Udalaren kanpoko wifi saretik datozen datuak erabiltzea
Identifikazioa
- Dokumentu mota : DBEA Irizpena
- Organo egilea: DBEA - Datuak Babesteko Euskal Agintaritza
- Espediente kodea: CN24-007
- Dokumentu kodea: D24-018
- Sinadura data: 2024/10/10
Testu legala
Laburpena
Bilboko Udalak denboran zehar udal WIFI sarera konektatutako gailu mugikorren mugimenduari buruzko informazioa erabili nahi du, hainbat gauza identifikatzeko, hala nola hiri-mugikortasuneko joerak, kanpoko faktoreen arabera (jaiegunak, ekitaldi bereziak...) hainbat zonatan egon daitezkeen jende-pilaketak, kanpainen edo bestelako parametroen mendean egon daitezkeen merkataritza-zonak. Bere kontsultan galdetzen du ea egin nahi duen hori datu pertsonen tratamendua den, eta alde horretatik ea datu pertsonalak babesteko araudia aplikatzen zaion.
Halako prozesuetan erabilitako Wi-Fi seinaleek transmititutako datuak datu pertsonaltzat jo daitezke, pertsona identifikagarriekin lotuta daudelako eta pertsona horiek zuzenean edo zeharka identifikatzeko erabil daitezkeelako. Zehazki, kasu honetan, datu horiek gailuaren identifikatzailea edo MAC helbidea, data/ordua eta kokalekua izango lirateke.
Udal Wifi sareak gailuen informazioa jaso edo biltzea datu pertsonalen tratamendua da. Halaber, datu pertsonalen tratamendua da anonimizazio-prozesua bera ere, bai eta berridentifikatzeko arriskua benetan gauzatuz gero datuak kontsultan azaldutako xedeetarako erabiltzea ere.
Datu pertsonalen tratamendua dagoen neurrian, arduradunak DBEOn ezarrita dauden printzipioak bete beharko ditu, zehazki zilegitasunarena, helburua mugatzearena eta kontserbazio-epea mugatzearena. Zilegitasunaren printzipioa betetzeari buruz, tratamendu bakoitzari aplikatu beharreko oinarri legitimatzailea bete dadin, tratamenduaren arduradunak kasu bakoitza xehetasunez aztertu behar du, erantzukizun proaktiboaren printzipioaren arabera (DBEOren 5.2 artikulua); bada, kasua aztertzean tratamenduaren izaera, esparrua, testuingurua eta xedeak kontuan hartu beharko dira.
DBEOren 35.3 artikuluaren arabera, Wi-Fi tracking teknologia duten tratamenduetan eta, zehazki, tratamendu horretan sarbide publikoa duen zonalde baten behaketa sistematikoa egin behar bada eskala handian, DBGEB egitea nahitaezkoa izango da.
Egokiak diren neurri tekniko eta antolakuntzakoei dagokienez, irizpenak kontrol-agintaritzek argitaratutako orientabideetara jotzen du, eta irizpen horretan anonimizazio-prozesuari garrantzirik handiena ematen die.