Arautegia
Inprimatu91/2026 DEKRETUA, ekainaren 9koa, zeinaren bidez ezartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietako edo enpresetako prebentzio-delegatuak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programaren oinarri orokorrak, eta halako prestakuntza emateko entitateak akreditatzeko prozedura.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 129
- Hurrenkera-zk.: 3133
- Xedapen-zk.: 91
- Xedapen-data: 2026/06/09
- Argitaratze-data: 2026/07/09
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia; Sailak
Testu legala
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea (aurrerantzean, Osalan) lan-arloko eskumena duen sailari atxikitako organismo administratibo autonomoa da, zeinak nortasun juridiko propioa baitu eta jarduteko gaitasun osoa. Osalanen eginkizuna da, besteak beste, laneko segurtasun, higiene eta osasunarekin lotutako prestakuntza-planak eta -ikastaroak programatu, antolatu eta garatzea, hala ezarrita dago-eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzeko abenduaren 21eko 7/1993 Legearen 4.1.h) artikuluan gerora lege hori ekainaren 27ko 10/1997 Legeak aldatu zuen, zeina Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea Sortzeko Legea Aldatzekoa baita.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) Osasun Alorreko eta Laneko Arriskuak Prebenitzeko Alorreko Lanbidearteko Akordioa (Confebask enpresaburuen elkarteak eta ELA-STV, UGT, CCOO eta LAB sindikatuek sinatua 1997ko abenduaren 11n, eta 1998ko urtarrilaren 27ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua 17. zk.) nahitaez bete beharrekoa da EAEko enpresa eta besteren konturako langile guztientzat. Akordioaren zioen azalpenak zera dio: «akordioaren bidez bultzatu egin nahi dira langileen partaidetza eta ekimena arriskuak prebenitzeko lanetan, Prebentziorako Ordezkariak Prestatzeko Plan baten bitartez. Plan horrek bidea emango die enpresaren solaskide eraginkor izateko prebentzio-lanetan»; horrez gainera, akordioaren III. sekzioaren bidez («Prebentziorako prestakuntza»), Osalanen esku uzten da oinarrizko prestakuntzarako plana kudeatzeko egitekoa, eta prestakuntza horrek bete beharreko baldintzak ezartzen dira.
Lanbidearteko Akordioaren III. sekzioak («Prebentziorako prestakuntza») prebentzio-delegatuen prestakuntzari buruz xedatzen duena betetzeko, Osalanek azken urteotan dei egin die entitate publiko eta pribatuei, prebentzio-delegatuak trebatzeko oinarrizko prestakuntza-ikastaroak ematen parte har dezaten.
Deialdi horiek uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren bidez arautu izan dira, zeinaren bidez ezartzen baitira EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programaren oinarri orokorrak (2018ko abuztuaren 3ko EHAA, 149. zk.). Izan ere, deialdien oinarri orokorrak xedapen orokor horren bidez ezartzen dira, eta irauteko helburua dute. Erregulazio hori osatzeko, Osalaneko zuzendari nagusiak ebazpena eman izan du urtero, dena delako ekitaldian burutzekoak diren prestakuntza-ekintzetarako dirulaguntzetarako deialdia egiteko, eta, gutxienez, alderdi hauek zehazteko: zuzkidura ekonomikoa, eskabideak aurkezteko epeak eta modua eta nahitaezko agiriak.
Ondoren, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea jarri zen indarrean (aurrerantzean, 20/2023 Legea), Haren azken xedapenetako lehenengoak (gerora aldatua, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko aurrekontu orokorrak onesten dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legearen azken xedapenetako bigarrenaren bidez) xedatzen du derrigorrezkoa zela indarraldi mugagabea duten laguntzen eta dirulaguntzen oinarri arautzaileak lege horren xedapenetara egokitzea, «legea indarrean jartzen denetik hogeita lau hilabete igaro baino lehen. Epe hori bukatutakoan egokitu gabe badaude, indargabetutzat joko dira».
Hori dela eta, kontuan hartuta 20/2023 Legeak ezartzen duena Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren eremuko dirulaguntzen erregulazioari buruz, beste dekretu bat egin beharra dago, EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-delegatuak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programaren oinarri orokorrak ezartzeko.
