14. Enplegurako EAEko Estrategia, 2011-2013.

IDENTIFIKAZIOA

Helburuak

Enplegurako EAEko Estrategiaren (2011-2013) helburu nagusia da kalitatezko enplegu egonkorra sustatzea. Izan ere, sustapen horren bidez EAEko biztanleen bizi-baldintzak hobetuko dira, eta bazterkerien aurkako borroka indartuko da.

Helburu hori lortzearren, langabezia-tasa murrizteko eta egungo krisia gainditzeko estrategiak garatuko dira. Jardun berriak sustatuko dira, helburu hauek kontuan hartuta: lanpostuak sortzea eta mantentzea, langileen gaitasunak hobetzea eta merkatuari egokitzea, eta enpresen lehiakortasuna handitzea. Era berean, neurri bereziak jarriko dira pertsona zaurgarrienak lan-merkatuan sar daitezen eta bertan iraun dezaten, bereziki gazteak eta luzaroan langabezian egon direnak.

Egora sozio-ekonomikoaren analisi kuantitatiboa eta lan-merkatuaren beharrak aztertu ostean (azterketa horrek bideratuko du gizarte- eta enpresa-eragileekin helburuak adostea) Enpleguaren Euskal Estrategiaren (2011-2013) ardatzak egituratuko dira. Ardatz horien erronka eta lehentasun nagusiak hauek dira: mugikortasuna hobetzea, gaitasunak hobetzea, etengabeko ikaskuntza indartzea, eta enplegurako zerbitzu publikoa hobetzea (zerbitzu hori enplegu-politika aktiboak EAEri transferitu ondoren sortuko da).

Aurrekariak

Jardun hori bat dator Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak IX. legegintzaldiaren hasieran Legebiltzarraren aurrean hartutako konpromisoarekin. Izan ere, sailburuak esan zuen enplegua defendatu eta sustatu behar zela egun daukagun krisialdi sakona gainditzen lagunduko duten estrategiak garatuz, eta bereziki aipatu zituen pertsona zaurgarriek dituzten arazoak lan-merkatuan sartzeko eta bertan jarraitzeko.

Enplegurako EAEko Estrategiaren (2011-2013) aurrekari dira Euskal Autonomia Erkidegoko plan estrategiko hauek:

  • Enplegurako Erakunde arteko Plana (2000-2003).
  • Enplegurako Erakunde arteko Plana (2003-2006).
  • Enplegurako Erakunde arteko III. Plana (2007-2010).

Saila

Lan eta Gizarte Gaiak

Esku hartzen duten sailak

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari dagokio Enplegurako EAEko Estrategia (2011-2013) sustatzea eta bideratzea; izan ere, harenak dira gai hauetako eskumenak: lanbide-orientazioa, enplegurako prestakuntza, laneko bitartekaritza, eta enpleguaren prospekzioa eta sustapena. Beste sail hauek ere planean parte hartuko dute:

  • Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila, lanbide-heziketan eta etengabeko ikaskuntzaren dinamizazioan dituen eskumenengatik.
  • Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila, eskumenak dituelako honako gai hauetan: industria-politikako jarduna, berrikuntza teknologikoa, eta informazioaren eta ezagutzaren gizartea sustatzea eta garatzea.
  • Kultura Saila, Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzaren bitartez, gazteek pairatzen duten langabeziagatik.

Gizarte-eragileek Partizipazioa

Gizarte Elkarrizketarako Mahai Orokorrak (2009ko uztailaren 2an hasi zen lanean), eta enpresa-elkarteetako, sindikatuetako eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko ordezkariek hainbat akordio garrantzitsu hitzartu dituzte, enpleguko politika aktiboen transferentziak dakarren erronkari aurre egiteko, eta enplegua eta prestakuntza sustatzeko neurriak erabakitzeko.

Enplegurako EAEko Estrategia (2011-2013) Gizarte Elkarrizketarako Mahaian parte hartzen duten gizarte- eta enpresa-eragileek jorratzeko eta adosteko gaia izango da.

Eraginak

Araudian eragina

Abenduaren 23ko 2/2009 Legeak EAEko aurrekontu orokorrak onartzen ditu 2010 ekitaldirako. Lege horren bigarren xedapen gehigarriaren bidez, zuzenbide pribatuko erakunde publikoa sortu zen: Lanbide–Euskal Enplegu Zerbitzua. Erakunde horren funtzioa da enplegua sustatzeko plan bereziak diseinatzea eta betearaztea, beharra duten tokiko edo sektoreko esparruetan, eta, horrenbestez, tartean diren eragileen adostasuna bultzatzea. Halaber, enpleguari laguntzeko diagnosi integraleko eragiketak garatu eta laguntza-jardunak gauzatu behar ditu.

