06. IV Ingurumen Esparru Programa

IDENTIFIKAZIOA

Helburuak

Nazioz gaindiko Erakundeek, Europako Parlamentuak, Europako Kontseiluak eta Europako Batzordeak xedatutakoari jarraiki, Garapen Iraunkorrak Administrazio Publiko ororen helburu eta xede izan behar du. Horretan oinarrituta, Eusko Jaurlaritzak hori lortzeko beharrezkoak diren mekanismoak eta tresnak ezarri behar ditu, erantzunkidetasunez jokatuz.

Lehen Ingurumen Esparru Programa egin zenetik, bide luzea eta oparoa egin dugu Herritarrek kalitateko ingurumena izan nahi dute eta gure sare sozio-ekonomikoak dituen premia eta aukerak kontuan izanik, 2015-2018 Ingurumen Esparru Programa hau tresna biziki garrantzitsua da honako helburu estrategiko hauek betetzeko:

  1. Lehenik, Euskadik duen ingurumenaren goi-mailako kalitatea bermatzea eta hobetzea eta, horretarako, jardueren eta pertsonen erantzukizuna areagotu egingo da maila horri eusteari dagokionez.
  2. Bigarrenik, ingurumen-politikaren bitartez administrazio-izapideak sinplifikatzen eta arintzen laguntzen jarraitzea, baliabideak modu eraginkorrean erabiltzen, baita karbono gutxiko ekonomiaranzko trantsizioan ere.
  3. Hirugarrenik, jakintzari, ingurumen-azpiegiturei eta gure ekosistemek eskaintzen dituzten zerbitzuei balioa ematea, Jaurlaritzaren politikekin sintonian.
  4. Laugarrenik, ingurumen-politikatik osasun publikoa hobetzen, kapital naturala babesten eta herritarren ongizatea, oro har, hobetzen laguntzea, administrazio publikoekin erabat koordinatuta eta erabilitako baliabideak arrazionalizatuta.
  5. Eta, bosgarrenik, EAEko herritarrek ingurumen-arloan duten hezkuntza, prestakuntza eta sentsibilizazioa areagotzea.

Aurrekariak

Ingurumen Esparru Programa planifikatzeko tresna Euskal Herriko ingurugiroa babesteko 3/1998 Lege Orokorrean oinarritzen da; izan ere, lege horren arabera, Euskal Herriko ingurugiro-politika ingurugiroari buruzko esparru-programa batean azalduko da. Programa hori Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoak egingo du Euskal Herriko Ingurugiro Batzordean ordezkotza duten administrazio publikoekin lankidetzan. I. Ingurumen Esparru Programa 2002-2006 aldirako izan zen; II. Programa 2007tik 2010era bitartekoa izan zen; III. Programa 2011. urtean onartu zen eta 2014an amaituko da.

Eusko Jaurlaritzaren 2012-2016 aldirako Programan jasota dagoenez, 1992. urtean Nazio Batuen Konferentzian erabakitako Ingurumenari eta Garapenari buruzko Rioko Deklarazioaren (berriki berretsi da: Río+20) lehen printzipioan jada ezarri zen "Garapen iraunkorrarekiko kezken oinarria gizakiak direla. Bizitza osasungarrirako eta produktiborako eskubidea dute, naturarekin harmonian".

Eta horixe da, hain justu, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-politikaren helburu nagusia: pertsona guztiek, gaur egungoek eta etorkizunekoek, bizimodu duina izateko eskubidea izan dezaten, kalitatezko ingurune batean. Helburu horretan, iraunkortasunaren kontzeptuaren funtsezkoena biltzen da. Programa honen Ingurumen Politika Arduratsua atalean, 4. helburuan (Erantzunkidetasun publiko-pribatua eta herritarrena) “2015-2018 aldirako Ingurumen Esparru Programa egitea eta 2002-2020 Garapen iraunkorraren EAEko ingurumen-estrategian aurreikusitako konpromisoak garatzea” ekimena biltzen da.

