Ur partzuergo bati datuak lagatzea
Identifikazioa
- Dokumentu mota : DBEA Irizpena
- Organo egilea: DBEB - Datuak Babesteko Euskal Bulegoa
- Espediente kodea: CN22-005
- Dokumentu kodea: D22-013
- Sinadura data: 2022/07/11
Testu legala
Laburpena
Irizpena, bigarren mailako sareko edo behe-hornidurako zerbitzuaren emaile berriak egin nahi duen datu pertsonalen tratamenduari buruzkoa.
Irizpena eskatzen da, jakiteko ea legezkoa den «behe-hornidurako» zerbitzua emateko kontratuen kudeaketarako bildutako datuak lagatzea, zerbitzu-emaile berriaren akordioari atxikitzen zaizkion administrazio batzarretako bigarren mailako sareko ur-horniduraren zerbitzuen erabiltzaile bakoitzari aurretiaz adostasuna eskatu gabe. Zerbitzu-emaile berriak datuak lagatzeko eskatu du, eta bere iritziz, egokiena da berak edukitzea ematen dituen zerbitzuekin lotutako kontratuen onarpen edo titulartasuna. Hau da, aztertzen da ea zerbitzu-emaile berriak legitimitatea daukan ala ez horniduraren kudeaketa eskualdatzeak dakarren datu pertsonalen tratamendua egiteko.
Datu pertsonalen tratamenduek nahitaez bete beharko dituzte Erregelamendu Orokorrean aldarrikatzen diren printzipioak, besteak beste zilegitasuna, fideltasuna eta gardentasuna. Horrek esan nahi du tratamenduek Erregelamendu Orokorrean jasotako oinarri juridikoetako baten babesa beharko dutela. Hain zuzen ere, oinarri horiek dira adostasuna, kontratua, legezko betebeharra, interes publikoa edo botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzea, interes legitimoa eta ukituaren berebiziko interesa.
Administrazio publikoen kasuan, interes publikoaren izenean eta botere publikoen izenean egindako zeregin bat betetzea da oinarri legitimatzailerik ohikoena, eta hori lege-mailako arau batean jasota egon behar da.
Apirilaren 7ko 2/2016 Legeak, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoak xedatzen duenez, udalerriek, beren kasa edo udalen artean elkartzeko beste formula egoki batzuk erabilita, eskumen propioak erabili ahal izango dituzte uraren ziklo integralean zerbitzuak antolatzeko, kudeatzeko, emateko eta kontrolatzeko, barnean dela uraren behe-hornidura. Hortaz, udalerriek partzuergoak eratu ahal izango dituzte beste administrazio publiko batzuekin, tokiko zerbitzu publikoak emateko lanean lankidetza ekonomiko, tekniko eta administratiboaren inguruan guztien intereseko helburuak lortzeko. Hala eginez gero, partzuergoa osatzen duten erakundeek beren eskumena egikarituko dute partzuergoaren beraren bidez, baina eskumenaren titulartasuna erakundeena izango da. Partzuergoak hornidura eta saneamendu zerbitzuak kudeatzeko ahala izango du.
Esan dugunaren arabera, honako hau ondorioztatu ahal dugu: zerbitzu-emaile berriak legitimazio-oinarria izango du datu pertsonalak tratatzeko, ezinbestekoak baitira bigarren mailako sarean ur-horniduraren zerbitzu publikoa kudeatzeko. Tratamendu horretan, Erregelamendu Orokorrean jasotzen diren gainerako printzipioak bete beharko ditu.