Horrenbestez, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, eta 2026ko ekainaren 9an egindako bilkuran Gobernu Kontseiluak gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, hau
Dekretu honen xedea da honako hauei zuzendutako dirulaguntzak arautzeko oinarriak ezartzea: EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-delegatuak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak, EAEn Osasun Alorreko eta Laneko Arriskuak Prebenitzeko Alorreko Lanbidearteko Akordioaren esparruan.
Dekretu honen xedea da, orobat, arautzea zer prozedurari jarraituz emango den prebentzio-delegatuak trebatzeko oinarrizko prestakuntza eman nahi duten entitate publikoek edo pribatuek dirulaguntza jaso aurretik eskuratu behar duten Osalanen akreditazioa, prestakuntza emateko betekizunak betetzeari buruzkoa.
Dekretu hau jarraian aipatutako entitateei zuzenduta dago, baldin eta egoitza EAEn badute eta prebentzio-delegatuak trebatzeko oinarrizko prestakuntza emateko betekizunak betetzen badituzte. Horrela, betekizun horiek egiaztatu eta gero, aipatutako prestakuntza eman ahalko dute, eta dagozkien dirulaguntzak jaso ahalko dituzte.
Prestakuntza-zentroak, publikoak zein pribatuak.
Sindikatuak.
Prebentzio-zerbitzu egiaztatuak, zerbitzuak itunduak dituzten enpresetako prebentzio-delegatuei dagokienez.
Prestakuntza hori diruz laguntzeko sistemak bi fase ditu. Lehenbizikoan, interesa daukaten entitateek egiaztatu beharko dute badirela gai prestakuntza dekretu honek esanda bezala emateko. Eskatutako betekizunak betez gero, prestakuntza emateko gaitasuna aitortuko zaie, eta aitorpen hori baliozkoa izango da betekizunak betetzen dituzten bitartean edo 7.6 artikuluan adierazita dauden arrazoiengatik errebokatzen ez den bitartean.
Akreditatuta dauden entitateek, dekretu honen arabera ematen badute prestakuntza, aukera izango dute Osalanek esparru honetarako urtero egingo dituen dirulaguntza-deialdietan parte hartzeko.
Bigarren artikuluan zehaztutako entitate publiko nahiz pribatu guztiek eskatu ahal izango dute prebentzio-delegatuak trebatzeko oinarrizko prestakuntza diruz lagungarria emateko akreditazioa.
Diruz lagundu daitekeen prestakuntza emateko akreditazioa eskuratu nahi duten entitate publiko edo pribatuek betekizun hauek bete beharko dituzte:
Prestakuntza-zentro publikoak zein pribatuak edo prebentzio-zerbitzu akreditatuak izatea, zerbitzuak itunduta dauzkaten enpresetako prebentzio-delegatuentzat, edo sindikatuak izatea (araudi-arloko oinarrizko prestakuntza emateko).
Trebatu nahi den ikasle kopurura egokitutako instalazioak eta baliabide material eta didaktikoak eskura izatea, ezaugarri hauen arabera:
Gutxienez 10 ikasleentzako edukierako ikasgelak; hau da, 2 m2 ikasle bakoitzarentzat, eta 4 m2 irakaslearentzat.
Behar beste baliabide didaktiko eta ekipamendu edukitzea: arbela, ekipo informatikoak eta ikus-entzunezkoak, Interneteko konexioa, telefonoa eta abar.
Irakasleek baldintza hauek egiaztatzea:
Laneko arriskuen prebentzioko erdi-mailako edo goi-mailako eginkizunak betetzeko gaitasuna izatea, Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak 36.2 eta 37.2 artikuluetan eta bosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorriz.
Prestakuntza-saioak euskaraz ematen badira, Europako esparruko C1 mailako titulua edo haren baliokidea izatea.
Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko prestakuntza izatea: gutxienez 20 ordukoa izango da, eta laneko arriskuen prebentzioaren gaineko alderdi espezifiko bat landuko du genero-ikuspegiarekin. Prestakuntza horrek organismo ofizial edo homologatu baten ziurtapena izan beharko du.
Arlo hauetan indarrean dauden legeak betetzea: emakumeen eta gizonen berdintasuna, indarkeria matxista, LGTBI pertsonen eskubideak, eta arrazan edo jatorri etnikoan oinarritutako diskriminazioa.
Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskura jarri diren bitarteko elektronikoak erabiliz eskuratu eta aurkeztu beharko dira eskabideak.
Akreditazio-eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu behar da:
Erantzukizunpeko adierazpena, non jasoko baita entitatea jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda dagoen epigrafea bat datorrela dekretu honen 5. artikuluko a letran zehaztutako entitate publiko eta pribatuak bilduta dauden epigrafeetako batekin.
