Ane) adierazi du Opel markako bere autoa erreklamazioa aurkeztu zaion Opel zerbitzu ofizialeko tailer mekaniko batera (aurrerantzean, Nodamasal) eraman zuela, motorra berotu eta ura etengabe galtzen zuelako. Anek adierazi du lehen begiratuan arazo bat antzeman ziotela kulatan eta Anek aurrekontu bat eskatu zion Nodamasali konpontzeko. Anek tailerrean utzi zuen autoa, matxura egiaztatzeko eta aurrekontua egiteko eskaera formalizatu ondoren. Eta aurrekontua jasotzeko zain geratu zen.
20 egunez zain egon ondoren, Ane aurrekontua erreklamatzeko asmoz hurbildu zen tailerrera. Telefonoz esan zioten konponketa 2.600 €-koa zela, eta eman zioten aurrekontuan 3.189,32 € jarri zituzten. Gainera, autoa "modu txarrean" desmuntatuta eta piezak maletategian zituela aurkitu zuen. Anek uko egin zion Nodamasalen 3.189,32 €-ko aurrekontuari, eta bere autoa garabi batekin Opeleko kontzesionario batera eramatea erabaki zuen, konpontzeko. Anek adierazi du han piezak falta zirela eta zilindroak likidoz beteta zeudela baieztatu ziotela.
Era berean, Anek adierazi du Nodamasalek ez zuela inolako konponketarik egin, kulata “modu txarrean” desmuntatu besterik ez zuela egin.
Kontzesionarioan zegoela, Anek ez zuen autoa berreskuratu lau hilabete geroago arte. Beraz Nodamasali 5.030 €-ko diru-kopurua erreklamatzen dio: alde batetik, 2.890 € ibilgailua konpontzeagatik (ibilgailua konpontzeagatiko kontzesionaren fakturako 4.890,16 €-tik aldea - 2.890 € - eskatzen ditu; izan ere, Opel tailer bati kontsulta egin ondoren kulataren konponketa 2.000 €-ra arte kuantifikatzen dutela esan zioten, eta horregatik aldea erreklamatzen du); eta bestetik, 2.140 € kalte-galerengatik (20 € eguneko, eta Anek 107 egunetan ezin izan zuen autoa erabili Nodamasalen praktika txarragatik).
Horren harira, Nodamasalek adierazi du Anek bere autoaren aurrekontua egiteko eskaera formalizatu zuela eta Nodamasalek matxura diagnostikatu eta baloratu zuela. Horretarako, kulata desmuntatu eta enpresa espezializatu batera bidali zuten matxura egiaztatzeko eta konpontzeko aurrekontua eskatzeko.
Aurrekontua 3.189,32 €-koa zen materialak, eskulana eta zergak barne. Eta adierazi du Nodamasal Opel markako "zerbitzu ofiziala" dela, eta ezaugarri hori lortzea ezinezkoa dela marka horri dagozkion baliabide tekniko guztiak eduki gabe.
Era berean, Nodamasalek adierazi du Anek ez zuela aurrekontua onartu eta autoa beste tailer batera eramatea erabaki zuela. Eta, logikoa denez, Anek ez zuen nahi izan kulata berriro muntatzea eta horren zenbatekoa ordaintzea, kostu bikoiztea baitzen, tailer berriak berriro desmuntatu behar izan baitzuen. Horregatik utzi zituzten pieza guztiak autoko maletategian.
Nodamasalek kulata desmuntatu besterik ez zuela egin gaineratu du, eta Aneri igorri zion fakturak kulata desmuntatzea baino ez duela jasotzen. Baina Anek Nodamasali egindako erreklamazioa gerora Nodamasalekin zerikusirik ez duten beste tailer batzuek egindako hainbat esku-hartze, konponketa eta lanetara zabaltzen da. Beraz, uste du ezin zaiola Nodamasali inolako erantzukizunik egotzi esku hartu ez zuen jarduketengatik. Horregatik guztiagatik, Aneren erreklamazioa ezeztea eskatzen du.
Arbitraje-erabakia
Arbitraje-elkargoak AHO BATEZ onartu du Aneren asmoa EZEZTEA.
Azalpena
Frogatutako egitateekin, Arbitraje-elkargoak erreklamazioa ezetsi besterik ezin du egin, Anek ez baitu ezer frogatu Nodamasalek egindakoan akats teknikoren bat dagoela eta ibilgailuak aurkeztu dituen arazoekin zerikusia duela ondorioztatzeko. Nodamasalen jarduera kulata desmuntatzea eta enpresa espezializatu bati bidaltzea baino ez zen izan, lanaren aurrekontua egin ahal izateko, inolako konponketa lanik egin gabe. Eta azkenean behin betiko konponketa hirugarren enpresa batek egin zuen, eta haren lanak enpresa horrek igorritako fakturan jasota daude. Hortaz, Arbitraje-elkargoak ez du ikusi hirugarren enpresa horrek egindako lanak kulataren desmuntaketa txar batekin lotuta daudenik, eta aitzitik, autoaren motorraren hozte eta berotze arazoen konponketekin lotuta daudela uste du. Eta Arbitraje-elkargoaren iritziz, esku-hartze horiek guztiak ez dute zerikusirik Nodamasalen jarduerarekin, eta ez da beste ondorio batera iristeko daturik eman edo frogatu.