Arautegia

Inprimatu

83/2020 DEKRETUA, ekainaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Verter Recycling 2002 SL enpresak martxoaren 3ko 35/2020 Dekretuaren aurka jarritako aukerako berraztertze-errekurtsoa. Dekretu horren bidez, Zaldibar udal-mugartean (Bizkaia) dagoen zabortegiaren ingurunean hondakinen segurtasun-biltegiak urgentziaz eraikitzea onesten da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 147
  • Hurrenkera-zk.: 3016
  • Xedapen-zk.: 83
  • Xedapen-data: 2020/06/30
  • Argitaratze-data: 2020/07/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Justizia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu
  1. 2020ko martxoaren 16an, martxoaren 3ko 35/2020 Dekretua argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA, 53. zk.). Dekretu horren bidez, Zaldibar udal-mugartean (Bizkaia) dagoen zabortegiaren ingurunean hondakinen segurtasun-biltegiak urgentziaz eraikitzea onesten da.

  2. Ingurumeneko sailburuordearen 2020ko martxoaren 4ko Ebazpenaren bidez, ingurumen-erantzukizuna eskatzeko ERM-2020-001 espedientea hastea erabaki zen Verter Recycling 2002 SL enpresaren aurka (aurrerantzean, alderdi edo operadore hori), Zaldibarko udal-mugarteko (Bizkaia) bere instalazioan 2020ko otsailaren 6an eta hurrengo egunetan izandako gertakarien ondoriozko kalteen erantzuletzat jotzeko, ingurumen arloko erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

    Ondorioz, otsailaren 10ean eta 12an alderdi horri ezarritako behin-behineko neurriak berretsi ziren. Neurri horiek, besteak beste, martxoaren 3ko 35/2020 Dekretuaren bidez ezarri ziren, urriaren 23ko 26/2007 Legearen 23. eta 44. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

  3. 2020ko apirilaren 27an, operadoreak berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zuen martxoaren 3ko 35/2020 Dekretuaren aurka, EAEko Administrazio Orokorrean. Horren bidez, errekurtso hori aurkeztutzat jotzeko eskatu zen, baita martxoaren 3ko 35/2020 Dekretuaren I. eranskina aldatzeko ere. Horrela, eranskin berean, Eusko Jaurlaritzak planteatutako 2. gelaxkaren ordez, operadoreak aurkeztutako hondakinak biltegiratzeko proposamena jasotzeko eskatu zen.

    Aipatutako errekurtso-idazkiarekin batera, «Ibur-Errekan (Txaraitxi) Verter enpresako hondakinak birkokatzeko alternatibaren oinarrizko proiektua» dokumentua erantsi zen, Soningeo SL enpresak idatzia 2020ko apirilean, aipatutako dekretuaren I. eranskina aldatzeko eta idazki horren bidez aurkeztutako proposamena eranskin berean sartzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Administrazioak aurkeztutako proiektua aztertu ondoren eta informazio osagarria eskatu ondoren, aukera hori baztertu egin zen.

  4. 2020ko maiatzaren 6an, alderdi horrek beste idazki bat aurkeztu zuen. Horren bidez, martxoaren 3ko 35/2020 Dekretuaren aurka jarritako berraztertzeko errekurtsoa partzialki atzera egindakotzat jotzeko eskatu zuen, 2. gelaxkarako proiektu berri bat aurkezteari dagokionez. Gainera, eskatu zuen dekretu horretan sartzeko 1. gelaxka handitzeko beste proposamen bat, bere garaian onartutako bigarren segurtasun-biltegiaren (DS2) ordez. Errekurtso-idazki horri, Saitec ingeniaritzak sinatutako «Zaldibarko zabortegia berregokitzeko proiektua» izenburupean plano batzuk erantsi zitzaizkion.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari atxikitako zerbitzu teknikoek aurkeztutako lehenengo segurtasun-biltegia (DS1) handitzeko proposamena aztertu dute eta prima facie adierazi da eta, aurkeztutako dokumentazioa urria denez, adierazi da bigarren segurtasun-biltegiaren (DS2) eraikuntzaren aldean alternatiba teknikoki bideragarria izan daitekeela.

