Polizia-jardunetan jasotzen diren datu pertsonalak hirugarrenei komunikatzea
Identifikazioa
- Dokumentu mota : DBEB Irizpena
- Organo egilea: DBEB - Datuak Babesteko Euskal Bulegoa
- Espediente kodea: CN20-011
- Dokumentu kodea: D20-024
- Sinadura data: 2020/11/18
Testu legala
Laburpena
ALOKABIDE SA sozietate publikoak Udaltzaingoari informazioa eskatu dio gizarte-alokairuko hiru etxebizitzatan egindako polizia-jardunei buruz. Horretarako, ALOKABIDE SAk etxebizitza horien helbidea ematen du, bai eta maizterren nortasunari buruzko datuak ere; gainera, polizia-jardun horiek zein denbora-epetan egin diren zehazten du. Udalak DBEBri galdetzen dio ea komunikazio horrek datuak babesteko araudia betetzen duen. Kontsultan ematen den informaziotik ez da argi ondorioztatzen ALOKABIDE SAk Udaltzaingoari zertarako eskatzen dizkion jarduketa horiek. Soilik azaltzen du gizarte-alokairuko etxebizitzak kudeatzen dituela eta informazioa behar duela bizikidetza-arazo batzuk daudelako. Datu pertsonalen tratamendu orok ?komunikazioa edo lagapena tratamendua da? legitimatuta egon behar du Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluko kausetariko bat dela medio.
ALOKABIDE SA sozietate publikoak gomendatuta dauka edozein tituluren bidez atxikitzen zaizkion etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak kudeatzea, bai errentamenduan, bai erabiltzeko aldi baterako lagapenean, hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarentzat berezko tresna eta zerbitzu tekniko izaera duen aldetik. Eta ALOKABIDE SAri gomendatutako zereginetatik ondorioztatzen denez, eta kontuan hartuta zeregin horietatik ez dela administrazio-ahalik sortzen, Bulegoaren ustez ez dago oinarri juridikorik datu pertsonalen tratamendu horretarako, hau da, sozietate publikoari Udaltzaingoak egindako polizia-jardunetan agertzen den informazio pertsonala komunikatzeko edo lagatzeko.
Informazio gehiagorik eduki ez arren, Bulegoaren ustez, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak (zeinari atxikita baitago ALOKABIDE SA) Udaltzaingoari zuzenean eskatu ahalko lioke legeak esleitzen dizkion eskumenak egikaritzeko beharrezkoa eta ezinbestekoa duen informazio pertsonala. Hori ondorioztatzen da Sailak berak ALOKABIDE SArentzako enkarguan bere gain hartzen dituen konpromisoetan.
Halaber, kontuan izan behar da datu pertsonal horiek Udaltzaingoak jaso dituela bere polizia-jardunetan. Beraz, 3/2018 Lege Organikoaren 27. artikuluan arau-hauste eta zehapen administratiboekin loturiko datuen tratamenduari buruz ezartzen dena aplikatu beharko litzateke, baita 3/2018 Lege Organikoaren 10. artikuluan, izaera penaleko datuen tratamenduari buruzkoan ezartzen dena. Eta eskatutako informazioak barnean hartzen baditu artikulu horietan azaltzen diren datuak, artikuluotan agertzen diren mugak aplikatu beharko dira.