Bobinak errepidez garraiatzeko aholkuak


Euskadiko Garraio Iraunkorraren Gidaplanak, helburu, estrategia eta ekintza-lerroen barruan esaten du, kalitatea eta segurtasuna bultzatu eta sustatu behar direla Euskal Autonomia Erkidegoko garraioan oro har eta, bereziki bobinen garraioan.

Bobinen garraioan ahalegin berezia egiteko nahiko arrazoi zegoen; lehenik, salgaien estiba-lana ez zegoen behar beste araututa; bigarrenik, eta batez ere bobinei dagokienean, salgai mota hori estibatu eta desestibatzeko irizpide desberdinak erabiltzen dituzte horretan dihardutenek; eta, hirugarrenik, bobinak garraiatzea berez da arriskutsua, eta garraio-mota horretan istripurik gertatuz gero, ondorioak eta kalteak larriak izaten dira. Beraz, garbi dago arazoaz jabetu beharra daukagula, eta  zerbait egin garraio-lana segurua eta kalitatezkoa izan dadin.

Horiek horrela, lan-talde bat sortzea erabaki zen; garraio-katean parte hartzen duten alderdi guztiek -erakunde publikoek nahiz eragile pribatuek- osatutako lan-talde bat, bobinen estiban, garraioan eta desestiban irizpide gisa hartuko diren aholku batzuk adosteko.

Hain zuzen ere horretan aritu dira Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien, garraio-enpresen, fabrikatzaileen eta zama-lanen beharra izaten duten enpresen izenean lan-taldea osatu dutenek. Gainera, pisaketa-frogak eta hainbat bisita egin dira, kamioiak eta plataformak egiten dituzten lantoki eta instalazioetara. Horrela bada, bileretan batzuen eta besteen esperientzia eta dauden arazoak azaldu eta ondoren garraio-mota hori ahalik eta segurtasun eta kalitate mailarik handienarekin egiteko konponbideak eta alternatibak proposatu dira.

Arestian esan bezala, garraio-mota hau berez da arriskutsua, eta istripuetan bobinaren bat erortzen denean jendea ikaragarri kezkatzen da. Hori izan da Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Saila lan hau egitera bultzatu duen arrazoi nagusia. Eskuliburuan aratu tekniko batzuk jasozten dira, salgai mota hori erarik egokienean garraiatzeko era argi eta garbi azaltzen dutenak,  garraioaren antolamenduan ahalik eta nahasmenik txikiena sor dezan, baina aldi berean, garraio mota hau seguruagoa bihurtu.

Ibilgailuek bete behar dituzten baldintza tekniko eta segurtasunezkoez aparte, eskuliburu honetan zehatz-mehatz azaltzen da bobinak nola jarri eta lotu behar diren, gero martxan, mugitu eta eror ez daitezen.

Bobinak era batera edo bestera jarri, eragina dauka gidariaren erantzuteko gaitasunean. Larrialdi batean, ez da berdin zama ondo jarrita eta antolatuta izan edo ez.

Hala eta guztiz ere, ez errepideko garraioa arautzen duen legeak, ez trafikoa, ibilgailu motordunen zirkulazioa eta bide-segurtasuna arautzen dutenek, ez dute ezer askorik esaten salgaien zamaketa eta estiba-lanen inguruan.

Baina, jakina, bobinak, dauzkaten ezaugarriengatik, ibilgailuan jarri eta antolatzeko, espezializazio-maila handia behar da, eta orain arte geneuzkanak baino arau zehatzagoak behar lirateke.

Laburbilduz, lan-talde honekin eta, bereziki, aholku hauekin, prebentzioa bultzatu nahi izan dugu, zigorra alde batera utzita, eta salgai mota honen garraioaren inguruan lan egiten duten alderdi guztiak ados jarrita.

Gure asmoa da, agiri hau aholku-eskuliburu gisa erabiltzea zamaketari, estibatzaile eta garraiolariek, eta, agiria guztiengana heltzeko triptiko batzuk argitaratu ditugu, aholkuen alderdi aipagarrienak grafikoki, erraz ulertzeko moduan azaltzeko.

Txostenaren ondorioak:
1. Garabi sistemek badute zerikusirik segurtasunarekin.
2. Garraioa seguruagoa da integraturiko seaskadun plataformak erabiltzen badira.
3. Lurzoru antilabankorrak erabiltzea ezinbestekoa da.
4. Zamaren kokapen egokiak motorraren eta norabidearen ardatzek atxikigarritasun ona izan dezaten bermatzen du.
5. Porzentai altu batean istripuen arrazoia  errepideetako baldintzetara egokitzen ez den abiadura erabiltzean datza.
6 . Arriskurik larriena aldapan ibiltzerakoan edota abiadura bapatean gutxitzean ematen da.
Aholkuak:
1.- Estiba eta desestibarako lanabes egokiak erabiltzea.
2. - Garraio mota hau espezializatua izan dadin.
3.- Materiale ez-labankorrak erabiltzea.
4.- Lokarri eta helduleku homologatuak erabiltzea.
5.- Zama hauek egoki nola kokatu gidatzeko karneta ateratzeko ikas moduloetan sartu beharko litzateke.
6. - Une uneko baldintzetara eta errepideetako ezaugarrietara egokitu behar da abiadura.
7.- Istripua gertatuz gero sakonki ikertu behar dira honen arrazoiak.

Hemen ikus dezakezu dokumentu osoa:


"BOBINAK ERREPIDEZ GARRAIATZEKO AHOLKUAK" (pdf, 3,85 Mb)

 

- Triptikoak (pdf, 234 Kb)


Azken eguneratzea: 2007/11/30