Apirilaren 5eko hauteskundeetarako hautagai-zerrendak aurkezteko epea otsailaren 26tik martxoaren 2ra arte egongo da zabalik

2020.eko otsailak 24

Hauteskunde-prozesuarekin zerikusia duen informazioa eskuratzeko interesa dutenek www.elecciones.eus webgunera jo dezakete

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailak 24.

Apirilaren 5eko EAEko hauteskundeetan parte hartuko duten alderdi politikoek datorren asteazkenetik, otsailaren 26tik, martxoaren 2ra, astelehenera, bitartean aurkeztu ahal izango dituzte euren hautagai-zerrendak. Euskadiko hauteskundeetan parte hartu nahi duten alderdi politikoek, federazioek, koalizioek eta hautesle-elkarteek epe horretan dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko dute hiru Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeetan. Hautagaien zerrendak martxoaren 4an emango dira argitara Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Horietan egon litezkeen irregulartasunak zuzendu ondoren, martxoaren 9an aldarrikatuko dituzte hautagai-zerrendak, eta, hurrengo egunean, martxoaren 10ean, argitaratuko dira EHAAn hautagai-zerrenda ofizialak.

 

Asteazkenean, otsailaren 26an, irekiko da alderdi politikoek, federazioek, koalizioek eta hautesle-elkarteek Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeetan hautagai-zerrendak aurkezteko epea. Zerrendak aurkezteko epe hori martxoaren 2ko, asteleheneko, 24:00etan amaituko da.

 

Hautagai-zerrendetako lurralde ordezkariek edo, hautesle-elkarteen kasuan, horien sustatzaileek aurkeztuko dituzte zerrendak. Inskripzioa osatzean, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legearen 50. artikuluak ezartzen dituen datu guztiak jasoarazi beharko dira. Hauek dira, besteak beste:

 

- Hautagai-zerrendaren izena, siglak eta identifikazio-ikurra. Horiek ezingo dira aldatu hauteskunde-prozesua garatzen den bitartean.

- Hautagaien eta ordezkoen izena eta abizenak, helbide zehatza eta zerrendan izango duten ordena.

- Hautagai-zerrendaren lurralde-ordezkariaren izena eta abizenak, Lurralde Historikoko hiriburuan helbidea duena.

- Hautagai-zerrendaren parte izatea onartzen dutela egiaztatzeko dokumentua, hautagai eta ordezko bakoitzak sinatua, eta Euskal Autonomia Erkidego osoan zerrenda bakarrean parte hartzen duela eta gainerako hautagarritasun-eskakizunak betetzen dituela aitortzeko adierazpen formala. Adierazpenari nortasun-agiriaren kopia erantsiko zaio.

- Hautagaia indarrean dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde-erroldan inskribatuta dagoen egiaztagiria.

 

Hautagai-zerrenda bakoitzean 25 pertsona

Hautagai-zerrenda hogeita bost hauteslek osatuko dute Lurralde Historiko bakoitzeko eta, gainera, hautagai-zerrendak hiru eta bost ordezko artean izan beharko ditu. Horri dagokionez, aditzera eman behar da hautagai-zerrendetako kideen % 50, gutxienez, emakumezkoak izango direla eta baldintza hori betetzen duten hautagai-zerrendak soilik aldarrikatuko direla, 2005eko martxoko Berdintasunari buruzko Legeari jarraituta. Zehazki proportzio horri eutsiko zaio hautagaien eta ordezkoen zerrendaren osotasunean eta sei gizonezkoko tarte bakoitzean.

 

Martxoaren 5aren eta 6aren artean, Lurralde Historikoetako Hauteskunde Batzordeek EHAAn argitara eman diren hautagai-zerrendetan hauteman dituzten irregulartasunak jakinaraziko dizkiete hautagai-zerrendetako ordezkariei. Irregulartasun horiek martxoaren 7an eta 8an zuzendu ahal izango dira. Martxoaren 9an hautagai-zerrenda ofizialak eta behin betikoak aldarrikatuko dira, eta hurrengo egunean argitara emango dira EHAAn.

 

Hautagai-zerrendak aurkezteko inprimakiak www.hauteskundeak.eus webgunetik jaitsi ahal izango dira. Inprimaki horiek elektronikoak dira, norberak betetzeko modukoak, eta, hartara, tramitazioa arinduko da.

 

www.hauteskundeak.eus

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzak joan den otsailaren 13tik –hau da, deialdiaren dekretua EHAAn argitara eman zen egunetik– abian du www.hauteskundeak.eus webgunea. Webgune horretan jasotzen da apirilaren 5eko hauteskunde-prozesuari buruzko informazio guztia.Atariak informazio-bolumen handia eskainiko du prozesuaren kronologiari, bozkatzeko prozedurari, helbide interesgarriei, inprimaki elektronikoei eta abarri buruz. Bisita birtualek modu atseginean eta grafikoan argituko dituzte bozkatzeko unean sor daitezkeen prozedurazko zalantzak.

 

Webguneak, era berean, @hauteskundeak Twitter-eko kontuan inskribatzeko aukera eskaintzen du. Izatez, bide horretatik ia denbora errealean jasoko dira hauteskunde-prozesuarekin lotzen diren albisteak