Prestakuntza emango duten irakasleekin sinatutako kontratuak edo lankidetza-akordioak, sexuaren arabera banatuta.
Haien prestakuntzari buruzko egiaztagiriak (5.c) artikuluaren arabera).
Prestakuntza emateko instalazioen planoak.
Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko estatu-legeriak ezarritako baldintzetan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarrita dituen enpresa direla egiaztatzeko agiriak.
50 langiletik gorako enpresa izanez gero, indarrean dagoen araudia betetzen duen berdintasun-plana indarrean duela egiaztatzeko agiriak.
Erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua, non hitzemango baita genero-ikuspegia txertatuz emango dela prestakuntza eta ikastaroaren material guztietan eta saioetan hizkeraren eta irudien erabilera inklusiboa egingo dela.
Erantzukizunpeko adierazpena, non jasoko baita ez duela indarrean zigor administratiborik sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.
Erantzukizunpeko adierazpena, non jasoko baita ez duela kondenarik edo zehapenik ezarrita laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delitu edo arau-hauste administratibo oso astunak egiteagatik azken bost urteetan.
Erantzukizunpeko adierazpena, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean jasotako betebeharrak betetzeari buruzkoa; hain justu, gai hauei buruz dagozkion betebeharrak: prebentzio-antolamenduko eredua, arriskuen ebaluazioa, prebentzio-jardueren plangintza eta, kasua bada, prebentzio-sistemaren auditoretza.
Akreditazio-eskabideak edozein unetan aurkez daitezke, dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (aurrerantzean, EHAA) argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta epea zabalik utziko da mugarik gabe.
Akreditazio-eskabideak aurkeztu ondoren, baliteke emandakoa osatzeko informazio gehiago eskatzea. Nolanahi ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 68. artikuluan ezartzen duenaren arabera, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari gabeziak konpontzeko edo nahitaezko agiriak eransteko, eta jakinaraziko zaio halakorik egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, betiere, aipatutako legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, aurretiaz dagokion ebazpena eman ondoren.
Betekizunak betetzen direla egiaztatzeko ebazpena Osalaneko zuzendari nagusiak emango du, organismo horretako teknikariek egindako balorazio-txostenak aintzat hartuta.
Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie entitate interesdunei, hiru hileko epean gehienez ere, eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera; ebazpena baiezkoa bada, indarrean egongo da harik eta arau bidez kontrakoa xedatu arte edo artikulu honen 6. apartatuan adierazita dauden arrazoiengatik errebokatu arte.
Apartatu honetan adierazitako epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea baietsita dagoela ulertu ahal izango dute entitate interesdunek, hala xedatzen baitu urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluak.
Diruz lagundu daitekeen oinarrizko prestakuntza emateko betekizunak betetzen direla egiaztatzeko ebazpenak ez dakar berekin prestakuntza emateko dirulaguntzarik lortzea.
Zuzendari nagusiaren ebazpenak administrazio-bideari amaiera emango dio, eta, ebazpen horren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke organo horri, hilabeteko epean, interesdun bakoitzari ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, zuzenean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bi hilabeteko epean.
Publikotasun-ondorioetarako, Osalanen web-orrian argitaratuko da akreditatutako entitateen zerrenda.
Edonola ere, Osalaneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez akreditazio-ebazpena erreboka daiteke, entitate interesdunari entzun ondoren, arrazoi hauetako bat baldin badago:
Akreditazioa eskuratzeko baldintzak betetzen ez betetzea.
Aitorpena lortzeko kontuan hartu ziren betekizunak, 5. artikuluan jasota daudenak, aldatu izanaren berri ez ematea, aldaketak ondorioak izan eta hilabeteko epean.
Prebentzio-delegatuak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematean edo kudeatzean irregulartasun nabarmenak atzematea.
Aurrekontu-kreditu nahikoa badago, urtero argitaratuko da Osalaneko zuzendari nagusiaren ebazpena, ekitaldi horretan prebentzio-delegatuak trebatzeko oinarrizko prestakuntza teknikoa edo arau-arlokoa emateko dirulaguntzen deialdia egitekoa.
