Ekonomiaz , Euskal Ekonomia Aldizkariaren 96 zenbakiaren aurkezpena. "Zahartzea eta aldaketa demografikoak"

1.JPG

2019.eko abenduak 18

OGASUN ETA EKONOMIA SAILAK EKONOMIAZ ALDIZKARIAREN 96 ZENBAKIA AURKEZTU DU:

“Zahartzea eta demografia-aldaketak”

 

Ogasun eta Ekonomia Sailak Ekonomiaz aldizkariaren 96 zenbakia argitaratu du, bizitza luzearen eta zahartzearen fenomenoari buruzko askotariko ikuspuntuak biltzen dituena. Pertsona askoren iritziz, gizabanakoak eta gizarteak “zahartzen” ari dira, eta ez dituzte ezagutzen gizakien bizitza luzatzearen inguruko arrazoiak eta zirkunstantziak eta aurreikuspenak.

Ekonomiaz aldizkariaren zenbaki monografiko honetan, Jose Antonio Herce haren koordinatzailearen esanetan, ahalegina egin da erakusteko gero eta luzeago bizitzeak era guztietako inplikazioak dituela, eta garrantzi bereziko fenomenoa dela, eta inplikazioak kaltegarriak izango liratekeela nagusiki, baldin eta dakartzan onurak lortzeko behar neurriak hartzen ez badira. Egokitzapen-prozesu honen ardura gizarte osoari dagokio haren erakunde publikoen bitartez, baina baita gizarteko kide bakoitzari ere.

Bizitza luzeak, ez “zahartzeak”, dena zeharkatuko du, hasi gizabanako bakoitzaren bizi ziklo eta plangintzatik eta ongizate-programa handietaraino, tartean direla pentsioak, osasungintza edo dependentzia, eta desparekotasunen (baita generokoen) kontrako borroka.  

Zenbaki honek arrazoibide-ildo bati lotzen zaizkion ekarpenak bildu ditu, tartean sartuz ohartu ahal izatea jende gehienak gutxi ezagutzen dituela demografiaren koskak eta, ondorioz, ez dagoela joerarik sumatzen diren arazoentzako konponbide bideragarriak hartzeko; beste gai bat adinaren etorkizuna da, demografiaren ugalketa, eta gizarteko kide aktiboen lana. Soziologian, demografian, ekonomian, zientzia finantzario eta aktuarialean eta zuzenbidean oinarritutako diziplinarteko sintesi ahalegin bat da, gure gizarteei eragiten dieten demografia-fenomenoak eta haien inplikazioak hobeto ulertzen lagunduko digutenak. 

Monografia honen bitartez, Ekonomiaz aldizkariak demografiaren erronkari heldu dio, baita gizarteko bizitza luzearen eta zahartzearen gaiari ere. Horretarako, zientzialari, aditu eta analistei eman zaie ahotsa; bada, ondorioztatu dute etorkizuna zabalik dagoela, eta hartzeke daudela artean fenomeno horren ondorio onuragarriak sustatu eta eragozpenak mugatuko dituzten neurri asko.

Monografia honetan, 20 egilek parte hartu dute, horietako 17 hamaika artikuluren egileak: Jose Miguel Garcia-Pardo, Julio Pérez Díaz, Unai Martin, Jose Antonio Herce, Jose María Abellán, Jorge Eduardo Martínez Pérez, Gregorio Rodríguez Cabrero, Mertxe Larrañaga, Yolanda Jubeto, Arantxa Rodriguez, Mercedes Ayuso, Elisa Chulía, Eva María Blázquez eta Jorge Bravo, eta berritasun bat ere izan da: hiru saiakera labur gehitzea. Bertan, Aubrey De Grey, Luis Garrido eta Mathew Taylor-ek gaiaren inguruko beren iritziak eman dituzte.

Jose Miguel Garcia-Pardok adierazi du bizitza luzatzearen fenomenoak ziurgabetasun sorta bat duela, azken hamarkadan hura moteldu bada ere. Ondorioz, zaila da epe erdi-luzeko biziraupena hobetzearen joera estimatzeko eredu aktuarial estatistikoki irmoak diseinatzea.

Julio Pérezek dioenez, jaiotza-tasek beherakada nabarmena jo duten arren eta gizartea jaiotza sustatu beharrarekin ados dagoen arren, Espainiako demografiak bere historiako erregistro orokor onena izan du kohorte guztietan, eta sakondu egin behar da iraultza produktiboaren teorian.

