Iruñeko Udalak euskarari buruzko hitzaldi sorta argitaratu du


2006an eta 2007an hainbat adituk emandako hitzaldiek osatzen dute Euskera, lengua de cultura.

Iruñeko Udalak hainbat adituk euskara gaitzat hartuta eskainitako hitzaldiak biltzen dituen liburua argitaratu berri du. Liburuaren izena Euskera, lengua de cultura (Euskara, kultura-hizkuntza) da eta bere 217 orrialdeetan "El euskera y la modernidad. Espacio multilingüe, diversidad lingüística e integración cultural" (Euskara eta modernitatea. Espazio eleanitza, hizkuntza-aniztasuna eta integrazio kulturala) eta "Hablemos sobre el euskera. Antecedentes históricos y situación actual. La incidencia de la inmigración" (Euskara hizpide. Aurrekari historikoak eta egungo egoera. Inmigrazioaren eragina) izenburupean 2006an eta 2007an Iruñean antolatutako zikloetako zazpi hitzaldi aurki ditzake irakurleak.

Argitalpenean euskararen aurrekariak eta egungo egoera, kultura-hizkuntza bezala izan duen bilakaera eta gaur egungo egoera demolinguistikoa aztertu dituzte. Xabier Kintana, Maria Jose Olaziregi, Fernando Gonzalez Olle, Txomin Peillen, Iñaki Martinez de Luna, Xabier Aierdi eta Miquel Gros i Lladosen artikuluek osatzen dute liburua.

Liburuaren 350 ale argitaratu dituzte eta liburu-dendetan daude eskuragarri 5 euroren truke.

Azken eguneratzea: 2009/02/13