Ukituaren adostasun informatuaren dokumentua, gizarte zerbitzuen esparruan

Identifikazioa

  • Dokumentu mota : DBEB Irizpena
  • Organo egilea: DBEB - Datuak Babesteko Euskal Bulegoa
  • Espediente kodea: CN15-002
  • Dokumentu kodea: D15-010
  • Sinadura data:  2015/03/02

Laburpena

Ez da interesdunaren adostasunik beharko datuak interesdunak berak emanda jasotzen direnean, interesdunak berak hautatutako administrazioaren eskumeneko zerbitzu bat eskatu nahi duelako. Baina, datu pertsonalak interesdunaren adostasunik gabe tratatzeko, ez da nahikoa administrazioak eskumena izatea; izan ere beste printzipio batzuk ere bete behar dira, adibidez, datu bilketaren helburuarekiko proportzionala izatea. DBLOk xedatzen duenez, horri "datuen kalitatea" esaten zaio. Gainera, pertsonak behar adina informazio izan behar du, bere datu pertsonalen tratamenduei buruzko erabakiak hartu ahal izateko. Adostasunaren printzipioaz gain, datuak babesteko oinarrizko eskubidearen eraikuntza juridikoaren oinarrian beste printzipio bat ere badago: kalitatearen printzipioa (proportzionaltasuna). Printzipio hori DBLOren 4.1. artikuluak arautzen du: "datu pertsonalak jaso eta tratatu ahal izateko ezinbesteko baldintza da datu horiek egokiak, bereizleak eta neurrikoak izatea, datu bilketaren eremuarekiko eta datu bilketaren helburu zehatz, esplizitu eta legitimoekiko?. Araudiak modu berezian tratatzen ditu datu horiek, eta, beraz, ezin zaie ezarri DBLOren 11.2 a) eta e) artikuluetan aipatzen diren arauak, tratamendua legeztatzen dutenak. Horrek esan nahi du 7. artikuluak xedatutakoa bete beharko dela nahitaez. Eta DBLOren 21. artikuluak ere ez du balio gaikuntzatzat, gaikuntza orokorregia delako eta ez duelako berariaz jasotzen bereziki babestutako datuetarako re balio duela. Adostasuna eta lege gaikuntza ez dira nahikoa edozein datu lagatze justifikatzeko edo baliozkotzeko; eta, horrez gain, ez dute atzipen orokorrak edo indiskriminatuak egiteko biderik ematen, hau da, ezin dira datu bilketaren oinarrian dagoen helburutik haratago joan. Gauzak horrela, datu tratamenduaren aurretik, interesdunak jakin egin behar du zein datu diren beharrezkoak jasoko duen zerbitzurako, eta zehatz jakin behar du zertarako erabiliko dituzten datuak; eta, hala badagokio, zertarako eta nori lagako dizkioten ere bai. Norberaren datu pertsonalen gaineko boterea izateko eta datu horien gainean erabakiak hartzeko gaitasuna izateko modu bakarra da hori; eta azken finean, datuak babesteko oinarrizko eskubidearen funtsezko edukia da. Kontuan hartzen baditugu baldintza guzti horiek eragin handia dutela adostasunean, horrek esan nahi du adostasunari buruzko dokumentuak ere ondo jaso eta adierazi beharko duela biltzen diren datuak zertarako (helburua) erabiliko dituzten. Helburuak bat etorri behar du dagokion administrazio publikoak gaiarekin lotuta dituen eskumenekin, bat etorriz tratamendu operazio zehatz batekin (interesdunak eskatu duen prestazioa); eta helburuaren definizioak ezingo du izan kontsulta eskabidearekin batera aurkeztu dutena bezain orokorra edo zehaztu gabea ("Zure kasuari buruzko informazioa").