Zerbitzu sanitarioak emateko atxikimendu hitzarmen batetik eratorritako datu pertsonalen tratamendua

Identifikazioa

  • Dokumentu mota : DBEB Irizpena
  • Organo egilea: DBEB - Datuak Babesteko Euskal Bulegoa
  • Espediente kodea: CN19-008
  • Dokumentu kodea: D19-012
  • Sinadura data:  2019/07/03

Laburpena

Izenpetutako atxikimendu hitzarmenaren indarrez, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua da Euskal Osasun Zerbitzuaren historia klinikoetan sartzen diren datuen tratamenduaren arduraduna, eta Onkologikoa Fundazioa izango da tratamendu-eragilea, datuak tratatuko dituelako arduradunaren kontura, Osakidetzako erabiltzaileen historia klinikoetara sarbidea izango du eta historia kliniko horietan sartu beharko du Fundazioko profesionalek sortzen duten informazioa. Atxikimendu hitzarmena denez Osakidetzaren eta Onkologikoa Fundazioaren arteko tratamendu-enkargua eratzen duen tresna, bertan jaso beharko dira datu-tratamenduek eduki ohi dituzten betekizun guztiak (xedea, iraupena, izaera, tratamenduaren helburua, datu pertsonalen mota, interesdunen kategoriak eta arduradunaren betebeharrak eta eskubideak), Erregelamendu Orokorraren 28.3 artikuluak agintzen dituenak, hain zuzen, besteak beste, arduradunaren jarraibideak dokumentatuta eta segurtasun neurriak. Onkologikoa Fundazioak araubide pribatuan, beste zeinahi entitate, erakunde edo pertsona fisikoren kontura ematen duen asistentzia sanitariotik lortutako datu pertsonalak Onkologikoa Fundazioaren ardura izango dira eta ez beste inorena, eta ezin izango dira zuzenean jaso Osakidetzaren historia klinikoetan. Onkologikoa Fundazioa denez tratamendu horien arduraduna, nahitaez hartu beharko ditu babes bereziko kategoria duten datu horien konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatzeko neurri guztiak bai arlo teknikoan bai antolakuntzan.