    Hala ere, martxoaren 3ko 35/2020 Dekretua aldatzeko oinarri gisa balioko lukeen behin betiko posizionamendu bat hartu ahal izateko, ezinbestekoa da proiektu tekniko xehatu bat edukitzea. Proiektu horretan, gainera, eta bere garaian Gobernu Kontseiluak onartu zuen hondakinen segurtasun-biltegiak deskribatzeko proiektuan egin zen bezala, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio alternatibo bat egingo da, proiektua gauzatzeak ingurumenean izan ditzakeen ondorioak identifikatzeko, eta ondorio horiek saihesteko edo, hala badagokio, zuzentzeko eta ingurunearen ingurumen-jarraipena egiteko beharrezkoak diren neurriak diseinatzeko. Operadoreari eskatu zitzaion 10 eguneko epe luzaezinean (edo ahalik eta lasterren) deskripzio-proiektu bat bidaltzeko ingurumen-organora, azter zezan eta azken balidazioa egin zezan. Proiektu hori lehenengo segurtasun-biltegia (DS1) zabaldu edo jarraitzeari buruzkoa izan behar zen, eta gutxieneko eduki bat izan behar zuen.

  6. 2020ko ekainaren 8an, alderdi horrek idazki bat bidali zuen errekerimendu horri erantzuna emateko, erantsitako eranskinetan dokumentazio teknikoa aurkeztuz eta ordezko proiektu berri horren beharra justifikatuz, martxoaren 3ko 35/2020 Dekretuaren bidez onartutako bigarren Segurtasun Biltegiaren (DS2) proiektuaren kaltetan. Hala ere, bidalitako idazkiak ez zuen sinadurarik; beraz, ezin izan zen egiaztatutzat jo borondatearen benetakotasuna. 2020ko ekainaren 10ean, zuzendu egin zen akatsa, eta, orduan, bai, behar bezala bidali zen. Hau da, interesdunak sinatu zuen, eta Saitec ingeniaritzak sinatutako «Lehenengo Segurtasun Biltegia Handitzeko Proiektua (DS1)» dokumentua erantsi zitzaion. Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoko zerbitzu teknikoek dokumentuaren lehen azterketa egin ondoren, dokumentuaren zenbait alderdi zuzentzeko eskatu zen, eta, 2020ko ekainaren 18an, aipatutako dokumentuaren bertsio hobetua bidali zuen operadoreak.

  7. 2020ko ekainaren 19an, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoari jarraiki, uren arloko organo eskudunari eskatu zitzaion DS1 handitzeko proposatutako kokapenaren egokitasunari buruzko txostena emateko. Ura Uraren Euskal Agentziaren aldeko txosten hori 2020ko ekainaren 22an sinatu zen.

    Gertakari horiei zuzenbideko oinarri hauek aplikatu behar zaizkie

  1. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikuluaren arabera, administrazio-bidea amaitzen duten administrazio-egintzen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke egintza eman zuen organoari.

  2. Bai hasierako berraztertze-errekurtsoa bai haren atzera egite partziala garaiz eta behar bezala aurkeztu dira, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 115.1 artikuluan eskatutako baldintzek ezarritakoarekin bat. Horri dagokionez, COVID-19ak sortutako eta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez araututako epe administratiboen etete-egoera aipatu behar da. Dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratzen da COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko.

  3. Atzera egiteko idazkian adierazten da atzera egin duela 2. gelaxkako proiektu berri bat aurkezteari dagokionez, eta, era berean, gainerako adierazpenei eusten diela adierazten du.

  4. Kontuan hartuta errekurtsoaren hasierako idazkiaren helburua Elgetan zabortegi berri bat eraikitzea bigarren segurtasun-biltegia (DS2) eraikitzea baino aukera hobea zela defendatzea zela, eta, idazki berriaren arabera, erabat desberdina den aukera bat planteatzen dela, ebazpen hau proposatutako aldaketa onartzera eta martxoaren 3ko 35/2020 Dekretuaren xedapen-zatia lehenengo segurtasun-biltegia (DS1) handituko den eremu fisikora hedatzera mugatuko da.

