KAPLAN, R., BALDAUF Jr, RICHARD B.
Europe, vol. 3. The Baltic States, Ireland and Italy
Language Planning & Policy


Ale honetan Baltikoko estatuen, Irlandaren eta Italiaren hizkuntza-dibertsitatea jorratzen dute autoreek. Testuinguru historiko eta politikoen berri ez ezik, egungo hizkuntza egoerarena ere ematen dute: hizkuntzak hezkuntza sisteman duen lekua, hedabideen egitekoa, erlijioak jokatzen duen rola, hizkuntza autoktonoa ez direnen funtzioa eta beste esplikatzen dituzte.

Europe, vol. 3Hiru hizkuntza-politika eta -plangintza ditu aztergai Language Planning & Policy bildumako ale honek. Baltikoko estatuak, Irlanda eta Italia beren hizkuntza nazionalak sendotzen saiatzen ari dira, nahiz eta nor bere modura. Irlanda, esaterako, bertako hizkuntza autoktonoa -gaelikoa, alegia-, berpizteko ahaleginetan ari da; jakina denez, komunikaziorako hizkuntza indartsu den ingelesaren mende geratu da gaelikoa. Ingeles elebakartasunetik elebitasunerantz urratsak egitea da helburu, gaelikoa tarteko delarik. Baltikoko estatuetan, ostera -Estonia, Latvia eta Lituania-, komunikaziorako hizkuntza indartsu baten eragina -hots, errusiera-, minimizatzea dute xede; herrialde hauetan, gibelera egin eta elebakartasuna dute asmoa "entitate politiko bat / hizkuntza bat" nozioari eutsiz, nahiz eta elebitasuna ere ongietorria izango litzatekeen. Hirugarrenik, Italiako eleaniztasun egoera dugu, non herrialdearen batasun prozesu berantiarrak Europan oso kasu bakana ekarri duen, hots, hizkuntza-aniztasun handia: hainbat hizkuntza ez-ofizial (oraindik ere 'dialekto' deitzen dituzten arren) hitz egiten dituzte eguneroko bizitzan, horiek hizkuntza nazionalaren barruan sartzen dira eta erregio gustu handia ematen diote italierari penintsulako zona askotan.

Baltikoko estatuetako egoeraz, esan dezagun bertan hizkuntza auziek arriskuan jarri dituztela auzo geografiko eta politikoekin zituzten harremanak. Era berean, gaiztotu egin dute Estoniaren eta Latviaren sarrera Europar Batasunean. Baltikoko estatuetako egoerak hizkuntza nazionalen defentsa erakusten du gaur egun. Sobietarrak bertan nagusi zirenean, aldiz, hizkuntza nazional horiek zeharo galdu zuten estatus soziolinguistikoa, bai eta funtzioak ere, bi Mundu Gerren artean izan zuten independentzia garaiko egoerari alderatuz gero, bederen. Orduan ez zen hizkuntza gutxituen aldeko defentsarik egin, ez zen haien biziberritzerik aldarrikatzen. Gaur egun bai, ordea. Kasu honek ikasgai ederra du: erakusten digu nola hizkuntza nazionalak mehatxupean egon daitezkeen eta nola irabaz dezaketen atzera dagokien estatusa.

