01. Bake eta Bizikidetza Plana 2013-2016.
Helburuak
Euskadin une honetan egoera aparta daukagula esan dezakegu, izan ere, indarkeriazko jarduneko hainbat hamarkadaren ondoren, ETAren jarduera armatua behin betiko bukatu baita. Aukera paregabea daukagu behin betiko bakea lortzeko. Eta baliatu egin beharra daukagu aukera hau; bidezko bakea, bake memoriaduna eraikitzen lagundu behar dugu, eta iragana argitu, oraina normalizatu eta etorkizunean adiskidetzea lortu behar dugu.
Horretarako, bakea finkatzea, humanizazioa eta gizarte-bizikidetza helburu duten politikei heldu behar zaie, uste baitugu une eta testuinguru ezin aproposagoan gaudela, euskal gizarteak azken garaian gauzatu duen prozesuari esker orain indarkeriaren esanahiaren kontzientzia handiagoa dagoelako eta, zalantzarik gabe, indarkeriaren aurkako jarrera dagoelako. Horrek guztiak planaren oinarrizko alderdi hauetan sakontzea ahalbidetzen du:
- Bakea behin betiko eta modu itzulezinean sendotzen laguntzea.
- Kontzientzia sozial eta politikoa hobetzen laguntzea, kalte egin baitio terrorismoz, indarkeriaz eta giza eskubideen urraketaz betetako bizipen traumatiko eta iraunkorrak.
Bizikidetzaren eta bakearen kultura eraikitzeko eta, azken batean, bakean dagoen gizartea lortzeko, aurreneko pausoa da onartzea giza duintasuna dela ideia edo proiektu politikoen, estatu-arrazoiaren, horren defentsaren edo bidegabekeriak salatzearen aurretik edo gainetik dagoen balioa. Hortik abiatuta, kultura horrek errespetu demokratikoaren printzipioa barneratu behar du eta adostasun sozial eta politiko ahalik eta handiena izan behar du.
Bake eta Bizikidetza Planak hiru premisa horiek ditu eta hiru errealitate-printzipio hauetan oinarritzen da:
- Abiapuntu bat: errealitatea hobera aldatu da eta ez du bideragarria den atzerako bueltarik. Ebidentzia hori azpimarratu beharra dago, iraganeko sorgin-gurpiletara behin eta berriz itzularazten gaituzten inertziak eta joerak daudelako.
- Oinarri bat: gizarte heldua dugu, hainbat ideia argi dituena. Ezin ditugu bake eta bizikidetzako politika publikoak bideratu pentsatuz printzipio etiko, zibiko edo demokratikoen gabezia daukagula. Indarkeria edo terrorismoa erabiltzea edo edozein giza eskubide urratzea, gaur egun, sozialki eta politikoki ezeztatuta daude, irmoki.
- Lehentasun bat: orain da komenigarria bizikidetzan inbertitzea. Funtsezkoa da oinarri gutxi batzuetan sozialki eta politikoki bat etortzea. Oinarrizko adostasunak identifikatu, definitu eta proiektatu behar dira, gainerako guztian iritzi desberdinak berme guztiekin izan ahal izateko. Funtsezko konfiantza sozial eta politikoko gune bat sortzea esan nahi du horrek.
Gizarte-testuinguru horretan hedatu nahi da esku-hartze publikoa, bidezkoa eta integratzailea den bizikidetza lortzen laguntzeko. Hori da balio nagusia, demokrazian ekintza politiko orok duen funtsezko helburua. Edozein arrazoirengatik bizikidetzaren oreka galtzen denean, oreka hori ahal deneraino eta arrazoizkoa deneraino berreskuratzera bideratu behar da politika, oinarriak jarriz etorkizunean bizikidetza demokratikoa eta adiskidetua bideratzeko eta giza duintasunaren eta giza eskubideen inguruan oinarrizko kohesio bat gauzatzea ahalbidetzeko.
Aurrekariak
Plangintzari dagokionez:
-Bakearen eta Giza Eskubideen alderako Hezkuntzako Euskal Plana (2008-2011).
-Bizikidetasun demokratikoa, eta indarkeria deslegitimatzea, 2010-2011.
Gobernu Programari dagokionez:
X. Legegintzaldiko Gobernu Programan adierazitako funtsezko hiru konpromisoetako bigarrenak, “Bakea eta elkarbizitza” izenekoak, biltzen ditu euskal gizartearen gehiengoaren gogo hori egi bihurtzea ahalbidetzera bideratutako neurriak. Gobernu honen apustu irmoa da, beraz, bakea eta bizikidetza lortzea. Lehendakariak berak erreferentzia egin zion helburu horri inbestidura-hitzaldian, gobernu honek legegintzaldi honetarako dituen erronkak aipatu zituenean. Erronketako bat bakea eta bizikidetza finkatzea dela esan zuen, indarkeriarik gabeko Euskadi, Enpleguaren aldeko Euskadi, ekonomia produktiboaren aldekoa, munduari zabalik dagoena, iraunkorra, solidarioa… izan dezagun.
Plana prestatzea, beraz, Gobernu Programaren barruan sartzen da, bakea eta bizikidetza finkatzeko politika gisa; betiere, argi dagoelarik desberdinen arteko akordioa behar dela helburu hori lortzeko.
