LABAYRU IKASTEGIA
Euskararen Geografia Historikoa


Euskarak menderik mende egin duen bide historikoa erakusten digu Labayru Ikastegiko Adolfo Arejita, Ander Manterola eta Segundo Oar-Arteta ikerlariek ondu duten argitalpen honek. Gure hizkuntzaren jatorria, bilakaera, egitura eta besterekin batera, euskararen lekukotasun historikoak eta normalizazio bidean egindako urratsen aipamenak ere egiten dira bertan.

Euskararen geografia historikoaEuskararen geografia historikoari dagokion lehenengo auzia, haren jatorriarena da. Honela irakurri dugu liburuan jatorriaren enigmaz: "Euskara dugu Europa osoan, gure Aroa baino lehenagotik datorren eta indoeuropar hizkuntzen erasotik salbatu zen hizkuntza bakarra, eta Europa sartalde guztian latinaren eta erromantze-hizkuntzen uholdeari eutsi zion bakarra. Koldo Mitxelenaren ustean, bizirik iraute horrek zerikusi estua eduki behar du euskara egituraz beste hizkuntzetatik guztiz diferentea izatearekin; beste jatorri batekoa izatearekin, hau da, auzo-hizkuntzarekin etorkiz zerikusirik ez edukitzearekin…" Hori esanik, Europako hizkuntzen sailkapenaren barruan euskarak duen lekua aztertzen dute egileek jarraian. Horretan, indoeuropar hizkuntzen zuhaitz genealogikoa erakusten dute, batetik, eta indoeuropar eta indoeuropar ez diren hizkuntzen banaketa, berriz, bestetik.

Euskara hizkuntza isolatua izanagatik ere, beste zenbait hizkuntzarekin dituen ustezko senidetasunak ere tarte nabarmena du liburuan: iberiera eta kaukasiar hizkuntzen inguruko hipotesiak azaltzen dira, kidetasun segururik ez dagoela adieraziz betiere eta, garai batean zenbait teoriak indar izan bazuen ere, gaur egun ez ohi direla aintzat hartzen.

Euskararen antzinako hedadura da beste aztergaietako bat. Toponimiak eta arkeologiak erakusten dituzten datuen arabera, gure hizkuntzak Akitanian, Pirinioetan eta Ebro inguruetan ageri dituen erro eta aztarnak zertan diren azaltzen digute egileek. Lekukotasunak hizkuntzari dagozkio gehienetan -izen askoren euskal jatorria da azpimarragarri, (h)aran, (h)arri, (h)arro, ate, bizkar, larra…-, baina herri-jakintza eta sinesteei buruzkoak ere erantsi dira orriotan. "Pirinio guztian hedaturik dago 'subilaro' edo gabon enborraren ohitura. Odolarekin zerikusia duten kidetasun biologikoak ere aintzat hartzekoak dira. Beste era batera esateko, hizkuntzaz erdaldundu baziren ere, ekanduz eta odolez euskaldun iraun zuten hango biztanleek".

Gauza jakina da, euskara hizkuntza isolatua den arren, Euskal Herria eta bertako jendea ez dela munduan bakartua bizi izan inoiz. Honenbestez, bateko eta besteko jendetzaren hizkuntzen eragina jasan du euskarak. Argitalpen honetan hizkuntza zelten eta latinaren eragin zaharra landu dira bereziki eta, aldi berean, haiek non eta nola hedatu ziren eta utzi dizkiguten mailegu mordoaren adibide ezagunak ematen zaizkigu aditzera. Jatorri zeltako toki-izen ezagunak dira, esaterako, Deba, Nerbio, Ultzama, Zegama eta Lezama. Jatorri bereko hitzak, berriz, erbi, gori, maite, mando, mendi, (h)artz, (h)egi, (t)egi, orkatz… Ageri denez, ordea, askoz ere azkar eta gogorragoa da latinaren eragina gure hizkuntzan. Mitxelenak idatzi zuenez, "euskal hizkuntzak ez du ezagutu beste inoiz, erromatarren garaian baino uholde bortitzagorik, ia desagertzerainoko zorian".

Erromantzeen eragin geldo eta sakonari ere arretaz begiratu diote Labayru Ikastegikoek argitalpen honetako ataletako batean. Eta euskararen geografia historikoari jarraiki, lekukotasun historiko gehiago ere bildu dituzte orriotara: Erdi Arokoak -Donemiliagako glosetan ageri diren euskarazko esaldiak-, euskarak Nafarroako Erresuman eta Araban izan dituen mugak edota Errioxako, Burgos iparraldeko eta Enkarterriko toponimian utzi dituen aztarnak.

Geografia historikoari dagokion gainbegiratua burutuz, egileek azken mendeotako erabilera eta presentziaren gaineko atala erantsi diote lanari. Bertan, XIX. mende hasieratik hona euskara bultzatzeko saioak ditugu aipagai: euskara katedrak, euskarazko argitalpenak, funtzionarioen hizkuntza-gaitasuna bermatzeko saioak eta beste. Euskara normalizazio bidean jarri duten neurriak, azken finean.

Euskararen historia zertan den era dibulgatzailean josi dute egileek lan honetan, askotariko aipuz eta irudiz.

AURKIBIDEA

  • 1. Euskal hizkuntzaren jatorriaren enigma
  • 2. Euskara Europako hizkuntzen sailkapen barruan
  • 3. Euskararen banakotasuna
  • 4. Besteena hartu norberea galdu barik
  • 5. Euskara bat ala gehiago
  • 6. Beste hizkuntzekin ustezko senidetasunak
  • 7. Euskararen antzinako hedadura toponimia eta arkeologiaren argitan
  • 8. Euskarak jasan dituen eraginak
  • 9. Erromantze-hizkuntzen eragina
  • 10. Dialektoak edo euskalkiak
  • 11. Euskararen lekukotasunak Erdi Aroan
  • 12. Lekukotasun historikoak euskararen geografia baterako
  • 13. Euskaldunak erbestean
  • 14. Euskara normalizazio bidean

Liburuaren ezaugarriak:

Azken eguneratzea: 2009/08/31