CRYSTAL, DAVID
txtng. the gr8 db8

Aspaldian, sakelako telefono bidezko mezu idatziek irauli egin dute komunikazio idatzian ohiko den laburdura fenomenoa. Erabilera horrek dakartzan kalteak salatu dituzte zenbaitek. Liburu honen egile David Crystalek, aldiz, nahiago izan du aurreiritziak baztertu eta gertakariak aztertu, ohi duen modu argi, pragmatiko eta hagitz jolastian.

txtng«Sakelako testuak ortografia berria eta ulertezina darabiltza… Haurrek hitzak zuzen ahoskatzeko, puntuak dagokien lekuan jartzeko eta maiuskulak behar bezala erabiltzeko duten gaitasuna kaltetuko du; gaitasun hori are eta eskasagoa izango da... Saihestezina izango da, ohitura berriok eskolan egiten dituzten gainerako lanetara ere eramango dituzte… Azterketetan kalifikazio txarragoak jasoko dituzte… Heldu belaunaldi berri bat izango dugu laster, ingelesez zuzen idazteko gauza izango ez dena… Hizkuntzak berak ere erasana jasango du…» David Crystalek bildu dituen perletako batzuk dira, milurteko berriaren lehenengo urteetan egin diren "adur txarreko profezia" horietarik, egilearen esanetan. Ez zegoen goian egindako baieztapenak egiaztatuko zituen frogarik, baina horrek ez zuen galarazten haiek behin baino gehiagotan entzun eta irakurri beharra izatea…

Crystalek sakelako telefono bidez baliatu ohi dugun hizkuntza aztertu du liburuan, hari eman dioten haizea, hizkuntza horren arroztasunaren neurria, haren berezitasunak, zergatik erabiltzen den, nork, zertaz jarduten duten, zergatik jokatzen duten berdintsu ingelesaz besteko hizkuntzek...

Egilearen iritziko, sakelakoaren bidez erabiltzen den hizkuntza «garai modernootako hizkuntza-gertakari berritzaileenetako bat da eta, beharbada, horrexegatik eragiten ditu tamainako emozio sakonak -"alferkeria modu bat", "gaixotasuna", "ridikulua", diote-, eta izu morala». Crystalek egindako azterketaren arabera, aldiz, ebidentziak erakusten du hedabideek hauspotu duten mitoaren aurrean gaudela, funtsik ez duela sms bidezko mezuek hizkuntza-hondamendia ekarriko dutela sinestea. «Haurrek laburdurak erabiltzen dituzten kontua asko baino gehiago puztu da. Sakelako telefono konpainiek ere lagundu dute horretan -arrazoi komertzialak alde batera-, zein cool den behin eta berriz azpimarratu beharrez eta hiztegiñoak eta erabilera gidak argitaratuz».

Esanak esan, Crystalek gorestekoak ditu mezu modu honen ezaugarriak: komunikazioa zuzena da, inor telefonoari lotuta eduki beharrik ez dago; arina da, ez dago eskutitzek ez e-postek behar duten denbora igaro zain egon beharrik; eramangarria da, nonahi gaudela ere bidaltzeko era ohi dugu; esku bakar batez ere gauza liteke komunikazioa, «baita jendez betetako autobusean sabaiko barrari helduta goazela ere»; pertsonala da, intimitatea eta sekretua laguntzen ditu; jendartean erabilita ere inor ez da konturatuko, txirrina isilaraziz gero, behinik behin; etxeko mugak hausten laguntzen die gazteei, beren gurasoek jakin gabe ere; eta aski merkea da, «nahiz eta -bidalitako mezu kopuruaren arabera-, zenbait guraso telefono faktura jasotzeko beldurrez egon». Ondorioz, harritzekoa ere ez da gazteen arteko komunikazio biderik faboritoena bihurtu izana.

Crystalek zera dio amaitzeko: «Zenbait jendek gorroto du sms bidezko testua. Beste zenbait, harrituta daude. Beste batzuek, maite dute. Ni, liluratuta nauka, hizkuntza sortzeko eta askotariko eskaeren arabera hizkuntza egokitzeko giza gaitasunaren azken adierazpena baita. Sms bidezko mezuetan zera ari gara ikusten, tamaina txikian bada ere, hizkuntza eboluzioan».

Aurkibidea:

  • Chapter 1: The hype about texting
  • Chapter 2: How weird is texting?
  • Chapter 3: What makes texting distinctive?
  • Chapter 4: Why do they do it?
  • Chapter 5: Who texts?
  • Chapter 6: What do they text about?
  • Chapter 7: How do other languages do it?
  • Chapter 8: Why all the fuss?
  • Glossary
  • Appendix A: English text abbreviations
  • Appendix B: Text abbreviations in eleven languages

Liburuaren ezaugarriak:

* Liburu hau HABEren liburutegian eskura daiteke.