Arrabioaren ugaltze-biologia eta populazioaren azterketa Urgulleko hiri-parkean (Donostia)

Populazio isolatuak organismoen eta beren ingurunearen arteko erlazioak ezagutzeko laborategi naturala dira. Isolamendu horren baldintzen, jatorriaren eta iraupenaren arabera populazio haiek berezitasun nabarmenak izatera heldu daitezke eta asko espezie endemiko bilakatzen dira azalera urriko lur eremuetan.

Urgull Mendiko hiri-parkeak (Donostia), behinola irla izanda azken 5000 urteotan ibai-ekarpenez eta hareez osoturiko tonbolo baten bidez kontinentera lotu zenak, benetako irla baten modura jokatzen du zentzu batzuetan, izan ere, itsasoak eta hiriaren alde zaharrak inguratzen dute. Hori dela eta, Urgulleko zenbait anfibio-populazio ingurumen-baldintza berezietara egokitutako ezaugarri ekologikoak garatu dituzte isolamenduagatik eta bestelako espezie baliokideekin edo filogenetikoki gertu direnekin kontakturik ez delako egon.

Urgulleko habitata ez da onena anfibioentzat ez baitago ur-ibilgurik ezta hezegunerik ere animalia-talde honen ugalketarako. Urgullen aurkituriko anfibio bakarra arrabioa da (Salamandra salamandra), Iberiako penintsulan mehatxatuta dagoen espeziea zenbait lekutan eta azken hamarkadotan populazio batzuk desagertu egin dira, arrazoia zein den ez dakigularik.

Ez da ezaguna arrabio-populazioaren egoera Urgullen, izan ere, ez da inoiz aztertu eta ez dago daturik. Biziraute aldera ur-masarik gabeko ingurune batean ugalketarako egokitzapen fisiologikoak garatu dituela suposatzen da.

Badira bestelako faktoreak populazioaren azterketa ekologikoari ekiteko: populazioaren ezaugarri-parametroak ez ezagutzea eta kokalekua, publikoak sarri erabilitako hiri-ingurunea dena, non lorezaintza-kudeaketarako eta eraikin historikoak kontserbatzeko sistemak aplikatu berri diren eta arrabioaren habitatarentzat oldarkorrak izan litezkeenak. Espezie honek klima aldaketako bioadierazlearen rol garrantzitsua izan lezake, jatorri biogeografikoa eta ingurune hezeak eta itzaltsuak behar izatea direla kausa.



Pdf formatuko dokumentuak:
Arrabioaren ugaltze-biologia eta populazioaren azterketa Urgulleko hiri-parkean. (3,95 Mb)