Ebazpen horrek deialdi bakoitzeko dirulaguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak zehaztuko ditu, bai eta araudi-arlorako eta arlo teknikorako kopuruak banakatuko ere, EAEn indarrean dagoen Osasun Alorreko eta Laneko Arriskuak Prebenitzeko Alorreko Lanbidearteko Akordioaren arabera. Zuzkidura hori ekitaldi horretako Osalanen aurrekontuan sartuko da, ordainketa-kredituetan.
Segidako ematearen prozedura izanik, dirulaguntzak emateko baldintza bakarra izango da entitate eskatzaileek urtero argitaratuko diren oinarri arautzaileetako betekizunak betetzea, hau da, eskatzaileen eskabideak ez dira ebaluatuko elkarren artean konparatuz, ez eta batera aztertuko ere. Eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatutakoan, eskabideak modu ordenatuan ebatziko dira, espedienteak osatu ahala, harik eta kasuan kasuko jarduketetarako gordetako aurrekontu-zuzkidura agortu arte.
Funtsak agortzen badira, deialdia itxi egingo da, eta horren berri emango da EHAAn iragarki bat argitaratuz; ebazteke dauden eskabideak ukatu egingo dira.
Dirulaguntza hau jasotzeko, prestakuntza-ekintzek oinarrizkoak izan behar dute, Osasun Alorreko eta Laneko Arriskuak Prebenitzeko Alorreko Lanbidearteko Akordioan ezarri bezala, eta bi zati izan behar dituzte: bata araudi-arloko prestakuntzari dagokiona, eta bestea prestakuntza teknikoari dagokiona.
Sindikatuek emango dute oinarrizko ikastaroaren araudi-arloko prestakuntza, eskubideei eta betebeharrei buruzkoa, beren prebentzio-delegatuei lehentasuna emanda. Prebentzio-delegatu independenteek, hau da, sindikatuko kide ez direnek, eskubidea izango dute beraiek aukeratutako sindikatuak emandako araudi-arloko prestakuntza jasotzeko, haientzako lekua baldin badago.
Oinarrizko ikastaroko prestakuntza teknikoa emateko egiaztatuta dauden entitateek prebentzio-delegatu independenteei araudi-arloko trebakuntza emateko aitortza izan ahalko dute.
Araudi-arloko prestakuntza bukatu ondoren, Osalanek arlo teknikoko prestakuntza-ekintzetara joan ahalko direnen zerrenda bidaliko die prestakuntza-zentroei, ezarrita dagoen barne-prozeduraren arabera.
Ikastaroaren eduki teknikoak eta araudi-arloko edukiak Osalanen eskuliburuetan jasoko dira, Osasun Alorreko eta Laneko Arriskuak Prebenitzeko Alorreko Lanbidearteko Akordioan ezarritakoari jarraituz.
Oinarrizko prestakuntzako zati bakoitza amaitutakoan, sindikatuek eta prestakuntza-zentroek ziurtagiria emango diete prestakuntza amaitu duten guztiei, eta dokumentu horretan zehaztuko da modulu horietan zer prestakuntza jaso duten, zenbat ordukoa izan den eta zer gai jorratu diren.
Oinarrizko prestakuntza osatzen duten zatiak akreditatu ahal izateko, nahitaezkoa izango da zati bakoitzeko eskola-orduen % 80ra bertaratzea, gutxienez, eta amaieran egingo den ebaluazio-proba gainditzea.
Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak 19.2 eta 37.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera, prestakuntza, ahal denean, lanaldiaren barruan emango da, edo, bestela, beste ordutegi batean, betiere prestakuntzarako erabilitako denbora lanalditik deskontatuta; prestakuntzako denbora lan egindako denboratzat joko da ondorio guztietarako, eta haren kostua ezingo da, inolaz ere, prebentzio-delegatuen gain utzi.
Dirulaguntza eskatzen duen entitateak akreditazioa lortu behar du aurretiaz, prebentzio-delegatuak trebatzeko oinarrizko prestakuntza diruz lagungarria emateko, II. kapituluan ezarritakoaren arabera.
Deialdi bakoitzean lortutako dirulaguntza ezingo da batu bestelako edozein erakunde pribatu nahiz publikok helburu berdinerako ematen dituzten beste dirulaguntzekin.