  5. Hala eta guztiz ere, bidezkoa da aldez aurretik erantzutea operadoreak berraztertzeko errekurtsoaren idazkian egiten dituen eta aurkeztutako atzera egite partzialaren idazkian mantentzen dituen baieztapen batzuei. Alde horretatik, honako hau adierazten da:

  1. Alderdi horrek dio martxoaren 3ko 35/2020 Dekretua egoitza elektroniko bidez jakinarazi zaiela 2020ko apirilaren 6an.

    Horri dagokionez, adierazi behar da martxoaren 3ko 35/2020 Dekretua 2020ko martxoaren 16an argitaratu zela Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA, 53. zk.), eta banakako jakinarazpenaren ondorioak izan zituela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoaren arabera.

    Horrez gain, adierazi behar da 2020ko martxoaren 4an Ingurumeneko sailburuordearen ebazpen bat jakinarazi zitzaiola operadoreari. Ebazpen horren bidez, ERM-2020-001 ingurumen-erantzukizuna eskatzeko espedientea hastea erabaki zen. Ebazpen horretan, berariaz adierazten zen martxoaren 3ko 35/2020 Dekretuan ezarritako behin-behineko neurriak berretsi zirela, hau da, hondakinen 1. eta 2. biltegiak bere kontura exekutatzea onartzea.

  2. Zabortegiaren operadoreak azaldu duenez, neurri horiek proportzionalak izan beharko dute, eta zabortegiaren operadorearentzat kostu gutxien eragiten duen aukeran ezarri beharko dira. Beraz, alderdi horrek alternatiba bat aurkeztu du, oinarrizko gelaxka-proiektu baten bidez, operadore gisa dituen betebeharrak betetzeko aukera ematen duena eta 2. gelaxkaren konfigurazio berri bat proposatzen duena (zati batean atzera egin ondoren, DS1 handitzea). Hori guztia, horrelako ezaugarriak dituen edozein proiektuk proposatutako kokapenaren hirigintza-egokiatasunari, beharrezkoak diren ingurumen- eta administrazio-baimenei eta lursailaren jabeen adostasunari dagokienez bete beharrekoak beteta.

    Hain zuzen ere, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko otsailaren 13ko Aginduak, Zaldibarko udal-mugartean dagoen hondakin ez-arriskutsuen zabortegian izandako luiziaren inguruan premiazko zenbait neurri hartzea erabakitzen duenak, adierazten zuen hartu beharreko neurri zehatzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jardunaren iraupena gutxienekoak izango zirela eta gertakariaren ondoriozko hasierako larrialdi-fasea konpontzeko eta ingurumen-kalte edo -afekzio berriak eragiteko arriskua gutxitzeko behar-beharrezkoak baino ez, eta Administrazioak gauzatuko dituela zuzenean, Verter Recycling 2002 SL enpresaren kontura, modu proportzionalean, eta zabortegiko operadorearentzat kostu txikiagoko beste aukerarik ez dagoen neurrian.

    Horixe da, hain zuzen ere, EAEko Administrazio Publikoak orain arte jarraitu duen jarduera-ildoa. Horrela, hartutako neurriak ezinbestekoak izan dira, arazoak aurrez aurre konpontzeko proportzionalak izan dira, eta, betiere, aukera eraginkorren artean, ekonomiari dagokionez kostu gutxien duena bilatu da. Izan ere, alderdi horrek aktiboki parte hartzen du obra-zuzendaritzaren bilera teknikoetan, eta ezagutzen ditu, eta proposamenak egin eta irtenbide alternatiboak proposatu ahal izan ditu. Era berean, azpimarratu behar da neurriaren kostua operadoreak aldatutako egoera konpontzeko duen eraginkortasunaren arabera haztatu behar dela, hau da, kaltetutako baliabide naturalak jatorrizko egoerara itzultzeko betebeharrari lotuta dago, dagozkion prebentzio- edo konponketa-ekintzek eragiten dituzten kostu guztiak ordainduz, eta ez enpresa erantzulearentzat aurrezki ekonomikoa bilatuz.

    Horri dagokionez, urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskinaren 1.3.1 apartatuak neurri konpontzaileak hautatzeko irizpideak ezartzen ditu, besteak beste, neurri bakoitzaren arrakasta-probabilitatea eta, bereziki, neurri bakoitzak eragindako baliabide naturalaren edo ingurumen-zerbitzuaren osagai bakoitzari ekarriko dion onura. Hau da, irizpidea, beraz, ez da operadoreari ahalik eta kostu txikiena ekartzera mugatzen, nahiz eta neurriak dakarren kostua kontuan hartu behar den, baizik eta, batez ere, neurriak konponketarako duen eraginkortasuna.

