Elkartasunaren zifrak Euskadin: ia 38 milioi euro eta 120 lankidetza-ekimen 2019. urtean

Argitalpen-data: 

solidaridad

Euskadi elkartasunaren sinonimoa da. Gure historian, euskaldunok intentsitate handiko jarduera burutu dugu lankidetzaren arloan, eta jarduera horrek esker ona jaso du mundu osoan. Ignazio Loiolakoa, Juan Zumarraga, Ignacio Ellacuria, Andres Urdaneta eta Juan Garai, besteak beste, hainbat mendetan Euskadiren ezaugarri bereizgarri izan den eta egun arte iraun duen elkartasun-tradizioaren sinbolo dira. Eta 2019. urtea tradizio horren adierazgarria izan da berriz ere.

Desberdintasunei eta pobreziari aurre egiteko eta giza garapena sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren mendeko Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak 37,6 milioi euro bideratu zituen joan den urtean lankidetzako, hezkuntzako eta ekintza humanitarioko 120 proiektu inguru finantzatzeko. Baliabide horien herenak baino gehiago Agentziak estrategikotzat hartutako helburuetako bat lortzeko erabili dira, hots, ekitaldi honetan bultzatutako programa eta ekimen ugarien bidez emakumeen ahalduntzea lortzeko.

Agentziaren aurrekontuaren zatirik handiena (30 milioi euro) garapenerako lankidetzako programak finantzatzera bideratu da. Kapitulu horren barruan, zehazki, pobreziari aurre egiteko planak bultzatu dira Erdialdeko Amerikako eta Hego Amerikako herrialde deprimituetan, Senegalen, Malin eta Indian. Atal horretan bertan, Agentziak produkzio-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko lau ekimen jarri zituen abian Pakistanen, Kuban eta Euskadin (1,1 milioi eurokoak), eta gizarte-eraldaketarako 17 hezkuntza-plan onartu zituen Euskadin, munduan desberdintasunak sorrarazten dituzten egitura-arrazoiak aztertzeko helburuarekin.

Agentziaren 2019ko jarduera osatzeko, krisi humanitarioak jasaten dituzten pertsonak (eta, bereziki, luzaroko indarkeria-egoerak eta gatazka armatuak jasaten dituztenak) babesteko ekimenak babestu ziren. Agentziak helburu horietara bideratu zituen ia lau milioi euroak ekintza humanitarioko proiektuetan (Libanon, Palestinan, Etiopian eta Nigerian) eta ekintza humanitarioko estrategietan (Palestinan, Libanon, Afrika Erdiko Errepublikan, Venezuelan, Kolonbian eta Ekuadorren) banatu ziren.

Gainera, lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzaren mendeko erakunde horrek 100.000 euro bideratu ditu Nazio Batuetako Larrialdietan Erantzuteko Funts Zentralera, eta 2020. urtean ere zenbateko bera bideratzea aurreikusi du. Horren helburua da laguntza-funts bat sortzea, hondamendi naturalak edo krisi humanitarioak jasaten dituzten eremuei berehalako erantzuna eman ahal izateko.

Jarduera horiek beste ekimen batzuei lotuta garatu dira, hala nola 2018an Uraren Euskal Agentziarekin lankidetzan abiarazitako Euskadi-Erdialdeko Amerikako Ur eta Saneamenduko Erakunde arteko Programari (ia 120.000 euro jaso ditu uraren kanonetik lortutako diru-sarreretatik) eta genero-ekitatearen aldeko planei lotuta. Gobernuz Kanpoko Erakundeek, zehazki, bost proiektu garatu dituzte helburu horretarako, eta, proiektu horien barruan, 150.000 euro bideratu dira genero-desberdintasuna hainbat esparrutan desagerrarazteko ekintzak sustatzera.

Agentziak, halaber, hamar beka baino gehiago eman ditu berriz, Nazio Batuek herrialde pobretuetan garatutako hainbat proiektutan parte hartzen duten kooperanteen egonaldia bermatzeko, eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzarekin lankidetzan aritu da herrialde deprimituetan ehun bat kooperanteren presentzia finantzatzeko, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren barruan.

Azkenik, bere jardueraren barruan, Ignacio Ellacuria saria ematen du Agentziak. Saria 15.500 eurokoa da, eta berdintasunaren eta justiziaren alde egindako lana saritzea du helburu. Sari horren bidez, Mikel Ayestaran kazetariaren eta Lolita Chávez ekintzaile guatemalarraren lana aitortu da lehenago, besteak beste. Saria urtearen hasieran emango da.