COVID-19 birusaren pandemiak sortutako kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden pertsonek dagoeneko eska dezakete alokairu babestuko parke publikoen alokairua ordaintzetik salbuestea

Argitalpen-data: 

Apirilaren 2an, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak EHAAn argitaratu du Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko martxoaren 31ko Agindua. Bertan, COVID-19 birusaren pandemia dela-eta egoera ekonomiko kalteberan dauden eta Euskadiko alokairu babestuko parke publikoko etxebizitza eta zuzkidura-bizitokietan alokairu-erregimenean bizi diren pertsonek alokairua eta komunitate-gastuak ordaintzetik aldi baterako salbuesteko eskatzeko prozedura ezartzen da.

Alokairuko parke publikoak honako hauek biltzen ditu: Eusko Jaurlaritzaren beraren titulartasuneko etxebizitzak, Alokabide sozietate publikoarenak, Bizigune eta Gaztelagun programen esparruan alokatutakoak, eta indarrean dauden babes-formuletako edozeinetan alokairuan lagata dituzten beste eragile publiko eta pribatu batzuen titulartasunekoak. 

Agindu hau indarrean sartzen denean, apirilaren 3tik aurrera egin daiteke aldi baterako salbuespen horren eskaera telematikoa, honako web-orri honen bidez: www.euskadi.eus/zerbitzuak/11022401. Alarma-egoera deklaratzen duen 463/2020 Errege Dekretuak eta Erakunde Harremanetarako sailburuordearen 2020ko martxoaren 16ko Ebazpenak ezarritakoarekin bat, aldi baterako eten da Zuzenean zerbitzuaren Herritarrei Laguntzeko Bulegoen bidez herritarrei aurrez aurreko arreta emateko zerbitzua. Beraz, eskaera horiek telematikoki baino ezin dira aurkeztu oraingoz.

Hala ere, eskaera telematiko bat egiteko beharrezko baliabiderik ez badago, eta kontuan hartuta aurrez aurreko arreta-zerbitzua aldi baterako eten dela, www.euskadi.eus/zerbitzuak/11022401 web-orritik aurrez aurreko eskabide-ereduak deskargatu eta bete daitezke herritarrei aurrez aurreko arreta berriro ezarri zaienean aurkezteko.

Zein pertsonak eska dezake alokairua ordaintzetik salbuestea?

Baldintza hauek betetzen dituzten familia-unitateak dituzten pertsona guztiak:

  • 2020ko martxoaren 14a baino lehen alokairuko etxebizitzen parke publikoko etxebizitza edo zuzkidura-bizitoki baten alokairu-kontratua indarrean eta formalizatuta izatea, alokairu-errenta gehi komunitate-gastuak eta oinarrizko hornidurak errentariaren bizikidetza-unitatearen urteko diru-sarrera haztatuen % 30etik gorakoak izatea.
  • Besteren konturako langileen kasuan, COVID-19 birusaren pandemia dela-eta kalteberatasun ekonomikoko egoeran egotea, errentarien edo emakidadunen bat langabezian geratu delako 2020ko martxoaren 14aren ondoren.
  • Langile autonomoen edo enpresaburuen kasuan, diru-sarrerak galdu badituzte, edo salmentak jaitsi badira, % 40 edo gehiago, 2020ko apirileko eta maiatzeko diru-sarrerak edo salmentak erreferentziatzat hartuta, alarma-egoera deklaratu aurreko seihileko naturalean egindako batez bestekoarekin alderatuta.

Eskaera egiteko epea

Eskaerak egiteko epea apirilaren 3tik maiatzaren 31 arte izango da, biak barne.

Zer hilabete egon daiteke ordaintzetik salbuetsita?

Eskaera egin eta dagokion Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak aldeko ebazpena eman ondoren, salbuespena hilabete osoz aplikatuko da, eta apirileko, maiatzeko eta ekaineko errentei eragin ahal izango die.

Nola eskatzen da?

Alokairua ordaintzetik salbuesteko eskabideak 2020ko apirilaren 3tik aurrera aurkez daitezke, www.euskadi.eus/zerbitzuak/11022401 web-orriaren bidez. Teletramitazio hori egin ahal izateko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoak identifikaziorako eta sinadurarako onartzen dituen baliabideetako bat eduki beharko da.

Alokabide SA sozietate publikoak kudeatuko ditu eskabideak, eta dagokion Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak ebatziko ditu. Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan eta Alokabideren edozein bulegotan, alarma-egoera amaitu eta administrazio publikoen aurrez aurreko arreta-zerbitzuak berriro ezartzen direnean.

Eskabidearekin batera, behar bezala beteta, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da. Adierazpen horretan, errentak ordaintzetik salbuesteko eskatzen diren baldintzak betetzen direla adierazi beharko da, eta berariaz aitortu beharko dira familia-unitateko kide guztiek jasotzen dituzten diru-sarrera garbiak.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ofizioz kontrastatuko du kasuan kasuko administrazio publikoekin betekizun horiek betetzen direla. Baldintza horietakoren bat betetzen dela egiaztatzea ezinezkoa bada, edo eskatzaileak sailak administrazio publiko eskudunetatik eskatzearen aurka egiten badu, lurralde-ordezkaritzek dagozkion dokumentazio-eskaerak egingo dituzte.

Gaztelagun eta ASAP programa

COVID-19 birusaren pandemia dela-eta Gaztelagun laguntza-programaren onuradun diren pertsonek aldi baterako eta ezohiko laguntza osagarri bat jaso ahal izango dute, aitortuta duten dirulaguntza osatu ahal izateko, programa hau arautzen duen 2018ko abenduaren 18ko Aginduan ezarritako etxebizitzaren hileko errentaren mugetara iritsi arte.

Laguntza horiek izapidetzeko, dagokion aldaketa-eskaera aurkeztuko da, onuradun bakoitzak egoitza elektronikoaren Nire karpeta atalean irekita duen laguntzaren espedientean.

Merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programako (ASAP) errentariek, COVID-19 birusaren pandemia dela-eta kalteberatasun ekonomikoko egoeran badaude, salbuespen horiek ere baliatu ahal izango dituzte, kontratua sinatu zuten agente laguntzaile homologatuaren aurrean eskaera bat aurkeztuta.

Salbuetsitako errentari dagokion zenbatekoaren ordainketa zuzenean ordainduko zaie jabeei; horretarako, agente laguntzaile homologatuek ordainketa egin ahal izateko behar diren datuak bidali beharko dituzte, salbuespena aitortzeko proposamenarekin batera.

Etxebizitza babestuaren titular diren agente pribatuak

Etxebizitza babestuen titular diren eta alokairuan lagata dituzten agente pribatuek aplika dezakete salbuesteko neurri hori. Kasu horretan, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak salbuetsi izana egiaztatzen duten errentei dagozkien zenbatekoak ordainduko ditu.