    Era berean, ingurumen-kaltea konpontzeko neurriak hautatzeko adierazitako beste irizpide bat «ingurumen-kaltea konpontzeko behar den denbora» da.

  3. Alderdi horrek adierazi duenez, Elgetako udal-mugartean gauzatu beharreko hasierako proposamen alternatiboa planteatu zuen, martxoaren 3ko 35/2020 Dekretuan ezarritako 2. gelaxkari buruzko definiziorik eza ikusita; izan ere, plano batean soilik jasotzen du orban bat, bereziki gatazkatsua den kokapen batean, zabortegiaren goiko aldean, eta, beraz, haren egonkortasuna ez da egokia segurtasun-gelaxka baterako, eta, azkenik, ez die irtenbiderik ematen isurketa-beharrei, desagertuak bilatzeko eta mendi-mazelak egonkortzeko lanak luza baitaitezke.

    Horri dagokionez, adierazi behar da Eusko Jaurlaritzaren agindu bidez egindako «Zaldibarko udal-mugartean (Bizkaia) dagoen zabortegiaren inguruko hondakinen segurtasun-biltegien proiektua» dokumentuak bi biltegietarako garrantzitsuak diren ingurumen-alderdi guztiak jasotzen eta definitzen dituela. Ildo horretatik, deskripzio-proiektuaren irismena honako hau da: alde batetik, aipatutako hondakinak hartzeko diseinatutako bi biltegi eta horietara sartzeko bideak definitzea, eta, bestetik, hondakinak mobilizatzeko jarraituko diren eragiketen deskripzioa, sortzen diren lixibiatuak biltzeko eta kudeatzeko azpiegiturak barne. I. dokumentuko (deskripzio-proiektuaren memoria) hogeita hamazazpi orrialdeak bi biltegiei buruzkoak dira; beraz, martxoaren 3ko 35/2020 Dekretuak bi biltegiari buruzko definiziorik ez duela dioen baieztapena ez dator bat errealitatearekin, plano bateko orban batetik haratago.

    Lekualdatutako hondakinak ahalik eta lasterren kokatzeko segurtasun-biltegiak izateko premia larriari konponbide arin bat eman zitzaion martxoaren 3ko 35/2020 Dekretua onartuta. Jakina denez, denbora faktorea Zaldibarko hondamendiaren kudeaketako elementu garrantzitsuenetako bat izanik, martxoaren hasieran ezin izan zen bigarren segurtasun-biltegia (DS2) zehaztu lehenengo segurtasun-biltegiaren (DS1) ezaugarri teknikoak finkatu ziren baldintza beretan, batez ere, proiektuari erantsitako planoei buruzko eranskinean. Hori dela eta, lan hori une honetan egin behar da, behin biltegia eginda eta bere funtzioa beteta dagoenean, eta agerian geratzen da espazio gehigarri berri bat behar dela lekualdatutako hondakinak mobilizatzeko premiazko lanekin jarraitzeko, hura betetzear baitago.

  4. Verter Recycling 2002 SL enpresaren arabera, halaber, bigarren segurtasun-biltegia bereziki gatazkatsua den leku batean proiektatu da eta zabortegiaren goiko aldean kokatzen da. Beraz, haren egonkortasuna ez da egokia segurtasun-gelaxka baterako. Hala ere, ez da baieztapen horien euskarri den frogarik aurkeztu.

    Horri dagokionez, adierazi behar da guztiz inkongruentea dela alderdi horrek aipatzea bigarren segurtasun-biltegia (DS2) egitea proiektatu zen zabortegiaren goiko aldearen egonkortasuna ez dela egokia orain. Izan ere, Verter Recycling 2002 SL enpresak zabortegia handitzea bertan kokatzea aurreikusi zuen, lehendik zegoen isurketa-basoaren jarraipen gisa, fase hori bete ondoren. Ondorioz, aurreko zabortegiaren bigarren ustiapen-fase batean ehunka mila tona hondakin hartzeko nahikoa egonkorra bazen (operadoreak hasierako baimena izapidetzean adierazi zuen bezala), ezin da onartu, hain zuzen ere, gaur egun operadoreak kokapen hori bereziki gatazkatsutzat jotzea.

