Gizarte Zerbitzuen Ikuskatzailetza Zerbitzuak Osakidetzaren osasun-datuetara irispidea izatea

Identifikazioa

  • Dokumentu mota : DBEB Irizpena
  • Organo egilea: DBEB - Datuak Babesteko Euskal Bulegoa
  • Espediente kodea: CN21-007
  • Dokumentu kodea: D21-017
  • Sinadura data:  2021/07/30

Laburpena

Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen Erregistro eta Ikuskatzailetza Zerbitzuko buruak bere kontsultan azaltzen duenez, gizarte-zerbitzuen arloan legez esleitutako zereginak betetzeko, adinekoen egoitza-zentroetan izandako gertakarien ikerketa-jarduerak egiten dituzte, bai eta zentro horien titular diren entitateen jarduketei buruzkoak ere; batzuetan, gertakari horiek ikertu eta baloratzeko, zentroetako egoiliarren osasun-datuetara irispidea izan behar dute, eta datu horiek Osakidetzaren esku daude. Kontsultagileak dioenez, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak, datu horiek emateko, pertsonaren edo haren ordezkariaren adostasuna eskatzen die. Horregatik, kontsulta hau egiten dute: Erregelamendu Orokorraren 6.1. e artikuluan oinarrituta, ea Osakidetzak irispidea eman behar digun Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen Ikuskatzailetza Zerbitzuak izapidetutako espedienteak ebazteko beharrezkoak diren datuetara, ukituaren adostasuna behar izan gabe. Datuak babesteko araudiaren arabera, ezinbestean atera beharreko ondorioa hau da: gizarte-zerbitzuen ikuskatzaileek adinekoen zentroetako egoiliarren historia klinikoko datuetara irispidea izatea ez dago legitimatuta Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluaren babespean. Datu horien tratamendurako legitimazio-oinarria Erregelamendu Orokorraren 9.2 artikuluan bilatu beharko da; manu horretan, salbuespen gisa, datu horien tratamendurako bidea ematen da, manuan bertan ezarrita dauden kasuetan. Horrenbestez, aztertu behar dugu ea, datuak komunikatzeko, legitimazio-oinarri horietako baten lege-babesa nahikoa den. Ikuskapen-eginkizunak betetzen dituzten osasun-arloko profesionalek soilik izan ahal dute irispidea historia klinikora osasun-laguntzaren kalitatea egiaztatu ahal izateko. Hirugarren pertsonek ikuskapen-helburuarekin historia klinikora irispidea izateko, gaur egun ez dago lege-babesik; beraz, datu horietara irispidea izateko, interesdunak edo haren legezko ordezkariak berariazko adostasuna eman beharko du, eta adostasun horrek Erregelamendu Orokorraren 7. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Zalantzarik gabe, adinekoen zentroetako egoiliarren eskubidea da arreta egokia jasotzea, arreta pertsonalizatua, euren ongizatea hobetuko duena, behar dituzten zaintzekin, bai arlo sozialean bai osasun-arloan. Horretarako, zentro horietan ikuskapen- eta ebaluazio-lanak egin behar dituzten administrazio-atalek lankidetzan aritu beharko dute, baita beren ekintzak koordinatu ere, hala agintzen baitu martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuaren, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen baimena, erregistroa, homologazioa eta ikuskapena arautzekoaren 40. artikuluak.