Polizia-jardunetan jasotzen diren datu pertsonalak Metro Bilbao sozietateari komunikatzea
Identifikazioa
- Dokumentu mota : DBEB Irizpena
- Organo egilea: DBEB - Datuak Babesteko Euskal Bulegoa
- Espediente kodea: CN21-006
- Dokumentu kodea: D21-011
- Sinadura data: 2021/06/30
Testu legala
Laburpena
Datuak Babesteko Euskal Bulegoari galdetzen zaio ea Metro Bilbao legitimatuta al dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoei (Ertzaintzari eta Udaltzaingoari) eskatzeko kidego horiek identifikatutako pertsonen datu pertsonalak, Metro Bilbaok polizia horien jarduketa eskatu duenean bere instalazioetan egindako arau-hauste administratibo, penal edo zibilengatik, administrazio-bidean edo zigor-bidean salaketak edo erreklamazio zibilak jartze aldera.
Datu pertsonalen tratamendu orok legitimatuta egon behar du Erregelamendu Orokorraren 6.1. artikuluko kausetariko bat dela medio.
Lege-gaikuntza egongo litzateke segurtasun-indar eta -kidegoek, metroaren erabiltzaileek egindako arau-hausteen artetik irailaren 29ko 38/2015 Legean eta uztailaren 30eko 16/1987 Legean bildutakoak gertatzeagatik METRO BILBAOk eskatuta agertzen direnean, eta erabiltzaile horien identifikazio-datuak bildu dituztenean, METRO BILBAOri laga diezazkioten, arau-hauste horien berri administrazio-organo eskudunei eman ahal izateko.
METRO BILBAOren erabiltzaileen ekintza bat arau-hauste penala izan daitekeenean, Segurtasun Indar eta Kidegoek ekintza horietan parte hartu dutenen datu pertsonalen tratamendua egin behar badute, bete egin beharko da 7/2021 Lege Organikoa, maiatzaren 26koa, baldin eta fitxategi batean gordetako edo gorde beharreko datuen tratamendu hori arau-hauste penalak prebenitzeko, detektatzeko, ikertzeko eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko egiten bada, bai eta segurtasun publikoaren aurkako mehatxuetatik babesteko eta mehatxuok prebenitzeko ere.
Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren iritziz, Lege Organiko hori kontuan hartuta, datu horiek METRO BILBAOri komunikatzeko ez litzateke egongo oinarri juridiko legitimatzaile nahikorik.
Zigor-eremutik kanpo, zerbitzuaren erabiltzaile batek kalteak sortu baditu eta METRO BILBAOk hari erantzukizun zibila eskatu ahal badio, erabiltzaile horren datu pertsonalen tratamendua Erregelamendu Orokorraren eta 3/2018 Lege Organikoaren mendean egongo da erabat. Beraz, tratamendua Erregelamendu Orokorraren 6.1 artikuluko oinarrietako baten babespean egin beharko da. Oinarri horietako bat da interes legitimo bat egotea [6.1 f) artikulua], non eta interes legitimo horren eta ukituen oinarrizko eskubideen ponderazioa egindakoan interes horien gainean ez dauden oinarrizko eskubide horiek. Baliteke interes legitimoa egotea, baldin eta gorabeheran parte hartu zuen pertsonaren nortasuna jakitea beharrezkoa bada eskatzailearen benetako babes judizialerako eskubidea bermatzeko (Espainiako Konstituzioaren 24. artikulua).