    Are gehiago, adierazi behar da Eusko Jaurlaritzarako segurtasun-gordailuen proiektua idatzi duten teknikariek ingurumenaren aldetik egokienak ziren alternatiben irizpide anitzeko azterketa egin zutela. Gainera, alternatiba horiek teknikoki bideragarriak izan behar dute lortu nahi diren helburuetarako, proiektuaren ezaugarri bereziekin eta espezifikoekin bateragarri izateko, eta kontuan hartu behar dituzte gizarte-, ingurumen-, ekonomia- eta funtzio-izaerako alderdiak.

    Ildo horretatik, proiektuaren 2.2.5 apartatuak biltegi berrien egonkortasuna lantzen du espezifikoki (11. or.), eta 2. biltegiari dagokionez, honako hau dio hitzez hitz:

    1. biltegiaren kokapena dagoen zabortegitik ibaian gora dago, substratu harritsuaren gainean. Biltegi berri horren euskarria geografikoki independentea da luizia izan arte erabiltzen ari zen zabortegiaren ontziarekiko. Ontzi berriaren hondoko maldak leunak dira, eta mailakatzea ahalbidetzen dute lurzoruen estaldura kenduz. Horrela, horien egonkortasuna bermatzen da malda handieneko lerroaren noranzkoan.

    Azaldutakoagatik, alderdi horrek frogarik aurkeztu ez duenez, ezin dira kontuan hartu bigarren segurtasun-biltegia jartzeko asmoa zegoen zonaren gatazka bereziari eta egonkortasun ezari buruz planteatutako zalantzak.

  5. Azkenik, esan behar da DS2 horrek ez diela irtenbiderik ematen isurketa-beharrei, desagertuak bilatzeko eta mendi-mazelak egonkortzeko lanak luza baitaitezke.

    Gai horri dagokionez, adierazi behar da lehenengo eta bigarren segurtasun-biltegiak ez zirela inoiz planteatu irristatutako isurketa-masa osoa hartzeko behin betiko irtenbide gisa, eta beharrezkoa izango dela biltegiak kentzea eta behar bezala kudeatzea. Helburua argia zen, onartu zituzten unetik bertatik; hain zuzen ere, ezpondak egonkortzeko eta desagertuak bilatzeko hasierako premiazko lanen ondorioz mobilizatzen ari diren hondakinekiko kokapen seguru, hurbil eta azkarra lortzea zen.

    Desagertuak bilatzeko eta leku gehiago behar duten mendi-mazelak egonkortzeko lanak luzatuz gero, eta, batez ere, isurketa-ontzitik kanpo mobilizatu diren hondakin guztiak behar bezala egokitzeko, operadorea behartuta dago behin betiko irtenbidea ahalik eta lasterren bilatzera eta ematera, urriaren 23ko 26/2007 Legearen 19. eta 20. artikuluek ingurumen-kalteak konpontzearen arloan ezartzen dituzten betebeharrekin bat etorriz. Izan ere, Administrazio Publikoa egiten ari den premiazko lanak uneren batean amaituko dira, eta alderdi horrek konpondu beharko du sortutako egoera, bere kabuz eta osorik.

    Horri dagokionez, operadoreak, kaltea identifikatu eta kuantifikatu ondoren, eta kaltearen adierazgarritasuna zehaztu ondoren, urriaren 23ko 26/2007 Legea zati batean garatzeko erregelamendua onartzen duen abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren II. kapituluaren 1. sekzioan ezarritako irizpideen arabera, konponketa-proiektu bat aurkeztu beharko du, aipatutako erregelamenduaren 25. artikuluan adierazitako gutxieneko edukiarekin. Erregelamendu hori Administrazio honek baloratu eta onartu beharko du, arau bereko 26. artikuluaren arabera.

  6. Azaldutako guztia alde batera utzi gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak kontuan hartu behar du epe ertainean induskatzen eta mobilizatzen jarraituko diren irristatutako hondakinak hartzeko gaitasun handiagoa, funtsezko aldagaia baita operadoreak planteatutako administrazio-errekurtsoa baiesteko edo ezezteko, eta martxoaren 3ko 35/2020 Dekretuaren eranskina aldatzeko, lehenengo segurtasun-biltegia (DS1) handitzeko konponbidea hartzeko.