Entitate onuradunek egunean izan beharko dituzte indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituz (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da, eta 2023ko otsailaren 17ko EHAAn 34. zk. argitaratu zen). Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, «interesdunak ez daude beharturik jada diharduen administrazioaren esku dauden dokumentuak edo beste administrazioren batek eginak direnak ekartzera. Diharduen administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskuratu ahalko ditu, interesdunak aurka egin ezean. Ezin izango da aurka egin, dokumentua ekartzea nahitaezkoa denean zehatzeko edo ikuskatzeko ahala egikaritzeko esparruan. Administrazio publikoek elektronikoki eskuratu beharko dituzte dokumentuak, beren sare korporatiboen bitartez edo datu-bitartekaritzarako plataformei edo hartarako prestatutako beste sistema elektronikoren bati kontsulta eginez». Kasu honetan, Osalanek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiekin eta Gizarte Segurantzarekin duen elkarreragingarritasun-sistemaren bidez eskuratuko du informazio hori.
Deialdi honetatik kanpo utziko dira, eta aldez aurretik ukatze-ebazpena jakinaraziko zaie, azken bost urteetan lan-segurtasunaren eta -osasunaren aurkako delitu edo arau-hauste administratibo oso astunak egiteagatik kondenatu edo zehatu dituzten entitate eskatzaileak. Kanpoan geratuko dira, orobat, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean jasotako betebeharrak alegia, prebentzio-antolamenduko ereduarekin, arriskuen ebaluazioarekin, prebentzio-jardueren plangintzarekin eta, kasua bada, prebentzio-sistemaren ikuskapenarekin zerikusia dutenak betetzen ez dituzten entitateak.
Ezingo dute dirulaguntzarik eskuratu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan adierazitako egoeraren batean dauden entitate eskatzaileek.
Nolanahi ere, dirulaguntza itzultzeko eskatu ahal izango da, Osalaneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eta, betiere, entitate interesdunari entzun ondoren, baldin eta dirulaguntza lortzeko bete behar izan dituen baldintzak dagoeneko betetzen ez baditu edo beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso baditu helburu bererako. Bidegabeko kobrantzak edo ordainketa okerrak eginez gero, emandako dirulaguntzak doitu ahal izango dira.
Osalaneko zuzendari nagusiak ekitaldi bakoitzeko urteroko deialdia onartzeko emango duen ebazpenak berak zehaztuko du eskaerak nola aurkeztu behar diren eta zer agiri gehitu behar zaien, bai eta zer epe aplikatuko diren ere.
Eskabideak aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrietako baldintzak formalki onartzea.
Osalanen Zuzendariordetza Teknikoak, betiere teknikariek txostena eman ondoren, eskabideak aztertuko ditu eskatutako betekizunak betetzen dituzten egiaztatzeko, eta behin-behineko ebazpen-proposamena idatziko du. Ebazpen hori entitate interesdunei jakinaraziko die, eta 10 eguneko epea emango die alegazioak aurkezteko.
Epea igaro eta alegazioak aztertu ondoren, halakorik egon bada, behin betiko ebazpen-proposamena emango du; gero, entitate onuradunei jakinaraziko die, eta urteko deialdiaren oinarrietan ezarrita dagoen epea emango die dirulaguntza onartzen dutela jakinarazteko. Interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta frogak bakarrik agertzen badira prozeduran, eta horiek bakarrik hartzen badira kontuan, ez da alegazioak aurkezteko epea ireki beharrik izango, eta, halakoetan, behin-behineko ebazpen-proposamena behin betikoa izango da.
Onartzen ez badute, onuradun izateko proposatutako entitateak eskaerari uko egiten diola ulertuko da.
Behin betiko ebazpen-proposamena onetsitakoan, Osalaneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, prozedura ebatziko da.
Hartutako ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie entitate eskatzaileei.
Prozedura abiarazten denetik sei hilabete igaro eta behin betiko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsita dagoela ulertu ahal izango dute entitate interesdunek, 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan jasotako ondorioetarako.
Zuzendari nagusiaren ebazpenak administrazio-bideari amaiera emango dio, eta, ebazpen horren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke organo horri, hilabeteko epean, interesdun bakoitzari ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, zuzenean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bi hilabeteko epean.
Publikotasun-ondoriotarako bakarrik, urteko deialdia amaitutakoan, emandako dirulaguntzen zerrenda argitaratuko da Osalanen egoitza elektronikoan, eta berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren zenbatekoa, finantzatutako jarduketa eta pertsona edo entitate onuraduna; era berean, ezetsitako dirulaguntzen zerrenda argitaratuko da.
