Herritarren arretarako udal bulegoetan izapideak norberak egiteko makinen bidez egindako errolda-bolanteak

Identifikazioa

  • Dokumentu mota : DBEB Irizpena
  • Organo egilea: DBEB - Datuak Babesteko Euskal Bulegoa
  • Espediente kodea: CN21-003
  • Dokumentu kodea: D21-005
  • Sinadura data:  2021/04/22

Laburpena

Kontsultaren xede diren auzien ardatza da, funtsean, udal biztanle-erroldan egindako datu-tratamendua, zehazki herritarren arretarako udal bulegoetan izapideak norberak egiteko jarritako makinen bidez errolda-bolanteak ?banakakoak nahiz bizikidetzakoak? jaulkitzean egiten den tratamendua. Errolda-bolanteak egitea eta ematea datu pertsonalak tratatzea da; eta interesduna ez diren gainontzeko pertsonen datuei dagokienez, horien datu pertsonalak komunikatu egiten dira. Erregelamendu Orokorrak 6.1 artikuluan ezartzen du zein kasutan den zilegi datu pertsonalen tratamendua eta kasu horien artean jasotzen da a) apartatukoa, hau da, interesdunak bere datu pertsonalak tratatzeko adostasuna eman badu helburu zehatz bati edo gehiagori begira. Datu pertsonalen titularrak bere banakako bolantea eta bolante historikoa jasotzen dituenean datuak babesteko araudia bete beharko da, oinarri juridikoa interesdunaren adostasuna delako, baldin eta interesdunak betetzen baditu Erregelamendu Orokorrean (4.11 eta 7. artikuluak) eta 3/2018 Lege Organikoan ezarritako baldintzak. Bizikidetzako errolda-bolantean, agiria eskatzen duen pertsonarekin helbide berean erroldatuta dauden pertsonak agertzen dira. Agiri hori jasotzeko ere pertsona horien adostasuna beharko da. Udalak, adingabeen datu pertsonalak ematen dituenean, datuak babesteko araudiak horretarako ezartzen duena bete beharko du (14 urtetik gorakoak direnean baliozko adostasuna; adin horretatik beherakoak direnean, berriz, guraso-ahalaren edo tutoretzaren titularraren adostasuna beharko da). Udalak planteatzen du eskatzailearen helbidean erroldatutako pertsona guztiak jasoko ez dituen bizikidetzako bolante bat egiteko aukerarik dagoen, hau da, euren datuak konpartitzeko adostasunik eman ez duten pertsonak bolante horretatik kanpo uzteko aukerarik; hala eginez gero, urratu egingo lirateke 2020ko otsailaren 17ko Ebazpenean, Estatistikako Institutu Nazionalaren Lehendakaritzak eta Autonomia eta Toki Lankidetzarako Zuzendaritza Nagusiak emandakoan udal erroldaren kudeaketari buruz jasotzen diren jarraibide teknikoak. Ebazpen horrek ezartzen duenez, ezin da batzuei buruzko errolda egiaztagiririk edo bolanterik egin; eta, egitekotan, etxebizitza berean inskribatuta dauden guzti-guztiei buruzkoak izan behar dira. Errolda-bolanteak jasotzeko identifikazio-sistemen segurtasunari dagokionez, tratamenduaren arduradunak baloratu beharko du NANaren titularrek agiri horren kontrola galtzeko arriskuak eta bestelakoak gertatzeko probabilitaterik dagoen edo, bereziki, agiri horiek hirugarrenek titularren kalterako faltsutzeko edo manipulatzeko erraztasun edo aukerarik dagoen; halaber, baloratu beharko du NAN faltsutu edo manipulatu bat erabilita errolda-bolante bat jasoz identitatea ordezteak NAN horren titularrei ekarri ahal dizkien ondorioen larritasuna. Nolanahi ere, udalak Segurtasun Eskema Nazionalean aurreikusitako neurrien artetik egokiak direnak aplikatu beharko dizkie datu pertsonalen tratamenduei (3/2018 Lege Organikoaren lehenengo xedapen gehigarria).