    Ildo horretatik, adierazi behar da onartutako hondakinen lehenengo segurtasun-biltegia (DS1) eraikita dagoela eta betetzear dagoela; beraz, beharrezkoa da ahalik eta lasterren bigarren segurtasun-biltegia (DS2) eraikitzen hastea edo oraindik mobilizatzen diren hondakinak kudeatzeko irtenbide alternatibo bat ezartzea.

    Hainbat dokumentu bidali eta aztertu ondoren, operadoreak Saitec ingeniaritzak sinatutako «Lehenengo Segurtasun Biltegia Handitzeko Proiektua (DS1)» dokumentuaren behin betiko bertsioa helarazi du. Bertan, agintaritza eskudunak eskatutako hobekuntzak sartu dira. Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari atxikitako zerbitzu teknikoek aztertu ondoren, erabaki da ez dagoela eragozpenik proiektua onartzeko; izan ere, proiektua teknikoki egokia da, eta zabortegiaren goi-ibarrean proiektatutako bigarren segurtasun-biltegiaren (DS2) ordez hondakinak kokatzeko lekurik ezaren arazoa konpon dezake.

    Era berean, lehenengo eta bigarren segurtasun-biltegien exekuzioa onartzeko oinarri gisa erabili zen proiektuan bezala, operadoreak aurkeztutako dokumentuan, Ingurumen Sailburuordetzaren ikuskaritzarekin, proiektua gauzatzeak ingurumenean izan ditzakeen balizko ondorioak identifikatu dira. Ondorio horiek saihesteko edo, hala badagokio, zuzentzeko eta ingurunearen ingurumen-jarraipena egiteko beharrezkoak diren neurrien diseinua ere jasotzen du.

  7. Azaldutako guztiagatik, operadoreak aurkeztutako aukerako berraztertze-errekurtsoa onartzen duen erabaki bat eman behar da, martxoaren 3ko 35/2020 Dekretuaren I. eranskina aldatzeko. Horrela, eranskin berean jasoko da bigarren segurtasun-biltegiaren (DS2) ordez aurkeztutako lehenengo hondakin-biltegia (DS1) handitzeko proposamena. DS2 exekutatzea martxoaren 3ko 35/2020 Dekretuaren bidez onartu zen, baina azkenean ez da eraiki beharko.

  8. Gobernu Kontseiluak eskumena du administrazio-ebazpen hau emateko. Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean xedatutakoaren arabera, ebazpen honek dekretu forma izango du, eta hala xedatzen du testu arauemaile horren 65.2 artikuluak, 60. artikuluarekin lotuta, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 35.1.a) artikuluak ere.

    Ondorioz, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren proposamenez, nahitaezko txostenak jasota, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko ekainaren 30ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Lehenengoa. Verter Recycling 2002 SL enpresak martxoaren 3ko 35/2020 Dekretuaren aurka aurkeztutako aukerako berraztertzeko errekurtsoa onestea (dekretu horren bidez, Zaldibar udal-mugartean (Bizkaia) dagoen zabortegiaren ingurunean hondakinen segurtasun-biltegiak urgentziaz eraikitzea onesten da), eta dekretu horren I. eranskina aldatzea. Horrela, lehenago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak onartutako bigarren segurtasun-biltegiaren ordez operadoreak planteatutako hondakinen lehenengo biltegia handitzeko proposamena gehitu da. Hondakinen lehenengo segurtasun-biltegiaren handitzearen deskripzio-proiektua dekretu honen eranskin gisa erantsi da.

Bigarrena. martxoaren 3ko 35/2020 Dekretuaren lehenengo, bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren ebazpenetako xedapenak hondakinen lehenengo segurtasun-biltegia (DS1) handitzeko proiektura zabaltzea.

Hirugarrena. Dekretu honen berri ematea Zaldibarko zabortegia ustiatzen duen Verter Recycling 2002 SL enpresari.

Laugarrena. Dekretu honen berri ematea Zaldibarko Udalari.

Bosgarrena. Dekretu honen berri ematea aldi baterako okupatuko diren lursailen titularrei.

Seigarrena. Dekretu hau EHAAn argitaratzeko agintzea, denek horren berri izan dezaten eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

ERREKURTSOAK

Dekretu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko ekainaren 30ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)