Datu pertsonalen tratamendua jenderik gabeko etxebizitzei edo etxebizitza hutsei buruzko azterlan batean
Identifikazioa
- Dokumentu mota : DBEB Irizpena
- Organo egilea: DBEB - Datuak Babesteko Euskal Bulegoa
- Espediente kodea: CN19-006
- Dokumentu kodea: D19-013
- Sinadura data: 2019/07/05
Testu legala
Laburpena
Udal batek jenderik gabeko etxebizitzei buruzko azterlan bat egin nahi dut, jakiteko zein den benetako egoera, eta azterlanaren emaitza erabili nahi du etxebizitza horiek mobilizatzeko neurri positiboak hartu ahal izateko eta etxebizitzak udalerriko biztanleen eskura jarri ahal izateko. Horretarako, udalak udal errolda erabiltzeko eta Ur Partzuergoari kontsumoen zerrendak eskatzeko asmoa du. Eta horrez gain, elkarrizketa pertsonalak egin nahi dizkie, azterlanaren arabera jenderik gabe edo hutsik dauden etxebizitzen titularrei.
Datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluan dago jasota, eta dioenez, tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat baliatzeko izan beharko da, eta lege mailako arau batek agindu beharko du (3/2018 Legearen 8.2 artikulua). TAOLek, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak eta Etxebizitzari buruzko 3/2015 Legeak etxebizitza gaietarako eskumenak esleitzen dizkiete udalerriei.
Udalak udal erroldako datuak tratatu ahal izango ditu, baina baldin eta datu horiek beharrezkoak badira administrazio horiek etxebizitza gaietarako eskumenez balia daitezen, eta baldin eta egoitzaren edo helbidearen datua oso garrantzitsua bada (TAOLen 16.3 artikulua). Kontsumo datuei dagokienez, esan behar da Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 64. artikuluak legitimatzen duela Udala ur kontsumoari buruzko datuak tratatzeko, etxebizitza bat modu desegokian erabiltzen dela egiaztatzeko helburuarekin. Ur kontsumoaren gaineko datuak beste asmo batekin erabili ahal izateko, beste lege oinarri bat beharko da, eta ez hau.
Etxebizitzen titularren identitateari buruzko datuak zuzenean eskuratzeko, administrazio erregistroetara jo behar izaten da, adibidez, higiezinen katastrora; eta zeharka ere eskura daitezke honela: Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren bitartez, higiezinen titularrak direlako zergaren subjektu pasiboak. Beraz, Udalak higiezinen katastrotik datozen etxebizitzen titularren identitatearen datuetara sarbidea izan ahal du, baina higiezinen katastroko foru arauan ezarritako mugekin, hau da, horrek esan nahi du informazio hori tratatzea ezinbestekoa izan beharko dela udalak etxebizitza gaietan dituen eskumenak baliatzeko. Zergei buruzko Foru Arauak xedatzen duenez, zerga-ordainketan eragina duten datuak, adibidez, ondasun higiezinen gaineko zergatik eratorritakoak, isilpekoak dira eta hark kudeatzen dituen zergak edo baliabideak aplikatzeko eta bidezko zehapenak ezartzeko soilik erabili ahal izango dira, eta ezin zaizkie laga gainontzekoei, ez jakinarazi. Foru arauak hainbat salbuespen ditu, eta horietako batek datuak lagatzeko baimena ematen die administrazio publikoei, euren eginkizunetan laguntzeko, interesdunak (zergapekoak) aldez aurretik adostasun adierazi badu.
Kontuan hartuta Udalak zerbitzuen kontratu bidez egin nahi duela jenderik gabeko etxebizitzen egoeraren gaineko azterketa, gogora ekarri behar dugu kontratuak jaso beharko dituela Erregelamendu Orokorraren 28.3. artikuluak tratamenduaren arduradunarentzako agintzen dituen baldintza guztiak eta 3/2018 Lege Organikoan ezarritako betebehar guztiak betez, batez ere 33. artikuluak eta lehenengo xedapen gehigarriak xedatutakoa.