Saila
Esku hartzen duten sailak
Lehendakariak lideratzen du plana, eta Lehendakaritzaz gain, beste bi sail hauek ere nabarmen inplikatuta daude: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila eta Segurtasun Saila.
Hala ere, planak sail arteko planteamendua izan behar du; sinergiak sortzea bilatu eta baliabideak optimizatu behar ditu funtsezkoa eta oinarrizkoa den helburu bat lortzeko; bakea eta bizikidetasun demokratikoa sustatzeko, alegia.
Esparru horretan Jaurlaritzan sortu diren sinergiak sustatzea eta koordinatzea Lehendakaritzari dagokio, oinarrizko eta funtsezko alderdietan, gutxienez (zeregin hori Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren bidez bete behar du). Koordinazio-lana egiteko, sail arteko batzorde bat eta koordinazio-batzorde bat eratzea aurreikusi da. Plan honek administrazio-antolamendu osoaren inplikazioa bilatzen du, eta batzorde horien bidez, sailek lankidetzan jardun ahal izango dute.
Gizarte-eragileek Partizipazioa
Horrelako ezaugarriak dituen plan batek interes-taldeen ekarpenak behar ditu, zalantzarik gabe, baina baita herritarren ekarpenak ere. Horregatik, planak, bai prestakuntza-prozesuan eta bai gauzatzeko aldian, herritarren parte-hartzerako bideak aurreikusten ditu; eta hain zuzen ere herritarren parte-hartzea da planeko ekimen garrantzitsuenetako bat.
Eraginak
Erreferentzia hauek osatzen dute planaren lege-esparrua:
- 4/2008 Legea, ekainaren 19koa, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egitekoa (9. artikulua). Ez da aurreikusten Lege horri aldaketarik eta egokitzapenik egitea. Hala ere, litekeena da arau-garapenean (55/2010 Dekretua, otsailaren 23koa, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako euskal Kontseiluarena) aldaketaren bat egitea.
- 107/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzekoa eta biktima horiei ordainak ematekoa. Kasu honetan, dekretu berri bat egitea aurreikusten da, gai honi buruzko politika publikoak zabaldu eta dekretuaren denbora-esparrua gaur egunera arte luza dadin.
- Halaber, aurreikusita dago Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordea sortzen eta arautzen duen 31/2009 Dekretua aldatzea, Bake eta Bizikidetza Planeko aurreikuspenetara egokitzeko.
Printzipioz, ez da aldaketarik egingo antolamendu-egituran.
Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren sorrerak eraginda, aurretik egokitzapen bat egin da: idazkaritza hori organikoki Lehendakaritzaren barruan kokatu da eta idazkaritzaren barruan sartu da lehen Justizia arloari atxikita zegoen Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza.
Planean, bestalde, Memoriaren eta Bizikidetzaren Institutua sortzea aurreikusten da. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Instituzionalean barneratuko litzateke institutu hori, Administrazio arloko erakunde autonomo gisa.
Printzipioz, plana ezartzeko, aurrekontu arruntean planarentzat ezartzen diren partidak erabiliko dira. Hala ere, irekita geratzen da bestelako finantziazio-iturriak izateko aukera. Esate baterako, planean beste erakunde edo gizarte-eragile batzuk sartzen badira, litekeena da hortik finantziazio-iturri berriak etortzea.
Gobernuaren esparrua gainditzen duen gobernu-plan estrategikoa da; izan ere, gainontzeko erakundeekin adostuta egoteko helburua duenez —batez ere foru-aldundiekin eta udalekin—, erakunde artekoa izateko pentsatuta baitago.
Erantzukizun instituzionalaren ikuspegitik, erakunde-maila desberdinetan ekimen ugari —eta batzuetan oso antzekoak, gainera— biltzen dituen esparru honetan gainjartzeak eta bikoiztasunak saihestu nahi dira. Ildo horretan, adostasunez jarduteko oinarrizko ardatzak definitu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak, eta hori lortzeko, akordio bat proposatu nahi die gainontzeko erakundeei.
Plana gauzatzeko aurreikusitako epea
Lortutako faseak
Fase | Hasiera data | Amaiera data | Egoera |
---|---|---|---|
1. fasea.- Oinarrizko lerro estrategiko eta ekonomikoak prestatzea | 2012/10/01 | 2013/06/14 | Amaituta |
2. fasea.- Lankidetza: Koordinazio Zuzendaritza edo Ekonomia eta Aurrekontu Sailburuordetza | 2013/06/14 | 2013/10/30 | Amaituta |
3. fasea.- Plana prestatzea | 2013/06/14 | 2013/09/30 | Amaituta |
4. fasea.- Txostenak egitea | 2013/09/30 | 2013/10/19 | Amaituta |
5. fasea.- Jaurlaritzaren Kontseiluak plana onartzea | 2013/10/20 | 2013/11/30 | Amaituta |
Ebaluatzeko moduak
Planak berezitasun bat eransten dio betearazpenaren jarraipen- eta ebaluazio-prozesuari, prozesu hori zeharkako ekimena baita planaren barruan.
Planaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko zereginak Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiari dagozkio. Planaren garapenaren sektorekako ebaluazioa egiteko dinamika iraunkorra ezarriko du jarduera-ardatz nagusien inguruan eta, horretarako, aldizkako ebaluazioak egiteko mekanismoak jarriko ditu. Ebaluazioak bi unetan egingo dira: