Mankomunitatek batek etxebizitza guztien ur-kontsumoari buruzko datuak mankomunitate horretako udalerri bati komunikatzea

Identifikazioa

  • Dokumentu mota : DBEB Irizpena
  • Organo egilea: DBEA - Datuak Babesteko Euskal Agintaritza
  • Espediente kodea: CN25-001
  • Dokumentu kodea: D25-005
  • Sinadura data:  2025/03/05

Laburpena

Bi udalerriren ur-horniduraren zerbitzua ematen duen mankomunitate batek Kontsulta eskatu dio Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari, jakiteko ea legezkoa den udal batek eskatuta udalerriko etxebizitza guztien ur-kontsumoaren datuak komunikatzea, azken zortzi hiruhilekoei dagokienez (2022-2023-2024), honako hauek identifikatuta: ur-kontsumoaren mota, etxebizitzaren zenbakia, finkaren kodea eta helbide zehatza (kalearen kodea, ataria, bis, eskailera, solairua, aldea eta atea). Helburua da azterlan bat egitea udalerriko etxebizitzen erabilera errealaren mapa bat lortzeko. Mankomunitateak pertsona fisikoekin zuzenean edo zeharka lotu ahal diren ur-kontsumoei buruzko informazioa (pertsona horiek jabe zein errentari izan) dauka. Informazio hori datu pertsonalak dira, eta datu horien tratamendua (informazioa komunikatzea) DBEOren mendean dago erabat. Zilegitasunaren printzipioaren arabera, datu pertsonalen tratamenduak DBEOren 6.1 artikuluan ezarritako oinarri juridikoetako baten babespean egon behar du, eta administrazio publikoek egindako tratamenduari dagokionez, tratamendua beharrezkoa bada lege-eginbehar bat betetzeko (c) apartatua) edo interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko (e) apartatua), tratamendu horrek nahitaez egon beharko du ezarrita lege mailako arau batean. Agintaritzaren iritziz, udalei hainbat eskumen esleitzen dizkieten legezko xedapenek bere-berez ez lukete babestuko kontsultaren xede den tratamendua.