Enplegu-estrategia Lanbide–Euskal Enplegu Zerbitzuak hartuko du bere gain; hala ere, aurretik dekretu bidez onartu beharko dira erakundearen estatutuak. Lanbidek esku-hartzeko berariazko baliabideak sustatuko eta bultzatuko ditu.

Kontuan hartu behar da, IX. legegintzaldiko egutegiak (2009-2013), Gobernu Kontseiluak 2009ko azaroaren 17an onetsiak, aurreikusten duela Enpleguaren Euskal Legea 2011ko bigarren seihilekoan  onestea. Lege horren helburu nagusiak hauek dira: Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-politikaren helburuak eta printzipio gidariak ezartzea, azken finean kalitatezko enplegu egonkorra lortzeko, eta egiturak eta tresnak arautzea, enplegu-politikak sustatzeko eta gauzatzeko.

Antolamenduan eragina

LANDIBE–Euskal Enplegu Zerbitzuak tokiko eta sektoreko esku-hartzea bideratzeko berariazko tresnak sustatuko eta bultzatuko ditu, betiere, erakundearen estatutuak dekretu bidez onartu ondoren.

Era berean, baliteke Enplegurako EAEko Estrategiak aurreikustea jarraipen- eta ebaluazio-organoak sortzea, bai sail artekoak, bai Gizarte Elkarrizketako Mahaian adosteko gaiei buruzkoak. Organo horietan, inplikatutako eragile guztiek parte hartuko dute.

Aurrekontu eta finantzetan eragina

Ziurrenik, estrategiaren organo sustatzailearen aurrekontuarekin gauzatuko da plana, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko aurrekontuarekin, alegia. Lanbide–Euskal Enplegu Zerbitzuari dagokion aurrekontua ere erabiliko da, hala badagokio. Kasu horretan, estatuko administrazioaren funtsak jasoko ditu Lanbidek,  eta funtsen esku-aldaketa hori enpleguko politika-aktiboak EAEri transferitzeagatik etorriko da.

Beste jardueretan eragina

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailarekin koordinazio-mekanismoak sortzea aurreikusi da, sail horiek eskumenak baitituzte Enplegurako EAEko Estrategiaren (2011-2013) jardueren eragina izango duten esparruetan.

Erakunde harremanetan eragina

Enplegurako EAEko Estrategiak erakunde arteko harremanak maila guztietan garatzea eskatzen du:

  • Europako erakundeekin, baita Europar Batasunak krisiari aurre egiteko eskaintzen dituen baliabideekin ere, hala nola, Europako Gizarte Funtsa eta Globalizazioari egokitzeko Europako Funtsa.
  • Estatuarekin: Lan eta Immigrazio Ministerioa, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa.
  • Gainerako autonomia-erkidegoekin.
  • Lurralde historikoekin: foru-aldundiak.
  • Udal-administrazioekin: EUDEL.

Plana gauzatzeko aurreikusitako epea

2011 - 2013
ELABORAZIO fASEAK

Lortutako faseak

FaseHasiera dataAmaiera dataEgoera
1. fasea. Oinarrizko lerro estrategiko eta ekonomikoak prestatzea2010/04/012011/06/15Amaituta
2. fasea. Lerro estrategiko eta ekonomikoei buruzko txostenak egitea2011/06/152011/07/05Amaituta
3. fasea. Plana prestatzea.2011/07/062011/11/02Amaituta
4. fasea. Planei buruzko txostenak egitea.2011/11/032011/12/02Amaituta
5. fasea. Gobernu Kontseiluak plana onartzea.2011/12/032011/12/20Amaituta
EBALUAZIOA

Ebaluatzeko moduak

Etengabeko jarraipena, ebaluazio partzialak eta azken ebaluazioa egiteko ardura duen organoa Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila da, edo, hala badagokio, Lanbide–Euskal Enplegu Zerbitzua. Organo arduradunaren zeregina izango da Enplegurako EAEko Estrategiatik (2011-2013) sortzen diren jardunak gauzatzea eta haien jarraipenak eta ebaluazioak egitea.

Kudeaketaren eta emaitzen adierazleak, eta Enplegurako EAEko Estrategiaren (2011-2013) eragina neurtuko dutenak behin betiko dokumentuan ezarriko dira.

Eragina neurtzeko, adierazle hauei erreparatuko zaie: enpleguaren egonkortasunaren adierazle kuantitatibo eta kualitatiboak, eta langabezia-tasaren murrizketa. Halaber, genero-ikuspegia eta aukera-berdintasuna aplikatuko dira jarduera eta neurketa bakoitzean.

Azken aldaketa::2012/02/15