Bestalde, ingurumen-arloko lege-garapenaren bitartez ingurumen-baimenen sare garrantzitsua osatu da eta gure lurraldeko jarduera sozio-ekonomikoan zuzenean eragiten du. Arlo horretan zerbitzu publiko azkarragoa eta arinagoa eskaintzeko asmoz, ingurumen-administrazioaren prozedurak arintzeko eta sinplifikatzeko lan egin behar dugu.

Baina horretaz guztiaz gain, aztergai dugun gaiari dagokionez, ez dugu ahaztu behar gure sare sozio-ekonomikoa nahikoa heldu badela. 30 urte igaro dira lehen garapen eta azpiegitura haietatik, eta ingurumen-arloko sarea eta jakintza sortzen hasi zenetik. Aldagai horrek ezin du ezein ekimenen galga izan jada. Zalantzarik gabe, esparrua guztiz arautua dago eta, une honetan, gure herrialdea aitzindari da politika askori dagokienez, bai Estatuan, bai nazioartean. Aldi berean, gure enpresa, erakunde eta herritarrak abangoardia dira. Paradigma sozio-ekonomiko berria ikusita, ingurumen-aldagaia ekintzailetzaren eta ekonomia produktiboaren alde dagoen beste elementu bat dela pentsatu behar dugu, gure Jaurlaritzaren helburu baita horixe bera, zalantzarik gabe.

 

Saila

Ingurumena eta Lurralde Politika

Esku hartzen duten sailak

2015-2018 aldirako IV. Ingurumen Esparru Programaren xedea da ingurumen-konpromisoak Eusko Jaurlaritzako sailen politiketan txertatzea. Jarraian, esku har dezaketen Sailen hasierako aurreikuspena aurkeztuko dugu:

  • Ingurumen eta Lurralde Politika Saila. Esparruko Programaren sustatzaile ingurumen-organo den aldetik, eta programa lantzeko, jarraipena egiteko, kontrastatzeko eta ebaluatzeko prozesuan koordinatzaile.
  • Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila. Sail hori garatzen ari den Espezializazio Adimendunaren Estrategia funtsezko lagungarri izango da IV. Ingurumen Esparru Programan.  Horren ondorioz, Estrategia horretatik sortzen diren planetan Europa 2020 Estrategian finkatutako ingurumen-politikaren alderdi jakin bat txertatu behar da; hain zuzen ere, karbono gutxiko eta baliabideak modu eraginkorrean baliatuko dituen ekonomia baterantz aurrera egiteko alderdia.
  • Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila. Sail honek ingurumen-hezkuntzarekin lotura duenez, hezkuntza-komunitateak ingurumen-politikekiko duten konpromiso-maila handiaren gakotzat har daiteke lotura hori.
  • Osasun Saila. Ingurumen-arloko arazo eta inpaktuek gizakion osasunerako eta ongizaterako arrisku garrantzitsuak eragiten dituzte oraindik ere; aldiz, ingurumenaren egoera hobetzera bideratutako neurriak mesedegarriak izan daitezke. Baina erreakzio-ikuspegiari eusteaz gain, osasunean eragiten duten baldintzatzaileak (ingurumenari, gizarteari eta ekonomiari dagozkionak) txertatzen dituen ikuspegitik begiratuta antolatu behar dugu gure lurraldea. Beraz, Osasun Planaren eta IV. Ingurumen Esparru Programaren arteko loturak areagotu egin behar du aurrerabidean.
  • Segurtasun Saila. 2015–2018 Ingurumen Esparru Programa berri honen helburuetako bat Euskadiren goi-mailako ingurumen-kalitateari eustea da, maila horri eusten jarduerek eta pertsonek duten erantzukizuna areagotuta. Horretarako, kontrolatzeko eta zaintzeko dinamika berriak txertatu behar dira, ingurumen-alderdi guztietan informazio- eta jakintza-maila handiagoa lor dezagun.

Gizarte-eragileek Partizipazioa

Interes-taldeek Esparru Programa lantzeko prozesuaren hasiera-hasieratik parte hartzea oso garrantzitsua da. Aldez aurretik, honela multzoka ditzakegu:

  • Eragile ekonomiko eta sozialak: besteak beste, ACLIMA ingurumen-klusterra, Energiaren klusterra, Paperaren klusterra, Mugikortasun eta logistikoa klusterra, Confebask, merkataritza-ganberak, Eusko Ikaskuntza, unibertsitateak, IZAITE eta loturiko enpresak, zentro teknologikoak, ingurumen-arloko GKEak, UNESCO katedra eta abar.
  • Beste sail eta administrazio publiko batzuk: Jaurlaritzaren sailek, foru-aldundiek eta EUDELek Ingurumen Esparru Programa hau lantzeko prozesuan parte hartu behar dute.
  • Herritarrak: IREKIAren bitartez, partaidetza-prozesuak zabaldu egingo dira eta herritarren iritzia zein den jakiteko tresnak balioetsiko dira, EAEko herritarrak ingurumen-konpromisoekin erantzunkide izan daitezen.

 

Eraginak

Araudian eragina

Ingurumen Esparru Programa Euskal Herriko ingurugiroa babesteko 3/1998 Lege Orokorrean sartzen da; izan ere, lege horren arabera, Euskal Herriko ingurugiro-politika ingurugiroari buruzko esparru-programa batean azalduko da. Programa hori Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoak egingo du.

Antolamenduan eragina

Planaren buru Ingurumen eta Lurralde Plangintza Saila izango da eta estrategia eta jardun espezifikoetan antolatuta dago; horretaz gain, Ingurumen Sailburuordetzak jarraipena egiten dio etengabe.

Plana lantzeko eta jarraipenerako honako batzorde hauek sortu beharko dira: 

  • Sail arteko Batzorde Teknikoa; Sail guztiek parte hartuko dute.
  • Erakunde arteko Batzorde Teknikoa; Foru Aldundiek, Legebiltzarrak eta  Udalek parte hartuko dute.
  • Batzorde Tekniko publiko-pribatua; agente pribatuek, sozietate publikoek, elkarteek, klusterrek eta abarrek parte hartuko dute eta egun dauden partaidetza-organoetako, Euskal Herriko Ingurumen Batzordeko eta Naturzaintzako kideak ere kontuan izan beharko dira.

Batzorde horiek sortzeak ez du esan nahi egitura berriak sortu behar direnik, baizik eta lehen aipatu dugun erantzunkidetasunean oinarrituta, koordinazioa lortu behar dela.

Aurrekontu eta finantzetan eragina

2015-2018 aldirako IV. Ingurumen Esparru Programak badu jada 2013rako finantzaketaren aurrekontua: 30.000 €; 2014., 2015. eta 2016. urteetarako ere antzeko aurrekontua izango dela kalkulatzen da.

Jarraian, gastua zein kontzeptutan egingo de azalduko dugu:

  • Euskadiko Ingurumen Profila 2013.
  • Ingurumen-adierazle espezifikoak kalkulatzea.
  • 2015-2018 Ingurumen Esparru Programa lantzeko prozesuaren berri ematea eta bertan parte hartzea.

 

Beste jardueretan eragina

2015-2018 Ingurumen Esparru Programa landu eta jarraipena egiteko, Sailen arteko Batzorde Tekniko bat sortu beharko da.

Erakunde harremanetan eragina
  • Euskal Herriko Ingurumen Batzordea. Kontsulta-organoa da eta Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumen-arloan jarduten duten administrazioak harremanetan egoteko, parte hartzeko eta koordinatzeko organo izango da.
  • Erakunde arteko Batzorde Teknikoa: Foru Aldundietako ingurumen-departamentuak, Legebiltzarreko Ingurumen Batzordeak, zenbait udaletako ingurumen-arloek eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordetzak parte hartuko dute.
  • Udalerriak/ Udalak: EUDELen eta Udalsarea 21 Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarearen bitartez.

Plana gauzatzeko aurreikusitako epea

2015 - 2018
ELABORAZIO fASEAK

Lortutako faseak

FaseHasiera dataAmaiera dataEgoera
1. fasea: Oinarrizko lerro estrategiko eta ekonomikoak prestatzea.2013/06/012014/02/28Amaituta
2. fasea: Lankidetza: Koordinazio Zuzendaritza edo Ekonomia eta Aurrekontu Sailburuordetza.2013/06/012014/02/28Amaituta
3. fasea: Plana prestatzea.2014/01/012014/08/30Amaituta
4. fasea: Txostenak egitea.2014/09/012014/09/22Amaituta
5. fasea: Jaurlaritzaren Kontseiluak plana onartzea2014/09/232014/12/02Amaituta
EBALUAZIOA

Ebaluatzeko moduak

Ingurumen Sailburuordetzako, Ihobe sozietate publikoko eta Ur Agentzia ente publikoko langileek egingo dute jarraipena eta ebaluazioa.

