Zentro soziosanitarioek historia klinikoa atzitzea

Identifikazioa

  • Dokumentu mota : DBEB Irizpena
  • Organo egilea: DBEB - Datuak Babesteko Euskal Bulegoa
  • Espediente kodea: CN13-049
  • Dokumentu kodea: D13-056
  • Sinadura data:  2013/12/26

Laburpena

Nazioarteko eta Batasuneko arauek osasun datuei ematen dieten babes berezia DBLOn islatu da; izan ere, berariazko lege erregimena finkatzen baitu 7. artikuluko 3. idatz-zatiak: Arrazari, osasunari eta sexu-bizitzari buruzko datu pertsonalak bildu, tratatu eta laga daitezke, interes orokorreko arrazoiak direla bide, legeren batek halaxe xedatzen duenean edo ukituak esanbidez onartzen duenean hori. 15/1999 Lege Organikoak osasun datuak noiz tratatu daitezkeen zorrotz adierazita dauka zerrenda batean. Hona hemen noiz tratatu daitezkeen osasun datuak: Interesdunak berariaz adierazten badu hori egiteko adostasuna. Lege izaera duen arau batek hori egin daitekeela esaten badu. Tratamendua ezinbestekoa bada prebentziorako edo mediko diagnostikorako, osasun asistentzia emateko edo osasun zerbitzuak kudeatzeko; baina, 15/1999 Lege Organikoaren 7.6 artikuluak ezarritako murrizketekin: Gainera, lehen esan bezala, artikuluaren interpretazioa ere murriztailea izan beharko da. Tratamendua nahitaezkoa bada ukituaren hil ala biziko larrialdi egoera bati aurre egiteko. Tratamendua osasun arretaren esparruan eta osasun zentroetara joaten diren pazienteei dagokienez egiten bada, eta ezargarria den lege sektoriala dioena betez egiten bada. Datuak komunikatzea nahitaezkoa bada larrialdi bati aurre egiteko edo azterketa epidemiologikoak egiteko, arloko araudian xedatutakoaren arabera. Araudi hori tartean dagoen osasunaren arloko gainontzeko legediarekin osatu beharko da. Hona arloko legedia: 14/1986 Legea, apirilaren 25ekoa, Osasunari buruzkoa; 16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioari eta Kalitateari buruzkoa; 44/2003 Legea, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzkoa; 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena; eta bidali diguten kontsulta ikusita, batez ere: 41/2002 Legea, azaroaren 14koa, Pazientearen Autonomia eta Informazio eta Dokumentazio Klinikoaren arloko Eskubideak eta Betebeharrak erregulatzen dituena; 38/2012 Dekretua, martxoaren 13koa, Osasun-arloko Paziente eta Profesionalek Dokumentazio Klinikoaren arloan dituzten Eskubide eta Obligazioei buruzkoa; eta 1093/2010 Errege Dekretua, irailaren 3koa, Osasun Sistema Nazionaleko txosten klinikoetako gutxieneko datu multzoa onartzen duena. Ezarri beharreko lege erregimena ikusita, hona ondoriozta daitekeena: Osasun datuak ukituaren adostasunik gabe eskuratu ahal izateko lege batek baimendu behar du berariaz, eta lege gaikuntzaren oinarrian interes orokorreko arrazoiak egon beharko dira nahitaez. Ez da DBLO urratzen Osasun Sistema Nazionaleko osasun zentroek edo dagokion autonomia erkidegoko osasun sistemarekin kontzertatuta dauden zentro pribatuek, kontzertu horren esparruan pazienteari ematen dioten zerbitzuaren ondorioz, historia klinikoa atzitzen dutenean. Zentro soziosanitarioen kasuan, ordea, ez dago historia klinikoetan sartzeko baimenik ematen duen lege-aurreikuspenik. Beraz, pazientearen baimena lortu beharko da egoitza bateko edo eguneko zentro bateko pertsonal sanitarioa historia klinikoan sartu ahal izateko. Ezartzen den sarbide sistemak nahitaez bete beharko ditu pazienteen mediku datuen segurtasun neurriak. Ezin bada pazientearen adostasunik eskuratu, adostasun ordezkaritza bidez eskatu beharko da.