Irlanda dela-eta, 1937ko Konstituzioak dio irlandera, hizkuntza nazionala denez, lehenengo hizkuntza ofiziala dela. Gainera, ingelesa bigarren hizkuntza ofizial gisa errekonozitua da. Esanak esan, ordea, gaelikoa eta ingelesa dira Irlandako hizkuntza ofizialak. Bertako populazioaren % 95ek lehen hizkuntza du ingelesa. Gaelikoa, hizkuntza autoktonoa, lehen hizkuntza ofizial eta nazionala izanagatik ere, % 5ek baino ez du erabiltzen maiztasunez. Irlandan ez da behin ere ingelesaren hizkuntza-politikarik izan. XVIII. mendetik hona ingelesak gaelikoaren lekua hartzen jardun du negozioetan, salerosketan, hezkuntzan, administrazioan eta eguneroko komunikazioan. Gaur egun, Irlanda ingeles hiztuna da absolutuki, eta ez dago gaeliko elebakarrik irauten duen aztarnarik. Gaelikoak kultur identitatearen atea irekitzeko balio du baina irlandar guztiek -bertakoek zein immigranteek-, dakite ekonomiaren eta gizartearen giltzak ingeles hizkuntzak ematen dituela. Ondorioz, hizkuntza-plangintzari dagokionean, gaelikoa babestea eta biziberritzea da, gehienbat, helburua: pentsatu ere ez ingelesa, gaelikoa eta Irlandako gainerako hizkuntzak integratuko dituen hizkuntza-politika ongi artikulatu bat inplementatzea. 1990etik hona, dena den, hizkuntza-eskubideak -gaelikoarenak ez ezik, immigranteek ekarri dituzten hizkuntza "berrienak"-, behin ere ez bezala harrotu eta haizatu dira... Giro horretan egosi zen 2003ko Hizkuntza Ofizialen Legea. Harrezkero, hedabideek -irrati-telebistek, batik bat-, jokatu duten rolak, teknologia berriak indartzea, eta ingelesaren, gaelikoaren eta gainerako hizkuntza autoktonoen rol eta erabilerak berak orain arte izan ez dituzten aukera eta testuinguruak eskaini dizkiete Irlandako komunitateei.

Italiari denaz bezainbatean, artikulu hau elementu askoren zerrenda da: eleaniztasuna, hizkuntza-aniztasuna, bariazio soziala, hezkuntza nahastea eta Italian bertan zein kanpoan gertatzen diren hizkuntza ukipenezko kasuak. Eleaniztasuna guztiz hedaturik dago Italian, zirkunstantzia historiko konplexuak tarteko. Iparraldeko zenbait gutxiengo historiko bizi diren lurretako mugek aski fluktuatu dute: bavariera, zinbriera, franko-proventzala, frantsesa, alemana, mochenoa, proventzala, esloveniera eta walser-a dira adibide. Erdialdeko eta hegoaldekoek, berriz, asentamendu zaharrek utzitako antzinako hizkuntzak gorde dituzte: katalana, grekoa, albaniera, serbo-kroaziera. Gainera, hiru hizkuntza gutxitu "domestiko" ditu Italiak: friulera, ladinoa eta sardiniera; hauek hizkuntza autonomoaren estatusa dute, isolamendurik gogorreneko egoeran bizi dira, auzoetatik guztiz urrun eta aparte. Anabasa horren erdian, italieraren historia berrian (1860-2005) etengabea izan da hegotik iparrera hitz egiten diren 'dialektoak' italiartzeko ahalegina. Ordea, emaitza guztiz bestelakoa gertatu da: italiera bera dialektalizatu da.

Baltikoko estatuak, Irlanda eta Italia, hiru hizkuntza-politika eta -plangintza ezberdin Europako bost estatu are ezberdinagoetan, komunean dituzten faktoreak izan arren.


AURKIBIDEA:

  • Series Overview Language Policy and Planning in The Baltic States, Ireland and Italy: Some Common Issues: Robert B. Kaplan and Richard B. Baldauf Jr.
  • Language Politics and Practice in the Baltic States: Gabrielle Hogan-Brun, Uldis Ozolins, Meiluté Ramoniené and Mart Rannut
  • The Language Situation in Ireland: Muiris O'Laoire
  • The Language Situation in Ireland: An Update: Muiris O'Laoire
  • The Language Situation in Italy: Arturo Tosi
  • Biographical Notes on Contributors

Liburuaren ezaugarriak:

  • Hizkuntza: Ingelesa
  • Argitaratzailea: Multilingual Matters
  • Urtea: 2008
  • Orrialdeak: 258
  • ISBN: 978-1-84769-028-9
Azken eguneratzea: 2009/08/31