Polizia-jardunetan jasotzen diren datu pertsonalak hirugarrenei komunikatzea

Identifikazioa

  • Dokumentu mota : DBEB Irizpena
  • Organo egilea: DBEB - Datuak Babesteko Euskal Bulegoa
  • Espediente kodea: CN20-012
  • Dokumentu kodea: D20-022
  • Sinadura data:  2020/10/30

Laburpena

METRO BILBAOk udaltzaingoari informazioa eskatzen dio metro-geltoki batean gertatutako gorabehera batzuetan parte hartu zuten pertsonen datuei buruz, pertsona horiek Udaltzaingoak identifikatu baitzituen hainbat jarduketatan. Udalak galdetzen du ea informazio hori ematea zuzenbidearen arabera ondo dagoen, eta bereziki ea betetzen den datuak babesteari buruzko araudia. Aztergai dugun kasuan hirugarren batek eskatzen du datuak arduradunari komunikatzea edo lagatzea. Tratamendu horrek babesa izan behar du Erregelamendu Orokorraren 6.1 artikuluan jasotzen diren oinarri juridikoetako batean. Zehazki, bi informazio-eskari dira, eta biek ere eduki eta norainoko diferentea dute: bata egin zen bidaiari batek metroko tren batean segurtasun-zaintzaileei mehatxu eta irain egiteagatik gertatutakoen ondorioz; eta bestea, txartelik ez zeukan bidaiari batekin gertatutako gorabehera baten ondorioz. Lehenengo kasuan, tratamenduak babesa izan dezake Erregelamendu Orokorraren 6.1. c) artikuluan, delituren egitea ikusten duenak horren salaketa egiteko duen betebeharrarengatik (PKL), edo 6.1 f) artikuluan jasotzen den interes legitimoarengatik, baldin eta gorabeheran parte hartu zuen pertsonaren nortasuna jakitea beharrezkoa bada eskatzailearen benetako babes judizialerako eskubidea bermatzeko (Espainiako Konstituzioaren 24. artikulua). Eta betiere datuak minimizatzearen printzipioa beteta. Bigarren kasuan, udaltzaingoari informazio hori eskatzen zaio jokabidea Eusko Jaurlaritzako Sail batean salatzeko. Baina Administrazioa eskudun denez zehapen-prozedura hasteko eta izapidetzeko, organo horrek zuzenean udaltzaingoari eskatu behar dio gorabeheran parte hartu zuen pertsona identifikatzeko beharrezkoa eta ezinbestekoa den informazioa (minimizatzearen printzipioa).