Osalaneko zuzendari nagusiak ekitaldi bakoitzerako urteko deialdia onartzeko emango duen ebazpenean zehaztuko da zer modulu ekonomiko maximo aplikatuko diren prestakuntza-ordu bakoitzeko, prestakuntza-jarduerak finantzatzeko (prestakuntza planifikatu eta egikaritzeak eragindako gastuak barnean direla).
Prestakuntza-ekintza bakoitzean parte har dezaketen ikasleen kopurua zehazteko, baliabide finantzarioak eta premia zehatzak bateragarri egiteko balio duten efikazia- eta efizientzia-irizpideak aplikatuko dira. Prestakuntza-ekintza bakoitzeko, gehienez ere, 15 ikaslerentzat emango da dirulaguntza, eta 10 ikasletik beherako taldeak ez dira diruz lagunduko. Euskarazko nahiz gaztelaniazko prestakuntza-ekintzak taula honen arabera finantzatuko dira:
(Ikus .PDF)
Salbuespen gisa, eta prestakuntza honetan euskararen erabilera sustatzeko, 10 ikasle baino gutxiagoko euskarazko taldeak onartuko dira; 5 ikasle baino gutxiagokoak ezingo dira diruz lagundu. Honela finantzatuko dira:
(Ikus .PDF)
Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretua aplikatuz, eta desgaitasunen bat duten prebentzio-delegatuek prestakuntza jasotzeko dauzkaten zailtasunak edo desabantailak konpentsatu nahian, komunikaziorako behar diren laguntza eta zerbitzu osagarri guztiak jarriko ditu Osalanek, deialdi bakoitzaren kontura.
Prestakuntza-ekintza bukatu ostean, urteko deialdian horretarako adierazitako epean, dirulaguntza jaso duen entitateak prestakuntza eman duela justifikatu beharko du, dagokion deialdian zehaztutako moduan eman ere, eta eguneroko bertaratze-parteen kopiak aurkeztu beharko ditu, prestatzaileak eta parte-hartzaile guztiek sinatuta.
Prestakuntza 9.7 artikuluan jarritako eran bukatu duten pertsonengatik soilik ordainduko da dirulaguntza.
Ordainketa bakarrean emango zaie dirulaguntza entitate akreditatuei, diruz laguntzeko eskatu den eta Osalaneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez onartu den prestakuntza-ekintza bukatu ondoren, eta dagokion urteko deialdian zehaztutako justifikazio-agiriak aurkeztuta.
Entitate onuradunen betebeharrak dira:
Prestakuntza-ekintzak ikasleentzat doakoak izango direla ziurtatzea.
Osalanek, lan-arloan eskuduna den sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin beharreko egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartzea. Horretarako, erakunde, entitate eta organismo horiei lokaletara eta instalazioetara sartzen utziko diete, eta parte-hartzaileekin, irakasleekin eta elkarrizketatzea komeni den gainerako pertsonekin harremanetan jartzeko aukera emango diete, baita langileen legezko ordezkari parte-hartzaileekin harremanetan jartzeko aukera ere.
20/2023 Legearen 14., 21.4 eta 42. artikuluetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan eskatutako betebeharrak.
Dirulaguntzaren entitate onuraduna 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritako kasuetako batean badago edo, bestela, ebazpen honetan, gainerako arau aplikagarrietan edo emakida-ebazpenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, Osalaneko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du, 20/2023 Legearen 40. artikuluko prozedurari jarraituz. Ebazpen horren bitartez, ordaintzeko dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntza eta dirulaguntza ordaindu zenetik egokitzen diren berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe. 20/2023 Legearen 38.1 artikuluak ezartzen duenez, itzuli behar diren zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitakoa aplikatuko da horiek kobratzeko.
Indargabeturik geratzen dira uztailaren 30eko 125/2018 Dekretua zeinaren bidez ezartzen baitira EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programaren oinarri orokorrak eta, oro har, dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA. Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Edonola ere, 5.d) artikuluaren 3. zenbakian adierazitako betebeharra (emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz gutxienez 20 orduko prestakuntza espezifikoa izateari dagokiona) 2029ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean. Egun horretan, adierazitako betekizuna bete izana justifikatu ez duten entitateei akreditazioa kenduko zaie, eta, beraz, hortik aurrera ezingo dute eman Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietako edo enpresetako prebentzio-delegatuak trebatzeko oinarrizko prestakuntza diruz lagungarria, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) Osasun Alorreko eta Laneko Arriskuak Prebenitzeko Alorreko Lanbidearteko Akordioaren esparruan.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko ekainaren 9an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.