Unai Martinek azalpenak eman ditu zahartzeari eta haren arriskuari buruz batez ere hedabideetan ugaritu diren interpretazio katastrofisten inguruan, eta frogatu du Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan zahartzeak ez duela ekarri gaixotze-tasaren gorakada nabarmenik.

Bestetik, José Antonio Hercek nabarmendu du zahartzearen inguruan Silver Economy delakoa bakarrik ikustea egokitzapen-prozesuaren ardura marketinari uztea dela; aldiz, ardura hori gizarteari, oro har, eta pertsona bakoitzari, bereziki, dagokio.  

Jose María Abellán eta Jorge Eduardo Martínez Pérezek azterketa xehea ondu dute zahartzeak etorkizuneko osasungintzako gastuetan izango duen inpaktuaren inguruan, eta ondorioztatu dute azkarregi baieztatu dela Espainiako edo herrialde askotako demografiaren joerek nahitaez handituko dutela gastu sanitarioa, jasangaitza egiteraino.

Gregorio Rodríguez Cabrerok dependentziaren kontzeptualizazioari heldu dio, XXI. mendeko kontingentzia gisa, ongizate-programa handien esparruan.

Mertxe Larrañaga, Yolanda Jubeto eta Arantxa Rodriguezek Euskal Autonomia Erkidegoko dependentziaren errealitateari buruzko hurbilpen zorrotz bat egin dute, eta erronkari heltzeko beharra adierazi dute, hori egiten dugun moduaren tankerakoa izango baita gure gizartea ere. Errealitate horren arabera, espero dezakegu handiagoa izango dela epe luzeko zainketak, emakumeek batez ere ematen dituztenak, beharko dituzten desgaitasunen eta gaitzen prebalentzia. Horregatik, aurrera egin behar da zainketetan emakumeek eta gizonek erantzunkide izan daitezen.

Mercedes Ayusok zahartzeak pentsioetan dituen ondorioak azaldu ditu bi irizpideren arabera. Horietako batean, bizi-itxaropena ez dela heterogeneoa ez soilik gizon eta emakumeen artean, baizik eta aberats eta pobreen artean ere. Bestean, berriz, nabarmendu du bizi-itxaropena kalkulatzeko ohiko moduak % 15etik % 30era beherago kokatu ohi duela zahartzea. Alegia, pentsio-sistema hala publikoek nola pribatuek ez dakite ondo zeri heldu behar dioten.

Elisa Chulíak adina behar bezala kudeatzen ahalegintzeari buruzko eztabaida mahairatu du, erretiro-urtea bizi-itxaropenari egokitzeko, eta horretarako adostasunak bilatu behar direla.

Eva María Blázquezek aukerak proposatu ditu pentsio-adina gaindituta ere lanean jarraitu nahi duten langileentzat, alegia, haien lanbideko edo laneko diru-sarrerak pentsioarekin bateragarri egitea, eta bateragarritasun-kontratu berri bat proposatu du.

Bukatzeko, Jorge Bravok ikuspegi berri bat eskaini du erretirorako finantza-soluzioen inguruan, hala langile bakoitzarentzat nola sistema osoarentzat. Bertan, bizi arteko errentak dira soluzioa, baina bizitza luzeko baldintza berrietara egokituz.  

Zenbakiaren berritasuna izan da hiru saiakera labur gehitzea: Aubrey De Greyk bizitza luzearen ikuspegi aurreratu bat eman du, eta gizakia hilkortasunaren “ihes-abiaduraren” bidean kokatu. Luis Garridok  gizakiaren oinarrizko sorkuntzari erreparatu dio bere idazlanean: gizakia sortzea. Bukatzeko, Mathew Taylorrek lanaren etorkizunean digitalizazioak izango dituen ondorioak eta horiek pizten dituzten galderak aztertu ditu, tartean dela lan onen eta gizalegezkoen sorrera.

Ekonomiaz aldizkariaren monografia honen jendaurreko aurkezpena gaur goizean egin da Eusko Jaurlaritzaren Vitoria-Gasteizko egoitzan, eta hauexek parte hartu dute bertan: Jordi Campàs, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiako eta Plangintzako zuzendari eta Ekonomiazko zuzendaria; José Antonio Herce San Miguel, Ekonomiaz 96 zenbakiko koordinatzailea eta AFI Consultoresko kidea; Unai Martin Roncero, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Soziologia Saileko irakasle eta monografiako kolaboratzailea.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 18a