Ingurumen Esparruko Programak konpromisoa identifikatzen duen aginte-koadro integrala dauka; adierazlea, planaren amaierarako helburua, eta jarraipenaren arduraduna.

IV. Esparru Programaren lorpenen urteko jarraipena Euskadiko Ingurumen Profila txostenen bitartez egingo da. Txosten horretan, alde batetik, ingurumen-adierazle nagusien  (uraren, airearen eta lurzoruaren kalitatea; baliabide naturalen kontsumoa, hondakinen sorrera eta kudeaketa, berotegi-efektuko gasak eta abar) jarraipena eta, bestetik, Ingurumen Esparru Programan bildutako konpromisoen eta jardun-lerroen aurrerapen-maila adierazten da.

I. Ingurumen Esparru Programaren ebaluazioaren arabera, gauzatze-maila % 81 izan zen 2006. urterako finkatutako 141 konpromisoei dagokienez. II. Ingurumen Esparru Programan 44 konpromiso zehaztu ziren 2010erako; konpromisoen gauzatze-maila % 48 izan zen eta ingurumen-joera positiboarena % 68. III. Ingurumen Esparru Programan 57 jardun-lerro biltzen dira eta 2012an egindako balantzearen arabera, 2014. urterako ezarritako helburu operatiboetan gauzatze-maila % 58 da.

Aurreikusitako inpaktu nagusia Euskadiko ingurumen-kalitatea hobetzen aurrera egitea da. Eremu askotan lorpen handiak egin diren arren, ingurumen-arazo garrantzitsuak ditugu oraindik eta ingurumenaren erresilientzia areagotu egin daiteke, aldaketa eta arrisku sistemikoen aurrean. Krisi ekonomikoaren ondorioz erreformak egin behar direnez, ingurumen-politika berria diseinatzean eta gauzatzean aukera berriak ditugu Euskadi laster batean aurrera egin dezan ekonomia berde eta integratzaile baten bidean.

Esparru Programak balio erantsia gehituko du, hainbat modutara: lege-esparru eta esparru estrategiko berria ezarrita Euskadiko ingurumen-politikan, besteak beste, ingurumen-administrazioa arrazionalizatzea, koordinatzea, sinplifikatzea eta eraginkor bihurtzea xede izanik; horretarako, jakintzari, ingurumen-azpiegiturei eta gure ekosistemek eskaintzen dituzten zerbitzuei balioa eman behar zaie, kapital naturala babestu behar da eta EAEko herritarrek ingurumen-arloan duten hezkuntzaren, prestakuntzaren eta sentsibilizazioaren maila areagotu.

Programak honako hauekin bat egingo du, hazkunde adimenduna, iraunkorra eta integratzailea lortzeko: Euskadiko Espezializazio Adimendunaren Estrategiarekin; Biodibertsitateari buruzko 2020 Estrategiarekin eta Europa 2020 Estrategian, bereziki, bildutako esparru europarrarekin; eta EBko 2020. urtera bitarteko Ingurumeneko VII. Programa Orokorrarekin: “Ongi bizi, gure planetaren mugak errespetatuta”.

Aldizkako ebaluazioak

Ebaluazio data: 2017/01/01

Ebaluazioaren laburpena

Jarraipen Txostena

Ebaluazio data: 2017/06/30

Ebaluazioaren laburpena

Ebaluazioaren Bitarteko Txostena

Ebaluazio data: 2019/01/01

Ebaluazioaren laburpena

Jarraipen Txostena

Azken ebaluazioa

Ebaluazio data: 2021/06/30

Ebaluazioaren laburpena

Ebaluazioaren Txostena

Azken aldaketa::2014/12/18