6 milioi euro udalentzako laguntzatan, ikastetxeetan hobekuntzak egiteko "Udalaguntza 2019" deialdiaren bidez (Gobernu Bilera 2019-12-17)

fotoconsejo.jpg

2019.eko abenduak 17

  • Udalaguntza deialdiaren bidez 325 obra finantzatu ziren iaz, udal titulartasuneko eraikinetan kokaturik dauden 174 ikastetxetan

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Udalaguntza-2019 izenez ezagutzen den dirulaguntza deialdia. Deialdi honen bidez, hezkuntza-administrazioaren menpeko ikastetxeak dauden udal jabegoko eraikinetan obrak egiteko dirulaguntzak ematen dira. Deialdi honek 6 milioi euroko diru-kopurua du.

Udalaguntza-2019 deialdian parte hartu ahal izango dute aurrerago aipaturiko ezaugarriak betetzen dituzten ikastetxeak kokaturik dauden eraikinen titular izan eta haietan hobekuntza lanak egiteko proiektuak aurkezten dituzten Euskadiko udalek. Agindu honen bidez finantzatu daitezkeen obrak 2019ko urtarrilaren 2 eta 2020ko abuztuaren 31 bitartean hasi beharko dute eta 2020ko abenduaren 31 baino lehenago bukatuak egon behar dute.

Hezkuntza Sailak deialdi honen bidez emango duen dirulaguntza balorazio-batzordeak onarturiko aurrekontuaren %60koa izango da. Gainerako %40 proiektua aurkeztu duen udalaren gain izango da. Eskaera bakoitzeko gehienezko kopurua, dena den, 360.000 eurokoa izango da. Hortaz, balorazio-batzordeak onartutako  600.000  euro  baino  gehiagoko  aurrekontuak  dituzten eskaerei dirulaguntza ematen bazaie, muga hori kontuan hartuta egingo da.

Instalazioak egokitzea

Ikastetxeen irisgarritasuna hobetzeko lanak izan ohi dira sarritan deialdi honen bidez diruz laguntzen direnak, edo baita eraikin horien instalazioak eguneratu edo egokitzeko lanak ere, hala nola: kanpo nahiz barne arotzeria aldatzea; fatxada eraberritzea; patio eta jolastokietan zorua berritzea; eraginkortasun energetikoa hobetzeko jarduketak; espazioak birbanatzea; teilatu-konponketak; instalazio elektrikoak eguneratzea; komunak eta saneamenduak konpontzea; edo berogailu sistema aldatzea, beste hamaika motatako lanekin batera. Guztiak ere irakaskuntzaren kalitatean modu zuzen zuzenean eragiten duten jarduerak izan ohi dira. Nola nahi, ez dira deialdi honen bidez finantzatuko lehen ezarpeneko lanak, ezta kontserbazioko eta mantentze obrak ere.

Udalaguntza deialdiaren sorrera, ikastetxeen instalazioetan hobekuntza eta eguneratze lanak burutzeko Hezkuntza Sailaren eta tokiko erakundeen arteko koordinazioan aurkitzen da. Elkarlan horri esker, gainera, baliabide publikoen optimizazioa eta administrazio bakoitzak egiten dituen ahalegin eta jarduketen eraginkortasun handiagoa ere lortzen dira.

2019ko Udalaguntza deialdian parte hartu nahi duten udalek hilabeteko epea izango dute proiektuak aurkezteko –eskatzen den dokumentazioarekin batera-, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.

Iazko Udalaguntza deialdiaren bidez (Udalaguntza 2018) 325 obra finantzatu zituen Hezkuntza Sailak, Euskadiko 100 udalerritan kokaturiko Haur eta Lehen Hezkuntzako 174 ikastetxe publikotan.