Etxebizitza Sailak 506 pisu eskuratu ditu, Alokabidek kudeatzen duen alokairuko parke publikoan sartzeko

Argitalpen-data: 

  • Erosketa horiez gainera, Sailak eta Visesak beste 600 etxebizitza gehiago sustatzen dituzte, eta Bizigune eta ASAP programek 2019ko ekitaldian beste 900 etxebizitza hartu dituzte
  • Inbertsioaren kostua 50,1 milioi eurokoa da, aurrekontu-baliabideen eta Finantza Inbertsio Jasangarrien Funtsaren kargura

Etxebizitza Sailak, aurten, 506 pisu eskuratu ditu, guztira; gainera, Visesa sozietate publikoarekin zuzenean edo programa-kontratuaren bidez beste batzuk sustatzen ditu eta, horretarako, funtsak eta aurrekontu-soberakinak erabiltzen ditu, bai eta Gobernuaren Finantza Inbertsio Jasangarrien tresna ere. Erositako etxebizitzen zati bat amaituta dago jadanik; beraz, berehala sartuko dira Alokabidek kudeatzen duen gizarte-alokairuaren parke publikoan, baina gehienak, hala ere, eraikitzeko prozesuan daude.

Aurrekontu-programa arruntetik kanpoko inbertsioaren zenbatekoa, guztira, 50,1 milioi eurokoa da.  Ia erosketa gehienak VISESArekin formalizatu dira, Iñaki Arriolak zuzentzen duen Sailaren mendeko etxebizitzaren eta lurzoruaren sozietate publikoarekin, baina beste eragiketa batzuk sustatzaile pribatuekin eta SAREBekin ere hitzartu dira. Horiek guztiak alokairuan babestutako etxebizitzetarako indarreko moduluaren prezio berean edo baxuagoan egin dira.

Ohiz kanpo erositako 506 etxebizitza horiez gainera, Sailak aurreikusita zuen 2019an 600 pisu eta zuzkidura-bizitoki sartzea, zuzenean edo Visesak eginiko sustapenen bidez, ekitaldiko aurrekontu-programazioaren barruan, eta beste 900 etxebizitza gehigarri, 2019an Bizigune eta ASAP programek etxebizitza hutsak mobilizatzeko programen bidez hartutakoak.    

Erosketa-eragiketen banaketa honako hau da:

  • 70 BOE etxebizitza Donostiako Morlans auzoan (Visesa, dagoeneko eraikita), 4.972.034 €-an.
  • 32 BOE etxebizitza Santurtzin (Visesa, eraikitzen), 4.586.450 €-an.
  • 84 gizarte-etxebizitzaren aurrerakina Ortuellan (Visesa, eraikitzen), 2.441.516 €-an.
  • 52 BOE etxebizitza Sestaon (Visesa, eraikitzen), 7.618.258 €-an.
  • 26 BOE etxebizitza Mungian eta 52 BOE etxebizitza Amorebietan (Harri Iparra, amaituta), 9.544.008 €-an.
  • SAREBen jabetzako 9 etxebizitza libre zenbait udalerritan, 742.000 €-an.
  • 36 BOE etxebizitza Legution (Amenabar, eraikitzen), 3.829.723 €-an.
  • 3 etxebizitza Bermeon (Visesa, amaituta), 345.635 €-an.
  • 91 gizarte-etxebizitza Getxoko Iturribarri auzoan (Visesa, eraikitzen), 8.261.982 €-an.
  • 51 BOE etxebizitza Arrasateko Zerrajera auzoan (Visesa, lizitazioan): 7.804.918 €. 

14.200 etxebizitza alokairu-parke publikoan

506 etxebizitza horiek sartzeko daudela, une hauetan Alokabide alokairuko sozietate publikoaren jabetzako etxebizitza-parkeak 4.397 pisu ditu. Bestalde, Sailaren beste 3.414 etxebizitza daude eta horiek ere Alokabidek kudeatzen ditu; beraz, Gobernuaren jabetzako alokairuko parke publikoa 7.811 etxebizitzakoa da. Horiez gainera, Bizigune programaren bidez etxebizitzak hutsik zituzten jabe pribatuei hartutako 6.000 pisu baino gehiago daude eta, hala, Alokabidek kudeatzen duen alokairu publikoaren eskaintza, gaur egun, 14.200 etxebizitzakoa da.